« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Afrikatik, egunero

Khayelitsha, auzune arriskutsu hori

2010-06-26 23:12:00 | Lander Arbelaitz

Khayelitshako gazteak

Khayelitshako gazteak

Orain arteko hiru gauak Cape Town erdialdeko ostatu batean egin ditut. Khayelithsara nindoala erantzun diot sarrerako emakumeari, kortesiaz nora nindoan galdetu didanean. Ez zuen halakorik espero. “Khayelithsara zertara zoaz baina? Kontuz ibili”, atera zaio barrutik. Khayelithsa Cape Town kanpoaldean dagoen auzunea da, ingelesez township. Orain sei urte, ostatua ireki zuten negozio ikuspegia zuten bi kidek, eguneroko ogia irabazteaz gain, turismoa auzunera erakarri eta bertako ekonomiari bultzadatxo bat eman asmoz. eKasie du izena ostatuak eta bertatik ari naiz, Ghana eta AEBen arteko partida telebistan dagoen bitartean.

Eguerdi partean atera naiz motxilak enborraren alde banatan, Cape Town erdialdera. Kale berean, 100 metro beherago zeozer gertatu da. Ikaragarrizko jendetzak espaloia blokeatu du eta zenbait polizia auto ere hurbildu dira. 100 bat pertsona, mugikorrak eskuetan, denda baten kanpoan. Ikusmina AEBetako presidente ohiak sortu du. Bill Clinton Hegoafrikan dabil eta Afrikako oroigarriak saltzen dituzten denda batera sartu da.

Gertaerak harrituta agurtu dut hiri ederra. Ordu laurden ere ez autoan eta zeharo mundu ezberdin batean pausatu ditut oinak. Haizeak hara eta hona darama hondar kapa fina asfalto gainean. Auzuneak Apartheid garaian sortu ziren, orduko gobernuak arraza ezberdinetako jendea elkarrekin ezin zela bizi erabaki zuenean. Hala, beltzak eta mestizoak hirietatik kanporatu zituzten.

Arrazakeria legalaren ondorio dira egun, demokrazia iritsi eta 16 urtera, Hegoafrikako herri eta hiri guztien kanpoaldean dauden asentamentu beltz hauek. Khayelitsha Bilbo baino handiagoa, ia milioi bat pertsona bizi baitira hemen. Herrialdeko bigarren populatuena da, Johannesburg kanpoaldean dagoen Soweto ezaguna pixka bat handiagoa baita.

Munduko Kopa hartu du herrialdeak eta ostatuko apopilo bakarra naiz. Nirekin batera etorri den AEBetako 35 bat urteko emakumeak, inguruarekin asaldatuta, Cape Town erdialdeko hotel batera joango dela erabaki du. Zerbait jatera eraman nau Luba ostatuko jabeak. Denetik ikusi dut autoaren leihatilatik: zonalde batzuetan adreiluzkoak dira etxeak, beste batzuetan txapaz egindakoak. Txapazko etxeen zonaldea labirintoa ikaragarria da. Kanpotik ikusten dira tabernak, ile apaindegiak, haragia erretzeko postuak, espaloia ibilezin egiten dituzten 50 ate bata bestearen ondoan jarrita, komunak... Eta batez ere, jende asko ikusten da atzera eta aurrera.

Ostatuaren kanpoan ordu eta erdiz ibili naiz bertako haurrekin jolasean. Kalean gurutzatu dugun pertsona guztiek begiratu naute, baina behin “molo” esan (Xhosaz kaixo), eta denek, irribarrez edo hatz potoloa gora galdetu didate zer moduz nagoen, ea dena ongi doan. Jende xumea da. Cape Townen ez bezala, inork ez dit zentimo bakarra eskatu arratsalde osoan, nahiz eta hemengo herritarren %60 langabezian dagoen. Duintasun handiko jendea da. Lubak esan didanez, “%99'9 jende zintzo eta gizalegez betea” dela ikusiko dut. “Tentuz ibili behar da kalean, tamaina jakin batetik gora duen munduko edozein hiritan ibili behar den bezala”.

Ia milioi bat pertsonako itsasoan, tanta zuri bakarra naizela otu zait bat-batean, baina haurrek nire gainera igoz jarraitu dute, denek nahi dute argazki bat. Beren txapelak jarri dizkidate buruan eta nire telefono mugikorreko jolasekin ibili nahi dute. Eskutik eutsita erakutsi dizkidate non dagoen eskola, non jolasten diren eta zakurrei harriak nola botatzen dizkieten. Apenas ezagutzen naute eta 10 urte ez dituzten ume hauek muxuak eman dizkidate.

Ziur naiz, Hegoafrikan daraman denbora osoan, ez dela hain maitatua Bill Clinton bera ere sentitu. Hain gertu eta hain urrun dagoen Hegoafrika hau ez duela ezagutuko.

 

  • Erantzunak (6)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • NI - 2010-06-28 19:46:29: Ze pasada txikitin!!!a ze bideo puska...nola jeisten al da?Artista bat egina zaude... A ze bizimodua gurendik urrun baina hain urbil aldi berean...zeinen gogorra eta sentimendu nahastea irudi hoiek eta hitz, ahots eta haur hoiei entzutean....zaindu prezioso.
  • Ambrosse Ikus-Entzunezkoak [Facebook bidez] - 2010-06-28 16:52:47: Hi Lander, argazkiak hik atereak dira? Oso onak!!! Asko badaude Magnun-ekoak diruditenak!!
  • Xabier Otamendi Berakoetxea [Facebook bidez] - 2010-06-28 16:52:06: “%99'9 jende zintzo eta gizalegez betea” ta seguru horrela dela. hemen portzentaia %10 edo
  • Izaro Mitxelena Rekondo [Facebook bidez] - 2010-06-28 16:51:18: ZEINEN PPOYITA GAURKOA ERE....
  • xibi - 2010-06-27 13:35:18: artikulu earra eta segi disfrutatzen!!
  • joxe - 2010-06-27 11:46:37: Oso artikulu ederra. Zorionak
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403