"GAT": HERRIAN LANA, BIZI, DANTZA


1983ko otsailaren 27an
Pierre Agerre elkarrizketa
Pierre Agerre, Zuberoako Poza
"GAT": HERRIAN LANA, BIZI, DANTZA
Iruriko Etxahun zena eta biak, xirula eta atabal, lauso batean agertzen dira gure oroitzapenean. Oraindik ere gure Herriaren zati den Zuberoako usadioaren bizkortzeari doinu eta dantza-puntu ematen. Jan-Mixel Bedaxagar gaztearen ondoan ikusiko duzu edonoiz eta guttienik espero duzan lekuan. Gazte, inguruko beste inor baino gazteago, bere hirurogei ta bederatzi urtetan halako dantza edo honako kantorea jotzen hasteko xirulariari presa sartzen.
Oheratzeko asmoz zela esan digu, ondoez puska bat ere bazuela, eta badakizu: harrengo eguneko maxkeradako prest egon behar. Argal samar aurkitu dugu, bai, Altzaiko Arhane auzoko bere etxean. Pierre Agerre, "Garat" edo "Gat" deitua. Zuberoako tabalaria.
OHARRA: Zuberoako euskalkitik euskara batura pasea egon arren, hala ere lerrook zail samar egingo zaizkio zenbaiti.
Hitz batzuren esan nahiak atzeko hiztegitxoan aurkituko dituzu.
ARGIA.– Zure bizimoduaz-eta zenbait berri jakin nahiz heldu gara Zuberoara. Instituzio bat zara zu hemen...
PIERRE AGERRE "GARAT".– Nik beti maite ukan dut, txipi-txipitik, dantzan egitea. Lehen ez bait zen dantzan eta pelotakan baizik, ez zen footbalik ez rugbirik ez deus ere. Gure aintzinetik ere dantzari onak baziren Sarrikotan, gure kusiak-eta; karrika ttipi honetan berean ere baziren, Maxkaradak egiten bait ziren. Eta ni hamaika urte egitean hasi nintzen haiekilan dantzan. Eta dantzan korritu nituen bazterrak dantzan on nintzen artean. Eta gero tabalatzen hasi nintzen, dantza utzi ondoan, musika egiten hasi nintzen orduan. Etxahunekin hamar urte iragan ditugu elgarrekin. Beste aldeko probintziak oro egin ditugu, salbu eta... Araban ez naiz sekulan izan, besteak haboroxenak korritu ditugu bai.
ARGIA.– Etxe honetan bertan jaioa al zara?
P.A.G.–Hementxe bai. Etxe honek izena du "Garatia", ni "Garat" naiz beraz, baina gero "Gat" erraiten dugu, xiberutarrek eleak mozten dituzte, zalhe mintzatzen bait dira eta eleak mozten.
A.– Pierre Bordazaharre "Etxahun" zenarekin Maxkaradak egiten ibilia zara zenbait urtez.
P.A.G.- Etxahun eta biok Altzaiko Maxkaradak egin genituen mila bederatzirehun eta hirutan hogei ta hamarrean. Bion artean plantatu, moldatu, genuen, Xiberua osoa kurritu genuen. Baita beste aldean ere ibili ginen Galdakaon: izigarrizko batzarrea egin genuen, batzarre ederra, hemen baino anitzez..; hemen ere anitz egiten dugu Maxkaradak egiten direlarik, baina beste anitz herritan orain galtzen ari da: Atharratzen, Maulen... Karrika txipietan egiten da orain, Altzain, Altzürükün, Urdiñarben, eta orain Eskiulan. Aspaldi, ba zen Eskiulan ez zela maxkaradarik egin, hogeita bederatzi urte. Orain badira gazteak dantzari onak, eta maxkarada ederrak egin dituzte. Eta leheneko bertsoak badira berriro ezartzen bait dituzte plazan, anitz berset ahantzirik bait ziren eli bat.
A.– Galdakao aipatu duzu. Nola heldu zineten zuen Hegoa Euskal Herrira?
P.A.G.– Lehen aldikotz... nire kusia hemengo zamaltzain izan zelarik esan zidan: "Anglaterran eta Londran eta orotan izan gira, bena Bilbao eta Saint Sebastian bezalakorik ihun ezta izanen". Londresen eta leku orotan ibili ziren egiazko dantzari xuberotarrak, orduan ez bait zen Etorki eta holakorik, eta Rumanaiara-eta joaten ziren. Frantsesez bi edo hiru hitz baizik ez zekitenak, "gateau" eta "vin" eta jateko doi-doia, handik ibili ziren 1925ean-eta.
Lehen aldikotz Etxahun eta biok 1969an izan ginen Bilbon, Atharratzeko ekiparekin. 68an hasi zen Etxahun enekin. Gero Altzaiko maxkaradarekin, Altzaiarrak usu ibili dituzu beste aldean; eta zenbait aldiz galdetu eta zenbait ez ziren joaten ahal, gazteak ez ziren orain bezain libro. Hori dela medio korritu ditugu hango herriak. Lehen estranjero batentako hartzen eta gero euskaldun batentako.
Bortietan berriz euskaldunak ziren. Orhi bortian Otsagiko artzain zaharrak baziren eta euskara ematen zuten. Gero galdu da euskara Otsagin. Baina orduan artzain zaharrek oro ematen zuten.
A.–Eta zuen denboran orain baino maxkarada gehiago al zen?
P.A.G.- Gehiago, bai. Orduan agitzen ziren Atharratzen berdin hiru maxkarada urte batetan. Lehen egiten zen "Lerdo", "Ostegün gizena" esaten zen Barkoxen: ihaute astearte aurreko osteguna zen hura, ihautea karnabala bait da. Atharratzeko kantonamenduko ongi ziren guztiak jiten ziren maxkaraden ikustera. Urte batetan ikusiak ditut Barkoxekoak, Liginagakoak eta Ozazekoak batean, ez dakit zein urtetan zen hori.
Orduan "Branlea" ematen zen, eta "Murtxikoak" eta... Ez dituzte ematen horiek Eskiulatarrek. Horiek branlearen partez zera ematen dute "Kadrillak". Lehen hemen ere bazen "Kadrillak", ez maxkaradetan, maxkaradatik landa egiten ziren, neskatilekin-eta, "Kadrille", eta "Eskotixe" eta "Polka", eta "Mazarka", eta hola ziren. Barkoxek eta Basabüriak baizik ez zuen branlea egiten. "Batxua" ere bazen, eta gero "Kakoiltzia" intsinaria pasaturik, jaunak-eta inguraturik beste lagunak ere hartzen ziren. Galdakaon izan ginenean hango neskatilak hartu genituen "farrandola'' egiteko. Izigarri eder da, denek hartzen dute parte. "Kakoiltzia" deitzen da, kakoila "karakoila" bezala biltzen bait da. Intsinariak zuzen behar zuen ibili zangoz eta buruz, trunpatu gabe.
A-.–Zure hirurogei ta bederatzi urtetan makina bat aldaketa ezagutuko zenuen maxkaradetan.
P.A.G.- Lehen izugarri eder ziren. Gure aitaren denboran-eta... Lehen, "barrikada haustian" haga bat ezartzen zuten hola trabes, eta gero polbora larri bat bazen, frantsesez "poudre de mines" deitzen bait da, eta "buhame" jaunek pistola suberte batzuekin tiratzen zioten haga hari, banba, eta beste aldetik ere bai. Guk hemen Altzain bagenuen ohitura bat: gu maxkarada egitera Eskiulan sartzen baginen hango errezibizaleek baino tiro bat gehiago egin behar genuen. Pronto behar zen erabili polbora larria. Hori zen orduko usantza, baina nik haga ez dut ikusi.
A.–Izan dira hela ere oso aspaldi ez dela maxkaradarik izan ez den urteak.
P.A.G.–Bai, Aljeriako gerla izan bait da, eta orduan gazte anitz aizaturik izan da, eta maxkarada galdurik bezala izan zen. Altzürükük lehen lehenik berpiztu zuen, horretan nausi bait dira: maxkaradarik haboroena Altzürükük egin du. Beti atxikitzen dute. Bazen orduan Altzaien ere dantzari paketa, baina gero rugbian hasi bait ziren eta oro barreiatu.
A.– Horretaz kanpo pastoraletan ibili zara zu asko.
P.A.G.–Baina maxkarada egiten eta dantzan erakusten-eta hori zen nirea. Pastorala izigarri maite dut, baina hartako behar da trebe izan. Baina guk dantzak zaharrek guri erakutsi bezala guk ere gazteei erakusten genizkien.
A.–Argazki zaharrak ikusiz zera konturatu gara: oraingo maxkaradetako aktore eta dantzariak gazteak ohi diren bezala, lehengoak zaharragoak izaten zirela.
P.A.G.- Lehen maxkaradetan sartzeko dantzari finak ziren. Onak baziren. Maxkaradak ez ziren nolanahi egiten, dantzariek behar zuten perfekzionean elki. Orain aldiz ez da berdin: dantzari mordoxka bat baldin bada denekin elkitzen da eta kontento, atxikitzen bait da. Lehen ordea sei urtetan hasten ziren dantzan eta handitzean dantzari ikasiak ziren. Eta zein hobeak hori zen herriarentzat urguilua.
A.–Eskiulako maxkaradan neskatilak ikusi ditugu tartean. Lehen ateratzen al ziren?
P.A.G.- Ez, sekulan. Lehen aldikoz, lehentze, Barkoxen ikusi nituen emakumeek egin bait zuten. Aspaldi samar.
Baina lehen "anderea" eta "laborarisa" ere mutikoak izaten ziren. Altzaien 76ean egin zen maxkaradan ere mutikoak ziren. Mutiko eder bat, gazte eder bat, hartzen zen eta ongi ponponaturik neskatila iduri-iduri zen.
A.– Orain aldiz ikusi duzu neska gazte bat "kantiniersa" egiten Eskiulan.
P.A.G.– Hasteko, "zamaltzaina" eta "kantiniersa" eta ofizio gaitzak dira, neskatilentako gaitzegi dira. Behar badira "friset" dobleak eta oso goratik eman behar badira, mutiko bat behar du eta mutiko helduagoak ziren, eta dantzari azkarrago, gorago jauzten ziren. Askoz gehiago ziren, eta denbora gehiagoz entrenatzeko. Azkarrago ziren anitzez. Ez bait zen hura baizik.
A.– Etxahun zenarekin ibili zinen asko. Eta guk ere beti bera zurekin gogoratzen dugu.
P.A.G.–A. Etxahunekin izigarriko oroitzapen onak ditut. Gogo onez joaten ginen beste gaindilat, beste aldera. Han kantu eder bat ere egin zuen "Hondarrabia..", hiru egun egin genituen Hondarrabian eta Donostian eta kantu hori egin zuenean. Beste lau egun ere egon ginen Sabin Egileor bilbotarrarekin: han bazen dantzari andana bat, gazte eli bat, eta goizez haiei bi edo hiru orduz erakusten genizkien hemengo ahaideak, eta dantzako puntuak, eta arratsaldeak Euskal Herria kurriz, salbu esan dudana, Gasteiz eta alde hori. Izigarri laket zen han Etxahun. A, gizon goxoa zen Etxahun!
A.–Etxahun baino lehen ere ba al zen hemen kantuak egiten zituen besterik?
P.A.G.– Ez kantoreak, ez, ahaideak ez. Koblakan edo bertsotan bai, baina leheneko ahaide zaharretan. Etxahun hasi da lehen lehenik, eta hori 1945ean, gerlatik landa: "Agur Xiberua" egin zuen lehenik. Eta ondoren pasto raletarako zen bat ez du egin! Izugarri ederrak egin ditu. "Zantxo Azkarra", hemen Altzain egin bait zuen: orain artzainak alegera izanen dira, eta gero granada heltzea, ahaide harro batetan, eta berriz Zantxoren hiltzea oso triste eta... Hortarako izigarri ganora zen Etxahun.
A.–Baina zertan zen hobea Etxahun, kantoreak egiten ala xirala jotzen ala...
P.A.G.–Denetik. Hastean ez zen koblakan baizik ari, bertsoka. Bazuen hemen koblakari lagun bat Larraiñekoa, Louis Ligueix. Ona zen hura, heltubada taka-taka koblakan aritzeko Etxahun baino hobea. Larraiñeko euskara izigarri sanoa. Baina hura hil eta utzi zuen amiñi bat. Berak esaten zuen: "Nik ukhen banu Ligueix elgarrekin aritzeko, Mattin eta Xalbador ari diren bezala, gü bi xiberutar izanik elgarrekin...", aisago atxikiko zuela koblakako zera hori. Eta kantoreak egiten hasi zen gerla ondoan.
Nik esaten nion: "Zük nola egiten tützü kanthoiak, ez müsikaik ezagützen düzü-eta; eta berak: "Ba, nihauk eztiakiat, jiten ziztak hola ta...". Eta ez zuen magnetofonorik eta ez deus ere, e? Eta zein ahaide ederrak!
A.–Eta garai hartan artean ez al zuen Etxahunek xirularik jotzen?
P.A.G.– Doi doia baizik ez. Lehen bazen "Xotal" Lakarrikoa, zeharo xirulari ederra. Eta hartatik landa ere bazen "Etxahun-Liginaga", haren kadrille sorta badira. Baina hari bihotzeko zerbait heldu zitzaion eta ez zuen berriro xirulatzen haboro. Gu orduan Montoriko gazte ekipa batekin elkitzen ginen, eta Etxahun-Irurik han jo zuen xirula lehen aldikoz. Baina etzekien untsa xirulatzen, justo xilulatzen zuen, baina ahaidea ez zuen untsa ematen. Hasieran nik ez nuen konprenitzen eta nihaurk behar nuen hasi zerbait konprenitzeko. Baina gero nola ez zuen ikasi! Egun oroz-egun oroz ari zen, etxearen eta bidearen artean zuen bordan. Etxahun-Liginagak esan zion: "Hik eztak sekulan ikhasiko"; ez zuen goxatu nonbait! Baina Atharratzen esan zion ondotik beste batean: "A, bena ikhasi dük".
Ez zen Bedaxagar bezain azkar xilulatzen, baina xilulari ederra zen. Bera ere dantzaria bait zen, ongi jarraikitzen zitzaien dantzariei.
A.– Zuberoa osoaren bizi modua ezagutu duzu zure urtetan zehar. Nora jo du, goiti, beheiti...?
P.A.G.– Anitz gauzatan goiti, beste anitzetan beheiti... Lehenik, jendea urritu da zinez. Lehen jendea alegera zen, gazte anitz bait zen. Lakarrik, gure herriak, gu haur ginelarik 480 jende bazuen, eta 135 gara. 14-18eko gerlan 22 gazte hilak baziren; bazen jenderik beraz.
Orduan jendea mendiari lotzen zen bizitzeko, eta bazter etxe hauek hala eginak dira, patar dira. Oraingo mementoan aritzeko gaitz iduri dute, ez bait da mekanikarik ezartzen ahal. Argia eta bideak eta urak eta oro dira orain, baina ez da bizitzen ahal, ez bait da mekanikarik sartzen ahal lur hauetan. Eta eskuz ez da langilerik. Lehen langilea ez zen kostatzen, ez zen asurantzarik. Lehen eritzen bazinen "tant pis" (zuretzat okerrago) sendatzen edo hiltzen ahal zinen, finitu da. Lehen, medezia ez zen ekar erazten hiltzeko puntuan baizik. Medezia, apeza eta notaria kasik batetan heltzen ziren.
A.–Noiztik uste duzu hasi dela Zuberoa behara egiten?
P.A.G.–Bigarren gerla ondoan.
A.–Zer gertatu zen bada?
P.A.G.–Uf, kanbiatu laneko modela. Bestetik presunerrak etorri, presuner anitz bait zen, eta hango bizi moldea ikusi, hemengoa baino aiseagoa. Hemen ere mekanika sartzen hasi zen... jende gazterik ere ez zen haboro, ez zen ezkontzarik ere aski. Eta ezkontzarik ez bada ez da gazterik. Honela etxalde txarrak utzi, ez bait ziren bizitzeko gai, lehengo moldean bai. Lehen bai, lehen ez zen kasik deus ere erosten, ardoa erosten zen bestetan-eta, nork bere sagarardoa pittin bat egiten bazuen... eta: besterik ez. Eskalanpuak egiten ziren. Ezkontzarako jantzi bat egiten bazenuen hura bazenuen bizi osorako. Gero bazenuen beste arropa bat bailanazkoa. Galtzak ere bakoitzak bereak egiten zituen lehen "galtza motzak" deitzen zirenak: ardi beltxaren ilea aparte jartzen zuten, eta hura gero kardatzen, ondoren iruten... harekilan haria egiten zen... Eskalanpuak, galtzak, dena etxean egiten zen.
A.–Jendea ordea orain baino alegerago bizi zen, zure ustez...
P.A.G.–Bai, hori segur da. Hor gainetik den bordara joaten ginen gazteok kantatzen-eta. Borda hartatik ematen genuen kanta eta Lakarrik beste aldetik ematen zuen bere arrapostia beste berset bat, herri batetik bestera. Zinka ere bai, irrintzina, Orain usantza horiek galdurik dira.
A.– Zer egiten zenuten gazteak igandeetan-eta?
P.A.G.- Gazteek? Elgarretarat juntatzen, herrian berean, edo Altzai edo Lakarrira joaten, inguruan, Atharratze artino, oinez. Artean, soinurik ez zenean, herrian bertan juntatzen ginen eta "barrakan" aritzen ginen, nork urrunago bialdu barra; baita pelotakan ere. Baina ez ziren orain bezalako frontoiak e?
A.–Barraka esan duzu.
P.A.G.– Bai, sei kilo tterditako barra bat zen, burdin barra bat, zeinek urrunago igorri, baina xuxen, zasta! sartu behar zen. Hiru joko eta molde baziren. Ahuzkin egiten dituzte oraino urte oroz. Artzainen besta egiten dute, eta moda zaharreko joku horiek oro egiten dituzte: jaunzka, eta dantza, eta lasterkaka eta... Andredena Maria agorrilako ondoko igandean, urte oroz.
A.– Maxkarada eta Pastoralaz kanpo beste jai edo beste motarik ezagutu al duzu?
P.A.G. - "Zinzarroskak" ere baziren: alargun bat ezkontzen bazen beste neskatila batekin bal bat pagatu behar zien gazteei, bestela "tütaz", turutaz, hartzen zituzten gazteek. Hemen Lakarrin izigarriko istorioa izan zen: orduan hemen gazte paket bat bait zen, berrogeita hamar gazte turutekilan, haiek non ziren, atzetik "tüt-tüt", elizara heltzean, alde guztietatik jarraikiz... azkenean arnegaturik joan zen. Ez bait zuen soinu bat pagatu.
A.– Pastorala ere bestalde asko ikusi dituzu. Urte oroz egiten al zen garai batean Pastorala?
P.A.G.–Ez, ez, bakan ziren. Lehen ez zen teatrerik egiten, egurrez eta hola egiten ziren, karrika artean anatzeko, nola esaten da frantsesez?, "echo", oihartzuna, bozak ana lezan. Eta pastoral ederrak egiten ziren bai, "Napoleon" eta... Baina orduan inguruko jendea baizik ez zen jiten, xiberutarrak baino ez. Pastorala ez zen bestetan izigarri ezaguturik. Eta bakoitzak bere aldetik plantatzen zituen, egurrak herriko jendeak ekarririk eta hola.
A.– Hainbeste pastoralen artean onena zein izan da zuretzat? "Zantxo Azkarra" izugarria izan zela esan izan duzu...
P.A.G.– A, "Zantxo Azkarra" eder egin zuten Altzain bai. Ez noski ni han nintzelako, besteak ere oro zein baino zein hobe ziren. Denak berdin ziren, ez zen gaixtorik (txarrik) batere. Pastorala bezala eder eta "süjeta" eder izigarri. Zantxo Azkarra hura euskaldunen azken erregea izan zen.
Etxahun zen hasi euskaldunen pastoralak egiten. Lehenik "Etxahun-Barkoxe" egin zuen, gero hiru aldiz egin dute. Gero "Berreteretx" egin zuen, "Matalaz", "Pette Beretter",... bon, pastoral andana bat badu eginik. Bazuten sentimentu bat Etxahunen pastoralek. Hura izan zen onena.
Eta ezagutu dituen dantzaririk onenak. Eta Donosti-zaharreko Alejandrorenean egindako afari eta kanta saioak. Eta zazpi senideok, zazpiak bat, egiten dugun Herri eder hau. Eta lana balego, usina ttiki batzuk, Zuberoko gazteak herrian geratuko lirateke... Kanpoan eguraldi itsusia den arren, solasaren goxoan azkar igarotzen orduak Garatisko sukaldean!
Pello Z.

ZENBAIT ZAILTASUN:
aintzina: aurrera
kusi: lehengusu
tabalatu: atabala jo
oro: denak, guztiak
haboro: gehiago
ele: hitz
zalhe: arin, azkar
anitz: asko
eli: koadrilla, mordoxka
usu: maiz, sarri
bortü, bortia: mendia
agitu: gertatu
jin: etorri
farrandola: korroa
trunpatu: huts egin
haga: hagai, baldo, esola
aizatu: espantar, barreiatu
paketa: mordoa
elki: irten
atxiku: heldu
ahaide: doinu
kantore: kantu, abesti
ganora: trebe
heltubada: behar bada
untsa: ongi
gaitz: zail
medezi: sendagile
patar: melkar
presuner: preso
eskalanpu: egurrezko oinetako
arrapostu: erantzun:
jauntzi, jaunzka: salto, saltaka
bal: dantza
19-23

GaiezKulturaAntzerkiaPastoralak
GaiezKulturaDantzaEuskal Dant
PertsonaiazAGERRE1
EgileezUBIRIA2Kultura

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude