Jauziarena


2023ko ekainaren 11n
'Goldea' | Ibil Bedi | Autoekoizpena, 2023
'Goldea' | Ibil Bedi | Autoekoizpena, 2023

Noiz da jauzi egiteko unerik egokiena? Salto egin aurretik inoiz ez dakizu iritsiko ote zaren, edo bide erdian geratu. Goldea jauzi bat da Ibil Bedirentzat, gaztetxo izatetik heldu izatera. Eta nire zalantza: saltoa ondo eman al dute?

Zalantza hori izan bainuen diskoa entzuterakoan. Kaleratu aurretik work in progress batzuk entzunak nituen, eta banekien taldeak urrundu nahi zuela azken diskoaren giro naifetik, eta zerbait "helduagoaren" bila zebilela. Egiturei buelta eman, geruzak pentsatu, ekoizpena landu...

Kantak bihurritzen ibili ziren, leku berri batera iristeko. Berez iritsiko ez ziren lekura iristeko. Eta horrek sortzen zidan beldurra. Kantugintzak badituelako bere intuiziozko norabideak, eta normalean badutelako zarenaren zintzotasuna gordeta. Are gehiago zure lanak guztiz maneiatzen ez dituzun hizkuntza batzuk baldin baditu. Bada, Goldea erdibidean sumatzen dut oraindik. Pausu txiki bat gehiago beharko lukeela tamainako jauzirako.

Eta berri ona da hori. Zergatik? Hemen ez dagoelako helbururik. Bidearen parte delako erdibidea. Eta iritsi nahi zen tokira iritsi ez bada, iritsi delako beste norabaitera.

Ibil Bedikoek konfiantza eduki behar dute euren jauzietan. Zutik erortzeaz gain, dotore eroriko direla badakit. Zergatik? Bada, kantugile apartak direlako Ibil Bedikoak. Pop kanta batek behar dituen melodiak, letrak eta gogoetak josteko gai direlako, eta joskintza horiek azalean itsasten direlako. Goldearena, Armairuarena, Lokatzarena, Erreminarena, Norabidearena, Litekeenarena, Perimetroarena eta Xirarena, den-denak, kanta zoragarriak dira. Eta behin sartuta, bueltaka dituzulako azalean eta barrenean.

Kantugile apartak izateaz gain, taldeak jauzi eman du zehaztasunean eta kalitatean. Soinua hobetzeaz gain, konposizioan findu dute, eta zuzenean nabaritzen da orain zer lortzeko gai diren. Eta ahotsak instrumentu lez, beste maila batera pasa dituzte Ibai Osinagak, Areta Senosiainek eta Amets Arangurenek. Hiruek egin dute sekulako lana, baina Arangurenena da aldaketa handiena. Bere ahotsa topatzeaz gain, bere ahoskera topatzen ari delako. Eta gure eszenako ahots pertsonal eta sakonenetako bat izatera bidean doa, duda gutxi.

Zera idatzi nuen 2021eko azaroaren 21ean orrialde honetan: “Kanta sorta ederra du taldeak. Baina, irudipena dut, onenak oraindik etortzeko daudela”. Bada,  kanta sorta ederra handitu du taldeak. Eta ze poza. Zeren orain badakit onenak etortzeko daudela. Zeren “bidea oinatzez estaltzen dira ari”.


ASTEKARIA
2023ko ekainaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude