Babcock Wilcox: "Langileok argi daukagu pare bat hilabetean, gehienez, hau itxi egingo dela"

  • Ricardo González bilbotarrak 21 urte egin ditu Babcock Wilcox-en. Ordezko atalen saileko arduraduna da gaur egun; uneon, bezeroei eskaintzeko ezer ez daukala esatea beste zereginik ez du kasik. Enpresaren azken hatsa barrutik nola bizi duen azaldu digu solasaldi honetan.


2011ko urtarrilaren 22an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

BWn eman duzun denboran enpresa publikoa zen garaia bizitzea tokatu izan zaizu, eta baita geroko pribatizazioak ere.

Hala da. Esku batetik bestera ibili gara, eta azkenerako ez dakizu nor den zure jabea. 

 

Tira, oraintxe Austrian Energy-ren (AE) parte zarete, ezta?   

Bada, ez dago hain argi. Irailean agiri bat bidali zuten, esanez gauzak oso ondo zihoazela. Eta bat-batean, taldeko beste enpresa batek, Australian dagoenak, ehunka milioi euroko galerak eduki zituen txarto atera zitzaizkielako esku artean zituzten proiektu batzuk. Horrek domino efektua eragin du, eta egun batetik bestera austriarrek esan zuten ordaintzeak eteten zituztela. Eta nork bereari eutsi behar ziola. Zer gertatzen da? Ordura arte BW erabat austriarren menpe zegoela. Nik dagoeneko ez dakit ziur zuzenean austriarrak eurak ziren, edo SEPI, baina aldiro-aldiro diru eske joan behar ginen haiengana, bestela ez geneukan ez materiala erosteko, ez soldatak ordaintzeko...

 

Eta zuek kobratu egin duzue? 

Horretan zortea izan dugu eta behintzat abendukoa kobratu dugu. Gabonetako paga zor digute, hori bai. Esan zuten azaroa izango zela kobratuko genuen azken hilabetea, baina geroztik diru apur bat sartu da, kobratzeke genituen zenbait gauza... Momentu honetan, ordaintzeen etena aurkeztu zenetik, administratzaile judizialek erabakitzen dute gastu bakoitza. Kobratu badugu haiek erabaki dutelako izango zen.

Maiatzera arte irauteko akordio bat dago, baina elkarrizketa hasi aurretik esan didazunez honek ez du hain luze iraungo.   

Nahiko argi dago. Gaur egun ez dugu lanik egiten, nik honezkero ez diet eskaintzarik egiten bezeroei. Badaude itxi beharreko kontutxo batzuk, baina ez da lan berririk sartzen. Langileok argi daukagu pare bat hilabetean, gehienez, hau itxi egingo dela. Nire iritziz, jokaldia txarto atera zaio Austrian Energy-ri, maiatzaren 31ra arte iraungo genuela pentsatzen zuten, eta horren ostean akordiotik libre egongo ziren.

Eta ezin daiteke gertatu AEk zerbait egitea maiatzaren 31ra arte nola edo hala eusteko?

Baliteke, baina oso zaila da hori. Lantokira goaz eta ez dugu ia ezer egiten zortzi orduz, han egon baino ez.

Bere garaian enpresa publiko egin zen hondamenditik salbatzeko.

Ez zait iruditzen berriz gertatuko denik. Abenduan Eusko Legebiltzarrera joan ginen langileok, eta han gure aldeko mozio bat onartu zuten, PSE ez beste guztien botoekin. Baina horren ondorio bakarra da esatea Legebiltzarra gure alde dagoela, haien babes morala daukagula. Baliteke beste enpresaren bat sartzea, dirua mahai gainean ipintzea eta BW salbatzea, baina ez dut uste.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude