« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Afrikatik, egunero

Zuluen lurraldean barrena (+ Diaporama)

2010-07-15 05:19:00 | Lander Arbelaitz

Sangoma

Sangoma

Gora eta behera ibili naiz egun osoan. Literalki. Valley of Thousand Hills-en izan naiz, hau da, Mila Malden Bailaran. Kostako Durban hiri modernotik ordubete baino gutxixeagora, taxi elkarbanatuak konbinatuz iritsi naiz barnealdeko herri honetara. Ingurugiro zoragarrian, alde batera eta bestera erortzen diren penditzetan etxeak eraikiz osatutako herria da. Zuluak dira bertako biztanleak eta teknologia berriak hona ere iritsi diren arren, beren bizitzak ez du inolako zerikusirik hirian bizi den hegoafrikarrarenarekin.

Umezalea berez, emakume batek bere etxea (gela) haurtzaindegi nola bihurtu duen ikusteko parada izan dut. Gurasoek haurrak goizeko 6etatik ekartzen dizkiote, eta askotan arratsaldeko 8ak arte izaten ditu bertan. Argazki batzuk atera ostean, haur-kanta zuluak abestuz agurtu naute.

Herriko sendagile naturistarekin izan naiz ondoren. Kono formako teilatudun etxe biribila hau ere. Barnera sartu eta espiritu garbiaren erakusle, txanpon bat utzi behar da lurrean dagoen katiluan. Belar jakin batzuekin egindako suak gela nabarmen girotu eta keztatzen du.

Erabat sorginduta utzi nau hilabetean behin egiten dituzten dantza erritualekin. Oraindik tradizio hauetan sinesten badu gehiengoak, orain 300 urte nola bizi ziren imaginatzeari ezin izan diot utzi denbora guztian.

Edonor izan daiteke herriko sendagile naturista, neska zein mutil, zahar edo gazte. Jainkoaren deia sentitzen duen edonor. Hori bai, mezua jaso dutela diotenek urteetako proba gogorrak pasa behar dituzte. Proba gogorrekin esan nahi dut, adibidez, astebetez goizero pozoia duen edari bat edan, hotz edo bero, eta goizero goitika egitea. Eguna barnean espiritu txarrik gabe hasteko.

Hori bai, komunitateko pertsonarik errespetatuenetakoa da eta herriko jende asko joaten zaio aholku edo erremedio eske. Etorkizuna ere irakurtzen du, nahiz eta niri ez didan egin.

Tradizioan eta arbasoen presentzian sinesten dute zuluek. Hala, animalien sakrifizioak askotan izaten dira. Honez gain, familia askok haurra jaio eta berehala, aurpegian edo behar den lekuan familiaren ikur diren ebakiak egiten dituzte. Kide batek bere ezker eskuko hatz txikiaren muturra umetan moztu ziotela erakutsi dit. Hala dute bere familiako kide guztiek. Hala izango omen dute bere seme-alabek ere.

Etxe batetik bestera tarte lasaia dago. Umeak eskolatik etxera doaz eguerdian, bazkaltzera. Denak uniformez jantzita. Kontinenteko beste leku askotan bezala, Hiesak kutsatutako herritar asko dago bertan. Egun osoan gurutzatu ditudan hamar pertsonatik sei.

Bidean topatu dut Light Providers elkartea.

"Vusi Kweyama kriminala zen –hala a azaldu dit bertako kide batek–. Eskola goizegi utzia, drogetan, borroketan eta lapurretetan ibili zen denbora luzez. Kartzelatik sartu-irtenean zebilela, bizitza-abildadeei buruzko ikastaro batean eman zuen izena. Ez  ikastaroa interesatzen zitzaiolako, bertako ordenagailuak ebatsi nahi zituelako baizik.

Lapurretaren ideia jakinarekin joan zen lehenengo egunean, baina harrituta geratu zen bertan entzundakoekin. Beste aukera bat eman zien, eta bigarrenean ere lapurreta atzeratu zuen. Hurrengo egunean ere berdin. Eta horrela, pixkana, lapurretaren ideia alde batera utzi eta bizitza berri bat hasteko beharraz jabetu zen. Berak sortua da Valley of Thousand Hills-eko Light Providers elkartea". Euskaraz Argi Hornitzaileak.

30 urteren bueltan dabilen Vusi ia jainkoaren pare dute bertako gazteek. Kanpo finantzaketa lortuta, herriko gazteei denbora librea pasatzeko leku bat prestatzea izan zen helburua. Oparitutako liburuekin osatutako liburutegia harro erakutsi didate, ondoan sei ordenagailu daudela. Alboko gelan komunitateko abesbatza osatzen duten zortzi neska-mutilek niretzako abestu dute. Ondoren dantza zuluak ere ikusteko parada izan dut.

20 urtetik beherako gurasoen kopuru altuak, Hiesaren epidemia larria, langabezia, pobrezia eta hezkuntza falta batzen diren leku honetara esperantza apurra ekarri du elkarteak. Bertan ezagutu dut orain hiru urte turista gisa etorritako australiarra. Orduz geroztik bertan ari da lanean, eta ez duela bere etxera itzultzeko inolako asmorik kontatu dit irribarretsu. Bertako biztanleek behar duten argi hori hornitzen laguntzeko prest da.

Oharra: Zuluen lurraldean barrena diaporama prestatu dut, inguruotako sentsazioak nolabait transmititu nahian.

 

  • Erantzunak (1)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • Eric - 2010-07-15 10:44:29: Diaporamak oso ondo daude! Asko laguntzen dute bertako onda ulertzen. Zulu nation! Afrika Bambaataa!!!!! Amanda!!!!!!!
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403