« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Afrikatik, egunero

Dantza zuluak eta house musika

2010-06-24 16:45:00 | Lander Arbelaitz

House dantzari fina zuluz jantzita

House dantzari fina zuluz jantzita

Batzuetan gertatzen dira horrelakoak kazetaritzan, eta datozen bezala hartu behar dira: Asyen gaztea ez da 11:00etan zitara agertu. Iritziz aldatuko zuen.

Gauzak horrela, Cape Towngo udaletxea ikustera joan naiz. Momentu historikoak modan daudenez, historiara pasa zen momentua bizitu zuten bertan 1991. urtean, Mandela kartzelatik atera eta bertan milaka pertsonari zuzendu zitzaienean.

 

Mandelak, 27 urte kartzelan egin ostean, udaletxeko leihotik herritarrak borrokan jarraitzeko animatu zituen, baita euren helburuak lortu arte borroka armatuarekin jarraitzeko ere. Helburua beltz eta zurien askatasuna zuen.

Gaur, Mandelak hitz egin zuen balkoia Afrikako urrezko mapa batek apaintzen du. Bertara igo eta hark ikusi zuena imaginatzen saiatu naiz, baina parez-pare FIFAk hirirako prestatu duen kanpaleku erraldoia ikusi dut. Aipatu gunea poliziak zaintzen duen hesi metaliko batek inguratzen du. Sarreran segurtasun gunea dago, bertaratzen diren futbolzaleen segurtasuna zaintzeaz gain, eurena negozioa zaintzeko. FIFAko babesle ofizialen merchandising-etik kanpo dagoen ezer ezin da gunean saldu, ez izozkirik, ez bufandarik, ez banderarik eta ez ezer. Tinta asko erabili dute Europako hedabideek bertako kaleko saltzaileen kexak zabaltzeko.

Behin barnean, gune ezberdinak daude: sarreran kolore guztietako bandera eta vuvuzela famatuak daude salgai, ondoan ehunka mahai eta aulki gosea asetzeko, eta bertatik ez oso urrun taberna-karpa erraldoia futbolzaleen egarriari aurre egiteko; gunerik zabalena agertoki handiak hartzen du, goiz goizetik Herbehereetako koloreekin apainduta. Kamerunen aurka jokatzen du Herbehereetako taldeak gaur eta Afrikako herrialdea ez dute aipatu ere egin antolatzaileek goiz osoan, nabari da urrunago egonagatik nondik etorri diren turistak. Aurretik aipatuez gain, FIFAren propagandarako guneak daude, gazteenek futbolean jokatzeko zelai txiki bi, eta azkenik, musika kanporatzen duen beste karpa bat. Azken honetan sartu naiz atseden hartzera, aulkiak baitaude.

Aurkezle hiztun bik ume eta ez hain umeak ateratzen dituzte agertokira, binaka. Musika hautatu eta norberak bere txandan dantza egiten du. Publikoaren txalo gehien jasotzen dituenari turuta erraldoi okerra ematen diote, bigarrenari baloi formako txapel handia. Gazteak gozatzen, gurasoak zer esanik ez.

Publikoaren barnean beltz eta zuriak seko nahastuta daude, erdi eta erdi. Beltzen dantzarako zaletasunak harritu nau: odolean daramate. Herbehereetakoak dira karpan dauden zuri guztiak, eta hauek Shakirak txapelketarako prestatutako Waka Waka eskatzen dute behin eta berriz. Gazte beltzek berriz House musika hautatzen dute. Bost urteko ume beltzaranak irabazi du publikoaren txalo zalapartarik handiena. Nirea ere bai. Hamar urte barru nola egingo ote du dantza neskato honek!

Bertakoak ikusi ostean, erdialdera jo dut berriz. Ordubete batera eta bestera ibili ostean, zer ikusiko eta lehenxeago House musika dantzatzen ari ziren neskatila koadrila, hankutsik eta jantzi Zulu tradizionalak gainean. Turisten argazki kamerei laster kea aterak zitzaiela uste nuen. Turistak, pozik, dirua bota eta bota Afrikako ume gaixooi.

Ziurrenik ez dira zuluak, baina hori da turista gehien erakartzen duen kultura. Dantza hauekin ateratzen dute eguneroko ogia. Laneko orduetatik kanpo, ordea, house musika. Globalizazioa hego hemisferioaren muturreraino ekarria.

 

  • Erantzunak (2)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • ivan aizpurua - 2010-07-09 09:11:03: Kaixo Lander! Argi dago primeran zaudela ta bizitzako momentu ahaztezinetako bizitzen ari zeala. Disfrutatu! House dantzatu ta Zulu jantziekin zeuden neskatxak komentatu dituzu eta Mombay-en topatutako 7-8 urteko neskaz gogoratu naiz. Ez dakit Hegoafrikan berdina gertatuko den baƱa gaztetxo hauek turistengandik dirua lortzen dute, bai, baina diru honen zati haundi bat beraien "jabeak" jasotzen du. Pena ematen du, benetan. Hurrengo anekdotak irakurtzen jarriatuko det. Oso interesgarria! EHZ osondo! Zure mezua jaso genun!!
  • Gorri - perolo barik - - 2010-06-24 17:06:22: Txuri zein beltza denak dantzan eta euskaldun bakarra kalabazak jaso ostean eserita, garagardoari pega pega eginda. Etxean bezala, alegia! ;) Animo artixta! Desmond Tuturekin argazkia nahi dugu!
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403