2021-05-31 12:42

Gaurko analisia etikan zentratuko dugu, etika iraultzailean, hain zuzen ere. Edozein planteamendu iraultzailek bere baitan barnebildu beharko lukeen afera da etikarena, eta gaurkoan gaiari buruzko zenbait hausnarketa plazaratu nahi ditugu.

Etika eta egia iraultzailea

Edozein giza taldek berau osatzen duten kideen jarduna gidatuko duten irizpideak behar ditu; zer den egokia eta zer ez adierazten duten balio zehatz batzuk. Horien arabera moldatuko da kideetako bakoitzaren pertsonalitatea, norbanako bakoitzaren izaera. Grezia klasikoan, ethos hitzarekin, estantzia definitzen zen, bizitzeko lekua edo espazioa. Denborarekin, ethos hori bakoitzaren izateko modua adieraztera pasatu zen; portaera eta jokamoldeek sortzen zuten gure barruko espazio hori. Gure barruko bizileku hori, ethosa edo izaera, norabidetzen eta moldatzen saia gintezke, egokiak iruditzen zaizkigun balioen arabera. Hor kokatu dezakegu etikaren jatorria. Baita moralarena ere, moral hitza, ethos grekoaren itzulpen latinoa baita. Finean, moralak ere, etikak bezala, bizitzan egokia zer den eta zer ez antzemateko irizpideak eskaintzen dizkigu.

Abiapuntu horretatik hasita, etika edo moralari buruzko irakurketak norabide ugari har ditzake, beraien artean kontrajarriak izan daitezkeenak. Esate baterako, etika iraultzaileari buruz hitz egiten amaitu dezakegu, baina baita moral erlijiosoari buruz. Horregatik, ezer baino lehen, zenbait elementu argitzea ezinbesteko ikusten dugu. Lehenengo eta behin, gure ustez, etikak politikoki eraikia izan behar du beti; prozesu konziente, kritiko eta hausnartu bezala gauzatu behar da. Moral erlijioarekin gertatzen ez den bezala, alegia, zeinetan sozializazioa erregulatzen duten balioak aldez aurretik ezarrita dauden eta horiekiko obedientzia soila exigitua den. Zentzu horretan, prozesu politiko baten eraikitako kodigo etikoarekiko kontrola galdu, guk geuk sortu dugula ahaztu eta autonomia propioa hartzen badu, alienazioan harrapatuta geratuko gara. Moral erlijiosoaren alienazioan, alegia. Horregatik kontuz ibili behar gara etika eta moralari buruz dihardugunean. Pertsonok pentsatutakoa ezin da inoiz jainkoaren hitza bilakatu.

Hori argi izanda, laster ohartuko gara abiapuntu horrekin ere ez dela nahikoa. Kode etikoa edukiontzia baino ez da; barnebiltzen dituen edukien arabera, norabide batean edo bestean gidatuko gaituena. Hau da, etikaren adierazpen abstraktuak ez du berebiziko esangura politikorik, eta hortaz, ez du zertan adierazpen iraultzailea izan. Alegia, burgesiak ere badu bere etika propioa, liberalismo, indibidualismo eta konpetentzian oinarritutakoa. Jendarte kapitalistan funtzionalak diren balio etikoak. Horregatik, gu ez gara edozein etikaz ari. Helburu jakin baten bidean kokatuko gaituen etikaz ari gara; jabetza pribaturik gabeko sintesi sozialerantz zuzenduko gaituen etikaz ari gara, inongo dominaziorik gabeko bizitza askerantz gidatuko gaituena. Eduki horiek gorpuzten joango den etika beraz. Etika komunista iraultzailea. Baina nola ekin etika komunistaren eraikuntzari? Abiapuntu bezala, argi izan behar dugu prozesu etikoak norbanakoaren gain eragiten badu ere, prozesua beraren sujetua kolektiboa izan behar dela; prozesu etikoaren abiapuntu zein helmugak izaera kolektiboa eduki behar duela. Horrela, balio etiko iraultzaileen eraikuntza hausnarketa kolektibotik abiatu behar da, norbanakoen pertsonalitatearen transformazioa eragingo duena bai, baina norbanako horiek logika kolektiboan oraindik indar handiagoarekin txertatzeko helburuarekin. Hau argi eduki ezean, etikaren lanketa ariketa autokonplaziente eta liberal bat bilakatzeko arriskua dago.

