Apirilaren 24an, ETB1ean, jendeak aspalditik eskatzen zuen programa eredu bat estreinatuko da: Linbo, late night formatuko ordubete inguruko saioa, gazteek eta gazteentzat egina.
Ziklikoak gara. Brotxa lodiz esango dut –baina ez aldizkari honetako Iritzia sailean Mikel Oterok aipatzen zuen brotxarekin, ez baitut hurrengo egunetan sortu zen zurrunbiloa berpizteko gogorik–. Ea, hemen doa predikua: euskal intelligentsia linboan da. Apur bat inpase batean, Joseba Zulaikak dioen moduan. Baina esango nuke gertu samar gaudela duela hamabi urte Beñat Sarasolak izkiriatu zuen modu horretatik.
Egin dezagun memoria. Etorkizuneko historialariek pre-eusnob aldian kokatuko dute Sarasolaren artikulu hura, euscool-a izateko jarraibideen manifestua; eta Mursegok ipini zuen gero eusnob aroaren soinu banda. Baina ez oso luzerako. Zeren batzuk nahiko azkar jabetu ziren pastazko betaurrekodun indie-n komandoa ez zegoela zerua asaltatzeko pronto; D2016tik kanpo antolatze hutsa ez zela nahikoa Ez Dok Amairu berri bat halabeharrez sortzeko; eta errealki linbo batean zeudela, zerutik bezain urrun infernutik. Maltzagako errotondan jira-biran, zeru gainean muntatuta dagoen scalextricari begira, Gorka Bereziartuak covid-19 aurreko udaldian esplaiatzen zuenez. Zerua jo eta sabaia hautsi nahi zutela aldarrikatzen zutenean, pastazko betaurrekodun baten ohartarazpena heldu zen: zerutik gertu ez da ondo egoten.
Tira, gauza batzuk oso ondo zeuden.
Maltzagakoa erresolbitu ondotik, neutralizatze eta despolitizatze bidea egin du denak (era bizkorrago batean). Baina gauza batzuk aldatu dira, loreak beti omen dira-eta ernaltzen, eta garai hori ari gara bizitzen. Post-aldiak. Post-eusnob, post-pandemia, post-Twitter.
Orain, alternatibismoaren berezko ezaugarri bihurtu denean sold out-ak egitea, guayismoaren izenean baita Last Tour zikinaren magaletik kantatzea ere, benetako moderneti-ak bestelako gauza batzuk egiten ditu. Jada ez du puntuatzen zinemagintza japoniarrean aditu izan eta Bukowskin zerbeza batzuk hartzeak. Bukowskik bai, segitzen du izaten cool, baita expensive ere, baina asteazkenetako poesia inprobisazioak eta bitarteko zerbeza tostatu zero-zeroak dira sasoiko guay.
Gisa berean, jende guay-ak eta ez hain guay-ak Filmin dauka orain, denok antzera egin ditugu Kneecap eta Chill Mafiaren alderaketa zabarrak, Adolescence agian ez genuen hainbeste komentatuko baina plano sekuentzietan denok egin gara aditu, eta doi-doi baina ari gara gazte literatoen loraldiaren berri izaten, Behe Banda, Pomada Banda, Lokatz Loreak, Izanen eta abar ezagutzen, euscoolbidea jarraitzen.
Oraina orain. ETBren Orain: kultur programa zenak bi puntu galdu ditu eta sare sozialetako aparatu da Orain, albisteak reel-etan minutu erdian ematen dituen gailu. Baina benetako euscool-ak EiTB Kultura ikusten du. Eta bene-benetakoa noizbait agertu da hor tote bag-etik liburuak ateratzen.
Tira, gauza batzuk oso ondo daude. Eta horren guztiaren elkargune interesgarri bat sortzera doa.
Iparrorratza. Behin Bukowskin egonda, igo aldapa eta biratu ezkerrera. Joan Gazteszenara. Egin topo, apropos, sorpresarekin. Edo jarri ETB1 eta gozatu post-produkzioko lanaz. Datorren apirilaren 24an estreinatuko dute late night formatuko Linbo telebista programa berria. Huraxe izan daiteke bere burua linboan ikusten duen euskal homo sapiens kontzeptualarentzako bazka aproposa.
Seinaleak ikusten
Aldi berean, Hiru Trukuren itzulera puntual estimatuak Bilboko Arriaga antzokia bete zuen bitartean, iluntze euritsu berean, “seinaleak ikusten saiatzen” ari ginen batzuk Donostiako Gazteszenan, “arrastuak elurretan”, Ruper Ordorikaren Zaldiak negarrez abestian nola. Ahoz aho zabaldu zen –beno, ahoz ahokoa gaur egun da Whatsappean jendeari mezuak birbidaltzea– asteazken hartan grabatzekoak zirela Linboren lehen saioa.
Bogan eta modan dauden late night estiloko programa izango da Linbo. Aspalditxotik espero edo gutxienez nahi-nahi zen programa bat, euskaraz, telebista publikoan. Zabar eta erreferentzia ez-eusnobekin esanda: Espainiako telebista publiko progrean arrakasta duen La Revueltaren gisako ikuskizun euskalduna. Bizia, freskoa eta umoretsua, euskal sortzaileen plaza izango dena, baina, itxura du, norbere libroa saltzeaz harago beste mila konturi buruz ariko direla hitz eta pitz sofako tertulian. Ez da igual oso euscool-en plaza izango, baina euscool guztiek zeharka bada ere ikusiko dute. Astegun burusoiletako euskaldun garagardozaleen aitzakia ere bai, izango da.
Itxuraz gure artean nobedoso-nobedosoa ere ez da izango. Eta azalpen hauek merezi dute parestesi serio bat.
Bigarren estreinaldia du programa eredu honek. Eta ez dago bigarren estreinaldi onik. Aurrekoa mingainari kosk eginda amaitu zen hasi eta gutxira. Zorionez. Halakoak gaurko egunez egin egiten direlako. Hainbat emakumek idazki anonimo batean salatu zuten lehen programa haren aurkezleak sexu-erasoak egin zizkiela. Salaketaren ohar hura kaleratu eta ordu eskasera, programaren eskubideak zituen EiTBk komunikatua atera zuen, emisioa kautelaz eteteko, eta programaren ekoiztetxe Hiru Damatxok ere zilegitasuna eman zion salaketari. Aurrerago gertaturikoak esfera publikotik kanpo jazo dira.
Bizkor kantzelatu zen programa, hala izan behar zuelako. Zalantza zegoen ea asmoak ere haizeak eramango ote zituen. Baina programa berri bati ekin diote. Aurrekoko elementu batzuk hartuta, itxuraz, estilo bertsuko programekin egin ohi den moduan –ideiak hartzearen eta kopiatzearen mugetan, linboan–, baina kide eta kolaboratzaile berri eta, batez ere, aurkezle berri bat gehituta. Beste estilo bat.
Bizkor hasi gara seinaleak ikusten Linbora joan garenok: hau izango da, izan daiteke, da, gazte euskaldun arruntentzat egindako programa bat, akaso Mihiluzek bezainbat harrapa gaitzakeena. Ze, garagardo zoroak beti oso ondo datoz zirkura sartu aurretiko unean, baina ikuskizuna txarra bada, zerbezek logalea ere eman dezakete. Eta ez da kasua izan. Entretenitu gaitu ikusitakoak eta bizi eta interesgarri joan da dena. Horren erantzulea, mobida guztiaren zama publikoa izango duena, Aitziber Grados aurkezlea: tonuan bizi, estilo propioan, gidaritzan eroso eta natural aritu da, publikoarekin zirtolari eta lagunkoi.
Freskotasun horri eutsi diote kolaboratzaileek ere. Sorpresarik egongo da, topera dabilen musikari bat izango baita aldizkako kolaboratzaile –ziur ahoz ahokoan zabalduko dela, baina ARGIAk portada eman dionean ez du halakorik iragarri–; eta gainontzekoak ere aurpegi ezagunak izango dira, gehiago ala gutxiago saltsa guztietan dabiltzan umoristak, bakoitza bere estiloan. Eta elkarrizketatuek ere jokoa emanez gero, mundial. Hasi, behintzat, fuerte hasi dira. Apirilaren 24an emango den saioan haien talenturik naturalenak erakutsiko dituzte Idoia Asurmendik eta Aitziber Garmendiak. Benetan fin ibili ziren.
Esperotakoa? Sorpresa? Hemen gutxien espero zena zen telebistaren antena klasikoa entxufatuta helduko zela abangoardia, ETB1 jarri eta 22:30ak noiz iritsi zain egon beharko ginatekeela. Hain desfasean eta zain egoteko betarik ez duenak beti izango du Nahieranera jotzea, edo, jakina, Gazteszenara joatea.
Baina ez esan oso ozen noiz diren grabaketak, ez begiratu Instagramen eta are gutxiago egin plana lagunekin. Ez joan saldoka Gazteszenara. Ez daitezela fidatu Linbokoak. Segi dezatela aperitiboa amu moduan ipintzen.
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.
Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]
Mugimenduak mahai gainean jarri du euskarazko edukiak sustatzeko beharra, eta horren aurrean ETBk duen interes falta. Lehentasuna gaztelaniazko saioei ematea egotzi dio. ETB emozioen festa izan dadin, aldatu gidoia euskararen alde! lelopean, aldaketa eskatu dio telebista... [+]
40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]
Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]
2021az geroztik, ETBko zuzendaria da Unai Iparragirre. Telebista kateetako edukien ardura da berea, baina baita plazaratu berri duten Primeran plataformarena ere. Jaiotza horren aitzakian hartu gaitu Bilboko egoitzan duen bulegoan.
EITBren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute (H)itzartu ETBk deituta. EAJri eta ETBri politikak errotik aldatzeko eta "premiaz euskarazko eskaintza erakargarria" osatzeko eskatu diote.
(H)itzartu EITB ekimenak maiatzaren 20rako elkarretaratzea deitu du, Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz! lelopean. Ekimenaren ustez ikus-entzunezkoen eskaintzak garrantzi handia du hizkuntza biziberritzeko, eta salatu dute gaur egungo ikus-entzunezkoen politikak... [+]
Espainiako Gobernuaren 2022ko aurrekontuak babestu zituen EH Bilduk, besteak beste, ETB3 Nafarroa guztira zabaltzeko akordioa sinatuta. Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu du PSOEk ez duela hitza bete eta EH Bilduk ez duela presiorik egin.