Altsasuko auzia Iruñean epaitzeko eskatu dute espetxeratutakoen gurasoek

  • Ostiralean Altsasuko auzia Iruñean epaitu behar dela ebatzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eta "indarra eta itxaropena" eman die autoak espetxean diren gazteen gurasoei. "Berehala" aska ditzaten exijitu dute, halaber.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko martxoaren 28an - 13:47
Altsasuko auzipetuen gurasoek Katakrak-en egindako agerraldia. (Arg.: @altsasugurasoak)

Altsasuko auzia Nafarroako epaitegietan epai dezaten aldarrikatu dute Altsasuko gurasoek, eta gaia “zuhurtziaz, zentzumenez eta neurriz” tratatzeko. Azpimarratu dute, beste behin ere, "tabernako liskarra" izan zela, ez "terrorismoa".

Ostiralean, Altsasuko auzia Iruñean epaitu behar dela ebatzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, eta "pozik eta itxaropentsu" azaldu dira espetxean segitzen duten hiru gazteen gurasoak, erabaki hori dela eta; nolanahi ere, Auzitegi Gorenaren esku dago azken hitza, eta, horregatik, dei egin dute “kontzientziatze, sentsibilizazio eta Justiziaren aldarrikapenean segitzeko". Halaber, auzibideak martxan diren artean, gazteen "berehalako askatasuna" galdeginen dutela eman dute jakitera.

"Lehenbailehen aska ditzaten"

"Gure nahia hauxe da: Nafarroako Auzitegian egin dadila instrukzioa, egitateak aztertu eta argi daitezela, ustezko errugabetasuna, defentsa eskubidea eta bidezko epaiketa errespeta daitezela. Gure nahia da gure seme alabak sufritzen ari diren zigorra buka dadila, espetxetik lehenbailehen atera daitezela", esan du espetxeratutako Adur Ramirez de Aldaren ama Isabel Pozuetak, Altsasuko gazteen gurasoen izenean.

Gaia "zuhurtziaz, zentzumenez eta arrazoiz" lantzeko deia luzatu du, "alderdikeria" bazter uzteko eskatzearekin batera: "Nafarroan nahiz Madrilen saiatu gara sentsibilitate guztietako partaideekin hitz egiten. Saiatu gara suhartasunik gabe eta taxuz informazioa luzatzen. Giza eskubideen errespetua oinarri, ezberdinen arteko batasuna eta sostengua bilatu dugu. Gure herriko gizartearen batasuna hartu dugu eredu, bertan sentsibilitate guztietako lagunek beren sostengua agertu digute eta gertatutakoa terrorismotzat hartu izana salatu dute".

Oroitarazi du Altsasuko gazteen aldeko dinamikak babes zabala jaso duela: esaterako, 88 parlamentariok eta senatarik eskatu dute terrorismo delitutzat ez jotzeko, baita 70 udalek eta justizia arloko 200 lagun baino gehiagok ere.

Babes webgunea, martxan

"Indarra eta itxaropena" dauzkate Alsatsuko gurasoek, baina “bide luzea” dute aurretik, oraindik sostengu bilketan segi nahi baitute: altsasugurosoak.com webgunean manifestu bat zintzilikatu dute: azken lau egunetan, 11.000 atxikimendu bildu dituzte eta deia luzatu dute, herritarrek sostengua azaltzeko.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasu
Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: "Trena benetako garraiobide bihurtu dadin"

AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]


Altsasuko futbol taldeko emakumeei aldageletan grabatzen saiatu direla salatu dute

Altsasuko kirol elkarteak salatu du joan den ostiralean, otsailaren 2an, entrenamendu amaieran “pertsona bat edo gehiago” argazkiak edo bideoak egiten saiatu zela aldagelako leihotik entrenamendu baten amaieran. Foruzaingoaren esku utzi dute salaketa.


AHT eta tren sozialerako egungo trenbidea egokitzea eskatu dute Altsasun

Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek Altsasun egindako prentsaurrekoan egin dute eskaera: tren lasterrak soilik erabiltzeko trenbide-azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea, gaur egungo tren-azpiegiturak berritzea eta... [+]


2023-09-19 | Gedar
'Leioako 5en' askatasuna exijitu dute Altsasun

Irailaren 27an epaituko dituzte 'Leioako 5ak', 2016an Leioako campusean izan zen ikasle mobilizazio baten harira. 45.000 euroko eta 40 urteko zigorrak eskatzen dituzte haientzat. Aste honetan ere mobilizazioak egingo dituzte, auzipetutako bost lagunen eskualdeetan nahiz... [+]


Eguneraketa berriak daude