Krutwig, ezagutu beharreko igarlea

  • Duela bi urte ospatu genuen Federico Krutwig Sagredoren mendeurrena. 1921ean jaio zen Getxon eta 1998an zendu. Tarte horretan ekarpen asko eta hausnarketa ugari utzi zizkigun. Gizon jakintsua zen, eta ezagutzaren arlo ugari aztertu zituen, hala nola politika, ekonomia, filosofia, hizkuntzalaritza, literatura eta euskara. Intelektual oparoa izan zela ez dago zalantzarik, nahiz eta onespen gutxi eman zitzaion bizi zen artean, eta horrela jarraitzen du oraindik ere. Bere luma oparoa eta zorrotza izateaz gain, ekarpen andana egin zion gure herriaren askatasunaren aldeko borrokari.

Federico Krutwig,1984an, ARGIAri eskainitako elkarrizketan. 1921ean jaio eta 1998an hil zen, 77 urterekin. Pasa den urtean 'Krutwig. Bere mendeurrena berrirakurtzen' liburua plazaratu zuen Nabarraldek, Krutwigen Lagunak elkarteko kideek idatzia, eta lan h
Federico Krutwig,1984an, ARGIAri eskainitako elkarrizketan. 1921ean jaio eta 1998an hil zen, 77 urterekin. Pasa den urtean 'Krutwig. Bere mendeurrena berrirakurtzen' liburua plazaratu zuen Nabarraldek, Krutwigen Lagunak elkarteko kideek idatzia, eta lan horretako mamiari heldu diogu artikuluan.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Erromako exilioan bera ezagutzeko parada izan genuen 1970ean eta aukera paregabea berarekin intelektualki aberasteko eta azterketa sozioekonomikoari beste modu batera heltzeko. Gerora ere, berarekin Bruselan eta Euskal Herrian egoteko zortea izan genuen. Beti zuen Euskal Herria buruan. Harreman pertsonaletarako batzuetan zakar samarra izanik ere, ezkertiar jende andana hurbiltzen zitzaion: politikariak, gerrillari ohiak, kazetariak, intelektualak eta abar.

Bizkaiko eliteko familiako kide gisa, Deustuko Unibertsitatean ekonomia eta zuzenbidea ikasi zituen. Atzerrira joan zenean, Parisen, Sorbona Unibertsitatean, zuzenbideko ikasketekin jarraitu zuen eta gero, Bonnekoan (Alemania), ekonomia sakondu zuen. Gaztetatik prestakuntza intelektual aberatsa zeukan, baita hizkuntzak ikasteko erraztasuna ere.

Euskararen sustatzaile

Federico euskaldun berria zen. 21 urterekin, Azkueren eskutik, euskaltzain urgazle bilakatu zen, eta 26rekin euskaltzain oso izendatu zuten. Euskaltzaindian ere ez zen ezkutuan ibili. Hasteko, bilerak euskaraz egitea lortu zuen. Euskara batuaren alde egin zuen; bere ustez, euskara batuaren oinarriak lapurtera klasikoan zeuden historikoki finkatuta. Berarentzat, bazegoen tradizioko euskara kultua, hain zuzen, jadanik  Leizarragak eta Axularrek idatzi zuten euskara, oinarrizko euskara batua, eta hori indartu eta garatu behar zen, eta ez gaur egungo euskara batua.

Aranismoak erabiltzen zuen euskara garbiaren aurka zegoen, eta zioenez grekera klasikotik zetozen termino kultuak maileguan hartu behar zituen euskarak, hizkuntza aurreratu eta aberatsa izan nahi bazuen. Berak euskara hori erabiltzen zuen, bai berba egiterakoan zein idazterakoan: lapurtera klasikoa.

Eliza Katolikoa Euskal Herriaren etsaitzat zeukan, betidanik euskararen aurka egon zelako. Aurkakotasun hori nabarmentzen zuen Pio XII.arekin. Aita Santu horrek Francorekiko eta naziekiko azaldu zuen jarrera harroa ez zuen batere gustukoa. Aita Villasante euskaltzain oso izendatzerakoan, Euskaltzaindiak harrera hitzaldia eskaintzeko eskatu zion Krutwigi. Bada, Eliza Katolikoa goitik behera eta gordinki kritikatu zuen euskara baztertzeko zeraman politika koloniala zela-eta, Francoren garaian bereziki. Hitzaldi horrek anabasa sortu zuen eta polizia frankistak atxilotu aurretik ihes egin zuen Iparraldera, non Likiniano, Kasilda eta beste hainbat euskal iheslarirekin elkartuko zen. Bera presente egon gabe egindako epaiketan 25 urteko espetxe zigorra ipini zioten.

Krutwig, ezkerretik lehenengoa, Euskaltzaindiaren VIII. Biltzarrean (Bergaran, 1978an). Hainbat euskaltzain ditu alboan: Luis Villasante, Piarres Lafitte, Jose Maria Satrustegi eta Koldo Mitxelena. / Argazkia: Euskaltzaindia

Erbesteko lehen urteetan euskal enpresarien biltzarra eratu nahi izan zuen Miarritzen, pentsatzen zuelako enpresariek euskarari bulkada emango ziotela. Horretarako, Londresetik laguntza paregabea eman zion Manuel Irujok, begi onez ikusi baitzuen gerra osteko garaietan euskal enpresarien lobby antzeko bat sortzea euskal ekonomiari indar berritzailea eranste aldera. Gestio hauek  1960ko hamarkada hasieran egin zituen, baina proiektuak ez zuen aurrera egin.

Aipatu bezala, hizkuntzak ikasteko erraztasuna zuen eta berak zioenez hamabost hizkuntza menperatzen zituen. Persiar zaharra ere ezagutzen zuen, baina gerora ahaztu egin zitzaion, inor ez zuelako aurkitzen praktikatzeko. Horregatik, garaiko prentsa agentzietan oso erraz aurkitzen zuen itzultzaile lana. Mao Zedongen aipuak ere itzuli zituen.

Abertzaletasuna berritzeko eta indartzeko premia

Krutwigek euskal abertzaletasuna berritze aldera lan eskerga burutu zuen eta bere ekarpen nagusiak hiru liburutan jasoko genituzke, nahiz bere obra politikoa arras oparoagoa izan: Vasconia (1963), La Cuestión Vasca (1965) eta Computer Shock. Vasconia. 2001 (1984). Eginkizun honetan aipatzekoa da Pako Miangolarraren laguntza oparoa, bai ideiak proposatzen, baita proiektuak finantzatzen ere.

Vasconia-n aurkituko dugu Euskal Herri Handiaren definizioa, zeina gaur egungo Akitania Berriaren zati handi batek, Nafarroak eta EAEk osatzen duten euro-erregiora hurbiltzen den. Halaber, euskal nazioaren oinarri nagusia ez da arraza, aranismoak zioen bezala, hizkuntza baizik, eta bigarren maila batean  kultura eta mentalitatea, erlijioa, arraza eta ezaugarri ekonomiko-sozialak. Naziogintza prozesu dialektikoa da, kontraesanez betea, eta ikertzeko metodo gisa materialismo historikoa erabiliko du, marxismoari helduta. Jabetza pribatuaren aurka azalduko da, esplotazioa ekidin nahi bada; eta oraindik bizirik zegoen euskal jabetza komunala defendatuko du.

Euskal Herri Handiaren azpiegiturak eta ekonomia antolatzeko ildoak emango dizkigu, non nekazaritza aurreratu, industria moderno, komunikazio lehiakor, zerbitzu eraginkor eta unibertsitate egokiak eratu behar baitira. Ideia ugari bat datoz gaur egungo euro-eskualdearen ezaugarriekin. Beraz, hein batean, Krutwig euskal igarlea ere izan genuen.

Bestalde, euskal administrazio politikoak nola eratuta egon behar zuen marraztu zigun. Horretarako, oinarri-oinarrian, behetik gorako biltzarrak ipiniko ditu, erakundetze demokratikoa erdietsi nahi badugu. Diseinu horretan Kropotkin anarkistaren eragina nabarmena da.

Krutwigentzat, datorkigun iraultza zibernetikan oinarrituko da, informazioa baita ekoizpen prozesuetako lehengai boteretsuena, petrolioa eta gasa baino gehiago.

1960ko hamarkada hasieran Euskal Herriaren azterketa soziopolitikoa marxismoaz blaitzen hasita zegoen eta La Cuestión Vasca iturriko ur freskoa bezala etorri zitzaigun frogatzeko marxismoak (Lenin) ere bidea ematen zigula autodeterminatzeko eskubidea onesteko eta justifikatzeko, gure independentziarako bidean. Hamarkada horren amaiera aldera eta Franco hil aurretik, ezkerreko abertzaleok oinarrizko liburu gisa erabili genuen.

