Azken Arraungileak


1983ko irailaren 18an
Mariano Oliden Eta Bere Semea, Orioko arraungileak
Azken Arraungileak
Oriotik Aiara doan bidetik sartu gara. Trena gainetik pasatzen den zubia pasa Altxerriko leize zuloaren parean eta bertan aurkitu dugu Mariano eta bere semearen tailerra. Hortxe dago erreka ondoan Bidetik piskat goragoxeago.
Etxe berri xamarra, txalet antzeko bat, ez da inguruko baserri zaharren moduko zakurra suelto atean. Zaunkaka hasi da gu ikustean. «Harro harro jartzen da jende berria inguratzean». Etxepean dago tailerra. Tabloiak, listoiak, tximilua eta arraunak ugari. Horien artean bizi dira Oliden aita-semeak
Bere biziari buruz galdetu diogunean, Jaingoikoari galdetu beharko diogula erantzun digu... "harek dena ba omen daki ta..."
A.: Harekin hitzegitea, zaila!
M.O.: Nere bizia ere hala izango da ba! Bederatzi urterako aitarik gabe geratu ginen eta. hementxe arrastaka harrezkeroz. Aitarik gabe eta amaren sabelean bostgarren haurra. Ni hamabi urterako Arin y Embil-en lanean muebleak egiten.
A.: Gerora hasi zinen orduan arraungintzan...
M.O.: Ni, neroni, izatez ez naiz arraungilea. Gero, lanerako hainbesteko gogoa genuen eta, beharra eta, arraungile batek esan zidan ea piskat lagunduko ote nion, eta handik hasi. Gero orain semea ere lanean. Peritajea atera zuen eta esan nion, «aurpegia faltsua behar dik tokia ona harrapatzeko». Eta, «ez daukak hik. Lan egin beharko dek han eta, lan egin ezkero hemen badaukak bizia», esan nion. Eta hementxe tailerra. Piskanaka, piskanaka, izerdiaren poderioz ba... hau martxan jarri dugu.
A.: Beti arraunak egiten?
M.O.: Orain bai.
A.: Eta lehen?
M. O.: Lehen muebliak. Arin y Embilen berrogei ta hamairu urte artesano (zinkuenta y tres años, azpimarratu digu).
A.: Orduan noiz hasi zinen arraunak egiten?
M.O.: Gerra baina lehenuo. Ni laguntzen eta horrela lehengo arraungileari hasiko nintzen ba... hemezortzi urterekin. Hura zahartzen ari zen piskat eta esan zidan holaxe, "Txanponak irabazitzeko gogoa daukak hik". Eta, "bai", "jarriko diat ba nik martxan!".
A.: Zenbat pagatzen zizuten lan horregatik?
M.O.: Durua arrauneko. Arrauna egin, eta duro bat. Gustora gainera. Hasieran? Hartu haizkora eta benga. Ez zen hau gero–egurra gastatzeko aparato baten motorra piztu du–, haizkorakin eta zepiluakin.
A.: Zein zen arraungile zaharra?
M.O.: Hil zen hura, zaharra zen eta.
A.: Bai, baino zein zen?
M. O.: Loidi. Jose Loidi. Semea hortxe bizitzen da. Eta orduan, ba mundua lehen ere orain bezala izango zen: oraintxe gora eta gero behera. Lehengo herriko aberatsak izaten ziren karnizerna eta, alkatea eta, gero sekretariua eta medikua eta apaiza, parrokua eta. Horiek ziren manejatzen zutenak dena herrian. Eta Jose Loidi egin zen, piskat hanen atzetik, denda jarri zuen eta–taberna edo denda jartzen dutenak beti, beti, beste maila bat hartzen dute. Lana ugari eginda. Hori bai. Bainan beti txanpon batzuk gehiago . Eta diru piskat egiten denean nahi izaten da semea ofizinista, edo karrera edo mediku egitea; eta semeak ofizinista ikasi zuen. Eta gero pelota zuen ilusioa. Pelota goian egon bait zen orduan toreruak bezala. Ameriketan eta. Hogei hogeita hamar joan ziren Oriotik. Gero egin zen ofizinan.
Ni piskat hasi nintzenean neroni egurra erosten eta horrela begiratu txarra egiten hasi zitzaidan. Lana nik egiten nuen eta, dena neronek manejatzen nuen eta. Neronen kontura bi pezta egiten hasi nintzen piskana piskana eta gero beste bat jarri zuen, patroi izandakoa, erretiratutakoa. Beti han begira eta horrela egoten zela bai atean baino, gero zer da eta hari hasi zen ematen. Orduan hasi nintzen ni neroni tailerretik kanpora.
Hementxe ibiltzen nintzen borrokan, hartu bizikletan tabloia eta, zerrak eta denak pagatuta, eta han ere enbarazo edo egiten ote genuen eta handikan ere bialdu ginduten.
Tabloi, zerra, eta tximilu artean badu kontu ugari iraganaz. Oraingo arraunak, lehengokoak...
Arraun hori guk egiten genuen asko armadarako. Galizirako. Ferrolerako. Orduan armadako jendea ibiltzen zen estropadak egiten. Barko bateko eta besteko jendea juntatu eta arraunean. Galizin orduan. Ez ziren klubak eta horrela. Beti militarrak nagusi. Hori leheno ere bai eta orain ere bai. Eta gero ere bai! Entenditzen? Dirua? ba, guri aurrena eta gero zuek gosez nahi baduzue ibili. . . baino aurrena guri ekarri! Arraunak egiteko, traineruk egiteko... denetarako zuten orduan dirua. Bi klaseko trainerua izaten zen, bat altua eta bestea bajua. Bat itsasorako eta bestea erriorako.
Zutik gaude hizketan tallerreko ate ondoan. Tartean tartean arraunen bat hartzen du eta ikuturen bat edo beste egiten dio, bainan patxadan gaude. Gaurko goiza gurekin hitzegiteko hartua du nonbait.
Gaur ia ia lanari utzita natxiok segalariak begira»–esan digu momentu batean atetik kanpora zeinalatuz. Han ari dira aurreko maldan lau gizon segan jo ta ke». Horiena gurea baino okerragoa da oraindik. Gu piskat geratuta ere igual. Ez dugu ezer galtzen. Horiek ordea, lana egin eta atzo ebaki, gaur euria, kapaz bihar ere euria egiteko, etzi eguzkia atera eta akabo; dena usteldua!
Orain ere ari da piskana piskana sasia dena jaten. Hemen zikina nagusi! Mundu honetan zikina nagusi. Ezta dudik ere! Edozein tokitan gorrituta jarri soroa, eta laga; eta aurrena aterako dena larra edo asuna edo azeri buztana bestela. Baina besterik ez! Gure Jaingoikoa ona eta zera, bai, izango da, bainan txarra ateratzen da aurrenengo. Aurrena melokotoirik ez da sekulan ateratzen!
A.: Ze egur klaserekin egiten zenituzten arraunak?
M. O.: Pagoarekin. Eta osokoak gainera. Geroztikakoa da kola. Pegatze hori geroztikakoa zen. Holaxe, baten, ez dakit zeinek esan zidan, kola kasko esaten diotena, horrek honetarako balio dik ba! Eta batere esan gabe proba egiteko! Osokoa neukan erorita pitzatuta. Egin nuen kolatu, eta ez esan berari. Ez esan ikusteko balio zuen ala ez. Eta horrela. Handikan hasi kola. Orain gauza asko daude. Lehen kola kasko zen, bainan orain asko daude.
A.: Eta orain?
M.O.: Orain dena pusketetan egiten dugu. Erdikoa pinuzkoa eta bi listoi pagozkoak. Dena pegatuta.
A.: Pieza osokoa baino hobeagoa al da?
M.O.: Bai. Hura ehuneko larogei ta hamar okertu egiten zen, eta hau ehuneko hamar. Hamar edo hogei okertu. Hura aisa. Pagoa? Pago mazizua? Okertuko ez zen ba! Puska bateko egurra dena okertzen da! Pagoa? Orain ere nahikoa egiten dugu lana debalde izateko. Irabazi handikoa balitzake xeoxe, baino, lehen irabazi justun eta berriz gainetikan ba askotan, okertu egin dela eta, orain zuzendu egiten bait da, zuzentzera ekartzen digute arrauna.
(Arraun bat hartu du esku artean eta esplikatu digu nola ehun bat bider arraunean ibili ondoren, bizioa hartu eta alde batera okertua zegoen. Dabilen aldera okertua. Gastatu egiten omen zaio piskat,–esan digu nondik nora–, eta lehen baino hobeto geratuko omen da. Gogorrago.).
A.: Nondik ekartzen duzue egurra?
M. O.: Pinua Nafarrotik. Pagoa ahal den tokitik. Alemaniatik eta. Onik inon ez zegok eta!
A.: Hemen inguruan izango ziren ba hor Pagoetan eta...
M.O.: Iratin, baino dena jata moztu ziaten txiki txiki eginda. Harrapatu zuten guzia!
A.: Arrauna nola egiten da hasieratik bukaeraraino?
M.O.: Arrauna egiten da orain, aurrena hartu tabloia eta dena listoitu. Listoitu dena. Pinuzko pieza zulatu eta hustu, arinago eta gogorrago egiteko. Pagozko listoiak pegatu. Gero pala egiteko puskak ere pegatu.
A.: Banko mobileko arraunak ere igual egiten al dira?
M. O : Makina gehiago sartzen zaie hauei. Hauek dena pinuarekin egiten dira. Daukaten diferentzia zera da, hauek pala okerra dute.
(Horretan ari ginela arraunaren barneko sekretotxo bat erakutsi digute Oliden aita semeek: arraun barrengo pinuzko pieza hustua dago. Hau da. piezan zehar hogeita piko zentimetrozko hiru bat hutsune egiten dituzte arrauna arintzeko.).
