2019-11-21 10:15

Irailean argitaratu genuen aurkezpen idatzian aurrerantzean gehiago egongo zirela iragarri genuen. Datozen hilabeteetan argitaratzen joango garen idatzi sorta horretan lehenengoa, historiaren analisiari eskaintzea ikusi dugu egokien; zer da ba herri bat historiarik gabe? Nondik datorren ez dakien herriak nekez asmatuko du aurrera egiteko norabide egokia hartzen. Hala ere, historia modu askotan konta daiteke eta gehienetan garaileek kontatutakoa da jaso dezakegun historia bakarra. Euskal Herrian ondo baino hobeto dakigu hori; espainiar eta frantziar historiografia inperialistek gure existentzia historikoaren ukazioa izan dute helburu nagusietako bat (inguratzen gaituzten gainontzeko herri zapalduen ukazioarekin batera). Horri aurre egiteko badago euskal historiaren azterketan burubelarri tematzen denik; hori garrantzi handiko lantzat hartzen badugu ere, guk ez dugu historia justifikazio bezala ulertzen. Alegia, Euskal Herria existitzen dela ziurtatzeko ez dugu historiara jo behar; guretzako nahikoa da euskal jendarteak gaur egun erakusten duen borondate politikoarekin. Eta zentzu horretan, ukaezina da Euskal Herria, oraindik ere, bizirik mantentzen den errealitate politiko, ekonomiko, sozial eta kultural espezifikoa dela. Nola ez, euskal aberriaren existentziaz ari gara, analisi historikoarekin erabat lotua dagoena, aberria bera, historia ulertzeko modu zehatz baten emaitza delako.

Espainiar/frantziar historia eta euskal historiaren artean gertatzen den bezalaxe, Euskal Herriaren baitan ere modu ezberdinak daude historia eta aberria ulertzeko. Esate baterako, euskal abertzaletasunean garrantzi handia izan du euskaldunak “berezko” herri bat garela defendatu duen korronteak. Jeltzaleak izan dira ikuspegi horren adierazle nagusiak, baina ez bakarrak. Kasu horretan, euskaldunok nolabaiteko patu batek gidatutako gizataldea ginateke; Jaungoikoak gure odolean txertatu duen destinu eta izaera erromantikoa, alegia. Gaur egun azalpen jainkotiarrak eta arrazazkoak nahiko baztertuak egon arren, ikuspegi esentzialista horrek badu oraindik ere babes handia euskal jendartean: askok uste dute euskaldunok badugula zeozer, berezko sen bat, gainontzekoengandik ezberdintzen gaituena. Esentzialismo edo idealismo horren baitan, abstrakzio batetik abiatuta (esentzia, ideia bera) errealitatea erdiesten da eta horrekin batera gertakari historikoak. Gure ustez, baina, kontrako bidea hartu beharko genuke errealitatea ulertzeko. Alegia, euskaldunok, munduko gainontzeko herri guztiak bezala, historiaren emaitza gara, eta historia hori orain zapaltzen dugun lur honen gainean emandako gertakari material zehatzen ondorioa da. Zorionez edo zoritxarrez euskaldunok ez daukagu esentzialki bereizten gaituen ezer. Badugu, noski, subjetibotasun bereizi bat, baina horren jatorria erabat lurtarra da, ez dago “jainkorik” edo “izpiriturik” hor kanpoan. Subjetibotasuna, edo nahi bada, euskal “sena”, gertakari historiko material horiek euskaldunon pentsamendu eta sentimenduetan inprimatutako isla sinbolikoa baino ez da. Horrek ez du esan nahi errealitate sinboliko hori mespretxatu behar dugunik; positibismo erredukzionistenean jausteko arriskua izango genuke kasu horretan. Historia aztertzerako orduan, gertakarien zerrendatze hutsa baino, oinarri material horren baitan bizi izan ziren pertsonen subjektibitatea ulertzeko gai izan beharko gara; euren sentimenduak eta bizipenak ulertu, momentu historiko horietan hartu zituzten erabakiak ulertu ahal izateko.

Behin gure analisi historikoaren abiapuntu materialista ezarrita, beste gako bat azpimarratu nahiko genuke. Izan ere, aipatu gertakari historikoen azterketarekin hasi bezain laster ohartuko gara gurea ez dela historia baketsua izan; eta ez lur hauetako biztanleek horrela nahi izan dutelako. Gainontzeko herri asko eta askotan gertatu bezala, gurea ere erresitentziazko historia bat da; bere burua defendatzeko, bizirauteko, borrokatu behar izan duen herri baten historia. Inguruko potentzia eta inperio ezberdinen asimilazio saiakerei etengabe aurre egin behar izan diete lurralde hauetako biztanleek; Historiaurretik hasita eta gaur egunera arte. Eta erasoak ez dira bakarrik kanpotik etorri. Zenbat euskaldun oso, abizen guztiekin eta odolik garbienarekin, ibili dira kolonizazio lan zikinetan itsasoaz beste aldera? Horietako zenbat aritu dira euskal lurretan zapaltzaile lanetan burubelarri? Batzuetan interes propiorako, besteetan estatu arrotzen mesedetara zipaio lanetan, zenbatek saldu dituzte euskal neba-arrebak mozkin miserable baten truke?

Guzti horregatik uste dugu zapaltzaile eta zapalduon arteko lehiaren emaitza dela gaur egungo Euskal Herria. Historiaren motorra interes kontrajarrien etengabeko talka horretan kokatzen dugu eta horregatik historiaren amatasuna matxinadari aitortzen diogu, gizaldietan zehar zapaltzaileen aurrean altxatu direnei. Horrekin, euskaldunon aberriaren osagai nagusia ere identifikatzen dugu; askatasunaren aldeko etengabeko borroka, erresistentzia. Alegia, horrek baino ez du bermatu asimilazioari aurre egin eta herri bezala aurrera jarraitzeko aukera. Hortaz, euskal lurren eta hizkuntzaren defentsan, zapalkuntza forma ezberdinen aurrean borrokatu direnek osatzen dute euskaldunon aberria. Abstrakzioetatik haratago, klase borroka zehatzen emaitza bezala ulertzen dugu aberria eta bere sorburua den historia. Historia materialismotik ulertzen genuela esan dugunean honi egiten genion erreferentzia. Baina guk aldarrikatzen dugun historia haratago ere badoa; garapen historikoari buruzko ezagutza zientifikoa eskuratu nahi dugu, bai, baina ez artefakto akademiko neutral bat eraikitzeko. Zapalduon zerbitzura jarri nahi dugu historia, askapen prozesua elikatuko duen irakaspen eta inspirazio iturri bilakatuz. Zergatik gaude orain gauden egoeran? Nola gainditu egoera hori? Horretarako, euskal historian zehar emandako matxinada, altxamendu, iraultza saiakera eta erresistentzia horietako bakoitza eta bere protagonistak aztertu beharko ditugu; dela andre-gizonek gure mendietan emandako gudu epikoena, dela etxeetako egunerokotasunean milaka eta milaka emakumek erakutsitako erresistentzia izpi isilduenak. Eta hor topatuko dugu erronka nagusiena, historia hori ez baitago hizki larriz idatzia; ahaztuen historia da, behekoena, historia xehea. Iraultzaile bezala, gure ikerketa historiografikoa horiek azaleratzera zuzendu beharko genuke.

Baina zapalduen historian sakontzeak Euskal Herritik haratago ere garamatza, kapitalismoaren sustraiekin topo egin arte. Topo egin eta berau ulertzeko oinarrizko gakoak argitu; alegia, dominazio sistema bezala gertakari erabat historikoa dela ulertu. Kapitalismoa ez da lege natural bat, ahistorikoa, gizakiok gure artean harremantzeko daukagun berezko joera bat. Aitzitik, momentu oso zehatz baten eratu eta garatzen den sintesi soziala da, aurretik existitu ez dena eta ondorioz, momenturen baten existitzeari utzi ahal diona. Eta beraz, existentzia aurrekapitalista bat derrigorrean izan behar duena. Feudalismoa, esate baterako, kapitalismoa hedatzen hasi baino lehenago herrialde askotan nagusi zela ohartuko gara. Dominazio sistema bezala uler dezakegu feudalismoa, klase dominatzaile batek (noblezia, jaun feudalak, eliz-gizonak) sistematikoki bereganatzen zuelako klase zapalduak egindako lana (kanpesinoak, jopuak), horretarako sistema juridiko, politiko, ideologiko eta errepresibo propioa erabiliz. Langile klasea eta klase esplotatzailea, beraz, baina ez kapitalistak, dominazioa ez zelako kapitalismoan berezkoak diren mekanismoen bitartez ematen (jabetza pribatu burgesa eta merkantzien salerosketa).

Feudalismoa beraren baitan ere, aurretik zetozen beste dominazio formak ere bazeuden, patriarkatua esate baterako. Berez, gizonak emakumeen lana eta gorputzak sistematikoki bereganatzeko mekanismo sozialak feudalismoa baino askoz zaharragoak dira, baina feudalismoak patriarkatu hori xurgatu eta bere interesen arabera funtzionarazten jarri zuen. Kapitalismoak ondoren egingo zuen era berdintsuan. Patriarkatuaren kasuan, Historiaurrera jo beharko dugu sortu zeneko testuinguru soziala aztertzeko eta beraz, bere ezaugarriak eta funtzionamendua ulertzeko. Kasu honetan, ordea, are garrantzitsuagoa da ulertzea nola lortu duen historikoki bizirautea eta feudalismoa ez bezala, kapitalismoaren barruan erreproduzitu eta hedatzea.

Sistema aurrekapitalistei dagokionez, komeni da azken aipamen bat egitea. Aurretik esan bezala,  feudalismoa komunitate kanpesinoen zapalketaren gainean eraikita zegoen; botere feudalari subordinatuak zeuden komunitateok urtero lan egun batzuk zein gainprodukzioaren zati bat eman behar zieten jauntxo eta eliz-gizonei . Hala ere, komunitate horietako asko sistema feudalen ertzetan bizi ziren eta botere eta kontrol feudala ez zen erabatekoa. Zentzu horretan, aipatzekoa da mendeetan zehar Europan emandako matxinada eta altxamendu kanpesinoek klase tentsio horri erantzuten zietela; jaun feudalak zenbat gehiago hartu nahi, kanpesinoak hala defendatu aurretik izan zituzten baldintzak.

Komunitate kanpesino horiek, subordinazio kondizio bortitz edo xamurragoen pean, askotan barne egitura propioa mantentzeko gai ziren, ekonomia naturala bezala ezagutzen denaren ezaugarriekin; jabetza komunala, komunitatea, autokontsumora zuzendutako ekoizpen sistema, lan kolektiboaren garrantzia… Oinarrizko egituraketa politikorako instituzio demokratikoak ere bazituzten; kontseiluak, herri/auzo batzarrak, kofradiak… Komunitate kanpesinoen barne ezaugarri guzti horiek komunismo primitiboa deitzen dugunaren aztarnak ziren. Europako zenbait lekutan XX. mendera arte ere biziraun zuten ekonomia naturalean oinarritutako komunitate kanpesino horiek, nahiz eta ordurako, jasandako dominazio historikoen ondorioz (feudalismoa, patriarkatua, kapitalismoaren lehenengo faseak…), nahiko desitxuratuta zeuden.

Kapitalismoaren sustraietara jo, eta aurretik ere zapalduak eta zapaltzaileak bazeudela ikusi dugu. Klase borroken historia aztertu nahi badugu horretan ere jarri beharko dugu arreta: ekonomia naturala, patriarkatua, feudalismoa, hiri inguruetan biltzen hasiak ziren lehenengo merkatari eta burgesak. Baita Historiaurrean agertutako lehenengo inperio eta monarkiak ere, edota erlijio monoteisten zabalpena. Garapen historikoak sistema aurrekapitalista horien arteko konbinazio konplexua sortu zuen, lekuan lekuko berezitasunekin. Hala ere, denen oinarrian bi indar kontrajarrien arteko tentsioa sumatu dezakegu: botere metaketa eta zapalkuntza alde batetik, askatasunean eta bakean bizitzeko determinazioa bestetik. Bi indar horien arteko tentsioen islada dira ordura arte emandako erresistentzia, matxinada, gerra eta iraultzak, klase borrokaren islada aurrekapitalista hain zuzen ere.

Eta ondoren kapitalismoa; lur planetak inoiz ezagutu duen dominazio sistema unibertsal eta boteretsuena. Bere agerpenarekin batera mahai jokoa hankaz gora jarri zuen, ordura arte imajina ezinak ziren indarrak askatuz eta historiaren abiadura azeleratuz; akumulazio originarioa, jabetza pribatuaren ezarpena, bizi baldintzen merkantilizazioa, industriaren garapena, konpetentzia kapitalista, proletarizazioa, gerraren dimentsio planetarioa… Denetariko bide eta trikimailuak erabili izan zituen burgesiak, kapitalaren ordezkaritza lanetan ziharduen klase sozial berriak. Prozesu konplexua izan bazen ere, helburu zehatz eta bakarra zuen jomugan: bizitzarako beharrezkoak ziren osagaiak (bitarteko produktibo eta erreproduktiboak, lurra, lurrak gordetzen zituen errekurtso naturalak, lan indarra…) merkantzia bilakatu. Hots, sistema aurrekapitalistetan horiek zuten kondizioa gainditu, askatu, eta mugarik gabe salerosi ahal izateko baldintzak ezarri. Hori baitzen, finean, kapitala etengabe erreproduzitu eta metatzeko ezinbesteko baldintza. Guzti honekin batera, klase borrokarako aukera berriak ere zabaldu zituen garapen kapitalistak: zapalduen artean elkartasuna bultzatu, ekoizpenaren sozializazioa, klase kontzientzia iraultzailearen ernatze nazional eta internazionala… Izan ere, historian ezagutu ditugun iraultza saiakera handi eta arrakastatsuenak ikusi izan ditugu kapitalismoaren garapenarekin batera, XIX-XX. mendeetan zehar. Horiek ikertu beharko ditugu, erakutsi zituzten bertuteetan inspiratu eta izandako gabezi eta akatsetatik ikasi.

Hortaz, Euskal Herriko klase borrokaren historia eraiki nahi badugu, analisirako elementu horiek gurera ekarri beharko ditugu: nola eman zen prozesu historiko guzti hori Euskal Herrian? Komunismo primitibotik abiatuta, noiz arte iraun zuten komunitate kanpesinoek? Zein izan da emakumeon historia eta erresistentzia Euskal Herrian, patriarkatuaren ezarpenetik hasita, sorgin ehizara edota egun biolentzia patriarkalak hartzen duen formara? Nola biziraun du Euskal Herriak, bere hizkuntzak eta herri langileak, inperio eta erregimen ezberdinen erasoen aurrean? Nola garatu zen kapitalismoa Euskal Herrian? Zein da guzti horrek gaur egungo Euskal Herrian utzi duen emaitza? Galdera sorta ederra bezain interesgarria, gure aldetik gaurkoan erantzunik ezingo duena jaso, gehiegi luzatuko ginateke eta. Hurrengo idatzirako utziko dugun ataza izango da hori.

Hauspoa talde politikoaren irakurketak sareratuko ditugu hemendik.