Independentziarako prozesu politikoak baketsua izan behar du, alabaina diktadurak edo demokrazia ezak galarazten badio Euskal Herriari independentea izatea, zapaltzaileen estatuaren aurka borroka armatura jauzi egitea zilegia litzatekeela aitortuko digu. ETAren V. Biltzarrean parte hartuko du eta onartuko dira bere hainbat teoria, hala nola erakunde horren antolakuntza lau frontetan banatzea: politikoa, sozioekonomikoa, militarra eta kulturala, azken hau Krutwigen aburuz lauetan garrantzitsuena. V. Asanbladan Biltzar Ttipiko kide izendatu zuten eta denboraldi batean Hego Euskal Herrian ibili zen, klandestinitatean, ETAko militante gisa.

Iraultza berriaren aroa

Erbestetik itzulita Computer Shock idatziko du non, igarle moduan, konputagailuen iraultzak dakarrena aurreikusiko baitu eta erakutsiko digu Euskal Herriak zer egin behar duen aurrerapenaren gurpila ez galtzeko. Etorkizunean makinek pertsonen adimena eskuratu eta makina batzuek, robotek, proletarioak ordezkatuko dituzte. Ondorioz, Marxek aurreikusten zuen langileriaren iraultzak zentzurik ez du izango, iraultza burutzeko proletariotzak gaitasunik ez baitu, bai ordea jakintza gorena duen eliteak. Horretarako euskal elite sortzailea eratu eta elikatu behar da: Sophopolisen, jakitunen hirian, euskal elitearen bilgunean, non asmakizun gorenak emango diren Euskal Herriak herrialde aurreratuenen artean iraun dezan.

Hasiera batean Sophopolisa –25.000 bat laguneko hiria– Gernika inguruan kokatu nahi zuen. Hiri hori sortzeko hainbat arkitekto eta ingeniari hurbildu zituen, baina alferrik. Orduan, Greziako gobernua erakarri zuen proiektu hori gauzatze aldera eta, azkenean, Kea deritzon irla esleitu zion, non amestutako Sopholisak argia ezagutuko baitzuen. Proiektua aurrera eramateko finantzazioaren zain zegoela hil zen Krutwig, eta guztia horretan geratu zen.

Liburuan Krutwig Marxengandik erabat urruntzen da; esango digu materialismo historikoa, Marxek gizakion historia aztertzeko aplikatu zuen metodoa, ez zela zientifikoa eta fisika newtondarra duela  oinarri, fisika berriak baztertuko duena. Halaber, historiako iraultza oro garaiko eliteen esku gauzatu direla idatziko du eta, beraz, langileriak inoiz ez omen du sistema kapitalista sozialismora eramango; gainera, langileria robotek ordezkatuko dute ekoizpen prozesuan eta horrek ahulezia besterik ez dio ekarriko langile klaseari.

Krutwigentzat, datorkigun iraultza zibernetikan oinarrituko da, informazioa baita ekoizpen prozesuetako lehengai boteretsuena, desagertzear dauden petrolioa eta gasa baino gehiago. Hortik euskaldunok prestatuta egon beharra, munduaren gurdia galdu nahi ez badugu eta norabide egokian bidaiatu.

Bestalde, euskal eliteak ez du soilik bere mesedetan pentsatuko, baizik eta haren zereginak izan behar du ekoizpenerako asmakizunak gauzatzea, euskal jendartea hobekiago bizitzeko, eta ez gutxiengo bat bakarrik profitatzeko.

Halaber, Euskal Herriak baldintza paregabeak ditu garapen ekonomiko orekatua zehazteko. Ekonomiaren erdigunean Bilbo kokatzen zuen bere itsas portuarekin; ez da ahaztu behar Computer Shock idatzi zuenean Bilbo finantza hiri garrantzitsua zela, gerora, ohartu gabe gainera, desagertu zaiguna.  Horrez gain, Eibarko industria berritzailea aipatzen zuen, baita Bergara bezalako asmakizunen herria ere, edo Arrasate, non enpresak eratzeko eskarmentu aberatsa baitago, edo Oñati, non pentsatzeko ahalmena garatu daitekeen. Haatik, Krutwigen arabera, Euskal Herriak baditu oinarri sendoak ekonomian aurrera egiteko, beti ere, zibernetikaren eta ikasketa klasikoen uhina galtzen ez badugu.

Ezagutu behar den euskal igarlea da Krutwig.


Azkenak
Lurra eta konpromisoa ardatz, Bizkaiko hamar emakume baserritarren historia kaleratu dute

Maribi Ugarteburuk, EHNE Bizkaiaren enkarguz, herrialdeko hamar emakume baserritarren bizi historiak batu ditu Erein, Borrokatu, Bizi liburuan. Azken mende erdian Hego Euskal Herrian nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako gertaerak bizi izan dituzten emakumeak dira protagonista.


