Karraspioren Aitarekin


1980ko apirilaren 20an
Pello Zabaleta idazleari elkarrizketa
Pello Zabaleta
Karraspioren Aitarekin
Zorroagako fakultatean egiten du lan, Donostiako Diputazioko Batzorde Mixtoan dago, poeta da, Karraspioren aita, azken finean euskal kulturako elementu ezezagun bat. 1379ko Azaroaren 3an Irungo poesia saria irabazi zuen. Hau da guk dakiguna, beste gainontzekoa berak kontatzen digu.
Berandu, Baina Seguro
20 bat urte zituela hasi zen poesiak idazten. Bere lehenengo koadernoak larehun bat folio zituen, 60 - 70 urteetan idatzia. «Bati utzi, istiluak sortu eta galdu egin hunan. Denetik zegonan, onak eta txarrak ere bai». Hauek dira Diputazioko bulego ikaragarri eta horma xuri batetan esaten dituen hitzak.
Z. A.–Eta erabili edo ikutzen hituan gaiak?
–Denetik baita. Nik ez dut uste poeta espezializatu bat naizenik. Gaiak, bizitza bezain zabal dira eta orduan nondik datorren kazkarrekoa, hura idazten da, edo nondik datorren poza, edo zer ikusten den, edo sarri eskuak berotzeko. Nik, eskuak berotzea, teknikak lantzeari, pruebak egiteari, ordu asko alperrik erretzeari deitzen diot. Batzuek, poetak bertsolariak bezala etorri bat dutela esaten dute; batzutan etorria sortu egin behar da, horretarako eskuak berotu, alperrikako paper asko idatzi behar dira. Nere koadernoan horrelako asko ere bazeuden, ejerzizio bezala neuk eginak, poesia aldetik deskribapen zehatzak, orri bat nola erortzen den, bihurguneak, haizearekin nola mugitzen den, hori dena ejerzizio bezala, obserbazio bezala eginak, Irudimena ireki eta egiteko. Hauetako batzuek Juan San Martinek EGAN aldizkarian argitaratu zizkidan.
Z. A. – Hasieran hika mintzatuz hasi zait eta bere gaian sakonki sartu denean solemnitate osoz zukara pasatu zait. Irungo sarira aurkeztutako liburua nola osatu huan?
–Idatzitako lanak pilatzen joan nintzan. Eta orduan, pilatutakoak behin tolestatu egin nituen. Guk Goierrin tolestatu, gauzak txukun eta ordenatuta jartzeari deitzen diogu eta hori egin nuen, gai batzuek bereziki hartu eta osatu. Urte askotako lanak ziren, atal bakoitzari titulo bat jarri nion eta izenburu orokor bezala `"Zurubi luzea". Hori bertso zahar batetatik hartuta dago: "AIos torrea bai, Alos torrea, Alos torreko zurubi luzea". Nik zurubi hori gure herriaren eta nere–herriko naizenez–zurubi bezala ikusten nuen.
Z. A. – Liburua argitaratu gabe dagoenez, atal bakoitzaren zentzua ager dezakek?
–Lehenengo atala «odola» zen; hemen, kamino bazterretan eta ixurin den odol hori, norbaitek esango luke alperrik galdutakoa, beste norbaitek, bizitza bera alperrik galtzen ez den bezala, bizigarria dela esango luke. Bigarrena « lana», eta hor nere aita zanari eginiko sail luze bat. Nere aita zana kolpetik hil zen eta hori neretzat ikaragarrizko kolpea izan zen, langile amorratua zen eta neri izugarrizko inpresioa egin zidan; beste gainontzeko gaiak sozialak ziren. Eta hirugarren atala "eta..." denetik zegoen, dantza, maitasuna, epigrama gisa egindako humorezko zati bat eta dena isteko asko kosta zitzaidan poesia bat, aitorpen gisako zerbait:
Belaunikatzen naiz
naiz
hil guztien aurrean
naiz
hutsaren bidetan
gorputz
goru hutsen aurrean
gorputz
belaunikatzen naiz.
Eta azkenekoa ere maila horretako aitorpen bat da: Hilobiraino / maite dut lurra / gure lur apurra / odola edan ondoren / asetzeko geratzen den xurra. Hilobiraino ditut jadanik eramanak aita eta ama.... nolabait eskailera burua dela esango nuke.
Pellok tarteka, beste lagun baten ordez, "La Voz!"-en ere egiten zuen lan eta bere sari irabaztearen berri han jaso zuen. Aleitasun osoz une hartan lehenik egin zuen lana txanpaina edatea izan omen zen, "merezi zuen", esaten du.
Z.A.–Lehenago poesia idazten 1960ean hasi hintzala esan duk, zergatik pasa duk hainbeste urte hire lanak kaleratzeko?
–Begira, hor badago gauza bat... Nere adiskiden artean, eta alde hortatik oso adiskide onak ditut, nere poesiak onak zirela esaten zidaten, asko behintzat oso onak zirela. Nere ustez, gaur egun Euskadin dauden poetarik onenak irakurriak zeuzkaten, Gandiagak, Joxe Azurmendik, nere anaiak, baina ni ez nintzen ausartzen. Kritikoak berriz, ez dakit, gure artean nahiko eskas dabiltza. Horrela neu animatu nintzan, sail bat hartu eta tolestatu ondoren argitaratzeko asmoa ere banuen, baina azkenean Irungo sarira bidaltzea erabaki nuen. Saria irabaztea neretzat konfirmazio bat izan zen, alegia, nere poesiak ez direla hain txarrak, zentzu bat bazutela eta zinez horrelako autentizitate bat bazeramatela, hori poesian berehala antzematen da, benetakoa den ala teknika hutsa den garbi ikusten da eta hau neretzat pozgarria izan zen.
Aurkitzen garen gela handi eta bizitasun gutxikoan ez da elbien txintik ere entzuten, horrela elkarrizketa interrogatorio gisara jonten da. Bere lehen lanak gaztelaniaz egiten bazituen ere, egun euskara beste inork bainan hobekiago menperatzen du. Bere lehen lanak gogora dakartza eta oso txarrak zirela dio:
Oso erromantiko eta sentimentalak ziren, auskalo, egoera bat agertzen zuten eta garai batetan Becquer bat denoi gustatzen zaigu.
Oscar Wilderen irakurle amorratua, Gandiaga eta Salbatore Mitxelenaren influentzia ere eduki omen zuen. «Asko irakurri nuena eta oraindik asko irakurtzen dudana «Mila euskal olerti eder» da, beste hizkuntzatan berriz asko irakurri dut».
Z. A. – Eta poesia egiterakoan zer metodo erabiltzen duk?
–Teknika asko landu, ikasi, zuzendu, oparotasunari beldurrik gabe haizkora sartuz. Batzuek, hitzak errenkadan goitik behera jartzea eta asmakizun polit bot poesia egitea dela pentsatzen dute. Gogoratzen naiz, nere poesietako batek bederatzi folio zituen, ikaragarri luzea zen eta folio batetan bakarrik geratu zen, beraz haizkora sartu behar zaio, kimatu, moztu eta askotan erre.
Ezezaguna, Baina Jo Eta Ke Ari Dena
JAKIN aldizkarian asko idatzi du, entsegu gisako liburu bat idatzia dauka, euskararen instituzionalizapen bideari buruz ideia asko dauzka, euskararekiko lanak egiten ari da.
Z. A.–Lehenago, hizkuntza asko ezagutzen dituala esan didak, honek euskararekiko laguntzarik suposatu al dik?
–Bai, adibidez Alemanian egon nintzanean hango metodologietaz jabetu nintzan. Alemana ikastean adibidez badaude liburu batzuk aleman errezean. Euskara zaila dela esaten dutenak, ikas dezatela alemana eta ikusiko dute benetan erreza ala záila den. Dena den, horretarako badaude liburu edo irakurgai batzuk eta horren arabera sortu zitzaidan euskaraz eré beste horrenbeste egiteko idea; gramatikarik egin gabe, nobela tonto edo ipui batzuk idaztea, teatroa ere bai, hori dena hor zegoen zulo hori nolabait betetzeko. Hor daude Karraspio saileko liburuak.
Eta une honetan eskuar jo eta ke ari denatean lan konkreturen bat badaukak?
–Bai, beste poesía liburu bat prestatzen ari naiz, hor epigramak sartu nahi ditut, batez ere azkeneko auteskundeei buruzkoak etab... Adibidez orain gogoratzen naiz: "Esei, ebost, elau, ehiru, ebi, ebat, ezerrez". "Garaikoetxea sermolari, Arzallus monagillo, Leizaola sonbrero, jeltzaileak torero", "PCE bakarra partiduak bezala", horrelako zerbait, desdramatizatzeko edo... Ez dakit publikatu ere egingo ditudan baino... Serio serio jartzen da eta une berean bururatzen zaion beste bat botatzen dit: "Kalboa naizela diozu eta zahartxoa, nere burua zure bular berrietan jartzeko. Bai, berriegiak dira, atzo oraindik ikusten nituen merkatuan salgai".
