2021-06-07 13:18

Azken hilebeteetan eztabaidagai ugari mahaigaineratu ditugu Hauspoaren bitartez: Euskal Herriko historia eta bere baitan emandako klase borrokaren azterketa; ENAMen gaineko irakurketa kritikoa; dominazioaren erroak identifikatzeko analisia; genero auziaren gaineko irakurketa; eta etika iraultzaileari buruzko hausnarketa. Horietako bakoitzean elementu ugari garatu ditugu eta beste asko garatzeke geratu dira, ondorengo urteetan osatu beharreko lana izango dena. Guztiekin batera, garrantzi estrategikoa duten eztabaidagaiak plazaratu ditugu, eta horrekin, egia iraultzailea begiztatzeko bidean aurrerapausu garrantzitsua eman dugu. Argi dugu eraikuntzan jarraitu beharreko prozesua dela, iruten jarraitu beharreko haria. Gainera, ez da guri bakarrik dagokigun betebeharra; Euskal Herrian dagoeneko koordenada iraultzaileetan daudenekin batera, zein langile eta herri mugimenduko kideekin elikatu eta aberastu beharko den prozesua dela deritsogu.

Horregatik, gaurkoan aurkezten dugun proposamen politikoa, saiakera irekia da, burutu gabea. Egungo baldintzetatik abiatuta, praxi iraultzailea gorpuztu dezakeen sintesi politikoa.

Helburu estrategiko iraultzailea

Aurreko testuetan adierazi bezala, dominazioaren hari historikoa jabetza pribatua, patriarkatua, kolonialismoa eta Estatuaren bitartez eraikitzen joan den osotasun material eta ideologiko bezala ulertzen dugu, bere azken adierazpena modernitate kapitalistaren eskutik eman delarik. Dominazioaren logika horren pean sistematikoki apropiatua eta subordinatua izan da giza existentzia osatzen duen katea (gorputza-pentsamendua-lana-ekoizpena), etengabe birsortzen den egiturazko biolentzia eraginez eta gutxi batzuen botere metaketa ahalbidetuz. Biolentzia kapitalista, beraz, lana eta kapitalaren arteko kontraesanetik eratorria; biolentzia patriarkal eta kolonialarekin konbinazio makurra osatzen duena. Eta Euskal Herrian nazio auziarekin bat egiten duena. Izan ere, gurean modernitate kapitalista Estatu Frantses eta Espainiarraren eskutik inposatua izan da, bertako oligarkiekin aliantzan eta herri eta komunitateen aurka. Estatu egitura inperialista horien bitartez, oro har, euskal nortasuna zapaldua izan da, baina bereziki euskal herri langilea.

Horrez guztiaz gain, kapitalismoak berezkoa duen etengabeko hazkundeak, berauk bultzatutako bitarteko produktiboen neurrigabeko garapen itsuarekin batera, energia eta materiaren zikloak globalki kolpatu ditu. Horren ondorioz, ekosistema eta espezie ugari desagertu dira dagoeneko, eta oraindik gehiagoren biziraupena kolokan egongo da hurrengo hamarkadetan zehar. Era berdinean, gizakiok eragindako krisi ekologiko global horrek gizakion zenbait existentzia forma ere kolokan jarri ditu. Azken finean, giza existentzia bera materia eta energia ziklo horiekiko dependientea da, ekosistemekiko eta bestelako espezie bizidunekiko eztuki lotua dagoen bezala.

Tamainazko panoramaren aurrean, helburu estrategiko argi bat identifikatzea beharrezkotzat jotzen dugu. Alegia, berehalakoan eman ditzakegun hamaika erantzunetatik harago, pausu horiek zuzenduko duten norabide zoli bat ezarri. Hori gabe noraeza eta nahasmena nagusituko dira kapitalismoak etengabe eragiten duen kaos material eta ideologikoaren aurrean. Bide iraultzaileari ekiteko, beraz, zerumuga estrategikoa izatea aurrebaldintza bat da. Gurean dominazio ororekin amaitzea da, esplotaziorik gabeko jendarte askea eraikitzea; klase, genero edo arrazazko banaketarik gabea. Eta horretarako, dominazioaren errora jo behar dugu: jabetza pribatua eta haren isla psikologikoa den dominazioaren mentalitatea, gurean pentsamendu liberal-burges, patriarkal eta arrazistaz osatuta dagoena. Horien guztien abolizioarekin bakarrik eraiki ahalko dugu inolako dominaziorik gabe antolatu eta garatu ahalko den bizitzaren adierazpen askea; berdintasunean eta askatasunean oinarritutako giza existentziaren espresioa. Komunismoa, hain zuzen ere.

Modu askotan ulertu daiteke komunismoa. Guk gaitasun sozial gisa ulertzen dugu; jabetza pribatua tarteko izan gabe, jendarte batek bizi prozesu osoa antolatzeko duen gaitasuna. Sintesi sozial bat, zeinetan bertako kideen arteko kohesioa, kontaktua eta harremana mantentzeko, ez den beharrezkoa izango merkantzien trukea, ezta beste inolako apropiazio formarik ere. Harreman horiek zaintza eta elkarlaguntzaren baitan eraikiko dira; eta bizitza eta existentzia komunala, komunitatea edo komunaren baitan. Barne mailako izaera aske horretaz gain, bestelako bizi formekin harreman eraikitzailea eta errespetuzkoa garatzeko gai izan beharko luke sozializazio berri horrek, materia eta energia zikloak orekatu eta aberasteko gai. Giza hedapenak krisi ekologikoak eragiteko duen joera historikoa eten, eta gizakiok ekoizten dugun errealitate geruza hori edertasun eta aniztasun iturri izatea lortu, ez heriotz eta suntsipen iturri.

Beraz, badaukagu abiapuntua, Dominazioaren Sistema, eta baita helmuga ere, Komunismoa edo bizitza askea. Batetik bestera egin beharreko bidea Sozialismoa litzateke. Eta hor dago komunismoaren arazoetako bat: ideia bezala argia da, arras sinplea. Nork ez du nahi askatasunean bizi, inolako zapalkuntza eta esplotaziorik gabe? Mendeetako erresistentzia eta askapen borroken ondoren, baina, oraindik inork ez daki zein den komunismora heltzeko bidea. Etikari eskaini genion testuan argi geratu zitzaigun hori: gauza bat da dominazioaren egia ezagutzea; baita askatasunaren egia borobila irudikatzea ere. Baina bien arteko lotura erakutsiko digun egia (egia iraultzailea), eta egia horren inplementazioa (bide iraultzailea), hori beste kontu bat da. Hamarkada luzez saiakera ugari egon dira mundu osoan zehar, baina batek ere ez du helburu estrategikoa, komunismoa, erdietsi. Alderantziz, gaur egun Dominazioaren Sistema, bere adierazpen kapitalistaren bitartez, inoiz baino izaera global eta hegemonikoagoa du.

Gauzak horrela, iraultzarako aukerak agortuta egotetik urrun, bere horretan jarraitzen dutela uste dugu. Izan ere, historiak aurrera darrai eta horrela, dominazio dagoen bezala, erresistentzia ere badago. Dominazioak berak, berezko dituen zapalkuntza, biolentzia eta desorekarako bultzadek hamaika kontraesan azaleratzen dituelako gertatzen da hori; barne mailan, bere baitan bizi diren pertsonen aurka denetariko zapalkuntzak gauzatuz. Kapitalisten beraien artean ere, konpetentzia gero eta latsagoa sortuz eta zailago bihurtuz gainbalioaren ekoizpena eta metaketa. Kanpora begira, aldiz, sistema sostengatzen duten baldintza material eta energetikoen gain desorekak eraginez. Horrekin guztiarekin, Dominazioaren Sistema gaur egun pairatzen ari den krisia azken hamarkadetan eman den handiena izateko aukerak gero eta nabarmenagoak dira. Ez bakarrik Euskal Herrian, Estatu espainolean, frantsiarrean edo Europa mailan. Mundu mailako krisi sozial, politiko, ekonomiko eta ekologiko larri baten aurrean gaudela ezin du jadanik inork ukatu. Kontraesan horietan guztietan, eta horietatik eratortzen diren erresistentzia borroketan, aurkituko dugu iraultzarako bidea argituko digun sugarra.

Bide iraultzailea eta Kontrabotere Sozialista

Beraz, zailtasunak zailtasun, orain arte ikusitakoarekin egia eta bide iraultzailearen nolakotasuna antzematen has gaitezkeela uste dugu. Hona hemen prozesu iraultzaileari ekiteko zenbait gako:

Lehenengo eta behin, komunismoa ezin da isolatutako esperientzia bat izan, jendarte kapitalistaren bazterrean bizi den esperientzia “alternatiboa” edo komuna hippia; lehenago edo beranduago kapitalismoak zuzenean zanpatuko luke, edota merkatuko sareek irentsi. Gainera, horrelako esperientzia mikropolitikoek izan ditzaketen bertuteez harago, gure proposamenak osotasun soziala barnebildu behar du: hau da, jendarte osoari erantzun bat emateko gai izan behar da, eskala sozialean aplikagarria den proiektua. Era berean, herrialde bakar batek, bere osotasunean bada ere, ezingo du inoiz bere kabuz komunismorako bidea egin. Mundu mailako kapitalismoaren aurrean, komuna hippiaren antzeratsu zanpatua izango litzateke, edo are txarrago; autodefentsara bideratutako zurrunbilo militarista eta autoritario hutsean agortuko litzateke. Beraz, komunismoaren ezarpen erreal eta osoa, mundu mailako prozesu iraultzaile baten bidez soilik gauzatu daiteke. Hau da, komunismoak, ezinbestean, izaera internazionalista eduki behar du.

Marko orokorra hori izanik, borroka iraultzaileak abiapuntu bat izan behar du. Eta gure ustetan, erresistentzia abertzalea bizirik dirauen herriontzako behintzat, komunismoak abertzalea ere izan behar du. Hau da, guretzako klase borrokaren garapenerako eta komunismoaren eraikuntzarako markoa Euskal Herria izan behar da. Hartara, euskal lurretan ezingo da inolako askapen prozesurik gauzatu gure aberria osatzen duten zazpi lurrealdeek espainiar eta frantziar Estatuen kontrolpean jarraitzen duten bitartean.

Bestalde, bide iraultzaileak aurkituko duen beste zailtasunetako bat dominazioa sostengatzen duten oinarrizko egituretan dago: egiturok egon badaude eta egitura horien mugen barruan ere mugitzeko gaitasuna erakutsi behar du prozesu iraultzaileak. Patriarkatuarrekin argi ikusi dezakegu hori. Esate baterako, abortua legeztatzerako orduan, legearen baitan gauzatzen den lorpen bat da. Horren bitartez emakume gisa gure posizioa ezbairik gabe hobetzen da, baina hobekuntza hori patriarkatuaren mugen barruan gertatzen da, bere kategoriak ez baitira gainditzen. Abortua legeztatua ere, sexu-genero dikotomiak bere horretan jarraituko du, emakumeon gorputzen gaineko sexualizazioa edota familia nuklear heterosexualak jarraituko duen bezala. Bortxatuak eta erailak izaten jarraituko dugu, baina orain, abortatu ahal izango dugu. Emakumeok gizonekiko dugun distantzia soziala murriztuko da, baina patriarkatuak ezartzen dituen mugen barruan gertatzen da hori. Gure jarduera politikoak horrelako hobekuntza erlatiboak jaso behar ditu, noski, baina horrek ez dio gure jarduerari izaera antipatriarkal iraultzailea esleitzen.

Salarioarekin, eta oro har merkatu harremanekin antzerako zeozer gertatzen da. Lan asalariatua botere burgesaren sorburua da, gainbalio eta kapital berriaren iturria, enajenazio kapitalistarako bektorea. Jendarte komunista batean ezingo litzateke lan asalariaturik egon. Hala ere, gaur egun, langile klasearentzat salarioak biziraupenerako baldintza suposatzen du; janaria, etxebizitza, sozializazioa posible egiten duten produktu eta zerbitzuak... bakarrik salarioaren bitartez daude eskuragarri langile klasearentzat. Suntsitu beharreko harreman soziala da salarioa, bai, baina gaur salariora lotuak bizi gara. Gauzak horrela, patriarkatuarekin bezala, bere burua iraultzailetzat duen mugimendu batek kapitalaren eta salarioaren mugen baitan, langile klasearen bizi baldintzen hobekuntza ziurtatu behar du. Esan bezala, salarioaren baitako borrokak ez du gauza handirik konpontzen; soldata igotzeko edota alokairua merketzeko borrokatzen garenean, burgesarekiko langile moduan dugun posizioa hobetzen dugu; gure lan indarraren ordaina igo eta gure erreprodukziorako gastuak gutxitzen dira. Baina hobekuntza horiek kapitalaren mugen barruan gertatzen dira, bere kategorien arabera; merkantzia, dirua, soldatapeko lana, kapitala… eta beraz, esplotazioak bere horretan jarraitzen du.

Mugimendu kooperatibistarekin, edo azken aldian bogan dagoen “ekonomia sozial eta eraldatzailearekin”, inon baino argiago ikusten da hori. Merkantziaren baitan justizia sozialerako eta sistema ekonomikoaren eraldaketarako espazioa dagoenaren ustetan, esperientzia kooperatibista ugari jarri dira martxan azken hamarkadan Euskal Herrian. Azpimarratu nahiko genuke hemen, merkantzien ekoizpen eta salerosketak, bereziki erabat globalizatua eta elkarlotua dagoen kapitalismoaren baitan, kapitalaren legeei bakarrik erantzuten diola. Horrela, merkantzien ekoizpenera lotuak mantentzen diren bitartean, balio formak inposatzen dizkien mugetan harrapatuta egongo dira esperientzok. Are txarrago, kapitalismotik kanpo dabiltzatenaren ilusioarekin, sozializazio forma kapitalistaren barruan (jabetza pribatua, merkantzia, salarioa, dirua) gero eta sakonago hondoratzen ikusiko ditugu. Merkatutik irten ezinik, konpetentziaren logikan kateatuta egongo dira beti: jarduera ekonomikoa errentagarri bilakatzera behartuta egongo dira, kualitatiboki zein kuantitatiboki etengabe haztera behartuz. Modu horretan, arinago edo beranduago, hurbilago edo urrunago, merkantzia katearen lekuren baten esplotazioa eta zapalkuntza eragitera kondenatuak daude. Aitzitik, errentagarritasun hori ezin badute ziurtatu, enpresaren bideragarritasun faltaren aurrean porrot ekonomikoa letorke. Kasurik txarrenean, errentagarritasun falta horren aurrean norbere burua autoesplotazio tasa ikaragarri altuak asumitzera bultzatuta egongo dira, enprendedore, ekoizle txiki edota kooperatibista bezalako figuren pean klase nortasuna erabat desitxuratua.

Honek guztiak ez du esan nahi kooperatibarik eraiki behar ez dugunik, edo merkatuaren baitako baliabideak erabiltzeari uko egin behar diogunik ere. Ezta salarioaren baitako borroka suspertzera indarrik bideratu behar ez dugunik ere. Baina kooperatiba batek, edo lan baldintzen hobekuntzaren aldeko borrokak, bere horretan, ez dio kapitalismoari alternatiba bat aurkezten, kapitalismoaren adierazpen alternatibo bat baizik. Erreforma hutsak dira mugimenduok; Dominazio Sistemaren baitan, eta bere kategorien bitartez gauzatu ditzakegun hobekuntza kuantitatiboak: 1000€ irabaztetik, 1500€ irabaztera; alokairuaren prezioa 800€tik 500€ pasatzea... Aitzitik, bere horretan ez digute kualitatiboki ezer ezberdina eraikitzeko aukerarik irekitzen. Ez dute dirua, merkantzia eta jabetza pribaturik gabeko errealitate sozialik eraikitzen. Are gehiago, modu isolatuan ulertzen baditugu, horren kontrako norabidea har dezakete; dominazioaren logikaren barruan leku erosoago, bizigarriago edota alternatiboa badagoela sinestera hel gaitezke.

Garrantzi handiko ezarpenak dira honakoak, erreformak eta iraultzak izan behar duten harremanaz ari baikara hemen; erreforma eta erreformismoaren arteko ezberdintasunez, hain zuzen ere. Hau da, iraultzaren zerbitzura dagoen erreforma, alde batetik; eta iraultza ordezkatzen duen erreformismoa, bestetik. Edozein iraultzailek argitasun kristalinoarekin ulertu beharreko ezberdintasuna. Eta zelan jarri erreforma iraultzaren zerbitzura? Bada, erreformaren baitan gauzatzen den mugimendu oro, indar eta baliabide metaketa bezala gertatu behar da, botere forma burges, patriarkal eta kolonialetik at eraikitzen joango diren adierazpen politiko, produktibo eta sozialak elikatzera bideratuko direnak. Jabetza pribatua, balio forma eta soldatapeko lanetik at, kolektibizazioan eta zaintzan oinarritutako sozializazio eta ekoizpen espazioak elikatzera. Azken finean, botere forma komunista zuzenean eta inmediatoki elikatu eta eraikitzera bideratuta egongo direnak. Bakarrik horrela lortu daiteke erreforma aurrerapen estrategikoak sostengatu eta elikatzeko norabidean jartzea; bakarrik horrela lortu daiteke sozialismoa mugimendu errealki iraultzaile bezala jardutea. Alegia, gaur ematen dugun pausu bakoitzak etorkizuneko bizitza askearen prefigurazioa izan behar du; egiten dugun bideak berak helburua erakutsi behar digu. Hori lortu ezean, iraultza adierazpen teoriko soil bezala aurkezten bada, erreferentzia alegoriko huts bezala, ezer gutxik ezberdinduko luke sozialismo iraultzailea eta erreformismoa.

Horregatik guztiagatik, prozesu iraultzailea izaera kualitatibo ezberdina duten bi mugimendu forma uztartzeko gai izan behar da: alde batetik, Dominazioaren Sistemaren mugen barruan zapalduen egoera erlatiboki hobetuko duten mugimenduak; eta beste alde batetik, sozializazio forma berriaren edukiak gaurdanik eraikiko dutenak. Horretan datza Kontrabotere Sozialistaren eraikuntza; ibilbide luzeko aurrerapausu estrategikoekin batera, berehalako hobekuntza eskainiko diguten pausu labur-taktikoen konbinazioa dialektikoa.