M.O.: Horrekin jornala ere ez dugu ia ateratzen. Ni hemen jubilatua nago eta... Semea eta... Hori askotan ezetz ez esateagatik. Beste zeozer eramango dutela eta. Horiek eramaten dute ba berria ere! Horrekin, hori bakarrik eginda ez da ezer ateratzen.
A.: Estropadetako arraunekin bakarrik egiten al duzue lan?
M.O.: Guk gehiena bai. Gehiena estropakoak. Dena. Enkargua ez baldin bada bai. Esaten bazigutek, «motorreako bi arraun behar dizkiat». Orduan bai. Ezetzik ez dingu inori esaten. Gainera lan eskasia dabil orain, dudik ez dago. Danean bezala.
A.: Ez duzue ba konpetentzia handirik eukiko. Hemen inguruan arraungile bakarrak izango zarete...
M.O.: Bai.
A.: Noraino?
M.O.: Dena, estropadetako. Bestelako txapuzak egiten dituzte baino... estropadetako dena. Katalunian banko mobilekoak edo egiten zituzten lehenago, baino orain plastikozkoak edo...
A.: Fibra?
M.O.: Bai. baino plastikozkoak kenduta beste gainontzekoan besterik ez. Baino kanpotikan ere ekartzen dituzte arraunak banko mobilekoak. Italitik eta. Ilusioa jarri eta... bainan hemengoekin irabazten ez badute horiekin ez dute irabaziko. Hemen txorakeria ugari egin behar izaten dugu. Este, arrauna, zera. hau ta bestea ta... Ez dela arrauna. ez dela arrauna!
Beste zeoze dela! Gero konturatzen dira bai. Konturatzen dira! Askotan milimetro bat kentzen eta iharduten gara. Maniatiko asko dago.
A.: Klub batekin eta bestearekin nola konpontzen zarete? Nolako tratua duzue?
M.O.: Denekin berdin ibiltzen gara. Hemen distinzioa txarra izango litzateke guretzako. Zera. bihar estropadak dira eta ez daukat joateko zerarik ere. Politika bezalakoa da hori. Geroni gera horrelakoak eh!, zuzen samarrak gara, xorrotxegi, ez dugu eskubiderik bizitzeko! Horrea joaten zara eta usten ez duzula ere zeoze, atera egiten da. Gero aldamenekoak aditzen dizu eta... Gu beti beldurrak egoten gara. Denekin ondo ibili behar da. Esaten digute Oriokoentzat hobeagoak egiten ditugula bainan egingo nuke apustu jostu aldrebes dela!
Ari ginela, ari ginela argazkiak ateratzeko ordua tekatu zaigu. Marianok sobre batetik atera digu argazki bat koloretakoa, «begira, Zarautzen». Bera ageri da argazkian zepilearekin lanean. Atzean bost bat . arraun. Hau da gaur egun esku-langileei eskaintzen zaien tokia: festatan egiten diren erakusketak. Hor izaten ditugu orain dela ez hainbeste urte egiten ziren gauzen lekuko.
M.O.: Zarautzen erakusketa txikia egin ziaten, Orioko bi, Santio Errekan eskulturak edo egiten dituztenak, eta gero bertakoak, Zarauzkoak. Bainan Leioan egin genuen ederra, burdingileak eta denak. Errenterikoa ere hala zen, txondarrak eta denak. Orain Urretxurako deitu gaituzte bainan inundazioen kontu hauekin ez dakigu zertan izango diren.
A.: Ze tratu egiten duzue erakusketa horietara joateko? Pagatuta joango zarete noski...
M.O.: Gutxiena hartu dudana ere zazpi mila pezta izan dira. Errenterian zortzi mila pezta.
A.: Tallistak eta salduko dituzte zenbait gauza erakusketa horietan bainan arraunak? apenas salduko dira ezta?
M.O.: Ez ezazula pentsa, Zarautzen pare bat saldu nituen.
A.: Adornorako?
M. O.: Ez ez, bestela. Hor nahi izaten dutena zera da ze arraun klase diferente dauden erakustea. Horrela eraman nituen nik bakoitzatik bana: piraguakoa, banko mobilekoak, skifekoak, arraun handiak. banko fijokoak...
A.: Estatutik kanpora bidaltzen al duzue arraunik?
M.O.: Beste bat tarteko dela bidali izan ditugu. Venezuelara asko.
A.: Ze preziotan ateratzen da horrelako arraun bat?
M.O.: Sei mila ta bostehun peztan bakoitza. Bainan gure aldean diru pila ateratzen dute hor aurreko horiek! (Altxerri restauranekoakgatik dio, hantxe bertan baitago). Hemen salida haundia eman beharra dago eta hala ere...
I. Uria, Arlantz

Aita semeak, arraungintzaren azken lekukoak.
Jarraituko al du semeak altarengandik jasoa?
20-23

GaiezKirolaArraunaArraunlaria
PertsonaiazOLIDEN1
EgileezARLANTZ1Kirola
EgileezURIA3Kirola

Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude