« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Afrikatik, egunero

Carlin: "Zortez aldatu egingo da Europak Hegoafrikaz duen pertzepzioa"

2010-07-01 16:56:00 | Lander Arbelaitz

John Carlin

John Carlin

John Carlinekin hitz egiteko aukera izan dut gaur goizean. Herrialdeaz artikuluak idatzi eta idatzi ari dela esan dit, Europako, Brasileko eta Hegoafrikako egunkarientzat. Hegoafrikara lehen aldiz 1989an etorri zen kazetari korrespontsal gisa. Kazetari eta idazle honek urteak egin ditu bertan eta herrialdea oso ongi ezagutzen du. El Factor Humano (ingelesez Playing the Enemy) liburua kaleratu zuen Hegoafrikan 1995ean  jokatutako Munduko Errugbi Txapelketak herrialdearen berradiskidetzean jokatu zuen papera azalduz. Liburu bikain honetan oinarrituta egin zuen Clint Eastwood zinema zuzendariak Invictus filma. Herriadlearen analisia egin dugu. Hemen zenbait puntu.

Apartheidaz

"Dena ikaragarria zen. (...) Beltzek zuriengana ez horrenbesteko gorrotorik izateak ere harritu ninduen. Ikaragarria zen beltzen arrazismo eza. Ni pertsona zuri gisa auzune beltzetan sartzen nintzen tentsio handiko uneetan, sarraskien ostean, eta nik errespetuz jokatzen nuenez, nirekin ongi jokatzen zuten. Kalitate humano handia dute Hegoafrikako beltzek".

16 urte  bete ditu demokraziak hemen

"Hegoafrika demokrazia egonkorra da. Kontutan hartu urteetan aukera handiak zeudela beltzak altxatzeko, eta behin beltzak boterera helduta, eskuin muturraren adar biolento bat sortzeko. Ni oraindik harritzen nau 16 urte pasa direla jakitea eta ez dela inondik ere eskuin muturrekoa litzatekeen ETA edo IRArik sortu. (...) Herrialde normal bilakatu da, galdu du Mandelaren garaian izan zuen berezkotasun epiko hori eta egun dituen arazoak beste hogeinaka herrialderekin partekatzen ditu".

Nelson Mandela

"Askatu eta hurrengo goizean nazioarteko kazetarion aurrean egin zuen prentsaurrekoa. 27 urte kartzelan paseak zituen pertsona misteriotsua zen guretzat. Gertutik ikusi nuen. Bera hizketan hasi eta minutu gutxira konturatu nintzen bizitza osoan ezagutuko nuen figura politikorik handienaren aurrean nengoela".


ANC eta borroka armaturen amaiera

"ANCren borroka armatua ez zen ez oso odoltsua, ezta militarki oso konprometitua ere izan. Beren naturaren aurka zihoan jendea hiltzea. (...) Behin MK-ko lider ohi batek esan zuen bezala, “propaganda armatua zen borroka armatua baino”.

Nolatan ez ziren beltzak mendekatu?

"Europarrontzat ulertzea zaila den eskuzabaltasuna izateaz gain, Mandela eta bere inguruko jende askok ikaragarrizko pragmatismoa erakutsi dute. Bake prozesuak aurrera egin bazuen politikoki helduak izan direlako izan izan zen. Arerio zaharraz mendekatzeak erreakzioa sortuko zuela argi zuten. Dudarik gabe, eskuin muturreko talde terrorista bat sortuko zen herrialdean. Kontutan hartu hemengo zurien artean arma asko eta ikaragarrizko esperientzia militarra zegoela, askok Angolako gudan borrokatu baitzuten. Jende horrek herrialdea deusez zezakeen, eta Mandelak hori bazekien".

Korrupzioa egungo gobernuan

"Mandelaren oinordekoak ere, nahiko ezgauzak izan dira. Mandelaren helburua demokraziaren oinarriak finkatzea izan zen eta lortu zuen. Hurrengoen helburua ekonomia hobetzea izan da: etxeak, argia, lana... eta lana berez zaila bada, gehituiozu gobernuko korrupzioa handia. Batere balio ez duen jende asko dago, eta gora doa Mandelaren espiritutik aldentzea babesten duen jendearen kopurua. Nazioaren mesedetara egon beharrean, euren mesedetara daude".


Europako hedabideek Hegoafrikari eman dioten tratua

"Espero dut aldatuko dela. Jendeak behingoz ikusiko duela betiko topikoa, "tentsio arrazial ikaragarria dagoen herrialde hau zuri eta beltzen arteko guda odoltsu batean amaitzeko amildegian beti..." amaitu egingo dela behingoz. Jendea ikusten ari da. 15.000 kazetarik hori ikusi dute, gehienak zuriak. Kazetari hauek ikusi dute herritar beltzen artean ez dituztela mespretxuz hartu. Zortez aldatuko da pertzepzioa. Herrialde normala da. Ez dago guda baten inguruan, eta azken hilabeteetan txorakeria asko idatzi da. Behingoagatik amaitzea espero dut".

 

  • Erantzunak (2)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • Iñaki - 2010-07-14 23:02:25: Nire herriko taberna batean... barkatu, berriro hasiko naiz, badaezpada: nire herrian dagoen taberna batean nengoela, As kirol egunkari espainiar eta eskubitar petoaren kontrazalarekin topo egin dute nire begiek. Tipo baten zutabea zeukan, izena ezagun egiten zitzaidan... Bai, John Carlin bera zen. Futbola eta politika lotzen zituen artikulu batean, uste nuen halako egunkarietan holako gauzak gustu txarrekoak kontsideratzen zituztela. Baina jakina, Carlinek bota dituenak botata, ongi etorria politika, pentsatuko zuten As-eko arduradunek. Hona harribitxi batzuk (izan ere, artikuluaren lehen bi parrafoen itzulpena doakizue hemen): "Iragarpena: FIFAk iragarri egin zigun. Munduko Koparen baliorik handiena, futboletik askoz harago, zatitutako herrialde bat batzea izango zela. Zauriak itxiko ziren, zubiak eraikiko ziren lehen samina eta zatiketa besterik ez zeuden lekuan. Ustez, Hegoafrika izango zen herrialde hori. Ez, ba. Hegoafrika badago oso batuta, eskerrik asko. Ez estatut, ez ETArik, ez erregioen biktimismorik”. Harrapazank! Hasteko, ez dago txarto. Ea bigarren parrafoak zer dioen: “Ezusteko handia: zauriak sendatu beharra zeukan herrialdea, zein eta Espainia zen. Eta, o ustekabea!, zerbait ari da gertatzen paraje zahar hauetan [Espainiaz ari da]”. Ez dut itzultzen jarraituko. Ondoren datorrena futbol talde baten garaipenak –ni ordezkatzen ez nauen talde bat, porsierto- batasunari eta bizikidetzari egingo dien mesedeari buruzko hausnarketa -nolabait izendatzearren- batzuk dira. Baina Carlin ez doa oso muinera. As-ek saldu nahi dituen lau topikoetan geratu da, bizikidetzaren etsaiak izendatzean Kataluniako estatutua, ETA eta “erregio” batzuen ustezko biktimismoa besterik ez aipatzeak agerian uzten duenez. Ez da bizikidetzaranzko aurrerapausorik eman, Carlin jauna. Espainiarren garaipena ospatu dutenak, Madrilen, Bartzelonan edo Zarautzen, espainiarrak dira, bazeuden batuta aurretik. Eta ezustean euskal edo katalan abertzaleren bat espainolismora bihurtu bada Xavi eta Xabiren balentriei esker, hori ez da alde bien arteko hurbilketa, hori da alde batek bestea asimilatzea. Kitto. Ni, behintzat, orain lehen baino abertzaleagoa naiz, orain are urrunago nago Espainiatik Munduko Kopa hasi zenean nengoena baino, niri dagokidanez behintzat Espainiaren garaipenak zatiketa areagotu du. Eta ni ez naiz biktimista, mister Carlin. Ni biktima naiz.
  • Sintxan - 2010-07-01 17:59:03: Carlin darling, earra bota duk ba! "ez dela inondik ere eskuin muturrekoa litzatekeen ETA edo IRArik sortu" Hara! Lasaitu polita hartuko zenuen hori bota osten! Ikaragarria da aditu bezala aurkezten dizkiguten pertsonek izan dezaketen ezjakintasuna.
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403