Bestalde, komunismoa iparrorratz, ematen du etika iraultzaileak baduela norabide argi bat, euskarri sendo bat. Baina zein da zehazki norabide hori? Zelan antzeman euskarri hori dominazioaren logika nagusi den egungoa bezalako jendarte eredu baten? Galdera horri erantzuteko etikarekin zerikusia daukan beste kontzeptu batera jo behar dugu: egia. Testuinguru ideologiko postmodernoan egiarik ez dagoela aldarrikatu da ozen, dena erlatiboa dela. Ez gara hemen eztabaida horren sakontasunean murgilduko, baina badaude errealitatean ematen diren zenbait gertakari, ukaezinak direnak. Esaterako, egungo munduan dominazioa eta zapalkuntza existitzen direla ukaezina da. Errealitatean gertatzen den zeozer da, egiazkoa. Patriarkatuaren eta kapitalismoaren egia da hori. Hori horrela izanik, badago bide bat errealitate hori gainditu dezakeena; hots, egia iraultzailea. Dominazioa antzematea erreza da, egunero sentitzen baitugu gure bizitzetan, gure gorputzetan. Dominazioa suntsituko duen bideaz jabetzea, aldiz, askoz ere zailagoa da. Nork daki zein den Dominazioaren Sistema gainditu dezakeen bide iraultzailea? Hamarkada luzeetan zehar saiakera ugari egon dira mundu guztitik zehar, baina batek ere ez du lortu helburu iraultzailea, komunismoa, gauzatzea. Zentzu horretan, kontuz ibili behar gara: dominazioaren egia antzematearekin, egia iraultzaileaz jabetu garela pentsatzeak akats larrietara eraman gaitzake. Dominazioak zelan funtzionatzen duen zehaztasunez ezagutzeak, ez dakar hori gainditzeko gakoak ezagutzea. Askoz ere ariketa konplexuagoa da azken hau.

Eta hala eta guztiz ere, egia iraultzailearen aukerak bere horretan dirau. Gaur egun ditugun gaitasun politiko eta organizatiboekin antzemaezina irudituko zaigu, ia ezinezkoa, baina egon badago. Uneoro somatzen dugu egia horren silueta; ikusi eta pairatzen ditugun zapalkuntzen aurrean gure bihotzeko taupada bakoitzean sentitzen dugu. Bada, silueta horren atzetik joatea besterik ez dugu, gure gaitasunak garatu eta egia iraultzailearen forma pixkana-pixkana definitzen joatea. Ez da hilabete baten erdietsi daitekeen helburua, ezta urte bete edo hamarkada baten ere. Bizitza iraultzari eskeiniz bakarrik hurbildu gaitezke egia iraultzailea begiztatzera. Eta horrekin ere, seguraski ez litzateke nahikoa izango; antolakuntza iraultzailearen baitan, kolektiboki, eta belaunaldi ezberdinen irakaspenak metatuz bakarrik lor daiteke bizitza askerako bidea ezagutu eta maila sozialean orokortzea. Borroka prozesuaren emaitza bezala bakarrik gauzatu daiteke egia iraultzailearen antzematea.

Beraz, arakatu eta zizelkatu, deskantsurik gabe, hori da egia iraultzailearen kondizioa. Eta horrek, egia iraultzailearen etengabeko bilaketak, gidatu behar du etika iraultzailearen eraikuntza.

Orain eta hemen, iraultzaren izaera etikoaz

Etika iraultzailearen edukiak zehaztera pasa baino lehenago, ezinbestekoa da ulertzea zergatik etikak, gaurdanik, jardun iraultzailearen zentralitatea hartu behar duen. Zergaitik ezin den izan aurrerago landuko dugun lan esparru sekundarioa. Berez, historikoki prozesu iraultzaile askotan etikaren aferak garrantzi nabarmena izan du. Errusiako eta Kubako iraultzetan, esaterako, bizimodu komunistaren nolakotasunari buruzko eztabaida ugari eman ziren, baita miliantearen izaerari buruzkoak. Kurdistanen (PKK), Brasilen (MST) edota Mexikon (EZLN) ere etika eta militantzia iraultzaileari lotutako garapen sakonak eman izan dira. ENAMen ere hausnarketa asko egon izan dira militanteak izan behar dituen jarrerei buruz, konpromiso mailak, betebeharrak... Oro har, etika komunista herri zapalduen eta klase borrokaren historian zehar (era ez linealean) transmititua izan den balioen sistema da. Bere aztarnak topa ditzakegu komunismo primitiboa nagusia den estaturik gabeko jendarte aurremodernoetan; Erdi Aroko bizitza forma komunitarioetan; herejia erlijiosoetan (judaismo aurremodernoa, anabatistak, antinomiano eta kuakeroak...); eta nola ez, XIX eta XX mendeko langile mugimendu internazionalaren baitan.

