« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Afrikatik, egunero

Mac Maharaj: "Borroka armatua uztea mugimendu taktikoa izan zen beste aldeak negoziazioak serio har zitzan"

2010-07-06 20:40:00 | Lander Arbelaitz

Mac Maharaj

Mac Maharaj

Gaurkoa bezalako egunetan, pribilegiatua naizela pentsatzen dut kazetaria naizelako. Lanbide hau hautatu ez banu, ez nukeen sekula "Mac" Maharaj (ahoskatu "Majaratx") bezalako pertsona batekin mintzatzeko aukera izango. Hegoafrikako apartheidaren aurkako borrokaz hura lehen eskutik bizitu zuen ANCko kide historiko batekin lasai mintzatzea ez da egunero egin daitekeen zerbait. Maharaj meatzarien herrixka txiro batekoa da, borroka politikoan gaztetan hasi zen, 60 egunez torturatu zuten, arrautza azalekin zainak moztuta bere buruaz beste egiten saiatu zen, Robben Uharteko kartzelan 12 urte egin zituen Mandela eta konpainiarekin, apartheidaren gobernuarekin negoziatu zuen taldeko kidea eta ANC alderdiko ideologoetako bat izan da. Egun gobernuarentzat egiten du lan bere 75 urteekin.

Pretoriara joan naiz, Johannesburgotik ordu bete baino gehixeago autoz. Pretoriak bi milioitik gora biztanle ditu eta herrialdeak hiru hiriburu formal baditu ere, Pretorian dago gobernua hartzen duen Union Buildings eraikin erraldoia. Eraikinak herrialdean izandako agintari zurien handi-nahiak ekartzen ditu gogora, bere belardi eta zuhaixka dotoreekin. Atal ezberdinak ditu eraikinak, Presidency-ra joan behar izan dut nik.

Maharaj-ren bulegoa zabala eta argitsua da, espazio askokoa. Atetik sartu eta parean gonbidatuak hartzeko sofa eta bi aulki eroso daude mahai txiki baten inguruan. Ezkerretara lanerako mahaia du ordenagailuarekin, leihoaren ondoan. Kontrako paretan armairu bat liburu batzuekin. Bi koadrok dekoratzen dute gela. Batean Jacob Zumaren argazkia, egungo presidentea. Bestean, nola ez, herrialde honen aita.

Mantso, argi eta era ordenatuan mintzatzen da. Kafea atera didate abegikor, eta elkarrizketaren amaieran, seko hoztuta, konturatu naiz probatu ere ez dudala egin. Elkarrizketa osoa aste batzuk barru publikatuko dutu, eta Brian Currinekin egindakoa ere bai. Oraingoz, aurrerapen bat jartzen dut:

Zergatik amaitu zuen ANCk borroka armatua

"Mandela askatu ostean, lehen aldiz ANC eta gobernuaren arteko bilera ofizialak hasi ziren. Presoen kaleratzeaz, erbesteratuen etxeratzeaz eta abarrez eztabaidatzen genuen. ANCko Komisio Exekutibo Nazionaleko kideok erabaki genuen hurrengo bileran arerioa ezustean harrapatu behar genuela, borroka armatuaren suspentsioa mahai gainean jarrita. Inongo baldintzarik gabe. Horrek, munduaren eta gure jendearen aurrean posizio indartsua lortzea ahalbidetzen zigun, eta apartheidaren gobernuari presioa ikaragarria jarriko zion pausoren bat eman zezan. Mugimendu taktikoa izan zen beste aldeak negoziazioak serio har zitzan. Nik uste jokaldi ona izan zela, hiru hilabetera negoziazioak hasi baitziren".

Liderraren figuraz

"Munduko gatazka guztietan, askatasuna lortzeko borrokak ezaugarri jakin batzuk dituen jendea lider bilakatu ditu: osotasuna mantentzen dute, ikuspegia garbi beti, gatazkarekiko fidel dira eta ez dute etsitzen. Errepresioak sortutako min handi bat pairatzen dute beren idealak defendatuz jendearen zerbitzura egoteagatik. Mandela horietako bat izan da. (...) Munduak apartheidaren preso guztiak irudikatzeko sinbolo gisa erabili zuen eta denen askatasuna eskatu zuen, identifika zezaketen figura batean oinarrituz".

Negoziazio formalak hasi zenituztenean, bakea lortzeko euren asmoak zintzoak zirela sinesten zenuen?

"Batzuk diote konfiantza elementu garrantzitsua dela negoziatzeko orduan. Ni prozesuko idazkari izendatu ninduten, eta esperientziaz diot, konfiantza ez zela elementu garrantzitsua izan. Negoziazio bidez, herriaren interesak arrakastaz babestea da helburua. Ez dut uste apartheid erregimenean konfiantza izatera heldu nintzenik sekula. Kide batzuk errespetatzera heldu nintzen, baina nire baitan, isilean, ez nuen sekula alboratu euren interesak nolabait mantendu nahi izango zituztela. Normala da. Ez dut jendea egun batetik bestera aldatzea espero".

Aldaketa bultzatu nahi duen indar politikoaz

"Beti egongo da aldaketa ekidin nahi duen indarren bat. Bere burua etorkizunaren arkitekto ikusten duen mugimendu politikoaren erantzukizuna da helburuen bidea eginez, beste aldea zatitu eta ahultzea. Ez indarrez, baizik eta logikaren eta erabakien bitartez".

[Uztailaren 22an idatzitako oharra: Elkarrizketa osoa sarean irakurgarri dago]

 

  • Erantzunak (5)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • xibier - 2010-07-08 00:56:53: elkarrizketa guzti hauek, oso-osoak irakurtzeko kriston gogoak ditut.
  • Eric - 2010-07-07 17:10:11: Benetan interesgarriak orainarte egindako elkarrizketak eta erreportaiak. Hegoafrikako futbol mundiala aitzaki hartuta kriston erradiografia egin diozu bertako gizarteari. Segi horrela! Ama lurra sentitu!
  • Eric - 2010-07-07 17:00:34
  • Joxe - 2010-07-07 00:22:02: Oso itxura ona dauka elkarrizketak. Zorionak
  • Jorge Mujika - 2010-07-06 22:43:15: Liderrari buruz ari denean Otegiz ari liteke lasai asko. Osoa irakurtzeko irrikitan nago
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403