« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Bilardo

Antonioren zakurrarena: ni bideoaren kontra

2010-06-28 12:13:00 | Bilardo

Ni kameren kontra nago

Ni kameren kontra nago

Ez diat uste hain zaila denik, ez: partiduak zortzi mila angelutatik grabatzen ditiztek eta,  egongo duk moduren bat arbitroak bideoa erabili ahal izateko. Bai, ingelesek eta mexikarrek eskertuko zitean atzo. Baina ni, kontra.

Ilea orraze estuz apaintzen duenen batek esango dik, orain ere ari duk Bilardo injustizia defenditzen. Ez dik ezagutuko nire lagun Antonio Peralesen zakurrarena, eta klaro. Zorri zaku zarpazu bat zuan, dena azala eta hexurra, lau hortz gaizki jarriak eta jan, edan, lo egiteaz aparte, gauza handirik ez. Nagusia ederki izorratu, hori bai: Antoniok ezkerra esan, eta zakurra eskubira; Antoniok kieto, eta zakurra mugi; Antoniok etzan, eta zakurra zutik; eta Antoniok ezin. Egun erdia pasatzen zian animaliari ostiko, zaplazteko, bizkarreko, beti harekin odol txartuta.
 
Behin ordea, hasi duk lau hankakoa kalea gurutzatzen auskalo zertarako, kotxe bat, eta han geratu zaik tripak Lasarte guztiaren bistan. Albaiteroa azkar mugitu zuan, baina ezer egiterik ez. Seko bitxoa. Akabo. Eta orduan Antonioren marruak. Negarrak. Tristurak. Pixkanaka beherantz joan zuan. Hasi zuan etxean geratzen, bat gutxiago goizeko uxualetarako. Eta konturatzerako haren funeralean geundean.
 
Antonioren zakurrarenak erakusten dik, gorrotoaren inportantzia. Arbitroari kulpa bota ahal izatea ez duk bi soseko kontua futbolean. Arbitroa duk beti derrigorrezko antagonista. Eta dena bideoz eginez gero, epailea zikiratuz gero, beldur nauk ez ote duen izango ostikoaren deporteak Antonio Peralesen patu bera.

 

  • Erantzunak (2)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • Bilardo - 2010-06-28 15:38:11: Koño Mujika, ez didak esango errugbia eta futbol amerikarra gure artean oso arrakastatsuak direnik... ez behintzat futbola bezainbeste! Boligorriari utziok, gaur goizeko gosarian esan zidak zisko eginda dagoela herriko festen ondoren. Oraingo gazteek ez baitakizue!
  • andmujika - 2010-06-28 13:47:15: Errugbyak eta futbol amerikarrak bezala? p.d: zer dio boligorriak, Bilardo?
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403