Hogeita hamar urte

  • Nik ez nuen ezagutu. Irrati bidez entzun nuen lehendabiziko aldiz haren izena, noiz eta haren heriotzaren berri eman zutenean. Hura baino bederatzi urte gazteagoa nintzen. 23 urtetan hil zen, 23 urtetan erail zuten, Iruñeko Orreaga etorbidean, Bigarren Zabalgunean, zezen plazatik ez urrun. Balek jende gehiago zauritu zuten; gomazko pilotakadek eta poliziaren makilakadek, zer erranik ez. Prest eta prestatuak zeuden, zezen plazan sartu eta festak leherrarazteko; zezenak sartzen diren pasabide meharretik barneratu ziren, munta txikiko ika-mika politiko bat aitzakiatzat hartuta. Peña txikien atzetik sartu eta jendea (zaharrak, gazteak eta haurrak) ezker-eskuin ederki zafratu eta gupida gabe tirokatu zuten; baina haiek ere ordaina jaso zuten.


2010ko abuztuaren 22an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02

Berehala zabaldu zen bazter guztietara poliziaren oldarraldiaren berri, baita Alde Zaharreko San Anton karrikara ere. Balkoira aterata, kalean kanpotar aunitz, beldurra aurpegian, azkar-azkar zihoazen auto bila, hiritik alde egiteko. Anaia zaharren adiskide aragoitarrak haserre bizian zeuden eta juramentuka abiatu ziren poliziaren aurka. Gaua zen, polizia bera San Antonera iritsi zenerako; halako batean, karrika guztia ke itogarriz bete, gure etxeko ataria ireki genuen eta dozena eta erdi lagun sartu ziren barnera; baziren iruindarrak, Estellerrikoak, Erriberakoak, gipuzkoarrak, madrildarrak… Izua zekarten begietan, eta kolera gorria ere bai. Erriberako bi senar-emazte adinez aurrera zihoazen, eta bi gizonak jota zeuden poliziaren jokamolde “basati” hura ikusita; ez sinesteko modukoa, erraten zuten behin eta berriz. Gauak luze jo zuen, eta beheko tabernatik txistu baten hotsa iristen zen noizbehinka, poliziak pilotak botatzeari uzten zion bakoitzean.

Egun hartan, gau hartan, Iruñean egon zenak badu zer konta; jende guztia aski ongi oroitzen da non zebilen edo zer egin zuen. 1978ko uztailaren 8ak zauri sakona eragin zuen Iruñeko jendearengan, urteen joan-etorriak oroitzapenak lausotu baditu ere. Hura hiri osoari egindako erasoa izan zen, hiri honek gehien maite zuen gauzetako bati; Sanferminei, alegia. Halaxe ikusten dut nik, behintzat. “Begira, gauza gara mundu zabalean ezagunak diren festa hauek hankaz goratzeko; gauza gara zuen festa gogoa zapuzteko; gauza gara iruinxeme bat hiltzeko… eta ez digute deus eginen, onik aterako gara, inortxok ere ez digu ezer ere ordainaraziko”. Hura hiri baten bizinahia errotik itotzeko eta Sanferminak soka motzean lotzeko lehenbiziko saiakera izan zen; ondoko urteetan Sanferminek beren bidea egin zuten, zabal eta lokarririk gabe. 80ko hamarkadaren erditik aitzinera, ordea, gauzak aldatzen hasi ziren; ez bat-batean, koskaz koska baizik. Hau da, ez zuten berriro polizia zezen plaza hustera igorri eta bide “demokratikoagoak” erabili zituzten: urte batean, ikurrina kendu zuten Udaletxetik; hurrengo batean, udal dantzariei prozesioan joatea debekatu zieten; hurrengoan, barraka politikoak edo txosnak galarazi zituzten, baita halako eta holako kontzertuak ere; kalean egiten diren hamaiketakoak ere debekatzen saiatu ziren…

Hau da, “Sanferminak bai, baina guk nahi ditugun bezala”, horixe diote udal agintariek. Eta hein handi batean erdietsi dute: haien gustuko ekitaldiak sustatu dituzte (jendea ikusle huts bihurtu nahi dute, ez dadila parte-hartzaile izan) eta halako hats itogarria erantsi diote festari. Baina zorionez, oraindik badira haiek inola ere kontrolatzen ez dituzten festa giroak, aginte taldearen atzaparretatik ihes egiten duten ekimenak. Aurten bat, bereziki; hots, German Rodriguezen omenezko ekitaldia, non eta poliziak duela hogeita hamar urte sanferminzale gazte baten bizi taupada zulatu zuen toki berean.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1978ko San Ferminak
2024-01-24 | Ahotsa.info
Nafarroako Auzitegiak atzera bota du 1978ko Sanferminetako gertaeretako helegitea eta elkarteak berriro aurkeztuko du kereila

Sanfermines-78: gogoan! elkarteak, German Rodriguezen ahaideek, 1978ko sanferminetako gertaeretan larriki zauritutako pertsonak eta Iruñeko Peñen Federazioak 2019ko urtarrilean kereila bat paratu zuten 1978ko sanferminetan, Iruñean, jazotako poliziaren... [+]


Enegarrenez eraso diote German Rodriguezen plakari

Asteburuan hautsi dute hilarriaren ondoko xafla, itxura guztien arabera palanka baten bitartez, Iruñeko SF78 Gogoan plataformak salatu duenez


Martín Villa auzipetua, eta espainiar trantsizioa auzitan

Espainiako gobernazio ministro izandakoa gizateriaren aurkako krimenengatik epaitu nahi du Argentinako justiziak. 1976ko martxoaren 3ko eta 1978ko Sanferminetako sarraskiengatik auzipetu du María Servini de Cubría epaileak, kereila argentinarraren barruan.


Martín Villa
Frankismoaren krimenengatik erantzuteko ordua

Rodolfo Martín Villa (Santa María del Páramo, León, 1934), poliziak Euskal Herriko historia hurbilean egindako sarraski odoltsuenen arduradun politikoa da, 70eko hamarkadan ministro izan zen garaian. Frankismoaren Krimenen Aurkako Argentinako Kereilan... [+]


Eguneraketa berriak daude