« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Afrikatik, egunero

Benetako arazoak

2010-07-09 23:03:00 | Lander Arbelaitz

Malcolm Yselon

Malcolm Yselon

Judua da Malcolm Yselon eta Johannesburgon bizi da. Bere aiton amonak Letoniatik etorri ziren. Malcolmek eta bere beste lau anai-arrebek apartheid garairako oso hezkuntza aurrerakoia jaso zuten, etxean beltzak eta zuriak maila bereko pertsonak direla erakutsi baitzieten. Apartheid garaian herrialdeko kolektibo judua oso aurrerakoia izan zen eta gehienbat apartheidaren aurka zegoen Progressive Party-ko legebiltzarkide bakarra bozkatzen zuten: Helen Suzman.

Malcolm jaioberria zenean emakume beltz batek zaintzen zuen. Askotan ibiltzen zen hemen hain ohikoa den oihal batekin bilduta emakumearen bizkarrean alde batetik bestera. Emazte honen semea zuen bere lagunik onenetakoa, adin berekoak baitziren. Familia beltz batek adoptatutako haur zuria zela pentsatzen zuen askotan jendeak. Umetatik arrazismoaren aurkako balioak zeharo barneratu zituen.

Familiak sukalde industrialak egiteko enpresa bat zuen Johannesburg kanpoaldean, auzune txiro batetik ez oso urrun. Aita berak 14 urte zituela hila, bost semeetan gazteena, goiz hasi zen lanean, eta bigarren anai batekin batera, familiako enpresaren kargu egin zen.

Langabeziak gogor jotako parajeetan, inguruko auzuneko jendeari lana ematen zioten eta bertan eskolak eta komunitate proiektuak egiteko dirua jartzen zuten Yselon eta bere familiak. Maitatuak ziren auzune txiroan, bertakoen bizi baldintzak hobetzen laguntzen saiatzen baitziren. 17 urte egin zituen sukaldeekin lanean. Emaztea, eta bi haurren aita da.

Orain sei urte, goizeko lauetan anaiarekin lanera joan zen. Kanpoan lau pertsona zain aurkitu zituzten makil eta pistolak eskuan. Bertako diru guztia nahi zuten, baina hauek bertan dirurik ez izaki eta gauzak okertu ziren. Anaia eta biak, behin lepotik soka bana pasata, sabaitik zintzilikatu zituzten. Amaitzeko bakoitzari bi tiro eman eta alde egin zuten ezer lapurtu gabe.

Goizean goiz, langileak lanera iritsi zirenean anaia hila eta Malcolm hilzorian aurkitu zituzten. Malcolm ozta-ozta salbatu zen eta bi hilabete egin zituen ospitalean. Ondoko auzuneko lau zimbabwetar identifikatu zituzten eta egun kartzelan daude lauak. Auzuneko jendea babesa ematera joan zitzaien, baina enpresa itxi eta beste norabait joatea erabaki zuten. Egun hotel batentzat egiten du lan.

Istorio honekin herrialde honen arazorik handienetako bat irudikatu nahi dut: kriminalitatea. Askotan beste herrialdeetan inongo zentzurik ez luketen neurrietaraino eramana.

John Carlini galdetu nion bere ustez zergatik zegoen herrialde honetan horrenbesteko kriminalitate tasa altua. Hemen bere erantzuna:

”Hegoafrika, ez da hirugarren munduko herrialdea, ezta lehenengoa ere. Bigarren mundukoak da. Klase ertain handia dago, pobrezia handiz inguratua. Beraz, klase ertaina jateko ezer ez duenarentzat pastel handia da. Inguruko herrialdeetan guda zibil oso odoltsuak izan dira, baina hauek amaitu eta orain gosea da bertan. Jendeak hegoafrikarrei armak saltzen zizkien ogiaren truk. Aurrekoari gehitzen badiozu, hau da emaitza, kriminalitate tasa oso altuak. Currin lagunak esan izan duen bezala, 'sorpresa da nola ez dagoen krimen gehiago'".

 

  • Erantzunak (1)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • Miren - 2010-07-10 15:13:31: Artikulu hunkigarria benetan.
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403