« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Afrikatik, egunero

Suak sortutako kea

2010-07-11 01:21:00 | Lander Arbelaitz

Keamogetswe Mothapo, Kea

Keamogetswe Mothapo, Kea

Keamogetswe Mothapo “Kea”-k 21 urte ditu eta Pretoria kanpoaldean dagoen Mabopane auzunean bizi dira anaia eta biak, aitonarekin. Ama orain hamar urte hil zitzaien eta aita beste auzune batean bizi da. Pronostiko guztien aurka, Kea ingeniaritza informatikoa ikasten ari da. Durbanera bi aste pasatzera etorria da, lehengusuaren etxera.

Ordenagailu bat erosteko dirurik ez eta hogei urteko aldea ateratzen dion lehengusuak bat oparitu zion. Hor ireki zitzaion informatikaren leihoa. Kontatu didanez, ikasketetan ongi aritu eta unibertsitatean hirugarren urtea amaitzen ari den arren, familian zenbaitek ez dute oraindik begi onez ikusten neska bat unibertsitatean ibiltzea. Bere eginbeharra familia osatu eta seme-alabak heztea da. Kea ordea burugogorra da eta entzungor egin die hitz gaiztoei.

Kosta-ahala-kosta, pixkana aurrera doa. Dena den, iaz bezala, urte amaiera heltzen ari da eta ezin dio unibertsitateko kuotari aurre egin. Aitonak erretiro pentsioa jasotzen du eta honek laguntzen dio diru zenbaitekin, baina ez da nahikoa. Ikasturtea amaitzean lan egin beharko du eta behin ordaintzen duenean, aurretik gainditua duen ikasturteko titulua emango diote. Ez du inondik ere pena edo tristura aurpegirik jartzen bere historia kontatzen duenean. Gauzak horrela dira eta etsi beharrean, aurre egitea erabakia du.

Bi urte barru, autoa erosi nahi du, baina horretarako ahal duenean gidabaimena atera beharko du lehenago eta horrek buruhauste gehiago ematen dio. Autoak ikaragarri gustatzen zaizkiola pentsatu dut, erosi nahi duen Golf GTIaren mila xehetasun eman baitizkit. Agian ez zen konturatuko nik autoei buruz ez dudala piperrik ulertzen. Irribarrea ateratzen zaio. Ziur naiz askotan ikusi duela bere burua auto horrekin Pretoriako kale lodiak pasiatzen.

Ametsak? Noizbait Miami, Paris edo Londresa joatea. Baina hobe horiei ez eperik jartzea.

Herrialde honetan, egoera gogorretan jaio eta eguneroko bidegurutzeetan biderik gogorrena hautatzen duen milaka pertsonetako bat da Kea. Bejondeiola.

 

  • Erantzunak (1)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • Ni - 2010-07-11 14:21:15: Ai ama,aunitzek karrera ateratzko lehenengo ikasgaiak ordaindu ta gro grokoak...ta btzutan bein baño gehiagotan errpikatu behar!ta gure kea nixka,edrki bre ikasketak ateri baña ezin ordaindu&titulua lortu!Lotsati ta ttikia sntitzn naz horrlako prtsona handi&borrokalarien ondun. Barkatu guapo,SFtan egon gara aste osun&bdakizu,bsta... Zeinen beteta&indartsu etorriko zaren gure ondora,pozten naiz.muxuk lesakatik guapo
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403