Paddy Rekalde - Spray
Aitzin-poeman Paddy Rekaldek (Sex Abaroa, Txalaparta, 2000; Bilbo dub kronikak, Susa, 2004) egia bezain eder botatzen ditu bi gezur. Batetik memoria hutsa garela dio, eta gero liburua etorkizunez kargaturiko spray-pote bat da. Eta bestetik, memoria garela poetak dioela gaztigatzen digu, bera poeta ez balitz bezala. Deustuarra errealitatearen bozgorailu anonimoa dela ematen du uneka, poesia mailutzat darabilela, baina kritika sozialaren eta alkoholaren artean bihotz handi bat barruntatzen da, ezkutuan dagoen poetarena, edertasunari uko egin nahi ez dion idazlearena. Anti-idazlearen diskurtsoa erabiliz, poesia egiten du Paddyk. Ez alferrik, aire irlandar eder batekin bukatzen da, modu ezin finagoan, ustez anti baina funtsean bizitzaren aldekoa den Spray. Hori bai, bizitzea merezi duen bizitza bat aldarrikatzen du idazleak: “Jack Kerouac berri haren begiradapean/ sutan zeudela kaleak”.
Atzera begira usteltzen direnak badira. Eta atzera sekula begiratzen ez dutenak ere bai. Paddy Rekaldek liburu honetan proposatzen diguna da aurrera begiratzea, baina nondik gatozen ahaztu barik. Gangurengo gainetan galdutako gerra abiapuntutzat hartu eta mundu gaur egun lokartura garamatza. Bidean amodioa ikusiko dugu, sexua, burruka eta samurtasuna. Emozio handia dago kondentsaturik liburuko berrogeita hamahiru poemetan. Lander Garroren azaleko argazkiak bihotz-gogo hori ondo ilustratzen du. Fabrika abandonatu bat ageri da, belar latzak, baina zeruan lainoak, zirruak, sprayz marraztuak bezala.
Eta gainera, Amaren ametsa bezalako konposizioak daude, oilo narrua jartzen dutenak.
Eta gainera, Bilbo dub kronikaken erritmo arean errepikakorra leunagoa da hemen, autoreak berak Hitzen Uberan atarian azaldu zituen arrazoiengatik, nik uste: “Poemak aleka sortu dira, (…) nik uste dut nire izaerak berez erakartzen dituela poema horiek eta gai horiek, sentsazio eta emozio horiek. Ez da behartutako gauza bat, berez barnetik sortzen zaidana baizik”.
Eta gainera, “barnetik sortutako” hori amorrualdi bat baino askoz sakonagoa eta aberatsagoa da.
Paddy Rekaldek ez zuen Spray idatzi hala nahi zuelako, hala erabaki zuelako baizik. Idazlearen arima dago beraz orrialdeotan, poema aski gogor baten ostean, munduko txakurkeria guztiak gora-behera, kapaz baita itxaropentsu galdetzeko: “Baina benetako begiak ez ote daude bihotzean?”. n