« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Afrikatik, egunero

Burbuila zuria eta orratza beltza

2010-06-25 12:43:00 | Lander Arbelaitz

Jay eta Sascha

Jay eta Sascha

Jay eta Sascha hegoafrikar petok dira. Euren familiak herrialdean aspalditik errotuta, harro esaten dute hegoafrikarrak direla. Jay eta Sascha zuriak dira gehiengo handia beltza den herrialdean.

Eskuzabaltasun osoz, ezertaz ezagutzen ez duten kazetari europarra etxera gonbidatu dute afaltzera. Senar-emazteen etxean egin genuen bart afaria, Cape Town kanpoaldean dagoen Observatory auzo lasai eta dotorean. Kolore biziz dekoratutako etxearen alde banatan autoarentzat aparkalekua batean, eta bestean, belardi txikia dute. Finn izeneko seme ilehoria izan zuten orain bi urte eta orain arreba ekarri nahi diote. Familia zoriontsua dirudite.

Herrialde honetako zuriek (biztanleen %9'6) gainontzeko beltz (%79), mestizo (%8'9) eta asiarrekin (%2'5) nahi zutena egin zuten ia ia, kontinente beltzaren mutur honetan asentatzen hasi zirenetik, kopuru handitan orain 200 urte inguru. Zapalkuntza hori 1948an erabat formalizatu zen eta arrazismo legalak 1994. urtera arte iraun zuen. Erraz esaten da, baina 46 urtez bizitu egin behar da horrela, izan beltz edo izan zuri.

Aipatu kideak munduan barrena bidaiatzen ibiliak dira, eta biek ezagutu dute Euskal Herria, Europan egindako bidaietan. Jay jatetxe baten jabea da eta Sascharen enpresak bezero ezberdinei artikuluak idazten dizkie, hala nola, Cape Towngo turismo bulegoari. Ardo zuria edanez egin dugu afari bikaina.

Hegoafrikako zuriek Apartheid garaia nahiko arraro bizi dute. Deserosoa da eurentzat historiako kapitulu horren bultzatzaile ez izanagatik, konplize izan zirela pentsatzea. 14-16 urteren bueltan zebiltzan lauak lehen hauteskunde demokratikoak egin eta herritar beltzek historian lehen aldiz bozkatu zutenean. Zeharka badiote ere, beldurra pasa zuten euren familietan. Euren zorionerako, Nelson Mandela hautatu zuten beltzek euren lider. Hori orain 16 urte besterik ez zen izan.

Hegoafrikar zuriak burbuila batean bizi ziren, euren hitzekin esanda. Ez zen prentsa askatasunik eta herrialdeko egunkarietan apenas irakur zitekeen polizia auzune beltzetan egiten ari zen sarraskien berri. Hori dute zuriek ihesbide. "Gauzak oso arraroak ziren garai batean bizi ginen". Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik, dio esaera zaharrak.

Etxean ikusia ikasi zuten zuriek, eta gutxi izan ziren Apartheidaren aurka ahotsa altxatzera ausartu zirenak. Beldurraren mezua oso sartuta zegoen. Kanpoan zebilen basati komunista behin boterera heltzen bazen, matxetea hartu eta denak hil edo itsasora botako zituela zioten zurrumurruek. Milaka izan ziren, hauteskundeen aurreko urtean herrialdea utzi eta Australiara ihes egin zuten zuriak. Horien aurka bai, horien aurka mintzo dira. Eurak herrialdean geratu ziren eta herrialde moderno honen kide dira egun.

Beltzek bozka zezaketen “kolono bat, bala bat” lelo zuen PAC alderdi panafrikanista. Hauteskundeetan botoen %1 atera zuten hauek. Beltzen %80k ANC alderdia bozkatu zuen, adiskidetasunaren eta reparazioaren aldeko mezua zabaldu zuen alderdia. Alderdi horretatik begiratuta, zorte handia izan dutela uste dut, eta egun politikarien korrupzioa aipatzen badute ere, hori horrela izan zen.

Herrialde honetan gertatu dena munduko txoko gutxitan gertatu da. Urteetan zapaldua boterera iritsi eta errebantxa eskatu beharrean, eskua luzatu zion zapaltzaileari. Zuri askoren erruduntasun sentimendua handitu egin zuen horrek, "basatiak" gizalege eta humanismo irakaspen ikaragarria eman baitzion.

Apartheidetik demokraziara nahiko erraz pasa zen komunitateko kide da bikotea, eta begiradan nabari zaie ez zaiela politikaz hitz egitea asko gustatzen. Egia asko mahai gainean jartzen dituen kontu deserosoa da. Burbuila zuria orain 16 urte lehertu zuen orratza beltzak, nahiz eta asko oraindik bestaldera begira bizi diren.

 

  • Erantzunak (1)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • Jon de la Hoz [Facebook bidez] - 2010-06-28 16:54:36: landerr lan bikaina,zure artikuluak irakurri ditut ta oso ondo ari zea.oso ondo segi eta disfrutatu.besarkada bat
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403