2020-12-11 09:00

Gaurko analisian, dominazioak egun hartzen duen forma aztertuko dugu. Estrategia iraultzailea eraikitzera bidean, ezinbestekoa da dominazioaren ulerkera zehatza eta gaurkotua egitea: bere baitan diharduten kategoriak antzeman eta horietako bakoitzarentzako azalpen argi bat eskeini. Hori modu egokian egin ezean, arriskua dago ematen ditugun aurrerapausoetan dominazioaren adierazpen berritu bat birsortzen aritzea. Gaitza behin betiko desagerrarazi nahi badugu, sustraiak ondo identifikatu behar ditugu.

Lanaren izaera

Helburu horrekin, ezer baino lehen, lanaren gainean daukagun ulerkera argitzea komeni, ondorengo lerroetan lana eta berau apropiatzeko mekanismoei buruz arituko baikara. Horri erantzunez, guretzako, gutxienez bi modu daude lana ulertzeko. Alde batetik, egun orokortua dagoen lanaren adiera legoke; hau da, kapitalismoari dagokion gertakari sozial bezala ulertzen dena. Lan asalariatua litzateke hori; giza jarduera jakin batzuk merkantzia bilakatzen direnean agertzen da lan asalariatua. Lana merkantzia forman, lan merkatuan saldu eta erosten dena. Lan forma hori bizitza prozesuarekiko jarduera eszinditu bezala aurkezten zaigu, banatua, enajenatua. Lan abstraktua da. Balioaren arabera konfiguratutako giza jarduera litzateke eta kapitalismoaren ezaugarri bereizgarria da.

Baina badago lana ulertzeko beste modu bat: gizakioi dagokigun kategoria unibertsal bezala. Kasu horretan, pentsamenduak errealitatea eraldatzeko duen gaitasuna litzateke lana eta jarduera horren emaitza, ekoizpen edo sorkuntza bezala gauzatuko litzateke. Horrela, lana litzateke lur bat goldatu eta bertan babarrunak ereitea; baita horretarako beharrezkoak diren tresnak ekoiztea ere. Lana litzateke baita ere umetan entzundako doinuekin abesti bat sortzea babarrunak batu bitartean kantatzeko. Behin babarrunak jasota, lana izango litzateke horiekin plater berezi bat sukaldatzeko errezeta ekoiztea ere, liburuak irakurriz edo ingurukoek dakitena entzunez. Era berean, lana izango litzateke lapiko, su eta osagai ezberdinekin plater hori sukaldatzea/ekoiztea; eta nola ez, lana izango da haur bati babarrunak jaten eman, eta babarrunak nola landatu eta nola sukaldatu irakastea (gorputz eta pentsamendu berri bat ekoiztea). Lan-ekoizpen prozesu horren pauso bakoitzean beti dago 1) baldintza material zehatzak 2) ideia bat (pentsamendua), 3) bitarteko batzuk, 4) errealitatearen eraldaketa, eta ondorioz, 5) aurretik existitu ez den errealitatearen konfigurazio berri bat, ekoizpena edo sorkuntza. Lana, beraz, pentsamenduaren bitartez ematen den errealitatearen eraldaketa bezala ulertzen dugu; pentsamendua eta materiaren arteko harreman bezala. Hemen baina, ulertu beharra daukagu pentsamendua bera ekoizpen bat ere badela: errealitatea esanahitzeko darabiltzagun ideiak baldintza zehatz batzuen baitan eraikitako kategoriak direla. Gizakiok, aldez aurretik existitzen diren baldintza materialetatik abiatuta (gure gorputza bera eta inguratzen gaituen errealitate fisikoa), testuinguru sozial, ekonomiko eta historiko jakin baten arabera sortzen ditugu mundua deskribatzeko ideiak. Eta ideia horien bitartez, mundua eraldatzen dugu. Beraz, ezin ditugu pentsamendua eta materia modu banatuan ulertu: ekoizpenaren pauso bakoitzean beti dago pentsamendua eta errealitate materialaren eraldaketa, pentsamendua bera materialitatearen emaitza ekoiztua ere delarik. Horrela, ekoizpen prozesua etenik ez duen kate bezala ulertzen dugu, pentsamendua eta materia, dialektikoki elkar elikatzen.

Horrekin guztiarekin, lana giza jarduera unibertsala litzateke, giza existentzia bera definitzen duen jarduera. Edozein giza talderen errealitate material eta sinbolikoa lan prozesu horren emaitza izango litzateke, bakoitza bere berezitasun eta ezberdintasunekin. Hortaz, historikoki jendartea antolatzeko egon diren modu ezberdinak, lan-ekoizpena ulertu eta antolatzeko modu ezberdinen emaitza lirateke.

Lan erreproduktiboa, gainlana, gainekoizpena, gainbalioa

Aurreko testuetan ikusi bezala (Historiaren hari gorritik tiraka eta Euskal Herriko klase borrokaren historia), lanak daukan lehenengo adierazpen historikoa ekonomia naturalaren bitartez ematen da: giza komunitate bat bere inguruarekin modu zuzenean harremanduta eta jabetza komunala oinarri hartuz, autokontsumora zuzendutako ekoizpen modua. Momentu horretan bertan, lanak bi dimentsio hartu ditzake: alde batetik, lan erreproduktiboa, eta bestetik, gainlana. Lan erreproduktiboaren baitan, giza komunitate batek bizi eta lan egiten jarraitzeko beharrezkoak dituen baldintzak birsortzeko egiten duen lan guztia barnebiltzen da. Hori beteko ez balu, komunitatea iraungiko litzateke, horregatik ezinbesteko lana ere esan diezaiokegu. Behin hori asebeteta, gainlanerako aukera zabaltzen da: esate baterako, giza talde batek urtean zehar bizirauteko beharrezkoa duena, sei hilabetetan ekoiztuko balu, gainontzeko sei hilabetetan egindako lana, gainlana izango litzateke; eta gainlan horrekin sortutakoa, gainekoizpena, metatu egin daitekeena. Gainekoizpen hori merkantzia bezala saltzen bada, truke balioaren forma hartuko luke, kapitalismoarekin batera orokortuko dena, balioa eta gainbaliorako aukerak zabalduz. Lehenengo hiru kategoriak (lan erreproduktiboa, gainlana eta gainekoizpena) edozein giza taldek garatu ditzake bere baitan eta sistema sozial guztien oinarrian daude.

Bestalde, apropiazio eta dominazioaren logikan, gainlana eta gainekoizpenaren neurria oso garrantzitsua da; lan erreproduktibo hutsarekin bizirauten duen komunitate bati ezer gutxi apropiatu diezaiokegu, beraien existentzia beratik haratago ez dutelako ezer metatzen. Apropiatu dakiekeena ezer gutxi denez (ez badira euren gorputzak, edo bizi diren lurraldeetako lehengai gordinak; ura, baliabide energetikoak, lurra, basoak…), beraien jardueratik eratorri daitekeen botere metaketa mugatua da. Aurretik esan bezala, neolitikotik aurrera hasten da gainekoizpena edo soberakinak modu sistematiko eta erregularrean sortzeko aukera, eta beraz, boterea modu esanguratsuan zentralizatu eta metatzeko aukera. Estatua, dominazioa eskala sozialean artikulatzeko egitura bezala, momentu horretatik aurrera bakarrik garatu daiteke.

Behin puntu honetara helduta, uste dugu lan erreproduktiboaren analisian sakondu behar dugula, hau da, lana eta bizitza bera posible egiten duten jardueretan. Dominazioa ulertzeko zenbait gako bertan topatuko ditugu, gainlanerako edo gainekoizpenerako aukerarik ez baitago lan erreproduktiborik gabe, ezinbestekoa den lanik gabe; azken hau gauzatzen ez bada ez dagoelako inolako lan motarako aukerarik, ez apropiaziorako aukerarik, ez dominaziorako aukerarik.

Esan bezala, lan egiteko gaitasuna birsortzeko egin beharreko lana litzateke lan erreproduktiboa: janaria lortu, lo egiteko espazioa eraiki, arropak ekoiztu, ezagutzak transmititu, gaixotasunak osatu, hori guztia egin ahal izateko tresnak ekoiztu… Eta nola ez, denborarekin agortuz doazen gorputz berriak sortu. Azken hau garrantzi handiko elementua da, lana, gizakioi dagokigun jarduera unibertsala izanik ere, ez delako gertakari independientea. Hau da, lan prozesu ororen oinarrian, giza gorputzaren existentzia biologikoaren beharra dago; pentsamendua bera egon ahal izateko, behar ditugu neuronak, behar ditugu belarriak, ahoa, odola, ehunak eta gure gorputza osatzen duten organo guztiak. Eta horrek inplikazio sakonak ditu: giza gorputzen artean, batzuk bakarrik dira gai beraien baitan gorputz berri bat sortzeko. Bada, historikoki “emakume” bezala ezagutu izan diren gorputz horien gainean lan prozesu guztiaren iturri izateko karga jausi da, giza existentziarako oinarrizko baldintza izatea. Karga horrek adierazpen antagonikoak hartu izan ditu, testuinguru historiko, sozial eta kulturalaren arabera. Horrela, kultura matrilinealetan bizitzaren iturburu izate hori goraipatua eta ospatua izan da, emakumeei egitura sozialetan posizio zentrala eskainiz. Aldi berean, baina, kontrako adierazpena ere hartu izan du; emakumeei gorputz eta gaitasun erreproduktibo hori sistematikoki apropiatua izatearena, dominazioaren lehenengo adierazpen historikoa bilakatuz. Jabetza pribatuak hartu zuen lehenengo forma izan zen apropiazio hori; aitatasuna, matrimonioa eta herentziaren bitartez gizonak emakumearen gorputza eta baita lana ere bereganatu zuenekoa, horien gaineko jabetza titulua ezarri zenekoa. Horrela eraikia izan zen patriarkatua; sexu-genero dikotomiaren arabera egituratzen zen gorputzen eta lanaren gaineko apropiazio mekanismoa. Eta horrela, testuinguru patriarkal horietan, “emakumea” lehenengo sujetu zapaldu bilakatu zen.

Familia eredu patriarkala hedatu ahala, mundua ulertzeko modu bat ere hedatu zen; mentalitate patriarkal-dominatzailea. Beste baldintza material eta sozialekin batera, Estatuaren eraikuntzan betebehar zentrala izan zuen patriarkatuak. Aurreko testuetan esan bezala, aurrerantzean dominazio sistema historiko ezberdinen oinarrian egongo da emakumeon lana eta gorputzen gaineko apropiazio materiala, baina baita patriarkatuak ekoizten dituen baldintza ideologikoak ere (mentalitate dominatzailea, dominazioaren erreprodukzio ideologikorako ezinbesteko baldintza bezala). Oinarri horietatik abiatuta, dominazio sistema historiko bakoitzean, klase zapaltzaileak mekanismo propioak garatuko ditu giza existentziaren adierazpen ezberdinak bereganatzeko (gorputza, pentsamendua, lana, ekoizpena) eta apropiazio hori ahalik eta modu zabalenean eman ahal izateko.

Honenbestez, giza existentziaren oinarrian, ondorengo kate dialektikoa egongo litzateke: gorputza-pentsamendua-lana-ekoizpena. Kate horren emaitza Giza Kultura litzateke, giza talde bakoitzean modu espezifikoa hartzen duen osotasun material eta sinbolikoa. Duela milaka urtetatik, tentsio bat egon da giza existentzia horren baitan: alde batetik, zenbaitek existentzia hori subordinatu eta apropiatu nahi izan dute; bestetik, zapalkuntzatik ihesian edo erresistentzian modu ahalik eta askeenean bizitzeko ahaleginean iraun dutenak ditugu. Klase borroka historikoaren tentsioaz ari gara. Bada, jabetza pribatua, patriarkatua eta Estatuaren inguruan historikoki eraikitzen joan den dominaziorako azpiegitura material eta ideologiko hori Dominazioaren Sistema bezala definitzen dugu. Osotasun horren azken adierazpen historikoa modernitate kapitalistaren eskutik eman da, muturreko zapalkuntza planeta osora hedatzeko gai izan dena, kualitatiboki eta kuantitatiboki modu berri batean.

Dominazioa kapitalismoan

Historiari eskaini genion azken testuan ondorioztatu genuen kapitalaren logikak Euskal Herria bere osotasunean hartu zuela XX. mende amaiera baino lehen, eta modernitate kapitalistak inposatua zuela bere programa gure lurretan. Orain, ekoizpen modu kapitalista nagusi den garai historikoa honetan, Dominazioaren Sistemak hartzen duen forma zehatza aztertzea dagokigu. Horretarako, harreman eredu kapitalistetatik eratortzen diren biolentzia eta apropiazio moduei erreparatu beharko diegu; baita aurreko fase historikoetatik datozenak kapitalismoaren baitan hartu duten forma berriari.

Edozein jendarte kapitalistatan bezala, gurean ere jabetza pribatua eta merkatuarekiko dependentzia orokortuak daude. Horrek esan nahi du, gaur egun, bizitzarako beharrezkoa duguna merkatuan baino ez dugula aurkitzen; janaria, arropa, aisialdia, etxebizitza... Munduarekiko lotura, errealitate sozialarekiko kontaktua, oro har, merkantzien bitartez bakarrik gauzatu daiteke. Eta jabetza pribatua orokortua dagoen jendartean, merkantzia horien erabilera eskubidea lortzeko diruz erosi behar ditugu. Hortaz, etengabe dirua lortzera kondenatzen gaitu jendarte kapitalistan bizitzeak. Diruaren inperioan bizi gara, eta munduarekiko lotura poltsikoan daramagu.

