1970-2015: Espainiako hezkuntza erreformei begirada

  • Espainiako Gobernuak unibertsitateetan 3+2 plana ezarri nahi duela-eta, otsailaren 26an kalera aterako dira ikasleak, Ikasle Abertzaleek deituta.LOMCEren aurka ere aterako dira, Espainiako Estatuko trantsizio garaitik egingo den 13. hezkuntza erreforma dena.


2015eko otsailaren 23an - 11:13
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Argazkia: Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Zeintzuk dira orain arte Hego Euskal Herrian eragina izan duten Espainiako Estatuko hezkuntza erreformak?

LGE Hezkuntza Lege Orokorra, 1970: Frankismoaren azken urteetan onartu zen arren, 80ko hamarkadan aplikatzen hasi zen. Hezkuntza sistema guztia arautu zuen. Espainiako Estatuko ikasle guztiek 14 urte arte Oinarrizko Hezkuntza Orokorra (OHO) ikasi behar zuten. Ondoren, BBBarekin jarraitzeko edo lanbide heziketara sartzeko aukera zuten. Unibertsitatera joan nahi izanez gero UBI gainditu behar zuten. Erreforma honek oinarrizko hezkuntza doakoa izatea ezarri zuen. Unibertsitate esparruan ere eragina izan zuen erreforma honek.

LOECE Ikastetxeetako Estatutuen Lege Organikoa, 1980: Bost urte iraun zituen eta ikastetxeetan eredu demokratikoa ezartzea zuen helburua.

LRU Unibertsitatearen Erreformarako Legea, 1983: 2002ra arte indarrean egon zen erreforma honek unibertsitateen autonomia biltzen zuen lehenengoa izan zen. Honek aurrerago gauzatuko zen unibertsitatearen erreforma ekarri zuen.

LODE Hezkuntzarako Eskubidea Arautzeko Lege Organikoa, 1985: Itunpeko ikastetxeen sistema arautu eta hezkuntza sistemaren barruan gehitu zuen. LOGSE onartu bitartean indarrean egon zen. Hezkuntzako Lege Orokorraren egitura mantendu eta eskola kontseiluak sortu zituen.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legea, 1990: Derrigorrezko eskolaldia 16 urteetara luzatu zuen. OHO desagertu  eta UBIren ordez batxilergo berria ezarri zuen. Lege honek klaseetako ikasle kopurua 40tik 25era murriztu zuen. Erlijio ikasgaiaren ordutegia mugatzea eta honen alternatiba moduan Etika ezarri zuen. 1994tik aurrera Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondorioz ikasgai honek ez zuen islarik ikasleen notetan.

LOPEG Ikastetxeetako Parte hartze, Ebaluazio eta Zuzendaritza Lege Organikoa, 1995: LOGSE Espainiako Estatu guztian maila guztietan ezarri zutenean onartu zuten lege hau. Ikastetxeei autonomia gehiago eskaini zien.

LOC Gaitasunen Lege Organikoa, 2002: Ordutik Estatuko Lanbide Heziketa arautzen duen ordenamendu bakarra da.

LOU Unibertsitateen Lege Organikoa, 2002: PPren gobernu garaian egin zen. Unibertsitateko aginte organoak eta Ebaluazio eta Akreditazio Agentzia izan ziren lege honen oinarriak.

LOCE Hezkuntza Kalitatearen Legea, 2003: PPk onartu bazuen ere, 2004ko hauteskundeetan egondako botere aldaketagatik bertan behera geratu zen. Zapateroren gobernuak alderdi polemikoenak baztertu baina beste batzuk mantendu zituen.

LOE Hezkuntzaren Lege Organikoa, 2006: PSOEren gobernuak bultzatutako erreforma honek LOGSE, LOPEG eta LOCE indargabetu zituen, LODE ordea ez. Hiru batxilergo mota ezarri dituen: Arteak, Zientzia eta Teknologia eta Giza eta Gizarte zientziak. Era berean, lege honek erkidego guztietan irakatsi beharreko ikasgaiak blindatu zituen.

LOMLOU Unibertsitateen Lege Organikoaren Moldaketa, 2007: Boloniako adierazpena sinatzearen (1999) bidez gauzatu zen arren, zortzi urte geroago gauzatu zen. LOU legearen moldaketa honek Estatuko unibertsitateak Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura egokitzea ekarri zuen, Boloniako prozesuak jomuga duena. Bolonia prozesuaren aurkako protestak ugariak izan ziren. EHUn, adibidez, ikasleek prozesua urtebete atzeratzea lortu zuten.

LOMCE Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzarako Lege Organikoa, 2013: Espainiako parlamentuko oposizio guztia kontra izan arren, Espainiako Gobernuak aurrera atera du hezkuntza erreforma hau. Ikasturte honetan zenbait lekutan aplikatzen hasiak badira ere, datorren ikasturterako leku gehienetara zabaltzea espero du Espainiako Gobernuak.  Lege honek autonomia erkidegoetako irakasgai komunen ehuneko handiagoa finkatzeaz gain, euskara eta Espainiako beste hizkuntza koofizialak gutxiesten ditu. Lehen eta bigarren hezkuntza amaitzean errebalidak ezarri eta bigarren hezkuntzatik hasita, hezkuntza ibilbide bereziak abiarazi ditu. Gainera, LOMCEk, sexuaren araberako bereizketa egiten duten ikastetxe pribatuei laguntza publikoak ziurtatu dizkie. Legearen proiektuak protesta ugari sorrarazi ditu gizartean, ikasle, irakasle, guraso eta hezkuntza komunitate osoa kalera ateraraziz.

Unibertsitate Erreforma: LOMCE eta gero, Espainiako Gobernuaren unibertsitate erreforma martxan da. EU2015 unibertsitate erreformaren harira. 3+2 dekretuaren adibide argia da.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


EHUk harremanak hautsiko ditu Palestinako sarraskia gaitzesten ez duten Israelgo unibertsitateekin

EHUko Gobernu Kontseiluak adierazpena onartu du, Palestinaren alde eta Gazako sarraskiaren aurrean. Hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, boluntariotza programa bat martxan jartzea, errefuxiatuen arreta zabaltzea eta giza eskubideen inguruko gogoeta sustatzea. Harreman... [+]


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Eguneraketa berriak daude