« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Afrikatik, egunero

Currin: "Ezker abertzalearen gidaritza alde militarretik alde politikora pasa da"

2010-07-01 10:00:00 | Lander Arbelaitz

Brian Currin

Brian Currin

Johannesburgoko bere bulegoan hartu nau Brian Currin abokatu eta nazioarteko "bakegileak". 11. solairutik hiriaren ikuspegi ederra du, Sandtom auzoan. Hegoafrikako egungo egoerari eta Euskal Herriari buruz mintzatu gara. Hemen berarekin egindako elkarrizketatik zenbait pasarte.

Kontzientzientzia politikoaz

"Abokatu ikasketak amaitzean, Pretoriara joan nintzen lan praktikak egitera: apartheidaren hiriburua. Konpainia komertzial batean ari nintzen abokatu lanean. Smangaliso Mkhatshwa apaiz beltz aktibista atxilotu zuen poliziak, eta Eliza asistentzia legal bila hurbildu zitzaigunean, aukerarik merkeena nintzenez, niri eman zidaten kasua. Nire bizitza aldatu zuen erabaki horrek. Hegoafrikako politika ulertzen orduan hasi nintzen”.

Apartheida babestu zuten zuriekin berradiskidetzea

"[Behin demokrazia ezarrita] Erabat hunkitu ninduen polizia afrikaner zuriak bandera zaharra zegoen mastilera hurbildu, bandera zaharra jaitsi, berria aireratu eta nola agurtu zuten ikusteak. Polizia errespetu eta leialtasun horiek keinu hori egin zuten unean, nire polizia zirela sentitu nituen, lehen aldiz. Ordura arte nire arerio izandakoekin berradiskidetze pertsonala hor hasi nuen. Euskal Herriko kontuetan eta beste zenbaitetan bidaide dudan Roelf Meyerrekin adibidez".

ANC eta borroka armatuaren amaiera

"ANC barnean jende asko zegoen borroka armatua behin betiko amaitzearen aurka. 80. hamarkadaren amaieran, ordea, ANCko “gogorrak” ziren horiek ere konturatu ziren Hegoafrikarentzat alternatiba bakarra zegoela: negoziazio baketsua. Bide horretatik jarraituz gero, herrialdea denontzat suntsituko genuela. Momentu hori oso garrantzitsua izan zen. Bi aldeak konturatu ziren ez zegoela soluzio hoberik irtenbide negoziatua baino".

Pobrezia eta arrazen arteko harremana

"Pobrezian bizi den pertsonak, ia ezer gabe bizi denak, herrialdeak ez duela behar bezala eboluzionatu sentitu behar du derrigor. Ikusten dute zuriek zer duten eta horrek bi taldeen arteko tartea zabaldu besterik ez du egiten. Lana bultzatu behar da eta biztanle bakoitzari bere abildadeak garatzeko aukera eman behar zaio. Behin jendeak etxea eta lana lortzen dituenean normal bizitzen hasten da, eta orduan arrazen arteko harremanak hobetzeko aukera sortzen da. Herrialde honen arrakasta, neurri handi batan, politika ekonomikoan dago".

Munduko Futbol Txapelketa eta berradiskidetasuna

"Herritar zuriak gure selekzioa babesten ikustea zoragarria da. Kalean jende asko dabil kamiseta horiak jantzita. Orain arte beltzen kirola izan den hau guztiz babestu dute. Beltzak honelako keinu baten zain zeuden, eta askok esan didatelako dakit, izugarri poztu dira".

Euskal Herriko egoera eta Madrilgo gobernuaren jarrera

"Ezker abertzaleak hasitako prozesuan zer gertatzen den ikusteko itxaroten ari da Madrilgo gobernua. Ikusten badute benetako aurrerapenik, eta aukera ikusten badute, espero dut probestuko dutela. Baina oraindik zenbait lan egin behar da ezker abertzalearen aldetik aurrerapen horiek ikus ditzaten Madrilen. Askotan esan izan dut, bestalde, egun garatzen ari den prozesuari Madrilek erantzun positibo bat ematea garrantzitsua dela".

Baikor izateko arrazoirik ba al dugu?

"Arrazoi onak daude baikor izateko. Uste dut ezker abertzaleak heldutasunera pausoa eman duela. Badakite euren estrategia politiko berriak emaitzak eman ditzakeela. Sinesten dut bide horri eutsiko diotela eta ez dutela atzera egingo. Aurrera bultzatuko dute ETAren buruzagitzak posizio hau babestu arte. Ezker abertzalearen lidergoa aldatu dela uste dut, alde militarretik alde politikora pasa da gidaritza. Hori garrantzitsua da".

[Uztailaren 14an egindako oharra: Elkarrizketa osoa sarean irakurgarri dago]

 

  • Erantzunak (3)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • Mariaje - 2010-07-01 21:20:27: Aupa Currin! Hain urrutitik etorri behar azkenean norbaitek orden pixka bat jartzera. Denok ETAren zai gaude, espero dut desarmea nola egingo duten eztabaidatzen ari direla.
  • Nelson - 2010-07-01 16:09:47: Gizon hau bat-batean agertu da gure bizitzan, baina gogor sartu da gero! Espainian ziur ez dutela oso gustoko.
  • KojuaHBHH - 2010-07-01 10:49:41: Eskertzen da munduko koparen aitzakiaz Hegoafrika hobeto ezagutzeko aukera ematea. Beste hedabide batzuk jarrraitzen dituztenek han gertatukoaz gehiago jakin gabe jarraituko dute finalaren osteko egunean. Zorionak
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403