1995-2000: Rotaflexek moztuko ote lukete 18/98 makrosumarioa?


2005eko uztailaren 02an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01

Jon Torner jontorner@argia.eus 1960-2000 urte arteko gertaera garrantzitsuenen errepasoa amaitutzat eman du Nagore Irazustabarrenak, 'Titaniozko jauregia... eta prezintozko kaiola' izeneko erreportajearekin. Titaniozko jauregia Bilboko Guggenheim museoa da. Prezintozko kaiola, Baltasar Garzonek Egin egunkariaren itxierarekin abian jarri zuen 18/98 makrosumarioa. Bigarren hau eta Itoizko urtegiaren aurkako ekintzak izan ditugu hizpide, besteak beste, Sarekada honetan. 18/98. Amaierarik izango al du? Zoritxarrez, gure Euskal Herri ero honetan egoera nahasia bizi genuen duela hamar urte ere. Horren erakusgarri da ETAk urtarrilaren 23an burututako atentatua. Donostiako Alde Zaharreko ostatu batean Gregorio Ordoñez PPko lehendakari eta Donostiako alkateordea akabatu zuen. ETAk ordura arte ez zuen hautetsirik sekula hil. Hain juxtu, hautetsi popular eta sozialisten aurkako atentatuak eten egingo dituela jakinarazi berri du erakunde armatuak. - 'Gregorio Ordoñez hil du eta lurrikara eragin ETAk' (Pello Zubiria. Argia; 1995eko urtarrilak 29, 1.515. zenbakia) - Gregorio Ordoñez: "PP txapelik gabeko EAJren bertsio hobetua da" (Argia; 1993ko ekainak 20, 1.441. zenb.) Etenik ez duena Baltasar Garzonek 1998an abiarazi zuen 18/98 makrosumario ezaguna da. Uztailaren 15ean Polizia Nazionalak Egin egunkaria eta irratia itxi zituen, eta orduz geroztik ETAren itzala elkarte eta erakunde askoren atzean ikusi du epaile espainiarrak. Euskaldunon Egunkaria, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Haika-Segi, Amnistiaren Aldeko Batzordeak... curriculum benetan aberatsa dauka Garzonek. - 'Eskerrik asko Euskal Herria' (Jabier Salutregi. Argia; 1998ko uztailak 26, 1.681. zenbakia) - 18/98 Sumarioa (Gara) - Euskal gazteria epaitua (Gara) - 'Haika-Segi auzia: Auzitegi Nazionala gazteek epaitua' (Argia; 2005/05/15, 1.992. zenbakia.) 18/98 sumarioa abian jartzeak ezinegona ekarri zuen arren, 1998an izan zen pozteko motiborik, nahiz eta epe laburrean itxaropenari ateak itxi zizkioten/genizkion. Lehenik Lizarra-Garaziko adierazpena etorri zen, eta oso gutxira ETAren su-etena. 1999ko azaroan, ordea, ETAk su-etenaren amaiera iragarri zuen eta Lizarra-Garaziko trena ere geratu egin zen. - Lizarrako Akordioa (98/09/12) - ETAren agiria tregua iragarriz (98/09/17) - ETAren Adierazpena Euskal Herriari, su-etenaren etetea iragarriz (99/11/28) "Rotaflexa garraxika" Politikaren zurrunbilotik haratago, bestalde, Irati bailara bestelako ur korronte errealdoi baten mehatxupean zegoen. Hark herritarren artean sortu zuen haserrea ederki islatzen du Su Ta Gar taldearen kanta ezagunak. Abestia 1997an kaleratutako Agur jauna gizon txuriari diskoan jaso zuten eibartarrek eta urtebete lehenago, 1996ko apirilaren 6an, Solidarioek urtegian burututako ekintza entzutetsuari egiten dio erreferentzia. Zortzi lagunek, rotaflexak lagun, hormigoizko bloketzarrak garraiatzen zituzten kableak moztu zituzten, obrak geldiaraziz. Artean proiektu erraldoi horren aurkako ekintzak ugaritzen zioazen, eta legeak ere arrazoia eman zien zenbaitetan obrak geldiarazi nahi zituztenei. Dena den, antzeko kasuetan gertatu ohi den bezala, urtegia amaitu eta urez bete zuten azkenean. Aurreneko froga 2003ko urtarrilaren 27an egin zuten, lekukorik gabe. - Itoizko urtegiaren aurkako herri-mugimenduak eta borroka legala. Kronologia (1984-2003) (Gara) - Helikopteroak solidarioak zaintzen ditu (2003ko iraila) (Indymedia) Hain juxtu, aste honetan bertan, Espainiako Auzitegi Gorenak Itoitz erabat betetzeko debekua bertan behera utzi du, Auzitegi Konstituzionalaren eta Auzitegi Nazionalaren ebazpenak aintzat hartuta. Debekua 1997an ezarri zuen Auzitegi Gorenak eta Itoizko Koordinakundeak epai berriaren aurka babes helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du. Bestalde, erabaki horren berri izan baino lehen, Itoizekin Elkartasuna Taldeko kideek prentsaurrekoa eskaini zuten pasa den astelehenean, Itoiz, Artozki, bizitzaren alde borrokatutako herrien oroimen hautsia liburuxkaren aurkezpena zela-eta. Salatu zutenez, Itoizko etxeetako paretetan sartutako hodietara katez lotzeagatik nahiz barrualdean tinko eusteagatik, hemeretzi lagunentzat bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eta 48.000 euroko isuna eskatu dute, eta oraindik epaiketaren zain daude. Gainera, Itoiz hustu eta suntsitu zutenetik makina bat irregulartasun egon dela adierazi zuten. Hala, "bailara hauen ahotsa isilarazi ez dadin", abuztuaren 27an eta 28an mendi martxa batek kaltetutako parajeak zeharkatuko ditu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: 18/98 sumarioa
Jabier Salutregi hil da, 'Egin' zuzentzeagatik preso izan zuten kazetaria

1998ra arte izan zen zuzendaria Egin egunkarian, Baltasar Garzonek ixteko agindua eman zuen arte. Zazpi urteko espetxealdia bete zuen Burgosko kartzelan, 2015 aske geratu zen. 73 urterekin hil da Donostiako bere etxean, azken hilabeteetan pairatu duen gaixotasun baten ondorioz.


2023-02-14 | Estitxu Eizagirre
Nekane Txapartegi Nievek lortu du 1999an bere aurka hasitako epaiketa politikoa eta jazarpena ixtea

Gaur, otsailak 14, izan da Auzitegi Nazionalaren Zigor arloko Aretoan, bere abokatu Iñigo Iruinekin batera. 1999an 18/98 makroepaiketaren barruan atxilotua eta torturatua izan zen, eta gaur eman dio amaiera epaiketa politiko hari: Suitzan bi karnet faltsu edukitzeagatik... [+]


2021-03-09 | ARGIA
Pepe Rei hil da, ikerketa kazetaritzaren erreferentea Euskal Herrian

Pepe Rei kazetaria 73 urterekin hil da, astearte honetan, Donostian. Egin egunkariko ikerketa taldea martxan jarri eta Ardi Beltza aldizkaria sortu zuen, besteak beste. Euskal Herriko eta Espainiako estolderia politikoez, gerra zikinak ustelkeriarekin eta narkotrafikoarekin zuen... [+]


2019-11-19 | Estitxu Eizagirre
Txapartegi extradita ez dezaten eskatuz elkarretaratzea deitu dute azaroaren 20an Asteasun

Azaroaren 16an zabaldu zuen Txapartegiren abokatuak sare sozialetan albistea, Espainiako Gobernuak Txapartegi atxilotzeko nazioarteko eskaera egina duela. Geroztik hainbat mobilizazio egin dira: 16an bertan Zurichen 150 lagun atera ziren kalera eta azaroaren 18 eguerdian Bernako... [+]


2019-07-15 | ARGIA
21 urte Aznarrek Egin egunkaria itxi zuenetik

Astelehen honetan 21 urte betetzen dira Aznarrek Egin egunkaria indarrez itxi zuenetik. 1998ko uztailaren 15eko goizean Baltasar Garzón epaileak Egin egunkaria eta irratia ixtea agindu zuen, eta zuzendaritzako zein administrazio-kontseiluko hainbat kide atxilotu zituzten.


Eguneraketa berriak daude