EAEko hautes-zerrendak aurkezteko epea zabalik: utziko al diote Otegiri aurkezten?

  • EH Bilduko lehendakarigaia “ziur” da irailaren 25eko hauteskundeetara aurkeztu ahalko delaz. Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak uste du “hasiera batean ezingo duela hautagai izan”.


2016ko abuztuaren 16an - 12:44
Irailaren 25eko hauteskundeetan EH Bilduren lehendakarigai izango dela uste du Arnaldo Otegik. (Argazkia: Sinn Feinn CC-BY-SA)

Uda aurrera joan ahala, gertuago dira irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdi bakoitza aurkeztuko duen zerrenda prestatzen ari den bitartean –gaur zabaldu da aurkezteko epea–, Arnaldo Otegiren hautagaitza dago erdigune politikoan.

Alde batetik, Otegi bera eta EH Bildu daude: ez dute zalantzarik aurkeztu ahal izango delaz. EH Bilduren lehendakarigaiak Ser irrati katean azaldu duenez, “normaltasun demokratikoz” aurkeztuko da, “Espainiako Auzitegi Nazionala, Gorena eta Konstituzionalaren jurisprudentziak alde” dituenez.

Bere esanetan, Konstituzionalak hala ebatziz gero zerrendetatik at geratzea onartuko du, baina zehaztu du “horretarako tranpa egin beharko” dutela. Horrez gain, Espainian “inhabilitazioak nahieran planteatzen dituen Justizia ministroa” egotea gaitzetsi du, eta “turkiar erara” jokatzea egotzi.

Calparsoro, ezezkoan

Bere aldetik, Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiaren ustez Otegi ez da zerrendatan egongo. Fiskaltzaren argudioak oinarri hartuta egin ditu adierazpenak Espainiako RNE irratian: “Prozesua aste honetan abiatuko den arren, zigorra daraman epai irmoa dago eta horrek ia ezinezko bihurtzen du bere hautagaitza”. Zehaztu du fiskaltzaren eta Auzitegi Konstituzionalaren esku dagoela azken erabakia: “Hauen interpretazioa gailenduko da”, adierazi du.

Bestalde, Bizkaiko PSEren idazkari nagusi Mikel Torresek azaldu du bere alderdiak epailearen erabakia onartuko duela, “nahiz eta asko bat ez etorri”. Ciudadanosek, bere aldetik, Otegi zerrendetan egonez gero “24 ordu igaro baino lehen” errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude