« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

ZER DA HAU?


Abian da bost kontinenteetako milaka pertsona Hegoafrikara begira jarriko dituen Munduko Futbol Txapelketa. 19 ediziotan lehen aldiz, “kontinente ahaztuak” hartuko du horrenbesteko ikusmina sortzen duen lehiaketa, eta herrialdeak munduari erakutsi nahi dio Apartheid zaharra atzean utzi eta aurrera begiratzeko prest dagoela.
 
Lanak izango ditu. Mendebaldeko prentsak oso modu kritikoan aztertu du txapelketarako prestakuntza fasea, eta Hegoafrikan kexu dira, kolonialismo garaiak gogorarazten dituzten titular gaiztoak eskaini dizkiotelako antolakuntzari, segurtasun eza eta txirotasuna behin eta berriz azpimarratuz. Hona BBCren webgunean maiatzaren 17an irakur zitekeena:
 
“Hain arriskutsua al da Hegoafrika? –Titularra hori, eta lehen esaldia ondorengoa– Hegoafrika krimen biolento asko gertatzen diren lekua da”.
 
Lau haizetara zabaldutako mezu beldurgarriek eta nazioarteko krisiak eragina izango dute bisitari kopuruan, eta aurreikusitako 500.000 bidaiariak urrun geratuko dira. Gainera, FIFAk antolaturiko txapelketak ez du aldatuko pobrezia gorrian bizi direnen egoera; jabetzen direnean, dagoeneko konturatu ez badira, nola erantzungo dute?
 
Dena den, herrialdea prest da horrenbeste ilusio eta desilusio sortu dituen txapelketa hartzeko eta dudarik ez hilabete batez futbola izango dela jaun eta jabe, bai han, baita hemen ere. Kirol hau gustuko dutenek goi mailako partidez gozatua hartzeko abagune bikaina dute.
 
Kanal honetan trataera berezia emango diogu txapelketari, bai Euskal Herritik baina baita Afrikatik bertatik ere eguneroko jarraipena eginez. Dena den, irakurle, susmatuko duzunez, ARGIAn ez gara soilik futbolaz mintzatuko. Gauza asko erakusteko eta irakasteko dituen herrialdea da Hegoafrika. Futbolari protagonismoa emango diogu, baina ez protagonismo osoa.
 
Futbol txapelketa aitzakia hartuta, mintzagai dugun herrialdea irakurleei hurbiltzen saiatuko gara, ahalik eta fidelen, prismaren alde ezberdinetatik begiratuta.
 
Herrialdea izugarri aldatu da azken 50 urteotan. Beltzek zurien autobusak har ezin zitzaketen herrialdea –guda zibilean itotzeko zorian izan ostean–, 30 urte ilegalizatuta egin zituen alderdi bateko presidente beltzak gidatzen du egun. Mandelaren miraria deitu izan diote askok. Asko da hobetzeko (pobrezia, langabezia, ustelkeria eta Hies epidemia nabarmenenak), baina futbol txapelketa gorena herritarrek nola bizi den ikusiko dugu, ikuspegi alarmista alde batera utzi, eta bertatik ikas dezakegunari ere so eginez.
 
Koadernoa, grabagailua, argazki kamera, bideokamera eta ilusioa gainean hartuta, egunero hango berri emango dizuegu. ‘Afrikatik, egunero’ atalean irakurriko duzue handik zuzenean idatzitakoa. Sorpresa handiko bidaia izanen da, ez dudarik egin. Lurmutur hirian (Cape Town ingelesez) hartuko dugu lur ekainaren 23an eta Hegoafrika hiri horretatik 1.500 kilometrora dagoen Johannesburgoko nazioarteko aireportutik utziko dugu uztailaren 15ean, behin txapelketa amaituta. Tartean zer gertatuko den? Errazagoa da asmatzea nork altxatuko duen kopa.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403