2025-06-27 | Hala Bedi
Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote uztailaren lehenetik aurrera

Zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) atzera bota eta "irtenbide bat bilatzeko negoziaketak hasteko helburuz", Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote.


LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunaren bezperan, “sexu askapena eta harrotasuna” aldarrikatu ditu EHGAMek

Argitaratutako oharrean, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak ohartarazi du "faxismoa eta ideia faxistak" zabaltzen ari direla mundu mailan, eta "erresistitzeko prest" daudela: "Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua". 


EHUn kitxuaz, komunitate indigenen erresistentzia aldarrikatzeko

María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]


'Missa Solemnis'
Bihotzetik zeruraino

Beethovenen 'Missa Solemnis'

  • Taldeak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (zuzendaria: Nuno Coelho), Bilbao Koral Elkartea (Enrique Azurza) eta Iruñeko Orfeoia (Igor Ijurra).
  • Bakarlariak: Mira Alkhovik (sopranoa), Nerea Berraondo (mezzoa), Michael Porter (tenorea)... [+]

Baztango Udalak “euskal errepublikaren parte” dela erabaki du

Aurrez, Plentziak, Alkizak eta Gernikak euskal errepublikaren parte izatea erabaki zuten. Baztanekin, dagoeneko Euskal Herriko lau herriek hartu dute erabakia.


'Artxibo biluzia'
Memoria indibiduala, memoria kolektiboa eraikitzeko

Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.

-------------------------------------------------------

Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]


Adin txikikoak dituzten Gasteizko bi familia kale egoeran geratzeko arriskuan daude

Duela urtebetetik duen aldi baterako harrera proiektua eten diote familia bati, eta bestea joan den astean etxegabetu zuten, inolako jakinarazpenik jaso gabe. Auzoan Bizi etxebizitza sareak agerraldia egin du ostegunean Txagoko Komunitate Sarearekin eta Federico Baraibar... [+]


2025-06-27 | Xuban Zubiria
Bretoiera eta Bretainiako kultura sustatzen zuen Breizh kooperatiba itxi dute

Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.


Frantziako Estatuak EEPn 100.000 euro gehiago inbertituko ditu, baina helburuetatik urrun

Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakariak inbertsio handitze guztiak berri onak direla adierazi zuen iaz. Hala ere, erakunde bakoitzak gutxienez 300.000 euro gehiago ipintzea "beharrezkoa" dela nabarmendu zuen, helburua 2050ean hiztun kopurua... [+]


Ed Rojas
“Trans legea onartu dute, baina zer gertatzen da identitate ez-bitarrekin?”

Tramite burokratikoetan murgilduta dago Ed Rojas. Kolonbian jaio eta bizi, 2022an Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egin zuen EHUn. Baina titulua amaitu eta hiru urtera, ez du lortu bere izenean jasotzea. Arrazoia? 2022an ez-bitar markagailua jarri zuen bere... [+]


Azken hamar urteetan %21 jaitsi dira iktus kasuak Nafarroan

2009tik 2023ra izandako iktus intzidentziak jaso ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Iktusa izan duten nafarren %84k arrisku faktoreren bat zuen.


2025-06-27 | ARGIA
Gatikako azpiestazio elektrikoak 2028an egon beharko luke martxan

REE Red Electrica Española-ren Euskadiko, Nafarroako eta Kantabriako ordezkari Antonio Gonzalez Urquijo egon da ostegun honetan Gatikako azpiestazio elektrikoan, kazetariekin batera. 


Espainiako Kongresuak gobernuari eskatu dio 78ko sanferminetako gertakariak “argitzeko” eta biktimei “aitortza” egiteko

1978ko sanferminetan gertatutako Poliziaren kargak argitzea, horiei buruzko dokumentuak desklasifikatzea eta gertakarietan hildako German Rodriguez biktima gisa aitortzea eskatzen diote Espainiako Gobernuari Kongresuak onarturiko dokumentuaren bidez.


2025-06-27 | Elhuyar
Adimen naturala

Adimen artifizialak adimenari berari buruzko eztabaida berpiztu du: zer da adimena, zertan bereizten dira giza adimena eta adimen artifiziala deritzoguna, zer egitura dute oinarrian… Eztabaida horrekin batera, animalien garunen egiturari eta gaitasun kognitiboei buruz... [+]


Eguneraketa berriak daude