Diruarekiko dependentzia orokor hori hobeto ulertzeko, diruak errepresentatzen duenarekiko dependentziaz ari garela argitu behar da; hau da, gainontzekoen lanarekiko dependentziaz. Horrela, diruz erosten ditugun merkantzia horien guztien edukia, gainontzekoen lana dela esan dezakegu. Ikus dezagun hori adibide zehatz baten bitartez. Dendan erosten dugun patata kiloa, berau ekoizteko behar izan den milaka langileen lan frakzioz osatuta dago; soloan ibili den nekazariarena, traktorea konpondu duen mekanikoarena, patata garraiotu duen garraiolariarena, petroleoa uztiatu duenarena eta findegian diesela ekoiztu duenarena, supermerkatuan patatak apalean jarri dituenarena, horien guztien etxeetan arropak garbitu edo sukaldatu dituztenarenak... Diruaren bitartez, lan horiekin nolabait kontaktuan jarri gaitezke eta horien emaitza den patata kiloa eskuratu dezakegu. Eta berdina da beste edozein merkantziarekin: dela etxe bat, zerbeza bat, pelikula bat edo ikasketa master bat. Merkantziak, beraz, lanaz osatuta daude. Honek guztiak diruak kapitalismoan duen dimentsioa azaleratzen du; gainontzekoen lanarekiko aginte gaitasuna, alegia. Beste era batera esanda, kapitalismoan botere soziala diruaren bitartez adierazten da, diruak lanaren gaineko kontrola duelako eta lanak gutariko bakoitzaren bizi baldintzak sortzen dituelako.

Puntu honetara helduta, pentsa genezake jendarte kapitalistan denentzako dela berdin; pobreenak zein aberatsenak diruaren beharrean bizi direla ezinbestean. Batzuk diru gehiagorekin, besteak gutxiagorekin, baina biak merkantziaren zirkulazioan parte hartuz modu kualitatiboki berdinean. Itxuraz hala da, kapitalismoan denok baikara diruaren menpeko; merkatuaren aurrean, formalki baino ez bada ere, denok gara berdinak; denok dugu merkantziak saldu eta erosteko eskubide bera. Eta berdintasunezko marko horretan, merkantzien salerosketaren bitartez elkarren artean harremantzeko aukera. Kontua da neutraltasun itxura horrek bestelako errealitate bat ezkutatzen duela. Marxek ondo erakutsi zigun bezala, gauza bat da errealitate sozialak hartzen duen itxura (kasu honetan merkantziaren fetitxismoaren bitartez adierazten dena), eta beste bat errealitate horrek bere baitan gordetzen duen esentzia.

Izan ere, neutraltasun eta berdintasunetik urrun, jendarte kapitalistan bi modu daude merkantzien zirkulazioan parte hartzeko, hau da, gure bizitza gauzatzeko: diruaren bitartez, edota kapitalaren bitartez. Hemen baliteke beharrezkoa izatea dirua eta kapitalaren arteko ezberdintasuna argitzea, antzerako zeozer direla ematen baitu. Nolabait esateko, kapitala diruaren forma eboluzionatua da, baina ezaugarri kualitatibo ezberdinak ditu; kapital guztia potentzialki dirua izan badaiteke ere, diru guztia ez da zertan kapitala izan. Horrela, diruak gainontzekoen lanaren gaineko boterea adierazten du, bai, baina behin merkantzia zirkulazioan sartuta desagertu egiten da, gastatzen da. Euro batekin zerbeza bat erosi eta edaten dugunean, euroa desagertu egiten da, xahutzen dugu. Kapitala, berriz, merkantzia zirkulazioan sartuta, berreskuratu egin dezakegu, eta ez hori bakarrik; hasieran zuen balioa baino balio handiagorekin datorkigu bueltan. Garagardoaren adibidearekin jarraituz, euro bat izan ordez, 1.000.000 € izango bagenitu, garagardo fabrika erosiko genuke. Fabrikak ondo funtzionatuko balu, urte gutxira 1.200.000 € izango genituzke. Oraingo honetan, nire euro bakoitza 1,20€ bilakatu da; ez da gastatu, inbertitu egin da. Hots, ez da bakarrik bere baitan gordetzen zuen botere soziala erreproduzitu, baizik eta erreprodukzio hori modu anpliatuan ematen da. Kapitalak botere metaketa ahalbidetzen du.

Beraz, ezberdintasun handia dago kapitala dutenen eta ez dutenen artean. Kapitala dutenek, esan dugun bezala, berau inbertitu dezakete, eta oraindik kapital gehiago lortu. Hau da, gainbalioa eskuratu dezakete. Gainera, inongo lanik egin gabe lortu dezakete hori; kapitala inbertituz, beste batzuen lana erosten dutelako (garagardo fabrika erosterakoan, bertako langileen soldatak ere ordaintzen dituzte), eta beraz ekoizpena martxan jarri daiteke. Hemen kapitalismoaren misterio nagusia ageri zaigu: lan-ekoizpen prozesuaren azken pausoan sortzen den gainbalioa bereganatzen dute, baina berez, beraiek ez dute lanik egiten, ez dute ezer ekoiztu. “Misterio” horren bitartez, kapitala dutenek gainontzekoen lanarekiko aginte gaitasuna metatzen dute, baina ez dute zertan lanik egin. Eta hori da kondizio burgesa: jabetza kapitalista, sozialki esanguratsua den jabetza, eta horrek posible egiten duen lanarekiko emantzipazioa eta irabazi kapitalista. Hots, botere sozialaren metaketa. Horiek dira burgesak.

Denek, ordea ez dute kapitala izateko aukerarik. Izan ere, jendartearen gehiengoak ez du kapitalik. Gehiengo horrek, burgesek bezala, jendarte kapitalistan bizirauteko diruaren beharra du; baina burgesek ez bezala, ez dauka diru hori “sortuko” duen kapitalik. Posizio horretan gaudenontzat, merkatuan aurkezteko dugun bakarra (gure diru iturri bakarra), geure lana da. Lan hori salduz baino ezin dezakegu bizitzeko behar dugun dirua lortu. Berez, salmenta horren ordainean geure erreprodukzioa gauzatzeko beharrezkoa dugun diru kantitatea jasoko dugu (janaria, etxebizitza, arropa, ikasketak, aisialdia...). Ondorioz, hilabete bakoitzaren amaieran diru kantitate hori agortua egongo da, bizirauteko behar genuena zelako, geure burua berriro ere lan merkatura jotzera behartuz. Konturatuko gara hemen, berez, gure lan egiteko gaitasuna saltzen gabiltzara; egunero lanpostura joan eta bertan egoteko gaitasuna saltzen gabiltzala. Hau da, geure lan indarra. Etengabeko ziklo horri (lan indarra saldu eta ordainetan lan indarra erreproduzitzeko adina dirua eskuratu) salarioa deituko diogu, eta modu horretan egindako lanari, lan asalariatua. Ziklo erreproduktiboa ere deitu diezaiokegu horri. Eta horixe da langileon biziraupenerako kondizioa kapitalismoan: desjabetza (kapitalik eza), lanerako beharrezkotasuna eta bere baitan etengabe agortzen den salarioa. Hau da, langile kondizioa.

Gaur egun, formalki ezartzen den kontratu laborala bakarrik ulertu ohi da salario bezala, eta kontratupean diharduen langilea bakarrik, langile asalariatu bezala. Ikuspegi hori, baina, arazo iturri etengabea da egungo fase kapitalista ulertzeko orduan. Izan ere, gaur egun gero eta ohikoagoa da kontratu laboralik gabeko salarioa agertzea: esplotazio maila handian lanean diharduten autonomoak (banatzaileak, gazte “ekintzaile” asko, nekazari txikiak...) horren adibide argia dira, hilabete amaieran euren salarioa betetzeko gai baino ez direnean. Kasu horietan, izaera formalik gabeko salarioaren aurrean egongo ginateke; autonomo asalariatuak. Horiek ere langile kondizioaren baitan leudeke, eta langile klasearen baitan ulertu behar ditugu, seguraski, kontratu formal bat dutenak baino esplotazio maila handiagoan gainera. Kontrara ere gerta daiteke; zenbait lanpostutan (mediku bat, esaterako, edo sektore industrialetako zenbait langile) salarioaz gaindiko kontratu laborala ager daiteke. Kasu horietan, langile horrek bere lan indarra erreproduzitzeko beharrezkoa dena baino diru gehiago jaso dezake. Beraz, egun kapitalismoak hartzen duen forma ulertzeko ezinbestekoa da kontratu laborala eta salarioaren arteko ezberdintasuna egitea: kontratu laborala formala da, juridikoa, izaera abstraktua duena. Salarioa, ordea, sozialki erdietsia da, erlazionala; lan indarraren erreprodukzioa asebetetzeko beharrezkoa den balioaz osatua dago. Eta ez da zertan kontratu formal baten bitartez adierazi.

Puntu honetara helduta, honen guztiaren atzean dagoen “misterioa” argitzea dagokigu: nondik ateratzen da burgesak metatzen duen gainbalioa? Berak ez du lanik egiten... baina lan prozesuaren azken emaitza den gainbalioa bereganatzen du. Ematen du bere kapitala inbertituz dirua “lanean” jarri duela. Baina denok dakigu diruak ez duela lanik egiten; lana, pertsonok egiten dugu. Berez, gainbalio hori langileak egindako lanetik dator. Esan bezala, langileari bere lan egiteko gaitasunagatik ordaintzen zaio; baina gauza bat da lan egiteko gaitasuna (lan indarra) eta bestea gaitasun horrekin egiten duen lana. Eta hemen dago kapitalismoaren bihotzean dagoen esplotaziozko harremana ulertzeko gakoa: langileari, zortzi orduz lanean egoteak balio duena ordainduko diote; ez zortzi ordu horietan lan eginda benetan sortu duen balioa. Kontraesan horri erreparatzen badiogu konturatuko gara errealki lan egin dituen zortzi orduetatik, lehenengo orduetan bere erreprodukziorako beharrezkoa den balioa sortua duela; hor egin du beharrezko lana. Hortik aurrera egindako lan guztia gainlana litzateke, gainbalioa sortuko duena. Hau da, langileak ekoiztutako balio guztia, bere lan indarrak balio duena baino askoz handiagoa da, eta ezberdintasun hori da gainbalioaren iturria; kapitalaren iturria. Horrela, langileari ez zaio egin duenagatik ordainduko baizik eta hori egiteko duen gaitasunak balio duenagatik (lan indarra). Eta honek guztiak ondorio argi bat dauka: kapital oro lanari xurgatutako balioz osatuta dago erabat; ez dago beste kapital iturririk gainontzekoen lana ez bada. Gainontzeko horieri ordaindu ez zaien lana, hain zuzen ere. Hori da kapitalismoak bere baitan daukan kontraesana, lana eta kapitalaren arteko kontraesana. Burgesia kontraesan hori kudeatzen saiatu daiteke, ezkutatzen, arreta desbideratzen; baina ezingo du inoiz saihestu. Egiturazko biolentzia bezala, moduren baten edo bestean, beti azaleratuko zaio: batzuek lan egin, langile klasea; besteek lan horren emaitza apropiatu, klase burgesa. Kolektiboki sortutako aberastasun soziala, jabetza pribatu burges bilakatu, etenik ez duen emari baten legez. Hori da kapitalismoaren zioa.

Patriarkatuaren gaurkotasuna dominazioaren logikan

Honekin guztiarekin pentsa genezake dena nahiko argi dagoela eta iraultzarako bide orria zehaztera pasa gaitezkela. Guk ezetz uste dugu, badaudela oraindik argitzeke dauden elementuak. Ohikoa da entzutea, eta guk ere horrela azaldu dugu goian, langileak kapitalismoan “daukan” gauza bakarra bere lan indarra dela. Baina baieztapen horrek ez du kontuan hartzen langileak, berez, lan indarra ere ez “daukala”. Beste edozein merkantzia bezala, kapitalismoan lan indarra ez da pertsonok daukagun berezko ezaugarri bat, eta beraz, ekoiztu egin behar da, edo zehatzago esanda, erreproduzitu. Lan egiteko gaitasun hori baldintza zehatz batzuen arabera birsortu beharko da eta ekoizpen prozesu hori kolektiboa izan ohi da; hau da, familia nuklear heterosexualaren baitan ematen da nagusiki. Berez, langile familia batek (eta hein batean jendarteak bere osotasunean) sortzen du lanpostuan zortzi orduz lan egiten egoteko gaitasuna eta aukera. Ez bakarrik fisikoki (elikatu, jantzi, lo egin...), baita emozionalki ere. Langileak, baina, norbanako bezala sinatzen du lan indar horren salmenta eta beraz, goizean etxetik irteterakoan ekoizpen prozesu kolektibo bezala ematen dena, gauero etxera jabego titulu indibidual bezala heltzen da. Egia da jabetza hori salarioaren gainekoa baino ez dela (ez da jabetza kapitalista), eta hortaz, goian azaldu bezala, ez duela maila sozialean botererik metatzen. Hala ere, familia barneko erreprodukzio zikloarekiko botere maila handia eskuratzen duela ukaezina da.

Eta hemen, patriarkatuarekin topo egiten dugu. Sistematikoki goizero etxean lanean emakumea geratzen denean eta gauero lan indar kolektibo horren salmentaren titularitatea gizonak dakarrenean, zalantzarik gabe esan dezakegu kapitalismoaren baitan patriarkatuak funtzionatzen jarraitzen duela. Burgesak langileak egindako gainlanaren emaitza bereganatzen duela esaten dugunean (apropiazio kapitalista), kontuan hartu beharko genuke gizon langileak familia osoaren lan indarra baino ez duela ordezkatzen; testuinguru horretan, gizonak emakumeak etxean egindako lan erreproduktiboa sistematikoki bereganatzen du (apropiazio patriarkala). Alargun pentsionisten kasuan ezin argiago geratzen da hori: senar eta semeek lanpostuetan urteetan zehar egindako milaka lan orduetako bakoitza, berez, familiak kolektiboki egindako lan erreproduktiboaren emaitza izan da. Onartu beharra dago hemen, gizonak ere, ziklo erreproduktibo horren zati bat ere egin duela; kolektiboki ekoiztutako lan indar hori saltzerakoan ziklo erreproduktiboa ixten duela gogoratu behar dugu. Hau da, ziklo hori ixterakoan bakarrik ordaindu ahalko baita etxeko janaria, arropak, alokairua... Horregatik komeni da langile familia unitate bezala aztertzea, eta gizonak lanpostuan egindako lana ere ziklo erreproduktiboaren barruan kokatzea; gizonak lanpostuan egiten duen gainlana ere emakumeari dagokion era berean. Unitate osoaren parte hartzeaz bakarrik da posible lan erreproduktiboa zein gainlana. Arazoa hemen, familia osoari zegokion ordainsaria gizonak norbanako bezala jaso izan duela da; eta horren ondorioz, orain alargunak bere pentsioa osatuko duen kotizaziorik ez duela. Berari zegokion kotizazioa gizonak jaso du. Argiki ikusten da hemen nola emakume horien gain, bi apropiazio forma ezberdin gauzatu diren; alde batetik, kapitalismoaren kategorien bitartez (salerosketa, merkantzia, soldata, dirua...), burgesak bere lan indarra ere bazen horretatik gainbalioa xurgatu dio. Beste aldetik, kategoria aurrekapitalisten bitartez (ahaidetasun harreman patriarkalak), bere senarrak biena zen lan indarra saldu eta ordainsaria norbanako bezala bereganatu du.

Egia da, gaur egun, apropiazio patriarkal hori kapitalismoaren mugen barruan ematen dela eta kapitalaren mesedetara, baina batak eta besteak erabiltzen dituzten bitarteko dominatzaileak ezberdinak dira eta hori kontuan hartu beharko genuke. Bestalde, badago esango duenik familia eredu patriarkal tradizionala desagertuz doala eta gurea bezalako jendarte baten apropiazio forma horrek gero eta garrantzi txikiagoa duela. Ukatzerik ez dago, familia eredu tradizional horrek azken hamarkadetan garrantzia galdu duela erdigune inperialistako populazioaren zenbait geruzatan. Hala ere, agortzetik urrun dagoela uste dugu. Esate baterako, Mendebaldean erlijio monoteista patriarkalen arabera antolaturiko familiak (katolikoak, ortodoxoak, ebangelistak, musulmanak...) oraindik ugariak dira eta ikertu beharko genuke joera goranzkoa edo beheranzkoa den. Oro har, emakumeek etxetik kanpo diru truke lan egiten duten kasuetan ere, ikertu beharko litzateke familiak jasotzen duen salario osoaren kontrol erreala nork daraman. Eta honetaz guztiaz gain, azpimarratu behar da, familia eredu patriarkal hain argia ez duten familietan ere, emakumeok etxe barruko lanen gehiengoaz arduratzen garela. Zenbat familiatan gara emakumeok, umeak izan ondoren, etxetik kanpoko lanari uko egin eta zaintza lanei lehentasuna ematen diogunak?

Argi dago beraz, kapitalismoak patriarkatua barneratu duela bere baitan ematen den ziklo erreproduktiboaren kudeaketa marko bezala. Erdigune inperialistatik haratago, mundu osoa jartzen badugu ikusmiran, are ageriagokoa da hori. Bestalde, familiaren baitan ematen den lan erreproduktiboaren apropiazioaz gain, patriarkatuak baditu beste adierazpen forma batzuk egungo jendartean. Familiaren mugetatik kanpo, emakumeok gure lan indarra saldu behar dugunean, feminizatuak dauden lanpostuetara mugatuak gaude eta salmenta hori, gainera, gizonekin konparatuz modu debaluatuan gauzatzera behartuta gaude. Hau da, lanpostuan ere, kategoria kapitalisten bitartez apropiatua zaigun gainbalioaren proportzioa handiagoa da.

Honetaz guztiaz gain, patriarkatuaren oinarrian dagoen emakumeon gorputzen gaineko dominazioa daukagu; emakume bezala sozializatua izateagatik pairatzen ditugun umiliazio, gutxiespen, jazarpen psikologiko, bortxaketa, erailketa eta abarrak. Bortxaketa, eta oro har, biolentzia sexualaren kasuan, apropiazioa ez da hainbeste lanaren gainean ematen, gorputzaren gainean baino. Ondorioz, emakume gorputz sexualizatu bezala sozializatuak izan diren gorputz guztiek jasaten dute potentzialki biolentzia forma hau; lanaren arabera ezarritako posizio sozialarekiko modu independientean. Honekin lotua, harreman eredu hetero-patriarkalarekin bat ez datozen erlazio formak egiturazko biolentzia jasatera kondenatuak daude baita ere. Patriarkatuak ezartzen duen sexu-genero dikotomiarekin bat ez datozen gorputzak ere, antzerako egoeran daude.

Honek guztiak erakusten digu patriarktatuak aspaldi utzi ziola familia egitura soil bat izateari. Familiaren mugetatik haratago gauzatzen diren hamaika adierazpen forma ditu, eta are esanguratsuagoa dena; muga horietatik at, denetariko bitartekoak erabiltzen ditu bere birsortzea bermatzeko: komunikabideak, kirola, internet, eskola, zinema edo musika, gizon eta emakumeen sozializazio espazioak... Familiaz haratago, jendartea bere osotasunean zeharkatzen duen errealitatea da patriarkatua. Eta honekin, patriarkatuak hartzen duen beste adierazpen bat geratzen da agerian, askotan aipatua izaten ez dena. Alegia, Dominazioaren Sistemak hartutako forma ororen bihotzean egon den ezinbesteko baldintzaren sortzaile izatea: mentalitate dominatzailea. Jabetza pribatuaren sorburutik, harreman sozial patriarkalek dominazioa sostengatzeko baldintza ideologikoen bizkarrezurra ekoiztu dute; ondokoa zapaldu, umiliatu, bortxatu edota mespretxatzeko aukera, gutariko bakoitzean errotua dagoen mentalitate dominatzaileari esker bakarrik izan da posible. Eta mentalitate dominatzaile horrek, gaur egun ere, patriarkala izaten jarraitzen du. Egungo testuinguruan pentsamendu liberal-burgesa eta koloniala ere mentalitate horren zutabe zentral bezala identifikatzen ditugu.

Dominazioaren Sistemaren adierazpena egungo Euskal Herrian

Orain artekoarekin, Dominazioaren Sistemak gaur egun dituen ezaugarri orokorrak aztertu ditugu. Erabat errotua dagoen dominazio sistema izanik, jendartearen geruza guztiak zeharkatzen dituena, argi dugu “ekonomia” bezala ezagutzen dugun horretaz baino askoz haratago doala: ideologia jakin bat behar du orokortua izan, mundua ulertzeko ikuskera bat, baita bere erara moldatua izan den aparatu judizial, polizial eta legegilea; edota hezkuntza sistema bat. Gobernu sistema bat, oro har, dominazioaren logika erreproduzituko duena, denboran luzatu eta espazioan zabaltzeko gai izango dena.

Jakina da horrek guztiak jendarte jakin batean hartzen duen forma zehatza aztertzea ezinbestekoa dela. Gure ustez, Euskal Herriari dagokionez, egiteke dago azterketa horren zati handi bat. Historiarekin gertatu bezala, hurrengo hile-urteetan zehar egin beharreko ikerketa sistematiko, argi eta gaurkotua izan beharko da hori. Ikerketa horren baitan, lana eta kapitalaren arteko kontraesanak egun Euskal Herrian hartzen duen forma zehatza ikertu beharko dugu; lana eta kapitala egungo jendartean nola banatzen den aztertu eta horren araberako analisi kategoriak garatu. Klase konposizioaren azterketa horretarako, gainera, lan-ekoizpen prozesuaren kate osoa kontuan hartu beharko genuke (lan erreproduktiboa-gainlana-gainekoizpena-gainbalioa), genero eta arraza aldagaiak kate horren analisian txertatuz. Horrez gain, jendartearen konposizio ideologikoa ere azterketagai bezala hartu beharko dugu; mentalitate dominatzaileak jendartean duen islada aztertu; pentsamendu burges-liberalak, patriarkalak eta kolonialak euskal jendartean duten errotze eta hedatze maila ikertu. Alegia, klase konposizio politikoa aztertu, kontzientzia iraultzailea pizteko baldintzak ulertu ahal izateko. Oro har, jendarte kapitalista eta patriarkalaren oinarri materialek eraikitzen duten islada emozional eta subjektiboa konprenitu. Lana eta pentsamenduaren azterketarekin batera, gorputzaren gain ematen diren apropiaziozko eta biolentziazko adierazpen zehatzak ere aztertu beharko genituzte. Azkenik, gure herriaren gain ezarriak diren gobernurako egitura politiko-estatalen analisia ere barnebildu beharko du.

Horrekin guztiarekin, Dominazioaren Sistemak Euskal Herrian egun hartzen duen forma zehatza ulertzeko oinarri sendoak eraikiko ditugu. Giza existentziaren gain (gorputza-pentsamendua-lana-ekoizpena) euskal lurretan ematen den zapalkuntza eta apropiazioaren nolakotasun gaurkotua argitu. Euskal langile klasearen baitan agertzen diren potentzialitate eta kontraesanak identifikatu eta horrekin, iraultzarako oinarri sendoak ezarri.

Zentzu horretan, egungo aldagaien ikerketaz gain, analisi historikora ere jotzea garrantzitsua deritzogu. Bertan, Dominazioaren Sistemak, eta berau gainditzeko erresistentziak, Euskal Herrian hartzen duten forma espezifikoak antzemateko gako ugari topatuko ditugu. Horrela, historiari eskaini genion hausnarketan argi geratu zen bezala, dominazioaren logika ez da herri honi berez suertatu zaion zoria. Munduko gainontzeko herrietan bezala, prozesu historiko luze eta mingarri baten emaitza da; komunitateek Estatuaren aurka egindako gerra, emakumeek patriarkatuaren aurka, langileek burgesiaren aurka, herriek Inperioaren aurka. Prozesu horretan komunitateak disolbatu egin izan dira, hizkuntzak desagertu, emakumeak emazte bilakatu, lana merkantzia bihurtu, jabetza komunala jabetza pribatu bihurtu, herriek autonomia ekonomiko eta politkoa galdu eta pentsamendua alienatu. Dominazioaren Sistemak bizitza sozial osoaren gain erabateko subordinazioa inposatzea lortzen dueneko prozesua da. Kolonizazio prozesua. Prozesu horren kulminazio mundiala modernitate kapitalistak burutu du; gure lurretan espainiar eta frantziar estatuen eskutik. Hemen azpimarratu behar dugu kolonizazioa ez dugula fenomeno ekomiko soil bezala ikusten, truke desorekatuak ahalbidetzen duen sakeoan oinarritzen dena. Euskal Herrian egun ez da horrelakorik gertatzen. Pentsamenduaren eta gorputzen kolonizazioaz ere ari gara; baita hizkuntzen kolonizazioaz ere, musikarena, dantza eta janzkerena, edota herri batek berezkoak dituen bestelako adierazpen sinboliko eta politikoen kolonizazioaz. Horregatik, gure ustez, kolonizazio fenomenoa, bere osotasunean ulertuta, erdigune inperialistari dagokion fenomenoa ere bada. Izan ere, mundu mailan espantsio kolonial eta inperialista abiatu baino lehen (batzuetan aldi berean), potentzia inperialistek barne mailako kolonizazio eta homogeneizazio prozesuak burutu behar izan zituzten. Europako estatu moderno guztien genesian, beraien mugen barruko komunitate eta herriak zapalduak, suntsituak eta asimilatuak izan ziren mendeetan zehar.

Ondo dakigun bezala, kolonizazio integral hori ez da modu baketsuan eman. Klase borrokaren historiak erakusten digun bezala, altxamenduz, matxinadaz, erresistentziaz eta gerraz josia dago. Bada, erresistentzia hori da aberria. Gurean euskara, euskal lurraldeak eta askatasuna maitatu eta defendatzeko prest daudenak; lurralde horietan lan eta bizi direnak zapalkuntza ororen aurrean defendatzeko prest daudenak; horiek dira euskal aberria, hori da borroka abertzalea. Hartara, modernitate kapitalistarekin topo egiterakoan, aberri orok nekazal komunitate naturaletan du abiapuntua, horien baitan biziraun duen komunismo primitiboaren aztarnetan, erreinu eta inperioen aurka izandako borroka historikoan. Euskal Herrian ere horrela gertatu izan zen, nahiz eta aberria ez den zertan komunitate horien desagerpenarekin agortu. Izan ere, garai berri bakoitzak erresistentzia pizteko baldintza berriak dakartza, klase kontraesanerako baldintza berriak; gurean, baserritar jendarte tradizionalaren agorpenak proletalgo industrialaren gorakadarekin bat egin zuen, azken mendean ezagutu dugun indar iraultzaile biziena piztuz. Guk argi daukagu gaur eta hemen eraikiko dugun jendarte berria ez dela izango baserritar bizimoduaren erreprodukzio bat. Ezingo litzateke izan eta gainera, ez dugu horrelakorik nahi. Baina ezin dugu ukatu euskal memoria kolektiboan leku esanguratsua hartzen duten nekazal komunitate horiek bizitza askearen ezaugarri ugari zituztela, askapen borrokan inspirazio iturri izan beharko genituzkeenak: komunitatea bera, ekonomia naturala, auzolana, elkarrekin harremantzeko logika kolektiboak, herri-lurrak edota oinarrizko egitura demokratiko-komunalak (kontzejoak, batzarrea).

Aberriaz ari garela, askotan aberria nazio-estatuarekin edo estatu bilakatu daitekeen nazioarekin nahasten dela uste dugu, eta guretzako hori ez da guztiz zuzena. Aberria askatasunerako bektorea izan behar da, ezin da inoiz Dominazioaren Sistema inposatuko duen bektore izan. Nazio zapalkuntzari lotua doa aberria; klase borrokaren historiaren ondorioz herri batek metatzen duen kapital politikoaz osatua. Bere existentziaren kontzientzia mailaz, eta auto-antolakuntzarako eta auto-defentsarako erakusten duen gaitasunaz osatuta dago aberria. Horregatik, gauza bat aberria da eta beste bat inperioa. Esate baterako, estatu espainola, eta oro har, España beraren ideia ezin da aberri izan. España Inperioa da. Bere sorreratik modernitate kapitalista inposatzeko egitura politikoa izan da, Dominazioaren Sistema hedatu duena bere egitura guztietan zehar. Frantziari buruz ere antzerakoa esan dezakegu. Horrek ez du esan nahi egun estatu espainolak edo frantsesak kontrolatzen dituzten lurren baitan aberririk ez dagoenik. Gaztelako nekazal komunitateak aberri izan ziren espainiar koroaren aurka borrokatu zirenean. Kanarietako eta Andaluziako lurretan ere modu beretsuan gertatu zen. Kasu horietan guztietan, aberri horien arrastoak oraindik nabarmenak dira, baina eraldaketa sozialerako duten gaitasuna oso mugatua da, Estatuaren zapalkuntzaren azpian iraungita geratu baitziren. Beste kasu batzuetan, ordea, borrokatu ziren aberri horiek osasuntsu bizirautea lortu zuten XX. mendera arte. Euskal Herria edo Herrialde Katalanak dira horien adibide esanguratsuenak. Euskal Herriak berak aberria izaten jarraizen du, bere baitan askatasunerako pultsioa mantentzen duelako, iraultzarako eta erresistentziarako kapital politikoa gordetzen duelako oraindik ere.

Baina aberri izateari utz diezaioke. Esan bezala, aberria ez da herri batek esentzialki duen ezaugarria, klase borroka historikoaren emaitza dialektiboa baizik. Eta beraz, desagertu daiteke: bai iraungi dezaketeelako, bai Inperio bilakatu daitekeelako. Lehenengorako aukera espainiar eta frantziar estatuen aurkako borrokan ebatziko da. Bigarrenerako aukera, aldiz, barne mailan argituko da mendeetan zehar metatzen doan tentsioaren ondorioz. Izan ere, Euskal Herriak gaurdanik badu izaera inperialista, gure ustez izaera abertzaleari oraindik nagusitu ez zaion arren. Euskal oligarkia Erdi Aroaren amaieratik proiektu inperialistarekin lerrokatua dago eta Ameriketako kolonizazioan parte hartze zuzena izan zuen. Euskaldun batzuek eraman zuten Dominazioaren Sistemaren forma aurreratuenak lur haietara. Tradizio horri jarraiki, eta erdigune inperialistan kokatutako lurraldea izanik, gure ehun produktibo kapitalista posizio inperialista horretatik abiatzen da mundu mailako merkatu konpetentziara. Honekin guztiarekin, europarrok kolonizatu eta pobretutako herrietatik gero eta migrante gehiago datozkigu. Zer esanik ez dago euskal herritar arrazializatu horiek ez dutela, inondik inora, euskal langile klaseko zuriek duten posizioa egungo jendartean. Patriarkatuarekin gertatzen den modu beretsuan, arrazismoak eta pentsamendu kolonialak euskal jendartea goitik behera zeharkatzen dute, arrazializatutako herri-kideak euskaldun zuriak baino egoera nabarmen okerragoan utziz; bai lana-kapitalaren baitako logikan, bai ekonomikoki irrazionalak izan daitezkeen bestelako biolentzia formak jasaterako orduan. Bada, arrazializatutako euskaldun horiek borroka abertzalera batzea da Euskal Herriak bere baitan duen deriba inperialistari aurre egiteko aukera. Horretan datza euskal aberriaren biziraupenerako gakoetako bat.

Krisi ekologikoak duen garrantziaz

Azkenik, orain arte aipatu gabe joan den elementu bat daukagu. Kapitalismoak berezkoa duen etengabeko hazkundeak, berak bultzatutako bitarteko produktiboen garapen itsuarekin batera, energia eta materiaren zikloak globalki desorekatu ditu. Horren ondorioz, ekosistema eta espezie ugari desagertu dira dagoeneko, eta oraindik gehiagoren biziraupena kolokan egongo da hurrengo hamarkadetan zehar. Berotegi efektua duten gasek eragindako klima aldaketa; ozeano, lurrazal eta atmosferaren kutsadura globala; habitat osoen suntsiketa materiala; baliabideen gehiegizko ustiapena; espezie inbaditzaileen zabalpena... Mundu mailako krisi ekologikoa.

Era berean, gizakiok eragindako krisi ekologiko global horrek gizakion zenbait existentzia forma ere kolokan jarri ditu. Azken finean, giza existentzia bera materia eta energia ziklo horiekiko dependientea da, ekosistemekiko eta bestelako espezie bizidunekiko estuki lotua dagoen bezala. Lanaz eta ekoizpenaz ari garenean, harreman sozialez eta horien baitan ematen diren apropiazio, zapalkuntza eta biolentziazko gertaerez ari gara. Baina ezin dugu ahaztu lan prozesu osoa (eta horrekin, errealitate soziala) orokorragoa den prozesu bati lotua dagoela; bizitza prozesuari, hain zuzen ere. Bizitza prozesua bera materia eta energiaren lege eta zikloekiko dependientea den bezala. Horregatik, materia, bizitza eta lanaren arteko harremana ulertzea ezinbesteko pausoa da, ez bakarrik harreman sozialen esparruan ematen diren gatazkei erantzun bat emateko, baizik eta gizakion existentzia bera bermatzeko. Gaurkoan ez dugu horretan sakontzeko aukerarik izango, baina duen garrantzia azpimarratzea ezinbestekoa deritzogu.

Iraultzara bidean, dominazioa hautsi

Dominazioaren analisiarekin amaitzeko, zenbait ondorio azpimarratu nahiko genituzte. Laburbilduz, dominazioaren hari historikoa jabetza pribatua, patriarkatua eta Estatuaren bitartez eraikitzen joan den osotasun material eta ideologiko bezala ulertzen dugu, bere azken adierazpena modernitate kapitalistaren eskutik eman delarik. Dominazioaren logika horren pean sistematikoki apropiatua eta subordinatua izan da giza existentzia osatzen duen katea (gorputza-pentsamendua-lana-ekoizpena), etengabe birsortzen den egiturazko biolentzia eraginez eta gutxi batzuen botere metaketa ahalbidetuz. Gaur egun, ekoizpen modu kapitalista nagusi den garai historiko honetan, lana eta kapitalaren arteko kontraesana Dominazioaren Sistema egituratzen duen kontraesana da. Lan-ekoizpen katearen azken espresioa kapitalaren bitartez adierazten den honetan, kapitalaren gaineko kontrola dutenek, burgesek, errealitate sozialaren kontrola dute. Dominazioa ulertzeko eta berau gainditzeko gako nagusietako bat hemen topatuko dugu.

Aldi berean, Dominazioaren Sistemaren baitan badago biolentzia eta apropiazio forma ugari, jatorri aurrekapitalista izateagatik kapitalaren kategoria soilen bitartez ulertu ezingo ditugunak. Barne logika ezberdin bat darabiltelako gertatzen da hori, patriarkatuaren kasuan argi ikusten dugun moduan. Gorputzen eta lan erreproduktiboen apropiazio patriarkala ematen den kasuetan, esate baterako, sexu-genero banaketaren arabera ematen dira, dirua, merkantzia edota salerosketa bezalakoen parte hartze zuzenik gabe. Kapitalaren metaketak ezarritako korronte sozial orokorraren barruan gertatzen dira, bai, baina biolentzia pizteko mekanismoek bestelako barne logika baten arabera funtzionatzen dute. Horrek ez du esan nahi biolentzia forma horiek modu banatu edo isolatuan funtzionatzen dutenik egungo jendartean. Dominazioaren Sistemaz ari garenean, garapen historiko konplexua izan duen sistema bati buruz ari gara, geruza ezberdinez osatuta dagoena. Horrela, dominazioa bera ez da kapitalismoarekin inauguratzen; jabetza pribatuak milaka urtetako ibilbidea du, patriarkatua, kolonialismoa, Estatua eta oro har, ekoizpen modu ezberdinen bitartez adierazpen ezberdinak hartu izan dituena. Kapitalismoaren agerpen eta nagusitzearekin batera, aurretik datozen determinazio horiek guztiak kapitalaren logikan azpiratuak geratzen dira; kapitalaren metaketak ezartzen du gertakari sozialek hartuko duten norabide orokorra. Baina aldi berean, kapitalismoak berak aurretik datozen horien ezaugarriak barnebiltzen ditu, horien emaitza baita; patriarkatuak edo arrazismoak kapitalismoaren erroan bizirauten jarraitzen dute, berau elikatuz eta bizitza sozial guztia zeharkatuz.

Beraz, Dominazioaren Sistema osatzen duten geruza guztiak dialektikoki konbinatuak agertzen zaizkigu, errealitate sozial bakar bat osatuz. Ezin ditugu geruzak banatu eta partzialki aztertu (ezta gainditu ere), gaur egun hartzen duten forma zehatza gainontzekoekin duten hartueman dialektikoaren emaitza delako. Patriarkatua ez da orain dela 1000 urte zen gauza bera, baina kapitalismoak ere ez luke gaur egun dauen forma izango ez balitz patriarkatuak inprimatu dizkion izaera eta ezaugarriengatik. Horregatik, kapitalismoaren garaian dominazioak hartzen duen forma ulertu ahal izateko geruza horien guztien nolakotasuna eta batez ere beraien arteko hartuemana ulertzea ezinbestekoa da. Ariketa konplexua da, baina ez ezinezkoa; behinik behin, geruza guztiek konpartitzen duten eta dominazio ororen oinarrian dagoen gertakari soziala daukagunean; jabetza pribatua.

Gure ustez, jabetza pribatua da zapalkuntza eta esplotazio ororen iturria. Emakumeon gorputz eta lanaren gaineko jabetzatik hasita eta lan sozial guztiaren adierazle den kapitalaren gaineko jabetzara. Horrela, ez da zilegia burgesak kapitalaren gainean lortzen duen jabetza pribatua (hau ageri-agerikoa da), baina ezta ere norbanako langile batek salarioaren gainean lortzen duena. Lana prozesu kolektibo bezala gauzatzen delako gertatzen da hori, familiatik harago ere, metabolismo sozial osoaren emaitza delako. Modu horretan, gutako bakoitzak egiten dugun lana, kolektiboki sortu den gaitasun baten emaitza baino ez da. Lan indarraren erreprodukzioaren kasuan argi geratu zaigu: langile batek lanpostuan ematen duen ordu bakoitzaren jabetza nori dagokio? Ordu horietako bakoitzean, zer proportziotan neurtu dezakegu aurreko gauean bikotearengandik jasotako laztana? Edo igandean langunartean emandako arratsalde pasa? Edo bere amak, jantzita daramatzan frakak konpontzeko eman zuen goiza? Edo bere zapatak Bangladeshen 14 orduz josi duenaren lepoko min jasangaitza?

Lanak, prozesu banaezin bezala ulertzen badugu (lan erreproduktibo eta gainlana barnebiltzen dituena), ezin du inoiz izaera indibidual hutsa izan. Are gehiago, gaur gaurkoz sozialki eskala planetarioan banatuta agertzen den fenomenoa dela onartuta. Hau da, lanaren dimentsio indibiduala errealitate inkonmensurablea da, neurtu ezin daitekeen errealitatea. Eta hortaz, ezinezkoa da justiziaz neurtzea sozialki bakarrik gauzatu daitekeen gertakari horretatik norbanako bakoitzari dagokion zenbatekoa. Horregatik, lan prozesuaren gainean ezartzen den jabetza pribatu orok, merkantziaren forma hartzen duen lan prozesu orok, apropiazioa eta injustiziaren logika darama bere baitan. Lanarekin bezala, jabetza pribatuak badu bere islada pentsamenduaren esparruan, dominazioaren kate guztia elikatzen duen mentalitate dominatzailean, eta horri lotua doan alienazioan. Pentsamendu burges, liberal, patriarkal eta kolonialak barnebiltzen dituen mentalitate dominatzaileak duen garrantzia ulertu gabe, zaila egingo zaigu Dominazioaren Sistema gainditzea.

Azkenik, honako guzti honek, garapen eta erresistentzia historikoaren ondorioz, Euskal Herrian adierazpen espezifikoa du, espainiar eta frantziar estatuen pean zapalduta agertzen den herria. Euskal Herriko nazio zapalkuntza Euskal Herrian Dominazioaren Sistemak hartzen duen forma politikoa da, eta beraz, berau gainditu gabe, ezinezkoa izango da nazio zapalkuntza gainditzea eta alderantziz.

Beraz, honi guztiari aterabide bat ematea dagokigu. Eta horretarako, Dominazioaren Sistemak bere bihotzean daraman taupada eten egin beharko dugu. Jabetza pribatua. Dela kapitalista edo beste edozein formatakoa. Dela lana eta ekoizpenaren gainekoa edo gorputzen gainekoa. Jabetza pribatua gainditu, bere islada psikologikoa den mentalitate dominatzailearekin batera. Horiek guztiak gainditu, eta hori ez denez egun batetik bestera gertatuko, norabide horretan zuzenduko gaituen iparrorratza oratu. Komunismoa, Euskal Herrian behintzat, komunismo abertzalea. Inolako dominaziorik gabe antolatu eta garatu ahalko den bizitzaren adierazpen askea; berdintasunean eta askatasunean oinarritutako giza existentziaren espresioa. Ez da, ez, bide erreza izango eta gure ustetan prozesu historiko luze eta konplexu bezala bakarrik gauzatu ahalko da; prozesu iraultzaile bezala, alegia. Hori bai, bide horretan aurrera egiteko tresna bakarra daukagu eskura; antolakuntza iraultzailea, eta bere baitan bakarrik garatu daitezkeen taktika eta estrategia iraultzaileak. Aurrerago helduko diogu honi, baina zalantzarik ez daukagu Independentzia Sozialistarako prozesuan sintetizatuko diren taktika eta estrategia horiek euskal langile klasea izan beharko duela erdigunean, kontzientzia nazionala motore eta emakumeon askapena abiapuntu.

Hauspoa talde politikoaren irakurketak sareratuko ditugu hemendik.