“Zure auzoko moneta sozialak ez du euroa eraitsiko, baina bizitza bizigarriagoak sortzen ditu”

  • Ukaezina da: gure mundua latza da izaki bizidunen gehiengoarentzat; orduan, zergatik ez dugu alternatibarik desiratzen? Galdera horri erantzun nahian, eta bestelako mundu eta modu batzuk egiaz abian daudela erakusteko, liburu bat idatzi du Alicia Valdés politologoak. Donostiako Kaxilda liburu-dendan aurkeztu zuen martxoaren amaieran.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Alicia Valdés

Politologoa eta Humanitateetan doktorea. Unibertsitateko irakasle gisa lan egiten du. Teoria psikoanalitikoari eta politika intersekzionalari buruzko tesia egin zuen, eta subjektibitatea, gorputza, identitateak eta desira lantzen ditu, hainbat diziplina uztartuz. Gaur egun, ipuinak idazten ari da, eta irribarre eder bat ateratzen zaio, barru-barrutik, horri buruz galdetzen diotenean.

Política del malestar. Por qué no deseamos alternativas al presente (Egonezinaren politika: zergatik ez dugu orainarekiko alternatibarik desiratzen) kaleratu duzu. Nondik abiatu zen idazketa, eta zer lotura du zure aurreko lanarekin, Towards a New Lacanian Left (Ezker lacandar berri baterantz)?  
Debate argitaletxeak politikari eta psikoanalisiari buruzko liburu bat kaleratu nahi zuen, eta niri proposatu zidaten. Jendeak diru truk idazten du: hori mahai gainean jartzea garrantzitsua eta zintzoa da. Hori batetik. Gero, zuk aipatzen duzun beste liburua nire doktore-tesia da; nik, tesian, psikoanalisi lacandarra eta filosofia politiko feminista aztertu nituen, eta bigarren liburu honek aukera ematen zidan, nolabait ere, tesiko edukiak lurreratzeko, itzultzeko, eta bestelako publiko batengana iristeko.

Psikoanalisiak mesfidantza eragiten du. Baina, liburuan diozun eran, “psikoanalisiaren aplikazioak izan duen joera heteronormatiboaz eta androzentrikoaz ohartzeak ez dakar [psikoanalisia bera] subertsio-iturri gisa baztertzea”. Zu zeu nola hurbildu zinen korronte horretara?
Gaztetan hasi nintzen Freud irakurtzen, asko interesatzen zitzaidan ametsen kontua. Helduaroan, militantzia anarkistak eta feministak neure bizitzan indarra hartu heinean, psikoanalisitik urrundu nintzen, hain zuzen psikoanalisiari buruz eduki ohi den irudipenarengatik. Baina filosofia politikoko masterra egin nuenean, irakasle batek, Sonia Arribas, Lacan ezagutarazi zidan, eta horrek dena aldatu zuen. Zientzia politikoetan, jokaera politiko oro subjektu-mota jakin baten bitartez azaltzen zen –zeina ez baita psikoanalisiaren subjektua–, eta niri iruditzen zitzaidan azalpen teoriko horiek ez zetozela bat, gerora, subjektuek egiaz zituzten jokamoldeekin. Eta tesiarekin hasi nintzenean argi ikusi nuen psikoanalisiaren bidetik segitu nahi nuela. Oso marko indartsua iruditu zitzaidan. Noski, genero-berrikuspen bat behar zuen, baina merezi zuen.

Zerk erakarri zintuen gehien?
Gabeziaren kontzeptuak. Subjektua ulertzea subjektu zatikatu gisa, subjektu ez-harmoniatsu gisa: hori oso baliagarria egin zitzaidan. Pentsatu nuen: hementxe da. Bestela, filosofia politiko kartesiarrak ez du kontraesana ulertzen, ez dio bere buruari baimentzen kontraesana ulertzea.

Subjektua zera guztiz arrazionaltzat hartzen duen ikuspegiaren mugak zein dira?
Begien bistan dauzkagu gaur egun: ikusi egiten ditugu, bizi egiten ditugu. Baldin eta, subjektua, esan izan diguten bezala, guztiz arrazionala bada; bere borondatearen eta kontzientziaren arabera bakarrik ekiten badu; subjektu askea, independentea eta autonomoa bada; subjektuak benetan horrela jardungo balu, gaur egungo jokamolde asko ezingo genituzke ulertu. Eta uste dut horixe dela muga nagusia: zerbait azaltzen saiatu ordez, besterik gabe irrazionaltasunaren tiraderan sartzea.

"Logika horixe saltzen digute: zure jokaera ez-hegemonikoa ez bada hegemoniko bihurtzen, orduan, uztazu“

Maiz esaten da boto-emailea ergela dela: gutxiago dela intelektualki eta moralki. Baina hori ez da analisi politiko bat, hori epai moral bat da, balio-iritzi bat, eta hori egin nahi baduzu, ba ados, baina ez esan analisi politiko bat denik. Horrek egonez handia sortzen zidan, iruditzen zitzaidan ikuspegi pixka bat irekiago batetik erreparatu behar zitzaiola gaur egun gertatzen ari denari, zeren ez baduzu subjektuaren eta fenomenoaren diagnostiko on bat egiten, zer arraio eskainiko diozu jendeari?

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Liburuan hainbat aldiz aipatzen duzu honako galdera hau: zergatik ematen dio botoa langile batek eskuin muturrari?
Galdera hori ez da iparrorratz bat izan niretzat, ez du nire hausnarketa gidatu, baina lagungarria suertatu zait gertatzen ari dena mahai gainean jartzeko. Jende askok buruan darabilen galdera da. Ezkerrak irabazten ez duen hauteskunde-prozesu ororen ostean, jende askok esaten du langileak ergelak direla, gu denok ergelak garela, ez dakigula botoa ematen, baina nik uste dut apur bat harago joan behar dugula.

Niri, galdera hori planteatzen denean, ea zergatik, pentsatzen dut: eta zergatik ez? Gaur egun, gauzak arrazionalak edo irrazionalak diren erabakitzeko, honela sailkatzen dira: zerbaitek mesede egiten badie zure interes materialei, orduan arrazionala da, eta ezezkoan, irrazionala da. Baina Marxek jada azaldu zuen hori dena, kontzientzia faltsuaren kontzeptuarekin. Kontzientzia faltsua da subjektu batek jardutea bere baldintza materialak ulertu gabe edo aintzat hartu gabe. Kontua da, ordea, interes materialez aparte, bestelako interesak daudela; kontua da badagoela interesen sorta zabal bat materialtasunarekin zerikusirik batere ez duena, edo materialtzat hartzen dugunarekin behintzat. Eta uste dut horrexetan eragin behar dela. Pertsona hori ez da bere interesen kontra ari; kontua da bere interesak ez datozela bat bere baldintza materialekin edo beste ezein interesekin.

Beste ideia bat: desira ez da inoiz guztiz asetzen; motore gisa jarduten du, beti. Esango nuke kosta egiten zaigula hori onartzea.
Sistema bat asmatu dugu, sistema ekonomiko, politiko eta sozial bat, zeinetan esaten baitzaizu desira erabat asetzea posible dela, orduan, noski, kontrakoa esaten dizutenean sekulako krisia pizten zaizu. Konplexua da. Liburuaren harira asko galdetzen didate: “Aizu, eta proposatzen duzun hori, ez al da gogorra onartzen?”. Psikoanalisia, zentzu horretan, albiste txarren subjektua da, baina ez dakit, niri gustatzen zaizkit bizitzaren gatza eta piperra. Desira benetan aseko balitz, horrek esan nahi luke jada ez zenukeela inoiz gehiago ezer desiratuko, eta horrek, niri, ba… Uste dut, funtsean, gabezia onartzea dela gakoa.

"Hasteko, argi utzi nahi dut honako hau: pentsamendu kritikoak ez badu mobilizatzen, ez da kritikoa"

Zure esanetan, psikoanalisiak argitara ekartzen ditu “gure egonezinaren sintomak sortzen dituzten gatazkak”, baina “ez da terapeutikoa izango”.
Ez-guztiaren logika da, ez unibertsalizatzearen logika: psikoanalisiak berezkoa du logika hori, baina baita feminismoak ere. Epistemologia feministan aldiro esaten da gauzak ezin direla unibertsalizatu, ez baitago esperientzia unibertsalik. Ba psikoanalisian berdin: logika totalizatzailea ez dela posible onartu behar da, etengabe.

Horren haritik, eta zehazki zure galderari helduta, gaur egun saltzen den esperientzia terapeutikoan, badirudi esaten dizutela: segi terapiara eta zure arazoak desagertuko dira. Eta ezkerren aldetik ere halako zerbait esaten da: gobernura iristen garenean, adarbakarrak eta ostadarrak gailenduko dira; eta maila politikoan saltzen dizkigute halako zerumuga guztiz bikain batzuk. Baina psikoanalisian ez dizugu esaten aurrerantzean ez duzula arazorik izango; ez, arazo berriak izango dituzu, baina akaso arazo berri horiekin bizitzeko gai izango zara.

Esaterako?
Asturiasera itzuli naiz orain dela gutxi; aspalditik egin nahi nuen gauza bat. Baina, noski, zuk aldaketa bat egiten duzunean zeure bizitzan, kasu honetan Madriletik eta Bartzelonatik alde egitea, jende askok pentsatzen du hori eginda erabat zoriontsu izango dela, leku berrian ez duela arazorik izango; ez, laztana, arazoak izango dituzu leku berrian ere, kontua da dauzkazun arazoekin bizi ahal izatea. Zeharo desberdina da.

Orain, nire arazoak bestelakoak dira. Beste bizimodu bat daukan hiri batean bizitzeak ez dit zero problema sortzen, baina sortzen dizkidan problemekin eta egonezinarekin bizi naiteke. Hori onartu behar duzu. Jende askorentzat ez da narratiba desiragarri bat izango, baina niri balio dit, eta beste askori ere bai, eta ideia hori planteatzea behintzat interesgarria iruditzen zitzaidan.

Ez-guztiaren logikaren barruan, gaur egun martxan dauden alternatibak aipatzen dituzu.
Hasteko, argi utzi nahi dut honako hau: pentsamendu kritikoak ez badu mobilizatzen, ez da kritikoa. Ni militantziatik nator, eta eskatu izan dut eta nahi izan dut horrek errealitatearekin eta proposamenekin eta ekintzarako deiarekin zerikusia izan zezan. Funtsezkoa iruditzen zait.

Gero, ea nola eraman ditzakegun psikoanalisiaren ekarpenak errealitatera, edo zein den horren praxia. Ba, begira, ideia honekin lotuta dago: egia da, nire asanblada feministak ez du heteropatriarkatua deuseztatuko; edo, beganismoaren adibidea jarri genuen atzo: zuk, Valladoliden, animaliarik jaten ez baduzu, horrek ez du ekarriko Sorian txerriak hiltzeari uztea, baina orduan zer, zuk ez duzunez hori lortzen, zure ekintza alde batera utzi behar zenuke? Logika horixe saltzen digute: zure jokaera ez-hegemonikoa ez bada hegemoniko bihurtzen, orduan, uztazu. Baina hara non logika anarkistetatik beste zerbait esango genizukeen. Bai, zure jokaera ez da hegemonikoa, zure ekintza ez da hegemonikoa, zure auzoko moneta sozialak ez du euroaren, dolarraren edo yenaren inperioa eraitsiko, baina bizitza bizigarriagoak eratzen ditu. Hortik kanpora, bizi garen sistemak, kapitalismoa deritzon sistema-munduak, etsipenera garamatza

"Militantziak atseginagoa izan behar luke: gure aktibismoa neurtzen baldin badugu sistema aldatzeko garaian ditugun arrakasten arabera, beti jasoko ditugu ebaluazio txarrak"

Ez-guztiaren logika honek, nire ustez, desblokeatu egiten gaitu. Bestela, erabateko inpotentzia sentitzen duzu.
Bai, horrekin lotuta dago. Genozidio bat egiten ari dira, ekozidio bat gertatzen ari da, eta zu, bitartean, lanean zaude, edo etxean, scrolleatzen. Konplexua da, eta min eta egonez handia sortzen du. Uste dut, batzuetan, gure aktibismoak mugak dituela onartzeak aktibismoan jarraitzea ahalbidetzen digula. Zentzu horretan, militantziak atseginagoa izan behar luke: gure aktibismoa neurtzen baldin badugu sistema aldatzeko garaian ditugun arrakasten arabera, beti jasoko ditugu ebaluazio txarrak. Beste norantza batean jo behar dela uste dut.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Afektuei eta laguntasunari buruz ere idatzi izan duzu, baina afektu zein laguntasun erradikalen garrantzia azpimarratuz.
Badirudi laguntasuna guztion ahotan dabilela orain. Kontzeptu bat horrela agertzen denean, nonahi, berrikuspen kritiko etengabea egin behar dugu; eta ikusi behar dugu ea zeri buruz ari garen laguntasunari buruz ari garenean. Hau da, ez dezagun korrontearekin bat egin besterik gabe, zeren bizi garen sistemaren korrontea, kapitalismoa, maltzur samarra da. Laguntasunaren kontzeptua agertzen dela? Kapitalismoak dio: ze ondo, horra merkatu-hobi berri bat. Afektuak agertzen direla? Kapitalismoak dio: bikain, dirutza egingo dut. Niri horrek atzerakada eragiten dit, zeren, elementu bat modan jartzen bada, logika kapitalistek fagozitatu dezakete, eta adi ibili behar dugu.

Laguntasunaren hausturaz hitz egiten duzu. Eta zera diozu: laguntasuna, lotura huts bat baino gehiago, ekintza bat dela.
Gaur egun asko hitz egiten dugu loturez eta harremanez, eta nik pentsatzen nuen: lotura oro al da zilegi? Ez dakit, nik lotura asko ditut neure bizitzan nahi ez ditudan pertsonekin. Hau da, loturak ditugu kalte asko egin diguten gure familiako kideekin, tratu txarrak eman dizkiguten jendearekin. Orduan, ez dakit lotura bera den erradikala, ala gertatzen dena, ekintza.

Laguntasunaren testuarekin, Política del malestar-ekin bezalaxe, idatzi ahala, gertatzen ari zitzaidanari erantzunak ematen ari nintzen. Garai hartan bi laguntasun-haustura izan nituen, oso mingarriak. Jada ez nuen nahi pertsona horien laguna izan, baina ez zen haiek utzi nindutela; nik hautsi nahi nuen harremana, eta gaizki sentitzen nintzen: ez nituen nire bizitzan nahi, baina ez nuen ulertzen zergatik, elkar maite genuen-eta. Nahaste-borraste itzela. Zergatia ulertzen ahalegindu nintzen, eta loturari bakarrik erreparatu banio, ez nukeen sekula ulertuko.

"Niretzat punka ez da estetika huts bat, guztia ulertzeko modu bat baizik. Nik, bizitzari, punketik begiratzen diot"

Zer ondorioztatu zenuen, zuen ekintzak jada ez zetozela bat?
Ba, niretzat, honelako zerbait izan zen: aspaldi da jada ez garela lehengo pertsona berak, aspaldi da aski bereizi garela, eta bai, asko maite dugu elkar, oso laguntasun ederra izan da, une miragarriak izan dira, baina hemen egonezin bat dago. Kasu batean, ni oso ondo tratatzen ninduen arren, beste pertsona batzuk ez, eta nire ustez ezin zen horrela portatu jendearekin. Konplexua da. Eta tira, nik laguntasunaren kasua hartu dut, baina uste dut lotura orotarako balio duela: zer da garrantzitsuagoa, lotura ala ekintza? Niretzat, ekintza.

Azken galdera: liburuan abesti mordo bat agertzen dira, zer leku du musikak zure pentsaeran?
Ea, begien bistakoa da punkia naizela, ez naiz askorik ezkutatzen [barreak]. Niretzat punka ez da estetika huts bat, guztia ulertzeko modu bat baizik. Nik, bizitzari, punketik begiratzen diot. Eta bizitzarako etika punk horretara musikari esker iritsi naiz, aktibismoari esker, punk kulturatzat hartzen dudan horri esker. Liburuan azaltzen ditudan kontuak, niri, kantek kontatu dizkidate. Liburua bera La Polla Recordsen aipu batekin hasten da: “Jende gehiegi bizi da tristeki / eta hilko dira demokratikoki”. Ba bai, horixe bera, Evaristo. Orduan, azaldu nahi nuen ni ez naizela bolbora deskubritzen ari hemen. Ni hona iritsi naiz pogo baten eskutik. 


Azkenak
2025-05-20 | Aiaraldea
Etxegabetzea burutu gabe joan da AMA Desokupa enpresa Amurriotik, “herri erantzunari esker”

Airaldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) jakinarazi duenez, larunbatean hartu zuten itzulera hegazkina desokupazio enpresako kideek. 


Pepe Mujica eta Lucia Topolansky
“Bi euskaldunek Peperi eta Lucíari poema bana xuxurlatu nahi diete”

2015eko urtarriletik maiatzera bitartean, 25 urterekin ikasketak amaitu ondoren, Irati Astobieta laguna eta biok Txilen, Argentinan eta Uruguain zehar ibili ginen Kalabazan Ibiltaria proiektuaren barruan. Poesia xuxurlatua tresna poetikoa baliatuz euskal poemak ahotik belarrira... [+]


2025-05-20 | ARGIA
Behatokiak uko egin dio “gaztelania sustatzea helburu duten” jardunaldi batzuetan parte hartzeari

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak argudiatu du kontraesanean daudela jardunaldien helburua, hau da, gaztelania bultzatzea, eta euskararen normalizazioa eta biziberritzea. Observatorio Global del Español erakunde antolatzaileari gutunez eman dio erabakiaren berri, eta 2024an... [+]


65.935 etxebizitza turistikoren iragarkiak kentzeko agindu dio Espainiako Gobernuak Airbnb-ri, tartean Euskal Herriko zenbait

Espainiako Gizarte Eskubide eta Kontsumo Sailak enpresari eskatu zion Espainiako Estatu osoan 65.935 etxebizitzaren iragarkiak webgunetik kentzeko, araudia betetzen ez zutela egotzita. Airbnbk helegitea aurkeztu zuen, Madrilgo Auzitegi nagusiak arrazoia eman dio gobernuari,... [+]


Aroztegiako epaiketaren kronika (lehenbiziko eguna)
Akusazioek izen bat nabarmendu dute lehen saioan: Garbiñe Elizegi

Goiza epel esnatu da Iruñean, eta Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean epela beroa zen, elkartasunaren beroa. Baztandik hurbildutako Aroztegiko Elkartasun Komiteak karpa jarrita zuen auzitegiaren aurrean eta dozenaka pertsonak haien elkartasuna adierazi diete zazpi... [+]


Iheslarien kolektiboko sei kidek Auzitegi Nazionalean deklaratu dute

Bideokonferentzia bidez deklaratu dute Euskal Iheslari Politikoen Kolektibo sei kideak, astelehen goizean. Zitazioetan adierazten zenez, 2013ko gertakarietan oinarrituta ireki dira eginbideak. Sumarioa sekretupean dago.

 


Sorzabalen epaia oinarri hartuta tortura bidez eraikitako frogak indargabetzeko eskatu du Euskal Herriko Torturatuen Sareak

"Erantzukizun publikoa hartzeko ordua" dela esan du Euskal Herriko Torturatuen Sareak, Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal Guardia Zibilak torturatu zuela onartu eta horregatik errugabetu ostean. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio EAEko aitortza eta erreparaziorako... [+]


2025-05-19 | ARGIA
Aroztegiako epaiketari jarraipen berezia

Aste osoan ARGIAko kazetari bat dedikazio osoz izango da auzitegi barruan gertatzen denaren berri ematen, baita kanpoan Aroztegiko Elkartasun Komiteak auzipetuen absoluzioa eskatzeko antolatutako egitarau zabala jarraitzen ere. Argia.eus-en aurkituko duzue informazio guztia... [+]


2025-05-19 | Bertsozale.eus
Maiatzaren 23an eta 30ean jokatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako sailkatze saioak

Iruñean eginen da lehen saioa, maiatzaren 23an, eta Jauntsaratsen bigarrena, maiatzaren 30ean. 12 bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, sei sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.


Ezustea Errumanian: Europar Batasunaren aldeko hautagaiak irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak

Bukaresteko alkate Nicusor Dan-ek eskuin muturraren hautagai George Simion garaitu du bigarren itzulian. Danek bozen %55 eskuratu du, Simionek %45. Hala ere, eskuin muturra hazi egin da lehen itzuliarekin alderatuta. Errusiaren "esku hartze" polemikan... [+]


Gazaren erabateko okupazioari ekin dio Israelek, eta egun bakarrean gutxienez 150 palestinar hil ditu

Maiatzaren hasieran iragarri ostean, Gaza erabat okupatzeko eta hango palestinarrak kanporatzeko plana martxan jarri du Israelgo armadak. Zerrendan jada hasiak dira ofentsibaren ondorioak pairatzen: azken 24 orduetan eginiko erasoetan, Israelek gutxienez 150 palestinar hil ditu... [+]


2025-05-19 | ARGIA
Bridgestoneko erregulazio espedienteak Basauriko fabrikako 232 langileren kaleratzea jaso du

Bridgestone Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko eta Puente San Migueleko (Kantabria) fabriketan dituen 420 langileri eragingo die CCOO, UGT eta BuB sindikatuek astelehenean sinatuko duten erregulazio espedienteak. Ostiralean egindako bozketan, Basauriko plantan... [+]


Etxegabeen kontrako bi eraso egin dituzte Bilbon eta Lekeition

Larunbat gauean gizon batek Bilboko Zorrotzaurreko pabiloi bat erre zuen, bertan bizi diren etxegabetutako pertsona batzuen kontra egiteko. Lekukoen arabera, 33 urteko gizonak errezelei su eman zien bertan zeuden batzuekin eztabaidatu ondoren. Bestetik, pasa den astean... [+]


Beste behin, Israelen inguruko polemika nagusitu da Eurovision jaialdian

Lehiaketan parte hartu izan duten 72 artistak iazko edizioa "historiko politizatuena eta desatseginena" izan zela salatu dute, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Online botoari esker gertu izan du garaipena Yuval Raphael Israelgo ordezkariak. Polemikaz beteriko... [+]


Eguneraketa berriak daude