GHKra "martxa alaia" eta Zorraren Festa egingo ditu Gipuzkoa Zutikek urriaren 29an Hernanin

  • Donostiako erraustegi proiektuan "%100en osasunaren aurka sinatzen ari direnak eta %99ren diruarekin geratuko direnak etengabe identifikatuko ditugu. %99ren bizkar bizitzea ez da doan!" mezua zabaldu du Gipuzkoa Zutikek ohar baten bidez, eta egun osoko egitaraua iragarri.


2016ko urriaren 21an - 11:27

Hernaniko Plaza Berritik abiatuko da GHKra martxa. Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutikek elkarrekin egingo duten ekintza. Ondoren herri bazkaria egingo dute Hernanin, eta bazkalostean bertsoak, poesia, musika, eta umeentzako tailerrak iragarri dituzte.

Zabaldu duten oharrean, erraustegi proiektuaren prozesuaren irakurketa egiten dute, diru publikoa etekin pribatuetarako bideratzeko ikuspegitik. Herritarren osasunaren gainetik onura ekonomikoak jartzea salatzen dute, eta herritarren mobilizazio baketsuek jasotako isunak "kolektiboki" ordaintzera dei egiten dute. "Erraustegia geldituko dugu!" berretsiz bukatu dute oharra.

"Gipuzkoako erregimena errefuxara"

Hauxe da, osorik, "Gipuzkoako erregimena errefuxara: amaitu zaie pagotxa" izenburupean zabaldu duten oharra:

"Erregimenaren betiko jokaldiaren aurrean gaude. Oraingoan, %99ren dirua beste 35 urtez zurrupatzeko guztion airea kutsatuko badute ere.

Lehenik, zerbitzu publiko baten beharra puzten dute, kasu honetan, hondakinak kudeatzea. Gipuzkoan hazkunde demografikoa emango dela aurreikusten du erraustegi proiektuaren prognosiak, ikerketa guztiek kontrakoa dioten bitartean. Ez du kontuan hartzen azken urteetan bilketa selektiboaren ondorioz gipuzkoarrok errefus gutxiago sortzen dugula.

Ondoren, zementuzko (beti zementuzko) alferrikako makro-proiektu bat egiten da (erraustegia), behar faltsu horri "erantzunez".

Alderdiaren lege-gizonek ingeniaritza juridikoa eraikitzen dute, eta diseinatzen dute nola egin herritarron erabakitzeko eskubidea demokrazia ordezkatzailearen laberintoan galtzeko. Berez, udalena da hondakinen kudeaketaren eskumena, baina mankomunitateei delegatu diete eta mankomunitateek erraustegia egiteko sortu zuten GHKri. Behin boterea herritarrengandik urrutiratuta, herritarren %99 makro-proiektu hori ordaintzera behartzen dute, inmoralki baina "legez", nola edo hala: uztailaren 28an GHKk sinatu zuen denon kondena izan nahi duena, alegia, erraustegirik nahi ez duten herritar eta udalak ere behartuta daudela bere hondakinak erraustegira eramatera. Eta erraustegia ordaintzera.

Azkenik, pastela banatzen da lehengusuen enpresa-sareen artean. Erraustegiaren obra egingo duten enpresak hautatzen ari da oraintxe bertan GHK. Irabaziak bermatuta daude:  aurrekontuaren %10 "irabaziak" kontzepturako da, konplexurik gabe. 35 urtean 128 milioi euro irabaziko dituzte, zuzenean gure boltsikoetatik beraienera. Lotsagabeak enpresariak eta baldintza hauek gipuzkoar guztien izenean sinatu dituzten politikari arduragabeak.

Ondorioa, beti da bera: Zerbitzu publikoa pribatizatuta, udalei hiru aldiz garestiagoa aterako zaie, eta langileek baldintza prekarioagoetan egingo dute lan. Kasu honetan, gainera, ondorio kaltegarri bat gehiago dauka: osasunean ekarriko duen galera, eta honek beste gastu bat, osasun publikoan.

Eskularru zuriz egiten ari diren beste lapurreta bat da hau. Alderdiaren telebistaren eta Gipuzkoako erregimenaren zati den periodico fatxoaren manipulazioa erabiliz, eta kalean mobilizazio baketsuak egiten dituztenak atxilotzera polizia bidaliz.

Baina bukatu zaie pagotxa. Bukatu da %99ri diruak hustu eta haientzat "paradisu fiskala" den herri honetan ezer gertatu ez balitz bezala kalean paseatzea. Bukatu da tabernan tragoa ordaintzea guztiok intoxikatzea sinatu duenari. %100ren osasunaren aurka sinatzen ari direnak eta %99ren diruarekin geratuko direnak etengabe identifikatuko ditugu. %99ren bizkar bizitzea ez da doan!

%99k babestu behar ditugu kalean denon alde lanean ari direnak. Zigor eta isunei ere kolektiboki egingo diegu aurre. Eta ez inoiz sinetsi "sorgin"en kontra haizatzen diren estigmak!

Lapurtzea ez dadila doan atera. Erraustegiaren aurkako borrokan, oraintxe hasten da festa!

Erraustegia geldituko dugu! Alferrikako makro-proiektu gehiago ez, bat bera ere ez!"


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoa Zutik
Zigorrean oinarrituko ez den justizia baten alde

Joan den asteazkenean ezohiko epaiketa bat izan da Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Akusatuen aulkian bi ertzain, legez kanpoko bi atxiloketa egin izana egotzita. Akusatzaileak berriz, orain hiru udaberri Donostiako Gipuzkoa plazan erraustegiaren aurka abiatutako... [+]


Bi ertzainen aurkako epaiketa bihar, Gipuzkoa Zutik kanpaldian legez kanpoko atxiloketak egin izana egotzita

Bost urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa. Zigor eskaera horiekin iritsiko dira bi ertzain asteazkenean Gipuzkoako Lurralde Auzitegira, 2016ko Gipuzkoa Zutik kanpaldian bi lagun legez kanpo atxilotzea egotzita. ARGIAk bi gazteen abokatuarekin hitz egin du eta... [+]


2018-09-26 | ARGIA
Erraustegien aurka 900 elkarte biltzen dituen mundu mailako GAIA aliantzak Ertzaintzaren bortizkeria salatu du

Erraustegien aurka mundu osoko 92 herrialdetako 900 elkarte biltzen dituen GAIA aliantzak igandean Ertzaintzak Zubietan erabilitako bortizkeria salatu du.


2018-09-24 | ARGIA
Hainbat zauritu eragin ditu Ertzaintzak Zubietako erraustegira egindako martxan

Iraultza Txikien Akanpada izan da Zubietan, “bestelako Euskal Herria amesten duen herri mugimendu eta herritarren topaleku. Asteburuari amaiera emateko Zubietako erraustegira martxa egin dute. Ertzaintzak bidea itxi die eta martxako kideen aurka egin du hainbat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude