2025-05-16 11:42

Euskaraldia martxan da, hizkuntza ohiturak aldatzea bultzatzeko ekimen erraldoia. Milaka eta milaka herritarrek konpromisoa hartu dute, hamaika egunotan, euskarak presentzia gehiago izan dezan euren eguneroko bizitzan. Herri, auzo, ikastetxe zein lantokietan martxan dira batzordeak, hamaikakoak, xaxatzaileak, ahoak eta belarriak. Askorentzat pauso txikia baina ahalegin handia izango da, beste askok aspaldi hartu zuten euskaraz bizitzeko hautu politiko kontzientea, eta denek dute helburu bera: euskal hiztunak aktibatzea.

Argia.eus-eko kanalean ekimenaren nondik norakoen berri eskaintzen ari gara, albiste, erreportaje eta elkarrizketen bidez. Bertan, Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijorekin egindako elkarrizketa aurkituko duzue, besteak beste.

Hamaika egun bete-beteak, beraz. Baina Urkijok azaldu digun bezala, “inportanteena hamabigarren eguna da”. Hala uste dugu ARGIAn ere, eta horregatik saiatzen gara urte osoan euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak bultzatzen. Esaterako, euskara ikasleei astekaria doan bidaltzeko kanpainak jarri ditugu abian; eta Errigorako lagunekin edo hezkuntza munduko eragileekin elkarlanean aritzen gara, batzuk aipatzearren.

Bestalde, multimedia atalean, hemerotekan, zein efemerideen txokoan aukera daukazu urteko 365 egunetan euskarazko edukiak entzun eta irakurtzeko. Doan eta libre eskaintzen ditugu, ARGIAko komunitateko kideek ematen diguten babes ekonomikoari esker.

Herritarren ahalduntzea elikatzen duten edukiak lantzea da kazetarion zeregina, hala ulertzen dugu guk behintzat. Behatokiaren azken txostenaren arabera, 2024an herritarrek 1.112 kexa eta 62 zoriontze jarri zituzten Euskararen Telefonoan. Bada zerbaiten seinale. Euskararen kontrako oldarraldiaren erdian, ezinbesteko iruditzen zaigu gure hizkuntzak bizi duen zapalkuntza egoerarekin kritikoa den, eraso euskarafoboen berri emango duen eta alternatibak eskainiko dituen kazetaritza egitea.

ARGIAn, webgunean egunero eta aldizkarian astero aurkituko duzu kazetaritza hori. Euskarazko leiho hori zure etxeraino eramatea nahi baduzu, egin zaitez kide!

The post Euskaraldian eta urte osoan, euskaraz informatu appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.