"Baldintza minimoetatik behera egin genuen lan Sautrelan azken urte osoan"

  • ETBk erabaki du ez duela gehiago emitituko astero literaturari eskaintzen zion Sautrela programa. Saioaren zuzendari ohiak, Beñat Sarasolak, esplikatu du zer proposatu zitzaion telebistako zuzendaritzari, programak martxan jarraitzeko.


2017ko urriaren 19an - 09:19
Sarasolak gidatu du Sautrela azken denboraldian (argazkia: EITB).

“Azken-azken erabakiaren berri xeherik ez dut”, azaldu du Sarasolak eta gehitu du gai honi buruz esateko dauzkanak maila pertsonalekoak direla, “baina iazko denboraldia nola joan zen jakiteak argi pixka bat emango duelakoan nago”.

2016ko irailean hartu zuen Sautrela aurkezteko eta zuzentzeko ardura, Hasier Etxeberriak programa utzi behar izan zuenean. “Kontua da erredaktorerik ez zutela kontratatu, eta beraz, halako programa bat egiteko baldintza minimoetatik behera, erredaktorerik gabe alegia, egin genuela lan urte osoan”.

"Ze funtzio betetzen dute zabor-saio diruz ongi hornituek ETBn? Euskararen
normalizazioa? Sarri 'rating'-ean 1era
ozta-ozta iristen direla?"

Programaren historian bi erredaktorerekin edo bakarrarekin egin izan da lan, “baina erredaktorerik gabe iaz bakarrik”, Sarasolak nabarmendu duenez. “Urte osoan ibili ginen erredaktore bat lortzeko ahaleginetan baina alferrik. Gauzak horrela, proposamen bat egin genion zuzendaritzari taldea pixka bat handitu eta Sautrela berri bat (formatu ezberdinekoa) egiteko. Zuzendaritzak ez zuen proposamena onartu eta denboraldi honetan iaz bezala jarraitzeko apustua egin zuen”.

Baldintza horiek ikusirik, Sarasolak saioa gidatzen ez jarraitzeko erabakia hartu zuen eta hortik aurrera hartu diren erabakien berririk ez duela dio. “Baina udako oporren aurretik niri esan zidaten Sautrelak jarraitu, jarraituko zuela”.

Horren ordez, ETBk iragarri du Ahoz Aho saioan liburuei eskainitako tarte bat izango dela hemendik aurrera. “Aitzakia traza” hartzen dio Sarasolak: “Ahoz Ahon ere lan ederra egin zuten iaz (eta Azpimarran lehenago), eta literatur edukiak landu izan dituzte Sautrela egonda ere. Alde horretatik, ez da ezer berezirik gehitu”.

Saioa bertan behera geratu den honetan, bere ustez ETBn zer funtzio bete izan duen galdetuta, Sarasolak erantzun du “pixka bat gogaituta” dagoela halako galderak erantzuteaz. “Zinikoen aurrean gauza agerikoak esplikatzen (kulturaren dohainak eta abar) ikusten dut nire burua behin eta berriz, eta nekatu ere egiten naiz beti rol hori hartzeaz. Behingoagatik neroni izango naiz ziniko: ze funtzio betetzen dute zabor-saio diruz ongi hornituek? Euskararen normalizazioa? Sarri rating-ean 1era ozta-ozta iristen direla?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sautrela
2017-12-24 | Lander Arretxea
Eider Rodriguez, idazlea
"Literaturarekin ukitu eta zauritu ez ditugun lurralde asko daude oraindik"

Sei ipuinek osatutako Bihotz handiegia (Susa) liburua argitaratu du Eider Rodriguez idazle errenteriarrak. Aurrez landutako tonutik asko urrundu gabe, konbikzio berrituekin idatzi ditu ipuinok. Dagoeneko asko egin dituela-eta, bestelako elkarrizketa osatzen ahalegindu gara; eta... [+]


Sautrela aforismozalea

Aforismoak direla-eta Sautrelako telebista saiorako erreportaje batean eskainitako ohar eta iritziak ekarri ditu blogera Antonio Casado da Rochak. Oihenart aforismo lehiaketaren antolatzailea da.


2012-03-04
Sautrela, hezibide sentimental bat

Poligrafoa gora eta behera ari ginela iritsi zaigu Sautrela kenduko dutelako albiste aski penagarria. Zehaztapenak etorri dira gero, saioa 2013an itzul “daitekeela” entzun dugu. Posible izateagatik, ia dena da posible. Ez ditzagun ahantz, Sautrela bezala poligrafo... [+]


2012-02-17
'Sautrela' apirilaren 8an amaituko da

ETBk hamabi urtez emititu duen euskarazko literatur saioa, Sautrela, apirilaren 8an bukatzea erabaki du. 351 atal eskaini ditu programak urte hauetan Hasier Etxeberria aurkezle duela.


Eguneraketa berriak daude