-Euskara errazaren arazoa, horri irtenbide bat emateko Karraspio saila egiten ari zarete, baina zer erizpidekin egiten dituzue?
–Euskara erabat normala, arrunta, edozeinek uler dezakeen bat egitea da gure helburua. Gramatikari dagokionez ere sinpletasunik sinpleenera jo, aditza orainaldian eta iraganean oso erraz ipini, baina beti indikatiboan. Potentziala? Ba, tranpak egiten dira: «Nik ezin dezaket hori ekarri hori potentziala da eta ongi esana dago baina hori bera esateko beste modu bat badago eta hauxe da: «nik ez daukat hori ekartzerik». Metodo honekin dago egina Karraspio saila. Honek berak bigarren maila bat izango du, gramatika, aditza. dena zabalduaz, hitzak ere ugalduz. Hirugarren mailarako badago zenbait liburu.
Z. A.–Idazlearentzat lan hau nahiko aspergartia eta zaila gertatuko duk ezta?
–ldazle bat hortan jarri eta erre egiten da, ikaragarri nekatzen da, kasi esango nuke gizon bat horrelako lán batetan jartzeko ez dagoela eskubiderik, zaila baita! Esaldiak beti laburrak, orduan, norberaren pentsamentua zehazteko, puntua jarri behar da; nik puntuari inoiz ez diot beldurrik izan, esaldia moztu egin behar da. era batetara esango zenukena aldrebes esan behar duzu. "Nik erosi dudan liburua handia da".
«Nik liburu bat erosi dut. Handia da». Lau edo bost folioko ipuiak idatzi behar dira eta bestela nobelak idatzi, teatroa ere bai, baina oso sinplea.
Z. A.–Eta jendearen artean zer moduzko arrera izan die?
–Oso ona, eta neri honek gauza bat adierazi dit, zulo ikaragarri bat zegoela. Ni, lehenengo momentuan asko poztu ninduena dei bat izan zen: «Hi! ulertzen diat». Horrelako liburuak berrogei egingo bagenitu, oraindik gutxi izango lirateke. Arrazoiak garbiak dira, euskalduntzen ari den jendearentzat ez dago ezer. Bigarren, umetxoentzat egin behar da, 10-13 urteko gaztetxoentzat idatzi behar da, gauza atseginak izan behar dira, gauza serioegiak ezin diezaizkiegu eman, horretarako hor dago Tximista saila.
Irudimenak eraginda gauza asko ateratzen direla demostratzen digu Pellok.
«Gure euskara urri, motz hau ugaltzeko, aberasteko, oparotasun bat izan dezan, liburu batzuk hutsunez beteak argitaratzea. "Aurreko etxe..." Hor adjetibo bat jarri behar da, batek kuadratua jarriko du, beste batek polita, etab... Hori da hizkuntza aberasteko metodo bat. Honetarako idazle apalak behar ditugu.
Euskera Ez Dago Hilda
Diputazioko Batzorde Mixtoan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako maisu-maistren koordinaketa darama, maisu-maistra hauen euskalduntzeko programaketa egin eta taldeak osatu. Gipuzkoan 50 talde daude, Bizkaian milatik gora ari dira eta Araban 450. Batzorde honek 500 ordu eta kurtsilo intentsibo bat eskeintzen die.
Z. A. – Euskara ikasten ari den jendearen artean frustrazio handiak sortzen dituk, zergatik dela uste duk?
–Begira, nere ustetan arazo asko ditu, hizkuntza bizia da, hori egia da, baina jende guztiak ez du euskaraz hitzegiten. Gu gaur, euskara indartzen eta berreskuratzen ari gara eta hori inportantea da, baina giroa ez da euskaldun itxia. Egia da euskara ikasten ari den jende asko nazka nazka eginda dagoela, behin hasi, bigarren aldiz hasi eta txofertzako karneta baino okerrago, ez dute aurrera pausorik ematen. Zergatik den? Motibazio falta dela? Baliteke. Euskara zaila dela? Baliteke. Baina irakasleen arazoa ere badago. Maila honetan lan handia egin behar da, metodoak aztertu behar dira. Metodoak badaude, orain, metodo on bat irakasle txar batek kakaztu egiten duela eta metodo txar bat irakasle on batek on bihurtzen duela, hau esaera zaharra da, baina egiazkoa.
Z.A. – Beraz, Euskal Hertiaren euskalduntze bidea nola ikusten duk?
–Lebenengo gauza behintzat beste inor ezin nazkatuko dugula. Ez dakit... Batzu batzuk badaude, talde guztietan egoten dira, ala guztia eta erabat ala ezer ez esaten dutenak. Hoiek azkenean ezerezean gelditzen dira, zeren dena eta erabat ez dago lortzerik. Beste batzuek ez dago ezer egiterik eta utz dezagun esaten dute. Humboltek duela 100 urte "hemen ezer egiten ez bada euskara galdu zaigu" esan zuen eta ez da horrela gertatu. Dena den momentu batetako giro hura pixkabat galdu egin da, baretu egin da, motibazio hertsi amorratu hura lasaitu egin da eta amorrazioak izugarrizko indarra du. Baina bestalde euskara kotizatzen hasia dago eta horrek ere asko laguntzen dio, hor tartean dirua ere inportantea da, batzuek diruarengatik eta beste batzuek beldurrarengatik ere bai! ikasiko dute. Euskaldunok, Gandiagak esaten zuen bezala, edukazio gutxiago ikasiko bagenu... Gandiagak esaldi oso on bat dauka: «edukazioak erdaraz ikasi du eta karitateak sekulan euskararik ez, arrazoi osoa duela iruditzen zait, edukazio gutxiago bagenuke askoz gauza gehiago lortuko genituzke. Dena den, nik etorkizun ilunik ez dut ikusten, eta adibidez telebisioa bagenu! dudarik ez, askoz hobea.
Irakaskuntza mailan, Zorroagako fakultatean ere, euskarari dagokionez, ikasle eta irakasleekin batera akordio batzuetara iritxi dira, baina gauzak ez daude erraz.
UNik' behin baino gehiagotan esan dut diru fabrika Madrilen dagoela, eta hemen beste dirurik asmatzen ez dugun bitartean, behintzat handik hartu beharko ditugu.. Baina diru arazoaren gainetik zenbait ideia badute. Uztailean aurten dauden ikasleentzat ikastaldi intentsibo bat eratuko dute eta datorren kurtsoan, Iraila eta Urrian, ikasle, irakasle eta sekretaritzako partaideek euskara bakarrik ikasiko dute.
Baina bere indarrak baretuz honoko hau konfesatzen dit:
Presupostua altutxoa da, hiru milioitik gora eta gero lokalak... 50 bat leku beharko genituzke eta non daude? eta noski 50 irakasle, irakasle bakoitzarentzat 20 ikasle izango lirateke.
Z.A.–Orain arte zenbait irtenbide planteiatu duk, baina hor oraindik zulo asko gelditzen duk.
–Bueno, prentsa aldetik adibidez, nere ustez, kazetaritzan, euskaldunok oraindik gauza asko ikasi behar dugu, albiste soilak ematen ikasi behar dugu, soil soilik, komentario eta moralik gabe. Oso inportantea iruditzen zait, kazetaritza ahalik eta neutroena egin behar dugu, bestela bati harrikada emanez gero, hura adiskidetzca zaila izaten da eta:~hemen harrikada gehiegi dabilela iruditzen zait. Euskara erraza ibili behar dugu. Gero, frase luzeegiak erabiltzen dira eta esaldiak moztu beharra dago, puntoak jarri behar dira, makinan horretarako daude eta gero alaitasun apur bat ere eman behar zaio. Behar bada neri umorea asko gustatzen zaidalako izango da, baina umore sinplea erabili behar da, edozeini adarra jotzeko modukoa eta gainera libertate osoz. Kirtenkeria eta tontokeriak denak botatzen dituzte.
Z. A. – Orokorki egungo euskal kulturaren egoera nola ikusten duk?
Asko pentsatu ondoren hitz batetan laburtzen dit: «preliterarioa, nik behintzat preliterario». Eta ondoren berari hainbat gustatzen zaion konparaketak egiten hasten da. «Garcilaso de la Vegaren bat badaukagu, Lope de Ayalaren bat ere bai, Sen Job asko, baina oraindik Fray Luis de León edo Cervantes bat ez zaigu sortu, sortuko dira, etorriko dira. Gero, gauzak kontatzen, esaten ikasi behar dugu, azken gerrateari buruz adibidez ez dugu nobela batik ere, poema batik ere ez; Karlistadetaz Santa Cruz apaiza daukagu, besterik ez da. Gero, badirudi gu oso jende serioa garela eta ikaragarrizko problema handiak ikutu behar ditugula, Espainiako telebistan Arniches ematen digute eta nik norbalti ia Arnichos txarra den galdetuko nioke, Jende arrunt eta soilak oso gustora ikusten dute, behar bada intelektualei ez zaie gustatzen. Neri, oesteko nobelak asko gustatzen zaizkit, Estefania eta horrelakoak ere bai. Eta hemen horrelakorik zergatik ez egin? Eta zergatik Soroa, Toribio Alzaga edo parre egiteko idatzitako komediak, komedia hutsak? Jendeak parre egin dezala, baina euskaraz parre egin dezala eta hemen umorea falta da, galdu zaigu erabat, eta idazle komikorik euskaraz? Ez dakit.
Z. A.–Egun, euskal irrati eta telebistaz asko hitzegiten duk, hauen etorkizuna nola ikusten duk hik?
"Simplemente Maria"-ren Beharrean Gaude
–Begira, egun irratia antzu dago, gizajoek ahal duten guztia egiten dute, baina materialik ez daukate. "Simplemente Maria", "Elena Francis", jendeak hori entzuten du eta benetan lauretan punttua egiten ari diren emakume horiei eman "Simplemente Maria"!, beren jersea egiten ari diren bitartean negar egin dezatela, baina euskaraz negar egin dezatela! Idazlea txarra izango da, ez du ezertarako balioko, bainan jendeak euskaraz entzungo du eta bere sentipen soilak, sinpleak, penak, euskaraz negar egingo ditu.
Z. A.–Baina "Simplemente Maria" eta "Elena Francis "en tankerako programak oso erreakzionarioak dituk, uste al duk jendeak onartuko lituzkeela?
–Hori, praktikak erakusten digu. Jende oso serioa badakizu nora joaten den? Mostacho Pubera, dantza egitera, burua musikaz lehertzeraino, zarataz lehertzeraino, hori ez al da kontradizio bat? Orduan, jende serioenak ere alienazioa behar du; alienatu nahi duela? Baina euskaraz! Musika egiten hasten gara eta serioa dugu, eta hemen umorea behar da oraindik, bertsolariek kontserbatzen dute umorea, batzutan oso mingotsa da, askotan volterianoa, bainan umore librea, taburik gabea; esan nahi dut, tabuen kontrako taburik gaboa. Umorea beharrezkoa da, denei eta denari parre egin behar diegu eta historia tristeak kontatuz negar egin arazi behar diegu, ez dakit. "Simplemente Maria" horrek ikaragarri maite zuen, baina jendeak... horrelako historia tristeak, tristeak... Telebista mailan ere gauza hauek kontutan hartu beharko lirateke. Lehenago horregatik esaten nizuen idazleak behar ditugula, baina idazle apalak, beren izenak sekula santan euskal kulturaren historiara ez direla pasatuko jakingo dutenak, monumentu zai dagoen idazlerik ez dugu behar. Jende eta idazle askori "Don Ouijote de la Mancha"ren sarrera irakurtzea komeni zaie. ,"Don Quijote" baina lehenago "Amadis de Gaula", "El Caballero del Espejo" eta horrelako nobelak idatzi ziren, nobela tonto asko eta azkenean, batek Don Quijote sortu zuen. Hemen Don Quijoteak egin nahi dira, ez bitartekoak.
Francori kaleak eskeintzen zizkioten, hortxe dago, Zegaman, Cara al SOIN inbentatu zuena, Telleria, zegamarrek monumentu bat jaso zioten eta hara! orain Zegamako txakur guztiek badakite txisa non egin.
Hauek dira elkarrizketako azken hitzak eta nere algara Diputazioko zulo guztietan entzungo zen. Hori bai, Pelloren irriparra ez da mugitzen." Nik esandakoarekin ahal denana egin ezan" esanaz agurtzen nau. Baina aidean, bi poesia ekartzeko promesa gelditu da. Elkarrizketa bukatzen nengoela ehundaka folio karpeta batzuetan sartuta besapean dituela hemen presentatu zaigu eta ez dakit hego haizearen eraginarengatik edo zergatik, alaitasun eta katxondeoz beteta agertu zaigu. Elkarrizketako seriotasuna, itxura hutsa ote? Ezagutzen dutenek hala diote.
LURDES AUZMENDI
Argazkiak: Txema Ormazabal.
13-18

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakABALETA4
PertsonaiazABALETA4
EgileezAUZMENDI1Kultura

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude