Ipar Euskal Herriaren egoera soziala, ekonomikoa eta demografikoa aztertzerakoan, aurreiritziak eta hautemateak nagusi dira, maiz ez baitago estadistika fidagarririk. Hori dela eta, ñabarduraz betetako azterketa zuhur bat egitea komeni da. Joera batzuk ezagunak dira, hala nola, barnealdearen hustutzea eta biztanleriaren kontzentrazioa Iparraldeko kostaldean eta Lapurdi barnealdean, turismoak daukan garrantzia eta industriaren ahulezia, erdi mailako enpleguen nagusitzea eta prekarietatearen areagotzea, higiezinen espekulazioa eta bigarren etxeen toki oparoa. Beste joera batzuk Hego Euskal Herriarekiko amankomunak dira, besteak beste, biztanleriaren zahartzea, lan merkatuaren feminizazioa, natalitate tasaren gorakada beherakada baten ostean ala gazteek pairatzen duten langabezi tasa garaia.
Baina, Ipar Euskal Herriaren berezitasunak ulertzeko, hainbat osagai gogoan izan behar dira: (1) ez daukala izaera politiko-administratiborik Voynet legeak (1997) onartzen dion herri izaera izan ezik, esan nahi baita ez daukala eskumen eta aurrekontu propiorik berak erabakitako politika publikoak osatzeko eta gauzatzeko, (2) ez duela unibertsitate berezirik Paueko Unibertsitateko anexoaz aparte, enplegu kalifikatuen sorrera eta sustraitzea galaraziz, (3) historikoki garapen ekonomiko guneetatik urrun kokatu dela, industria baten garapena zailduz, ala (4) Estatu zentralizatu bateko partaide dela non administrazio publikoa oso kohesionatua den eta non gizarte politikak modu uniformean gauzatuak diren. Une berean, muga egoera batean izateaz gain, beste lurraldeekin ongi komunikatuta dago eta bizi kalitate oparoa eskaintzen du. Fenomeno horiek, lurralde horren bilakaera baldintzatu dute.
Oro har, Ipar Euskal Herria lurralde erakargarria da, 1968tik 2006 arte 61.407 biztanle gehiago zenbatzen baititu, kopuru orokorra 280.044 pertsonetan kokatuz. Proiekzioen arabera, 2020an 317.000 biztanle izan beharko lituzke. Egia da, garapen horrek batez ere kostaldeari eta bitarteko zonaldeari mesede egiten diela, lehenaren populazioa 1,3 aldiz handitu baita eta bigarrenarena 1,8 bider. Lapurdiko zonaldeko biztanleriaren hazkundea batik bat etxebizitzaren prezioaren garestitzearen ondorioa da, zonalde horretan prezioak kostaldean baino eskuragarriagoak baitira. Biztanle gehigarri hori, batez ere, kanpotik dator, kontutan izanik, azken hamarkadetan, migrazio saldoa emendatu dela saldo naturala jaitsi den une berean. Duela 40 urte gertatzen ez zen gisan, gaur egun heriotza gehiago daude sortzeak baino. Halaber, kanpotik datozen pertsonak adin batekoak badira, Frantzia osoan bezala, Ipar Euskal Herriko biztanleen %31,7ak 30 urte baino gutxiago dauzka. Horrek agerian uzten du natalitate tasa nahiko garaia dela, azken hamarkadetan garatuak izan diren politika natalisten ondorioz.
Bestalde, goi mailako ikasketak dituzten pertsonen kopurua Hego Euskal Herrikoarena baino apalagoa da, bai emakumezkoen bai gizonezkoen kasuan, nahiz eta 8.000 ikasle inguruk kanpora joan behar izaten duten Unibertsitatean ikasketak jarraitu ahal izateko. Egoera hori, besteak beste, lan merkatuaren ezaugarriei lotua dago. Izan ere, behe eta erdi mailako enpleguak nagusi dira, bitarteko lanbideek, enplegatuek eta langileek biztanleri aktiboaren %77,1a osatzen baitute, koadro eta goi mailako lanbide intelektualek %10,2 osatzen duten bitartean. Aitzitik, biztanleri aktiboaren banaketa ezberdina da probintzien arabera eta adin klase zein gizatalde batzuek langabezia besteak baino gehiago pairatzen dute, gazteen eta atzerritazen kasuan lez. Izan ere, 2008an, atzerritarren langabezia tasa batez betekoa baino altuagoa da (%14,1a), emazte atzerritarren kasuan tasa hori %19,4era iristen denean.
Horrez gain, enpresen erdia baino gehiago zerbitzuen alorrean sortu da, higiezin eta eraikuntza sektoreek jarraitzen diote, eta sortze tasarik apalena industria alorrean kokatzen da. Ipar Euskal Herriko industria bereziki industria agroalimentarioan eta bitarteko ondasunetan oinarritzen da, eta soilik langileen %17,9a ukitzen du, EAEko tasaren erdia alegia. Enpresa gehienak txikiak dira, %92,5ak 10 langile baino gutxiago enplegatzen baititu eta bakarrik enpresen %1,2ak 50 langile baino gehiago dauzkalako. Eraikuntzaren sektoreak indar berezia dauka, 1968tik gaur egun arte eraiki diren etxebizitzen kopurua etengabe igo baita. Izan ere, 40 urtean bi aldiz biderkatu da; etxebizitza hutsena 1,2 bider goratu da eta bigarren eskuko etxebizitzena 3,6 aldiz. Kostaldean apartamentuak nagusi dira, barnealdean eta bitarteko zonaldean, aldiz, etxe gehiago daude.
Beraz, Iparraldeak gabeziak badauzka, baina gero oparoa osatzeko baliabideek ere bai.