Gure ustetan, iraultza bera ulertzeko moduarekin lotua dago etikari ematen zaion garrantzia. Iraultza pentsatzerako orduan, normalean taktika eta estrategiaz aritzen gara eta askotan, taktika eta estrategia bi momentu banatu bezala aurkezten zaizkigu. Horrela, helburu estrategikoa bide luze baten amaieran egongo litzatekeen helmuga izango litzateke; helburu taktikoak, aldiz, helmuga horretara hurbilduko gintuzketen pausuak. Ikuspegi etapista horren arabera, iraultza momentu zehatz bezala gorpuztuko litzateke eta zenbait aldaketa eta aurrerapausok balizko “momentu iraultzaile” horri itxaron beharko liekete. Gure ustez, mugimendu iraultzaile askok egin izan duten akatsa da hori. Utopismoan erori gabe, gure ustetan, taktika eta estrategia egungo borroka prozesuaren errealitate banaezina izan behar dira; pausu taktikoak ematearekin batera, eduki estrategiko iraultzailea izango duten pausuak ere eman beharko ditugu, aldi berean, dialektikoki elkar elikatzen. Bide iraultzaileak bere baitan barnebildu beharko du helburua, etorkizuneko momentu hori, eta hortaz, egunero ematen ditugun pausu txikietan mundu berriaren islada ere jaso behar da.

Islada hori gauzatzeko ardura, inori baino lehen, militante iraultzaileari dagokio; suntsitu nahi dugun oraina eta eraiki nahi dugun etorkizunaren tentsio dialektikoa barnebildu behar du militanteak. Dominazio sistemak gutariko bakoitzaren baitan txertatu dituen balioak hautsi, mentalitate dominatzailearekin hautsi, eta horren ordez pertsonalitate iraultzailea eraiki. Eta horretan etikak berebiziko garrantzia hartzen du, bide horretan gidatuko baikaitu. Izan ere, egia iraultzailearen siluetak gaurdanik identifikatzeko gai garela esan badugu, silueta horiek argitzen diguten etika iraultzailea gaurdanik ere materializatzea lortu behar dugu. Pertsonalitatearen eraldaketa bat suposatzen du horrek, etorkizuneko balizko momentu iraultzaileari itxaron ezin diona, gainera. Gehiegitan egin izan den utzikeria da hori; hitz handien pean norberaren baitan eman beharreko eraldaketak iraultzailearen motxilan gorde izan dira, beste “egiteke” askorekin batera, aurrerago (ez dakigu oso ondo noiz) ebatziko ditugunak.

Zentzu horretan, argi daukagu etorkizuneko jendarte askean biziko den “pertsona berria” ezingo dugula gaurdanik osatu, prozesu sozial orokor baten emaitza bakarrik izan daitekeelako hori. Eta baldintza sozial orokor horiek ez dira gaur egun betetzen. Aurretik esan dugun bezala, ezin dugu etika iraultzailea gertakari indibidual bat bezala ulertu, iraultza bera, soilik eskala sozialean, eta mundu mailan, gauzatu daitekeen prozesu historikoa delako. Baina era berean, jardun iraultzailea etorkizuneko bizitzaren prefigurazioa bezala gauzatzea lortu behar dugu. Azken finean, dominazio eta klase sozialik gabeko jendartea aldarrikatzen dugunean, ez baditugu sozializazio forma berri horren arrastoak argitzen, ezer gutxi aldarrikatzen gabiltza. Ez dugu sortuko “pertsona berri” hori, baina bai sortu beharko dugu “pertsonalitate iraultzailea”. Eta horretan datza militante iraultzailearen betebehar nagusietako bat; eredugarri izan, oraindik itzalpetan dagoena arakatu eta sozializazio forma berria zizelkatu. Hori da abangoardiaren adiera iraultzailea: aurrerago joan, beste inork ikusten ez duena antzematen saiatu, bere baitan gorpuztu eta orainera ekarri. Arriskua, ukazioa eta sakrifizioa onartzen ditu aurrerapausu horrekin, abangoardia hartzearekin, baina existentzia berri baterako ateak ere irekitzen ditu.

Etika iraultzailearen edukiaz: zer gara, zer izan nahi dugu

Etika iraultzaileak izango dituen edukiak definitu beharko genituzke orain, egia iraultzailea iparrorratz hartuta. Hori baino lehen, baina, azken pausu bat eman beharko dugu; gu geu, bizi garen dominazio sistemaren emaitza gara eta sistema horren balioak errotuak ditugu gure pertsonalitatearen sakonenean. Horrek esan nahi du, gure pertsonalitatea ez dela edukiontzi huts bat, besterik gabe nahi dugun edukiaz bete dezakeguna. Horregatik, ezer berria eraikitzen hasi baino lehen, aurretik datozen eta ezabatuak izan behar diren balioak identifikatu behar ditugu. Izan nahi dugunari buruz hitz egiten hasi baino lehen, orain garenaz mintzatu beharko gara. Mentalitate dominatzilearen nolakotasuna argitu, alegia.

Egungo jendartea patriarkala, arrazista eta liberala dela diogu. Oro har, haren gidaritza jabetza pribatuak eta egoismoak du, horien baitan egituratzen direlarik denetariko zapalkuntzak. Zapalkuntza horiek gure bizitzako arlo guztiak estaltzen dituzte: gure pentsamendua, harremanak, egutegia, desioak, sentimenduak… Momentu oro, logika beraren arabera funtzionatzen dugu, guk nahi izan gabe ere. Pentsamolde horren jatorria arakatu dezakegu historian, sistema ekonomikoen sorrera eta garapenean, zapalkuntza patriarkalaren lehenengo hazian eta espresio guztietan, kolonialismoaren praktika basati zein sotiletan… Patriarkatuaren jatorria zein den arakatu, eta sexu-genero sistemaren, zein sistema ekonomikoaren legeak topatuko ditugu, momentuz momentu gehiago degradatu dutenak generoen arteko harremana, momentuz momentu gure garunean sakonki txertatu direlarik pentsamendu patriarkal orohartzaileak. Kolonialismoaren arrazoiak aztertu ditzakegu, ideologikoak eta geopolitikoak kontuan hartuz, baina ikusiko dugu norbanakoen harremanetan eta gure pentsamenduetan dutela azken geltokia. Kapitalaren logika ekonomikoa aztertu eta harreman ekonomikoen nolakotasuna ikusiko dugu, esplotazio harremanen garapena marraztuz, pentsamendu burgesa gure baitan daramagula ikustera heltzeraino.

Kontua da jendartea egituratzeko eta historia garatzeko modu zehatzak haren baitan eratu duela mundua; eta gu, munduaren parte gara. Aurretik aipatutako elementuak txertatuak daramatzagu; horrela gaude eraikita. Etekin pertsonala bilatzen dugu edozein ekintzatan (izan diruzkoa, posizio sozialari dagokiona, efikazia edo produktibitatea...), askatasun indibidualaren aldeko joerak topatzen ditugu geugan, ekibalentziaren legearen arabera trukatzen dugu edozer, harremanak eta objektuak merkantilizatuz… Harreman liberal, patriarkal eta kolonialistek norbanako bakoitzarengan dauka eragina; ez da langile klasearengandik aparte dagoen ezer, ezpada eratzen gaituen zerbait. Hori egiteko hainbat mekanismo erabiltzen dira, bai estatuarengandik, bai kapitalistengandik, usadioen transmisiotik zein bizipenetatik eratorritako subjektibaziotik datozenak: hezkuntza (bai etxekoa, bai instituzioengandik jasotzen duguna, bai inkontzientea, jendarteko ideia orokorrak barneratzean jasotzen duguna), osasuna (nori, nola eta zein baldintzatan eskaintzen zaion osasunaren kudeaketa, zein ulerkeraren arabera egiten den hori…), komunikabideak, soldatapeko lana (bere diziplina zein askatasun liberalaren ideiekin)… Kontakizun ofizialak hezten gaitu. Eraikitzen gaituzte, pentsatzen gaituzte, gidatzen gaituzte, hitz egiten gaituzte, idazten gaituzte, asmatzen gaituzte. Horrek guztiak barneratua dugun iruditegi kolektiboa sortzen du, norbanakoen arteko harremanak norabidetuz, zapalkuntza eta esplotazioak iraunaraziz, jarrera pasibo eta konformistak errotuz… Egoera batzuk normalizatzetik, pentsamendu kolektiboa inkontzienteki barneratu eta birproduzitzera jotzen dugu.

Birprodukzio horrek, jendartearengan bezala, militanteengan ere badu eragina. Birproduzitzeak esan nahi du gu geu ere bilakatzen garela zapalkuntzen eragile. Bizi dugun momentu historiko-politikoak ikusarazten digunez, genero zapalkuntza da gure artean dugun arrakala handienetako bat. Milaka izan dira genero zapalkuntzaren teorizazioak eta konponbide proposamenak; milaka dira, baita ere, jarrera patriarkalak daudenean, militanteen justifikazioak. Borroken lehentasuna dela, izaera desberdinen kontua dela, egoera konkretuen zehaztasun berezia dela… gure artean gertatzen diren zapalkuntza patriarkalaren zantzuak ezkutatzeko joera argia dago. Justifikazio horiek ez diote inolako onik egiten iraultzarako bideari; beharrezko prozesu bat (despatriarkalizazioa) atzeratu baino ez dute egiten, injustizia iraunaraziz.

Hortaz, garrantzitsua da ulertzea eta onartzea gutako bat ere ez dagoela mentalitate dominatzailetik salbu; izaera liberal, patriarkal eta kolonialistatik salbu. Denok jaso dugu kultura politiko menperatzailearen herentzia; indibidualismoa, egoa, liberalismoa, matxismoa, arrazismoa, konpetizioa… Horregatik, lehen bala beti geure buruari bota behar diogu. Horretaz kontziente izatea, aldatu nahi izatea, eta prozesu horrek eskatzen duen ukaziorako prest egotea ezinbestekoa da.

Horrekin batera, baina, ez dugu esan nahi ukazio hutsean murgidu behar garenik. Gure baitan badaude gaurdanik indartu eta oinarri bezala hartuko ditugun ezaugarriak ere; dagoeneko gure artean elkar-zaintzera bultzatzen gaituztenak, kolektiboki elkartasunezko harremanak eraikitzea ahalbidetzen digutenak, albokoa sufritzen ikusi eta laguntzera bultzatzen gaituztenak. Jendarte kapitalista eta patriarkalean azaleratzen diren kontraesanetan aurkituko ditugu, dominazioaren funtsa alde batetik, baina baita berau gainditzeko abiapuntua ere. Poliziak laguna jipoitzen duenean, emakume bat erasotua denean, familia bat etxerik gabe geratzen denean, enpresariak lankide bat kanporatu edo lan baldintzak okertzen dituenean... Gure kontzientzia pizten da eta elkartasunez aritzeko bultzada indartzen du gure artean. Dagoeneko gure baitan bor-borka ditugu horiek. Bestela ez ginateke borrokan arituko. Bestela historiaren hari gorria aspaldi legoke hautsia. Kontua da borrokatzen hasteak, edota gure burua militantetzat hartzeak, ez dituela dominazio sistemak gure baitan txertatu dituen ezaugarriak besterik gabe ezabatzen. Prozesu askoz ere konplexuagoa da hori, zentzu askotan traumatikoa, militantearen determinazioa eta konpromiso irmoa exigituko duena. Alde batetik, haustura bat beharrezkoa du, gure herentziaren deseraikitzea bermatu beharko duena: dominazioaren arrastoak suntsituz. Bestetik, berreraikitzea behar du: subjektibazio kolektibo berria, identitate kolektibo berriaren eraikuntza; etika iraultzailearen inplementazioa.

Horregatik guztiagatik, jendartea irauli nahi dugun bezala, gure pertsonalitatearen transformazio iraultzailea gauzatzea ardura atzeraezina da. Hori egin ezean dominazioaren islada gurekin eramango dugu eta modu baten edo bestean birsortu egingo da.

Kode etiko iraultzaile baterantz

Honekin, etika iraultzaileak izango dituen balioak definitzera pasa gaitezke. Zentzu horretan, kode etiko iraultzaile bat ez da ordenagailuko edo telefonoko pantaila aurrean irakurriz ezarri ezta barneratu daitekeen zeozer. Sakonki eztabaidatu eta asimilatu beharreko elementuak dira, prozesu kolektibo antolatu baten baitan egin beharreko bidea da; behin ezarri ditugularik, gure jardun militantea balio etiko horien arabera egituratuko delako. Helmuga iraultzailea duen edozein mugimenduk eduki beharko lukeen erreferentea da; bere baitan diharduten militanteen jarduna zuzendu eta aberastuko duena. Eta militanteen bitartez, jendarte guztian zehar barreiatu, kutsatu eta sustraituko direnak.

Horregatik guztiagatik, ondoren zerrendatzen ditugun balioak, proposamen bezala plazaratzen ditugu, hausnarketa eta eztabaida pizteko helburuarekin; Euskal Herriko herri mugimendu eta espresio iraultzaile ezberdinentzat erabilgarri izango direlakoan. Balioak banan banan deskribatzen baditugu ere, ez dira modu isolatuan ulertu behar, elkarri lotuak daude, eta azken finean, osotasun bat eratzen dute.

Hortaz, honakoak dira, gure ustez, kode etiko iraultzailean garrantzi zentrala izan beharko luketen balioak:

  • Kidetasuna eta zaintza. Jabetza pribatua eta egoismoaren logika gainditu nahi baugu, kidetasunak zentralitatea hartu behar du. Hau da, zaintzan eta elkartasunean oinarritutako harreman formak, berekoikeria gainditzeko gai izango direnak. Kideen arteko maitasunari buruz ari gara hemen, baina ez ohikoa zaigun maitasun erromantikoaz. Elkarlaguntzan oinarritutako harremantzeko modua da kidetasuna; ahizpatasun-anaitasun iraultzailea, baten arazoak guztion arazo bilakatzen dituena. Egun nagusi den hipersexualizazioan eta merkantilizazioan oinarrituta egongo ez den kideen arteko maitasun iraultzailea; errespetuzko eta parekidetasunezko harreman kritikoak garatzeko oinarrian egongo dena.

  • Umiltasuna. Borrokak ezin du interes pertsonala oinarrian izan: kideen arteko fama ona, kapital soziala… Prozesu kolektibo baten parte gara eta horrekin bat egin behar dugu, umiltasunez. Galdetzea eta zalantzak izatea etengabekoa izango da; eta akatsak egitea, ulertzekoa. Besteengandik ikastea, errespetuz jokatzea, entzutea, isilik egotea, bigarren planoan geratzea… egoera batzuetan aukeratu behar ditugun posizioak dira, horrek gugan ondoezik eragin gabe.

  • Diziplina. Edozein antolakuntza forma funtzionatzeko beharrezkoa da. Antolakuntza horren baitan ezartzen zaizkigun betebeharrekiko borondatez konpormetitzen gara; eta hartutako konpromisook diziplinaz bete behar ditugu. Hala ere, diziplina ez da soilik puntualtasuna, diskrezioa, ez hutsik egitea, lanak betetzea… Iraultzarekiko diziplina, antolakunde zehatz batetiko diziplinaren gainetik egon behar da. Horrek esan nahi du zintzoak izatea balio eta ideia iraultzaileekiko, uneoro. Mugimendua norabide eta balio iraultzaileetatik desbideratzen bada, hori identifikatu eta zuzentzeko diziplina. Diziplina kontzientea edo kritikoa deritzogu horri. Antolakunde baten esanetara dagoen obedientzia soila, sektarioa izatera iritsi daiteke, korporatibismora eraman gaitzakeen diziplina itsua.

  • (Auto)kritikotasuna. Iraultzailearen begiradak kritikoa behar du izan; bai kanpora, bai barrura begira. Besteei errua bota baino lehen, norbere ardura zorroztasunez aztertu beharko dugu. Baina ez da soilik momentu puntualetan erabili beharreko metodoa, baizik eta errealitatea ikusi eta gure burua ulertzeko etengabeko jarrera. Edozein mugimendu antolaturen baitan, kritikek lekua izan behar dute, eta kritika horiei konponbidea emateko tresnak izan beharko ditugu, prozesu kolektiboa eta eraikitzailea izan dadin. Kritikak ez du balio, arazoak konpontzeko bidean ez badaude; autokritikak ez du balio, egoa elikatuko duen konfesio gisa egiten bada. Kritiken ondorioak ulertu, onartu eta erantzuna emateko mekanismoak izatea da gakoa. Gainera, kritiken oinarrian kolektiboki erabakitako balioak eta funtzionamendua egon behar da, egoen arteko borroka bilaka ez dadin.

  • Ukazioa. Militantzia ez da soilik desiotik datorren zerbait; askotan ukaziora garamatza. Ukapen horiek onartzeko prest dago iraultzailea; bere bizitzaren gainetik iraultza jarri eta horretarako behar dena egiteko prest; bizitza iraultzailearen hautua egin eta ondorioak onartzeko prest.

  • Iraultzapoza. Iraultzak eskatuko dizkigun sakrifizio eta ukazioek ezin gaituzte izaki gris bilakatu. Bizitza maite dugulako, prest gaude bizitza hori eskaintzeko eta hori maitasunetik baino ezin da gauzatu. Herriarekiko maitasuna eta bizitza askearekiko maitasunak gidatu behar du jardun iraultzailea.

  • Gorroto-Maitasuna. Maitasuna balio etikoen erroan badago ere, ezin gara gorrotoaz ahaztu, eta horregatik gure jarduna gorrotoa-maitasuna dialektikan oinarritu beharko da: gaurko mundua gorroto dugu, gure bizi baldintzak, dominazio sistemak jendartean inposatzen dituen zapalkuntzak eta antolamendua… Eta horri aurre egiteko borroka maite dugu, gure bizitzak hobetzeko saiakera, jendartea aldatzeko hautua, gure kideak maite ditugu. Maitasun etikoan oinarritu behar da gure borroka, suntsitu nahi dugunaren gorrotoak itsutu ez gaitzan, eta eraikitzen dugun mundu berriak maitasuna izan dezan erroan. Maitasunik gabeko gorrotoak faxismora eraman gaitzake; gorrotorik gabeko maitasunak aburgesamendura.

  • Sormena. Dogmatismotik urrundu, kritikoak izan, ideiei bueltak eman, proposamen berritzaileak garatu… kolektiboki eta indibidualki landu beharrekoa, militante iraultzaile izan gaitezen, eta ez burokrata.

  • Pazientzia. Bizimodu kapitalistan ezinegona eta abiadura dira nagusi. Existentzia azeleratu horrek noraeza eragin ohi du, estimulo hutsalez asebetetzen saiatzen garena. Horren aurrean, pazientziaz jarduteko gai izan behar gara: erritmoa pausatu eta zerumuga begiztatu; ikuspegi estrategikoa garatu eta arin batean zeharkatzen gaituen koiunturatik haratago, ibilbide luzeko pausuak ematen ikasi.

  • Polibalentzia/ formakuntza integrala. Militanteak testuinguru desberdinetara egokitu eta horietan iraultzailetasuna transmititzeko gaitasuna izan behar du; erregistro desberdinak maneiatu behar ditu. Edozein egoera da egokia jakintza eta balioak transmititzeko edota ikasteko. Horrekin lotua, ezinbestekotasuna sahiestu behar du militanteak. Dependentziarik ez sortu, jakintzak konpartitzea, delegatzeko konfiantza izatea… “Militanteak ezinbesteko balitz bezala jokatu behar du, nahiz eta badakien hala ez dela”.

Kritika-autokritika eta militantzia eredua

Amaitzen joateko, azpimarratu nahiko genuke balio etiko jakin batzuk zehaztearekin ez dela nahikoa izango. Konplazentzia hutsa litzateke hori, intelektualismo antzua. Etika iraultzailearen ezagutza berak ez baitu ezertarako balio ez bagara gai gutako bakoitzaren baitan etika hori gorpuzteko. Etikak jardun bat suposatu behar du. Eta horretarako, kritika eta autokritika metodologia kolektiboak inplementatzea ezinbestekoa da. Funtsean, konfiantzan eta zintzotasunez aritzeko marko kolektiboak sortzean datza; egunerokotasunean militanteek izandako jarrerak irekitasunez kritikatu eta autokritikatu ahal izango diren markoak. Pazientziaz eta jarraikortasunez egin beharreko lana da eta pertsonalitate iraultzailearen eraikuntza hauspotzeaz gain, borroka prozesuan sor daitezkeen barne tentsioak kudeatu eta askatzeko ere erabilgarria da. Berez, sakontasun maila eta testuinguru ezberdinetan garatu daitezke ariketa hauek, baina gure ustez etika iraultzailearen adierazpen erradikalena bermatzeko, tresna bakarra daukagu eskuragarri: antolakuntza iraultzailea. Bere baitan bakarrik izango da posible hau bezalako prozesu batek exigitzen duen konpromiso eta diziplina maila lortzea. Gainera, antolakunde iraultzaile baten baitan bakarrik bermatu ahalko da militante iraultzaileen formakuntza integrala; teoria politiko iraultzailea barneratzeaz haratago, pertsonalitate iraultzaileak eraikitzeko gai izango dena.

Horrekin guztiarekin, militantearen figurari egozten dizkiogun ezaugarriak datozkigu mahai gainera. Militantzia eredua, alegia. Azken urteotan militantzia gero eta modu lausoagoan ulertzeko tendentzia nagusitu da Euskal Herrian, eta oro har, Europako ezker mugimendu askotan. Militantzia likidoa aldarrikatzen dute batzuek, ardura eta konpromiso gogorrik gabekoa, “garapen pertsonalari” lekua utzi behar diona. Denbora librean burututako militantzia, askotan aisialdiari lotua. Kapitalismoaren mugen barruan gauzatzen den aisialdia gainera. Militantzia baino, aktibismoa. Eta guzti hori, aurreko belaunaldietako militantzia eredu zahar eta neketsuak ukatuz. Oro har, borroka politikoa modu partzialean interpretatzen dutenei, eta partzialtasun horren isla den “aktibista” modu zentral eta esklusiboan aldarrikatzen dutenei, posmodernitate eta liberalismo kiratsa darie.

Gure ustez, prozesu iraultzailea konpromiso maila ezberdinak uztartzeko gai izan behar da; asko egongo dira, mugimenduari babesa adieraztearekin nahikoa izango dutenak, aportazio ekonomikoa eginez edota manifestazio edo aldarrikapen zehatzetara hurbilduz... Oinarri sozial zabal hori ezinbestekoa da edozein mugimendu politikotan; funtsezko sostengua da. Aldi berean, baina, bizitza prozesu iraultzaileari eskainiko diotenak ere egon beharko dira. Ekuazio iraultzailean beti egon izan den aldagaia da hori eta ez dugu uste iraultza soziala hori bezalako figurarik gabe gauzagarria denik. Deitu diezaiokegu kuadro politiko, militante iraultzaile... Figura horren bitartez bakarrik izango da posible hautu hori hartzen duten militanteak formakuntza prozesu integral eta erabatekoan murgiltzea, pertsonalitate iraultzaile berria eraikiko dutena beraien baitan. Etika iraultzailea modu erradikalenean materializatuko da pertsona horien baitan eta balio horiekiko erabateko erantzukizuna hartuko dute.

Horrek ez du esan nahi etika iraultzaileari lotutako balioak bakarrik militante iraultzaileek bete beharko dituztenik. Etika iraultzaileak mugimendu osoa zeharkatu beharko du, bakoitzak hartzen dituen konpromiso eta betebeharren arabera. Prozesu iraultzailea konpromiso maila ezberdinak uztartzeko gai izan behar dela diogunean, konpromiso maila horien arteko lotura, komunikazioa eta hartuemana bermatzeaz ari gara. Geruzetako bakoitzak funtzio zehatzak betetzen ditu, denak behar-beharrezkoak; denen arteko konbinazioak eta orekak bakarrik lor dezake prozesu iraultzailearen arrakasta. Beraz, mailaketa hori modu dialektikoan ulertu behar dugu, ez modu banatu eta eszindituan. Horrez gain, gure ustetan, gaur egun ez dago militante iraultzailearen figura posible egiten duen baldintzarik. Baldintza horiek eraiki egin behar ditu mugimendu iraultzaileak, bai ideologikoki, organizatiboki, materialki, ekonomikoki... Esate baterako, historikoki emakumeoi egokitu izan zaizkigu “militantziatik kanpo” bezala ulertu izan diren zaintza lanak. Zer esanik ez testuinguru militanteetan birproduzitzen diren jarrera patriarkalei buruz. Tamalez, horrela izaten jarraitzen du. Ondorioz, emakumeoi askoz ere zailagoa egin zaigu aurrerapauso hori ematea eta gehienetan ikusezinak izan diren iraultzaren geruza horietan egon gara. Hil ala biziko funtzioak bete izan ditugu posizio horietatik, baina salbuespenak salbuespen, iraultzak gizon aurpegia izan du beti. Hartara, mugimendu iraultzaileak lehentasun bezala hartu beharko du horri erantzun bat ematea eta emakumeok jasan izan dugun karga horretatik askatzea. Emakomeok militantzia iraultzailearen erdigunea eta gidaritza hartzeko baldintzak sortu arte (eta gaur egun ez daude), ezer gutxi aurreratuko dugu norabide horretan.

Honenbestez, etika eta militantzia iraultzailearen inplementazioak (edo berreraikuntzak) baditu bere zailtasun eta arriskuak. Prozesu konplexu eta gora beheratsu bezala ulertu beharra daukagu. Genero problematikatik haratago, etika iraultzailearekiko atxikimendua eta erantzukizuna modu desegokian ulertzeak prozesu iraultzailea kolokan jar dezake. Hartara, muturreko koherentziak hiperideologizaziora eraman gaitzake, eta horrek, etika iraultzailearekiko atxikimendu itsuak, militantearen isolamendua ekarri dezake, ghettizazioa eta elitismoa. Erradikalismoaren eskutik, militantzia identitate joko huts bat bilakatzeko arrisku larria dago, posmodernitatearen tendentzia nagusietako bat, alegia. Horregatik, herriarekiko lotura eta maitasuna inoiz ahaztu ezingo dugun oinarrizko elementua da. Militante iraultzailearen azken helburua jendartea eraldatzea da, eta hori herriaren alde borrokatuz, herria maitatuz eta berarekin bat eginez bakarrik lortu daiteke; lanpostuetan, kaleetan, gune sozialetan, etxeetan... jendartean txertatua egon behar da militantea. Etika iraultzailearen arabera jardungo badu ere, kontraesanarekin topo egin beharko du eta horiekin bat egin. Dominazio sistemaren lokatzetan bizirauten duelako herri zapalduaren askatasun arnasak, eta hor, ez beste inon, aurkituko ditugu egia iraultzailea zizelkatuko duten osagaiak.

Horrekin guztiarekin, asko dugu Euskal Herrian etika eta militantzia iraultzailearen inguruan ikasi eta praktikan jartzeko. Gaur plazaratu ditugun elementu asko garatzeke daude eta barnean daramaten potentzialitate guztia ezin da gaur egungo baldintzetan askatu. Beste asko Euskal Herriko borroka prozesuaren parte izan dira azken hamarkadetan, eta horiek kritikoki irakurri eta berreskuratzea dagokigu. Hurrengo urteetan berreraikitzen joan beharko den mugimendu iraultzailearen baitan etikarenak afera zentrala izan behar duela deritzogu. Hona hemen horri egiten diogun ekarpena.

Eta honekin, Hauspoa zikloari dagokion azken txanpari bide eman diezaiokegu; egungo errealitatetik abiatuta, jarduera politiko iraultzailea gorpuztu dezakeen proposamena plazaratuko duena: Independentzia Sozialista. Datozen asteotan izango duzue horren berri.

Hauspoa talde politikoaren irakurketak sareratuko ditugu hemendik.