Estatua, Sozialismoa eta Nazio Askapena

Kontrabotere Sozialistaren forma horrek, gure ustetan, Nazio Askapenerako Mugimenduetan garrantzi handia izan duen etapismoa inpugnatzen du. Horren arabera, nazio askapenerako prozesuak, gutxienez, bi fase edo etapa izango lituzke. Lehenengo, independentzia nazionala ziurtatuko duen fasean kontzentratu indarrak, burgesia nazionalarekin aliantza exijitzen duena, eta hortaz, izaera burgesa duen Nazio-Estatu propio bat eraikitzea ahalbidetuko lukeena. Independentzia formala erdietsiko litzateke horrela, kategoria juridiko burgesen arabera, nazio arteko legeari begira sujetu independiente bezala gauzatuko litzatekeena. Ondoren, Estatu berri horrek eskainiko lizkioken tresnekin sozialismoaren eraikuntzari ekingo lioke askapen mugimenduak. Horregatik Independentzia eta Sozialismoaren aldarria; lehenengo bata, eta gero bestea. Aurrerapausu taktiko eta estrategikoak modu konbinatu eta dialektikoan eman behar direla aldarritzen dugunean, nazio askapenaren, eta oro har, iraultzaren izaera etapista kolokan jartzen dugu. Eta horrekin, Estatuaren gaineko kontrolak prozesu iraultzailean zehar jokatu beharreko papera kolokan jartzen dugu.

Estatua, bere jaiotzetik, botere metaketa eta dominazioa eskala sozialean inposatzeko egitura da. Modernitatearekin batera izandako moldaeren ondoren, botere burgesaren adierazpen gorena bilakatu zen. Merkatuak emititzen duen islada politikoa masa jendarte industriala kudeatzeko: eskola, kartzela, ejerzito erregularra, polizia, burokrazia… Bat eta banaezina izan beharko lukeen bizitza prozesua zatikatu eta berau modu partzializatuan administratzeko egitura da Estatu modernoa. Beraz, botere burgesaren adierazpena da Estatua; errealitate soziala dominazioaren logikapean jarraituko duenaren bermea, hain zuzen ere. Horregatik, komunismoan ezin da Estaturik egon, eta sozialismoaren betebeharra, komunismora gidatuko gaituen prozesu bezala, Estatu hori desegitea da. Baina zelan egiten da hori? Salarioa edo diruarekin gertatzen den bezala, ezin dugu Estatua, besterik gabe, existituko ez balitz bezala egin. Nola edo hala Estatuarekin kontaktuan jarri beharko gara.

Zentzu horretan, askok aldarrikatu izan dute Estatua sozialismoa eraikitzeko tresna dela. Gure ustez, komunismora heltzeko bidea sozialismoa dela esan badugu eta bere betebeharra Estatua suntsitzea bada, kontraesan larri baten aurrean gaude; darabilgun tresna (Estatua) eta tresna horrekin suntsitu behar duguna (Estatua) ezin dira gauza bera izan. Audre Lordek zioen bezala, “jabearen erremintek ez dute inoiz jabearen etxea suntsituko”. Horren aurrean, iraultzarako tresna sozialismoa izan beharko litzateke beti, ez Estatua. Hau da, sozialismoa ezingo da inoiz Estatuaren bitartez eraiki; sozialismoa Estatuaren aurka eraiki behar da beti. Besteak beste, Estatua ez delako kontinente hutsa; badituelako berariazko edukiak, bere izaera eta autonomia propioa, beti dominazioaren norabidean lerrokatuko dutenak. Horrek ondorengoa ondorioztatzera garamatza: Estatuarekin ezertan hasi baino lehen sozialismoa martxan egon behar den prozesua izan behar da; hau da, indar sozial auto-eratu bezala ageri behar da, bere burua birsortzeko gai, jendartean zehar hedatu eta hazteko gai. Ondoren bai, antolakuntza iraultzaileak modu ezberdinetan jaurti dezake sozialismoa Estatuaren kontra. Gerra zuzena deklaratu diezaioke edo parasitatzen saiatu daiteke, bere baitan gordetzen duen boterearen forma suntsitzeko.

Beraz, gure ustetan, Estatua ezin da inoiz sozialista izan. Indar sozialista batek klase borroka dominazioaren erraietara eramateko gai ikusi dezake bere burua eta Estatuaren zenbait egituretan txertatu, berauek suntsitzeko asmoz. Baina horrek ez du Estatua sujeto sozialista bilakatzen, eta hortaz, iraultzaileok ez genuke Estatu Sozialistaren aldarria luzatu beharko. Estatu egiturak ezin dira sozialista bilakatu; dirua edo merkatua sozialistak izan ezin daitezkeen bezala. Horregatik, sozialismoa Estatuaren bitartez eraikitzeko proposamenak asimilazio eta erreformismoan itotzera kondetatuak daude.

Ondorioz, indar iraultzaileak Estatutik kanpo, eta Estatuaren kontra, izan beharko du beti bere erdigune, bihotz eta erabakigune estrategikoa. Sozialismoa Estatutik kanpo antolatutako sujeto autonomoa izan behar da beti. Hartara, Estatuaren erraietan sartzea erabakitzen badu, behin dominazioaren lokatsetan lepora arte murgiltzeko prest dagoenean, hori izango du bidean galduko ez denaren berme bakarra; norabide eta egia iraultzailea iparrorratz izaten jarraituko duenaren bermea. Horregatik guztiagatik, aurrerapen estrategiko iraultzailearen funtsa Estatutik kanpoko eremu hori elikatzean datza, eta horretarako, Estatuarekin ezertan hasi baino lehen, eremu iraultzaile hori egotea ezinbesteko baldintza da. Hori da Kontrabotere Sozialistaren abiapuntua: botereak Estatuaren bitartez hartzen duen forma suntsitzen hasi, Estatutik kanpo eraikitzen doan botere forma berria elikatuz doan bitartean.

Aurreko guztia nazio askapenerako borrokara ekarrita, ez dugu esan nahi Euskal Herriaren independentzia formalaren alde bultzatu behar ez dugunik. Lehenengo eta behin, balizko euskal Estatu horrek zenbait hobekuntza objetibo lor zitzakeen, batez ere euskalduntzeari begira eta oro har euskal kulturaren indartzeari begira. Horrez gain, euskal Estatua lortu zein ez, independentzia formalerako prozesuak berak ezegonkortasun garai bat zabalduko luke. Mugimendu iraultzaileak horren baitan agertu zitezkeen botere hutsuneak probestu ahalko lituzke prozesu iraultzaileari bultzada emateko. Hala ere, independentzia formalaren aldeko prozesuak ez luke askoz ere gehiagorako emango. Ulertu beharra daukagu kapitalismo finantziero globalizatuan Estatua gero eta tresna zaharkituagoa dela. Are gehiago Euskal Herria bezalako herri txiki batentzat, Europako erdigunean kokatuta dagoena. Formalki idenpendientea litzatekeen Estatu horrek benetan gaitasun gutxi izango lituzke. Merkatu finantziero globalari lotua, programa sozialista iraultzailean inongo aurrerapenik egiteko aukerarik ez litzateke egongo Estatu egitura horien bitartez. Eta horretarako determinazioa erakutsiz gero, erraztasun handiarekin hondoratuko lukete indar kapitalistek. Egun, Euskal Herriarentzako sujeto ekonomikoa, ehun produktiboaren gaineko kontrola duena, gero eta gehiago Europa mailako eskalan ebazten da. Hortaz, bakarrik kapitalismoaren muga hertsien barruan, norabide liberal edo sozialdemokratan jardun ahalko luke balizko euskal Estatu independiente batek. Eta hor ere, kapitalismoaren egungo egoera ikusita, programa sozialdemokrata pratikara eramateko zailtasunak ikusten ditugu.

Komunen sistema eta Independentzia Sozialista

Horrekin guztiarekin, sujetu sozialista iraultzailea eratu eta indartu gabe euskal Estatua gainera badatorkigu, kinka larrian legoke prozesu iraultzailea; sozialdemokraziak alde batetik eta euskal burgesiak bestetik, zirrikitu oro beteko lukete. Kasu horretan, iraultzarako aukera bat baino, kale itsu bat aurkituko genuke independentzia formalerako prozesuan. Horrexegatik, iraultzaileon betebehar nagusia, gaur egun, sozialismo iraultzaile eta abertzalea berreraikitzea da. Eta horren bitartez, Kontrabotere Sozialista gorpuzten joan, Komunaren eraikuntza aurrerapausu estrategikoen erdigunean jarriz.

Komuna prozesu iraultzailearen oinarrizko unitate bezala ulertzen dugu, langile klasea modu gero eta kualifikatuagoan antolatzea ahalbidetuko duena. Hasiera batean, etorkizuneko Komuna iraultzailearen ernamuina izango direnak herri edo auzo asanblada bezala martxan jarri daitezke; baita elkarlaguntza edo langile autodefentsa sare bezala. Auzo eta herri mailan errotuta egongo diren hasierako subjetu kolektibo hauetan kapitalismoaren baitako hobekuntza erlatiboak lortzeko lanlerroak bultzatuko lirateke (etxebizitza, elikadura, emakumeon eskubideak, lan baldintzak...). Herri langilearen bizi baldintza inmediatoak hobetuko genituzke horrela. Aitzitik, aldi berean, dominazioaren logikatik kanpo, balio forma eta lan asalariatutik haragoko produkzio eta erreprodukziorako formulak garatu beharko lituzkete Komunok. Kolektibizazioan eta zaintzan oinarritutako sozializazio eta produkzio espazio askeak, hain zuzen ere. Zentzu horretan, despatriarkalizazioa lan lerro estrategiko bezala ezarri beharko lukete: lan erreproduktiboen kolektibizazioa eman, gizonezkoen jarrera matxista eta patriarkalak deseraiki, botere harremanak orekatu... Azken finean, sozializazio berri baten argitzea ez da bitarteko produktiboen kolektibizaziotik automatikoki ematen; aldagai sinboliko eta kulturalen eraldaketa konziente eta politiko baten beharra du. Kapitalismoan nagusi den miseria emozionalari ere erantzun bat eman beharko litzaioke. Mentalitate dominatzailearen gainditzea, beraz, eta bere ordez, eredu etiko eta kultural iraultzailearen eraikuntza. Hartara, balio etiko komunisten inplementazioarekin batera, euskalduntzea eta euskal kultura izan beharko dute ardatz. Gure herriko ohiturak, azken hamarkadetan pairatu duten folklorizazio eta merkantilizaziotik berreskuratu, eguneratu eta jendarte eredu berriaren zutabe bilakatu. Zentzu horretan, euskal memoria kolektiboan leku esanguratsua duen baserritar jendarteak, bizitza askearen ezaugarri ugari zituenak, askapen borrokan inspirazio iturri bilakatu behar ditugu: komunitatea, ekonomia naturala, auzolana, elkarrekin harremantzeko logika kolektiboak, herri-lur komunalak edota oinarrizko egitura demokratiko-komunalak (kontzejoak, batzarrea).

Gure ustetan, lanketa guzti hau martxan jartzeko ez diogu inolako etapa edo faseri itxaron behar. Lan ildoak argiak dira eta gaurdanik has gaitezke horretara. Abiapuntua xumea izango da, baina pazientzia eta konstantzia da iraultzaileon izaera ezaugarritu behar duen balioetako bat. Gainera, txikitasunetik hasteak akatsen identifikazioa eta zuzenketa erraztuko du. Era berean, Komunen garapenak aurrera egin ahala, ematen diren aurrerapausuak defendatzeko gai den autodefentsarako jardun eta egiturak eraiki beharko dira. Zentzu horretan, lurraldean errotutako esperientziak izango diren heinean, lurraldea beraren defentsarako jarduna barnebilduko du autodefentsak. Bestalde, autodefentsaz harago, komunek elkarren artean saretzeko bultzada izan behar dute hasiera hasieratik; elkarren arteko aliantzek, konfluentziek eta konfederazioak komuna sistema gorpuztuz joango dira, beraien gaitasunak biderkatuz. Hemen prozesu guztiaren gakoetako bat egongo da; batasunerako prozesu honek koordinazio eta zentralizaziorako tendentzia izan beharko du ezinbestean, funtzioen banaketa eta maila bateko espezializazioa. Bada, zentralizaziorako tendentzia hori, benetan demokratikoak izango diren kontrol mekanismoez zeharkatuta egon beharko da; hau da, behetik gorako norabidean eta kritika-autokritikan oinarrituak. Ohikoak ditugun forma burokratizatu, burges eta parlamentarioetatik at, alegia.

Horrekin guztiarekin, ez dugu ahaztu behar Euskal Herri osoari erantzungo dion helburu estrategikoa darabilgula esku artean. Horregatik komunen sistema ekimen politiko nazional bezala proiektatu behar da bere hastapenetatik, eta norabide horretan aurrerapausuak eman etengabe. Era berean, gero eta oinarri sozial zabalagoa sortzeko gai izan behar dira komunok, jendartea eraldatzeko prozesu bati buruz ari baikara, ez jendartetik kanpo alternatiba isolatu bat eraikitzeari buruz. Horretarako, komuna sistemak konpromiso eta inplikazio maila ezberdinak uztartzeko gai izan behar da, oraindik bere baitan ez dauden herri geruzekin bat egiten jakin beharko duen bezala. Euskal Herritik kanpo ere, oinarri antzerakoak dituzten mugimenduekin aliantzak egitea lehentasuna izango da, Euskal Herrian gertatzen diren aurrerapausuak prozesu internazionalista baten baitan eman daitezen bultzatuz.

Komuna sistemaren eraikuntza salto kualitatibo ezberdinak ematen joango da, barnean daramatzan potentzialitateak askatu ahala eta koiunturaren arabera topatzen dituen zirrikitu eta aukerak probestuz. Garapen horren baitan, lurralde, eraikin, lantegi, auzo, bitarteko produktibo edota espazio mota ezberdinak birjabetuz hazi egingo da. Modu horretan, gaur egun merkatua eta Estatuaren barruan bakarrik gauzagarriak diren funtzioak bereganatuz joango da, eta horrela, giza existentziaren (gorputza-pentsamendua-lana-ekoizpena) gero eta adierazpen gehiago bere gain hartuko ditu. Komunen sistemak lurraldea eta espazioaren gaineko kontrol efektiboa suposatuko du, modu sakabanatuan bada ere; dominazioaren logikatik at garatzeko gune liberatuak, sozializazio eta botere forma berri baten lehenengo adierazpena. Horrela, komunitatearen berreraikuntzarako espazio eta esperientzia hauek, langile klasearentzako eta oro har zapaldu guztiontzat erreferentzia gune bilakatu behar dira. Horrekin guztiarekin, modu honetan eraikiz joango den Kontrabotere Sozialista boterearen forma berri baten oinarriak argituko ditu, etorkizuneko jendarte komunistaren bizkarrezurra izango dena botere forma berria.

Urteetan luzatuko den fase hau, momentu baten heldutasun puntu batera helduko da, eta orduan, Euskal Herriko Asanblada deitzeko garaia izango da. Euskal Herriko lurralde oro eta jendarteko sektore guztiak (hezkuntza, hizkuntza, lana, osasungintza, gazteria...) ordezkatuak izango diren espazio politiko konfederatua izango da hori. Euskal Komuna Sozialisten Errepublikaren hazia. Euskal Herriko Asanbladak komunen sistema garatuz eta sakonduz jarraituko du, aliantza internazionalistekin elkarlana sendotzen duen bezala. Dena helburu argi batekin jomugan; espainiar eta frantziar Estatuekiko autodeterminazio eskubidea de facto aplikatzea euskal lurretan. Urteetan garatu izan den komuna sistemak eta bere inguruan eratuz joan den oinarri eta zilegitasun sozialek, horretarako gaitasun politiko, produktibo eta soziala eskainiko diote.

Autodeterminazio deklarazioaren eskutik Euskal Biltzar Eratzailea sortuko da aurreko fasean parte hartu duten herri sektore guztiekin, eta horrekin, Euskal Komuna Sozialisten Errepublika eratuko duen Prozesu Eratzailea abiaraziko da. Fase honetan, prozesu iraultzailea Euskal Herriaren osotasunaren gaineko prozesu bezala gauzatuko da. Dagoeneko sendotua dagoen komunen sistemak, eta bere baitan haziz joan den Kontrabotere Sozialistak, beharrezko euskarria eskainiko dio prozesu iraultzaileari Estatu egiturak interbenitzeko eta botere burgesaren egiturak desmantelatzeko. Ehun produktiboaren gaineko kontrola ezarriko da eta komuna bizitza antolatzeko oinarrizko egitura bezala zabalduko da Euskal Herriko txoko guztietan zehar. Ordura arteko komuna sisteman ebazten ziren funtzioak momentu horretatik aurrera eskala sozialean egikaritu ahalko dira, eta horrela, prozesu iraultzaileak, prozesu sozial orokor bilakatuta, barnean daramatzan potentzialitate guztiak askatu ahalko ditu. Zer esanik ez du azkeneko fase guzti hau ezin duela Euskal Herriak bere kabuz burutu; aldez aurretik ehunduz joan diren aliantza internazionalistekin koordinazioan abiatu beharko da, elkar elikatuz eta lagunduz. Behin Euskal Komuna Sozialisten Errepublika finkatuta, komunismorako bidean sankontzea letorke, inguruko herri eta lurraldeetan indar eta prozesu iraultzaileak hauspotzearekin batera.

Modu horretan egikarituko litzatekeen independentziari, guk, Independentzia Sozialista deritzogu. Txikitik handira eta behetik gora eraikiz joango den prozesu iraultzailea. Lehenengo, Kontrabotere Sozialistaren oinarriak ezarri. Ondoren, komuna sistema ardatz hartuta, oinarri horiek kuantitatiboki eta kualitatiboki gero eta eskala handiagora zabaldu. Euskal Herriaren independentzia formalarekiko modu paraleloan garatuko den prozesu independentista da aldarrikatzen duguna, inongo Estaturi itxaron behar ez diona. Bidean, bi independentzia prozesuak elkar elikatzeko aukerak zabal daitezke eta euskal Estatuaren independentzia formala gerta daiteke ala ez. Hori ematekotan, espainiar eta frantziar Estatuen deskonexio formala egina legoke, baina funtsean, prozesu iraultzailearen zeregin nagusiek bere horretan jarraituko lukete: Estatu egiturak deuseztatu, burges boterea, kolonialismoa eta patriarkatua suntsitu, jabetza pribatua gainditu, mentalitate eta kultura dominatzailea deseraiki... Eta guzti horien ordez sozializazio eta botere forma berria hedatu. Finean, bizitza askearen inplementazioa euskal lurretan.

Hauspoa talde politikoaren irakurketak sareratuko ditugu hemendik.