Borobila

  • Brandford Marsalis Quartet eta Tom Harrel. Uztailak 19, Gasteizko Jazzaldia.

    Brandford Marsalis Quartet jotzen hasi eta “ai, ai, ai, ai... pfff... jope... buah...” bezalakoak nerabilzkien buruan bueltaka, piezak bat bestearen atzetik eta hitzen ezina, “nola esplikatu behar dut hau?” pentsatzen nuen. “Zera... pffff....buaaaaah...ai, ama...” berriz ere, neuronak saltoka eta zorabiatuta. Itzulpen gisa “izugarria, liluragarria, itzela, zoragarria” edo halako zerbait esango dizuet baina sentsazioa onomatopeiena izan zen.


2013ko uztailaren 22an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Marsalisek entzuleak hunkitu zituen Gasteizen.

Detailetan sartuta esango dut musikalki egiten zituzten zenbait gauza benetan oso zail eta konplikatuak zirela, obra hartu eta analisi sakon bat egiteko modukoak. Baina ez ziren horretan gelditu; Cheek to cheek ezagunaren bertsioak entzuleak  hunkitu zituen.  Txalo zaparrada, jendea altxata... bis-a jo arte ez ziren gelditu entzuleak. St. James Infirmaryrekin New Orleansko jatorrira bueltatu eta saxo sopranoaz kontzertua borobildu zuen.

Brandford Marsalisen proposamenetan alderdi askok funtzionatzen dute oso ondo; batetik sekulako birtuosoa da. Orain 53 urte ditu baina entzun ezazue 18 urterekin grabatutako Royal Garden Blues.

Baina ez da horretan gelditu. Jazzaz gain, alde askotako musikaria da; musika klasikoa, rock-a, pop-a... Badu Romances for Saxophone izeneko disko bat, orkestrarekin grabatua, edukitzekoa dena. Entzun Michel Colombier frantziarraren Emmanuel pieza. Entzun dudan pieza malenkoniatsurik ederrenetarikoa da. Edo Heitor Villa-Lobos brasildarraren Bachianas Brasileirasen bertsioa... Eta nork ez du entzun noizbait Sting-ekin English Man in New Yorken jotzen duen saxofoi soprano soloa!

Ibilbide sendo eta luzeko jazz laukote finkoa du gainera. Beste talde batzuetan bakarlari paregabe bati beste musikari batzuek “laguntzen” diotela nabari da baina atzokoan benetako talde lana nabari zen, elkarrekin egindakoa zegoen entzungai, lau ertzak karratua sortzen duten bezala. Baina banaka hartuta paregabeak dira; 21 urteko Justin Faulkner bateria jotzaileak ez dirudi mundu honetakoa denik, Joey Calderazzo piano jotzailearen interbentzio bakoitza plazera izan zen, sonoritatea, komunikatzen zuena, saxo soprano zein tenorearekin uztartzeko modua. Eta Eric Revis baxu jotzaileak arkitektura handi horri oinarria ematen zion, gauzatzen laguntzen batzuetan edo estruktura berriak proposatzen beste batzuetan. Luxu hutsa.

Baina Marsalisen hitzetan “beren belaunaldiko musikari gehienek ahalik eta nota gehien jotzeko joera izan dute eta musikari asko ahalik eta gauza konplikatuenak egiten saiatzen dira. Arazoa da ikusleen batez bestekoa ez dela musikaria. Eta, hala jotzean galdu egiten dira, ez baitute ezer ulertzen. Nik, musikari naizen heinean estimatzen dut baina gehiago komunikatzen da emozioarekin notekin baino”. Horregatik urteekin Eternal balada diskoa argitaratu zutenean esan zuen “abestiak jotzea oso zaila da. Urteak behar izan ditugu banda gisa ahalik eta sentimendu gehien eta nota gutxien dituzten abestiak egin ahal izateko”.  Eta ideia kontzeptual hori nabarmena da bere lana entzutean. Orekatu egiten du trebezia tekniko mugagabea. Karratua aipatu dugu lehenago taldearen trinkotasuna deskribatzeko baina hobeki esanda borobila litzateke dagokiena. Borobil handi, eder, argitsu bat.

Ezin aipatu gabe utzi Tom Harrel tronpeta jotzaileak lehen zatian eskaini ziguna: 1946an jaioa, ibilbide luze eta oparoa du, eta denbora baduzue, zein biografia berezia duen ikus dezakezue. Eskizofrenia du eta gaixotasunari aurre eginez bere karrera aurrera eramatea lortu eta mundu mailako tronpeta jolerik ospetsuenetakoa da. Oholtza gainean, lurrera begira, burumakur, hauskor, dardarati ikusten genuen baina jo behar zuenean mikrora hurbildu eta eguzkiaren argipean irekitzen diren loreak nola, tronpetatik munduko soinu borobil eta gozoena irteten zen, ez zirudien momentuan jotzen ari zenik, ez zirudien soinu erreala, mirari bat zirudien nola lotzen zituen notak, melodiak, soloak, esaldiak... bukatzen zuenean, berriro desagertu egiten zen. Hurrengora arte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gasteizko Jazzaldia
2019-07-22 | Xalba Ramirez
Kamasi Washington: handia izatea ez da nahikoa

Larunbata izan da Gasteizko Jazzaldiko egun handietako bat, Ambrose Akinmusire, Makaya McCraven eta Kamasi Washingtonekin. Mendizorrotzan, afroamerikar aldarrikapenez josita, jazzaren punta-puntako musikariak ikusi ditugu bi aldaeratan: McCraven eder eta Washington aspergarri.


2019-07-18 | Xalba Ramirez
Nubya Garciaren jazza: iraganeko etorkizuna

Londresko jazz eszenari buruz ezer ez duzula entzun? Musikari eta publiko gaztea izateaz gain –edo hain zuzen horregatik– zeresan itzela ematen ari da mundu osoko jazz panoraman. Eta hiru izen hautatzekotan horietako bat da, dudarik gabe, asteazkenean Gasteizen jo... [+]


Akelarre flamenkoa

Chick Corea & The Vigil eta Paco de Lucia. Uztailak 20, Gasteizko Jazzaldia.

Jende andana eserleku bila. Gaueko bederatziak, kontzertua hastear eta urduritasuna nabari zen. Aulkien jokoa. Baina oraingoan, musika hasterako behar genuen guztiak eserita egon. Eta ez zegoen... [+]


2013-07-19 | Judith Montero
Zer ez galdu Gasteiz eta Donostiako Jazzaldietan

Costa Bravako masia batetik ateratako abesti frexko sujerenteetatik, New Yorkeko Blue Note Jazz Club-eko inprobisaziotara, New Orleans uhinak kaleetan edo euskal musikaren aintzina eta abangoardia... guztietarako dago lekua Gasteiz eta Donostiako Jazzaldietan. Badago zer,... [+]


Eguneraketa berriak daude