Ekairi babesa adierazteko elkarretaratze ugari egin dira Euskal Herrian


2018ko otsailaren 19an - 10:24
Nerabe transexualen eskubideen alde lanean jarrituko dutela nabarmendu du Chrysallis EH elkarteak. Irudia: @ChrysallisEH
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Jende andana bildu zen Ondarroako Musika plazan larunbat arratsaldean. Chrysallis EH Elkarteak deitu zuen elkarretaratzea. Ekai, maite zaitugu lelopean, hamabost minutuko isilunea egin zuten elkarretaratzean. Nerabearen senideek ere parte hartu dute, baita Ondarroako Udaleko ordezkariek ere. Hiru eguneko dolu eguna ezarri du Udalak.

Antolatzaileek nahiz Ondarroako Udalak Ekairen “eguneroko borrokak” azpimarratu dituzte: erroldan izen aldaketa lortzeko prozesuan zegoen nerabea. Baita Gurutzetako ospitalean hormona tratamenduaren zain ere. Gainera, bere errealitatea azaltzeko asmoz, institutuan formakuntza saio bat egiteko eskaera egin zuen arren, ikastetxeak halakorik egin ez izana nabarmendu du Chrysallisek.

Elaxar Lersundik, Ekai Lersundiren aitak, mezu hunkigarri bat zabaldu du sare sozialetan. Semearen heriotza azkena izatea espero du eta eginiko bidea datozenentzat baliogarri izatea.

 

 

Hiriburuetatik babesa

Iruñean, Gasteizen nahiz Bilbon elkarretaratzeak antolatu dituzte Ekai oroitzeko.

Iruñean igande eguerdian egin dute elkarretaratzea. Kattalingorri elkarteak deituta, hamar minutuko isilunea egin dute bertaratutakoek; Ekai, Nafarroa zurekin. Navarra contigo zihoen pankartaren eta genero aniztasunaren aldeko banderen inguruan bilduta. Bertsoak, lore eskaintzak eta manifestu bat irakurriaz amaitu dute ekitaldia. Hainbat ordezkari politiko izan dira ekitaldian. Kattalingorri eta Transkolore elkarteek irakurri duten manifestu banatan adierazi dute ezbeharra bizitzea egokitu izana gizarte transfoboaren ondorioa dela.

Donostian ere igandean egin dute Ekairen senideei babesa adierazteko ekitaldia. Nerabe transexualaren hilketa gizarteak pairatzen duen transfobiaren ondorio dela nabarmendu dute eta heriotza jakin hau ez dela kasualitatea.

Gasteizen eta Bilbon astelehen iluntzean egingo dituzte elkarretaratzeak. Andra Mari zurian 20:00etan eta Arriaga Plazan 19:00etan, hurrenez hurren.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transexualitatea
2025eko apirilaren 30
Meloi saltzailea
Rowling ala Millerey

2024ko maiatzaren 2
Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Eguneraketa berriak daude