"Wittigen ustez, idazleen betebeharra da boteretsuenen bahiketatik askatzea hizkera"

  • Aspaldian dabil Monique Wittigen testuak eta diskurtsoak aztertzen Ottawako unibertsitatean irakasle den Dominique Bourque. 2000 urtean aurkeztu zuen Vers une théorie du contre-texte: La subversion formelle dans l’oeuvre de Monique Wittig ("Kontra-testua-ren teoria baterantz: Monique Wittigen obraren subertsio formala") tesia. Wittigen sorkuntza literarioaz aritu gara, pentsalari feminista eta lesbianak hizkerarekin eta idazkerarekin zuen harremanean zentratuz solasaldia.

Dominique Bourque, elkarrizketatua

 Subertsiboa da Monique Wittigen pentsamendua. Gauza bera erran dezakegu bere literaturaz.

40 urte pasa badira ere, sistema heterosozial handiaz duen analisiak oraindik ere subertsibo izaten segitzen du, eta seguruenik horrela izaten jarraituko du sistemak iraunen dueino. Pentsamendu heterozuzena osatzen duten diskurtso multzo bati esker bideraturiko "heterosexualitatearen erregimena" sistema unibertsala dela dio. Talde sozial ezberdinduei –ezberdin bezala ikusitakoei– bideratzen zaizkien jokaera konkretuei begiratzera gomitatzen gaitu bere saiakeren bidez. Elkar-bizitzarako modu berrien imajinazioa alde batera ez uzteko deia luzatzen digu. Ez zituen onartzen aldaketa utopikoa dela dioen ideia orokortua eta dagoena onartu beharra daukagula dioen mezua. Bere iduriko espirituetan hasten dira aldaketa sakonak.

Wittigentzat, lesbianismoak agerian uzten du erregimen honek adierazten duen mistifikazioa, zeinek sexuen polarizazioa eta "osagarritasuna" instituzionalizatzen duen (besteak beste, ezkontzaren, familiaren, filiazioaren eta sozializazioaren bidez). Bikote heterosexualaren aginduzko ereduari uko eginez, emakumezkoen autonomia agerian utziz, eta gizonekiko eskatzen zaien harremanari bizkarra erakutsiz, lesbianismoak erregimen honen oinarria bera du mehatxatzen. Horregatik dira heterojendarteetan lesbianak itzalean atxikiak.

Inportantea iduritzen zait azpimarratzea –gutiegi egiten dugulako–
Wittigek duela lesbianismo materialista landu

Bere idazkera ere subertsiboa da. Zein elementu nabarmenduko zenuke?

Ohikoan zokoratua edota isildua den ikuspegiaren unibertsalizazio parodikoan dugu Wittigen idazkeraren originaltasuna. Perspektibaren iraulketa horrek ematen die arroztasun kutsu bat ohikoan ezagun ditugun unibertsoei. Idazleak bideratzen digun mundu hori ez da erabat gurea, ez eta ere erabat protagonistena. Galdekarazten duen mundu bat da, hitzen zentzua dudazkoa duen mundu bat, testua zatikatzen duten zerrenden mundu bat edota isilpean testuan sartzen diren zerrenden mundu bat. Beste istorio batzuk azaleratzen dira, beste liburu batzuen oihartzunak badira, era ezberdinetako berrikuntzak bistaratzen dira (neologismoa, mitoen edo obren hibridazioa, figura historikoen edo pertsona kulturalen lesbianizazioa, eta beste). Oroz gainetik, hitza ematen die historiari irekiak diren protagonistei (haurrak, militanteak, lesbiana transfugak, idazleak, eta abar); diskurtsoetako pisuzko esaldiak arintzen ditu; eta ustekabekoa, debekatua errateko asmoz hitzen potentzial semantikoa berpizten du.

Hizkera forma
material bat da,
guti ala asko dentsoa edo zalua dena, izpirituak kontrolatzeko etengabeko
gudu-zelaia dena

Lengoaia neutroa ez izanaren kontzientzia bizia bazuen eta hortik idazten zuen.

Badirudi hizkera gardena dela, berinen kristalaren gisara. Errealitatean, forma material bat da, guti ala asko dentsoa edo zalua dena, izpirituak kontrolatzeko etengabeko gudu-zelaia dena. Boteretsuenak hizkeraren garrantzia eta elastizitatea –hau da, munduaren konplexutasuna izendatzeko duen gaitasuna– murrizten saiatzen dira, beren interesak sendo mantentzeko gisan. Wittigen ustez, idazleen betebeharra da bahiketa horietatik askatzea hizkera, batez ere duen ikusteko eta entzuteko gaitasuna berreskuratzeko, baita bitartekari gisa kokatzeko ere, hain zuzen, moldatua izan daitekeen materia delako hizkera.

Erraten zuen ikaragarri zaila zitzaiola emakumezko bati idaztea, justuki, hizkera ez delako berea.

Wittigen arabera, soilik diskurtso nagusiaren –doxaren– bozgoragailua edo papagaia izanez gero da erraza idaztea ikuspuntu minoritariotik, hau da, zapalduaren ikuspuntutik. Bestela, hizkuntzaren funtzionamenduaren, erabilpenen eta ondorioen azterketaren lan dorpeari lotu behar zaie idazlea; kategoriak, sintaxia galdekatu behar ditu. Bai ala bai, gizaki emeek ahal bezain urrun egon behar dute genero gramatikaletik eta genero ezaugarrietatik, horien funtzioa delako emakumezkoak sexuari mugatzea –subjektibotasuna ezabatzeko–.

Pentsamendu heterozuzena etengabean ezabatzeko prozesuan zen, baita bere sorkuntza literarioan ere.

Bai. Gogoratu behar da pentsamendu heterozuzena, Wittigek irudikatu moduan, diskurtso multzo bat dela zeinek justifikatzen duen talde sozial batzuek aprobetxatzea beste talde sozial batzuen lan azpi-ordaindua edo ez-ordaindua, baita beraien pertsona ere (denbora, zaintza, gorputza, eta beste). Bere fikziozko obretan erregimen heterosozialarekilako erresistentzia bideak esploratzen ditu, besteak beste, historiaren jakintzatik, borrokatik, ihesetik edo munduaren birrasmatzetik. Beren berezitasunez eta kokapen sozialaz kontziente diren protagonisten bidez lortzen du hori. Figura mitikoez eta historikoez inspiratua izanik (Katarina handia, feministak, Ulises, Safo eta bere maitaleak, On Kixote, Dante, Virgile), pertsonaia horiek dentsitate eta anplitude kultural nabarmengarria zabaltzen dute. Wittigentzat, errebelde ereduak, historiaren ezagutza eta irudimenaren ustiapena ezinbestekoak dira kontzientzien osatzeko –bai norberarenak, bai kolektiboak–. Kontzientzia hartze horiek dira borroka iraultzaileen oinarrian.

Bere fikziozko obretan erregimen heterosozialarekilako erresistentzia bideak esploratzen ditu, besteak beste, historiaren jakintzatik, borrokatik, ihesetik edo munduaren birrasmatzetik

Hitzak asmatzen eta historiak bestelakotzen aritu da.

Bi osagai ditu Wittigen poetikak: hizkuntza berraktibatzea eta literaturan inskribatzea. Hizkuntza bizirik mantentzeko bide bat da neologismo horien sortzea, izozte ideologikoak borrokatzeko helburuz harturikoak. Obra historikoen eguneratzeekin ere asmo bera du; historia literarioan kokatzen da, baina norabide berri bat emanez. Cervantesen nobelaren hautaketan ikusten dugu paralelotasun bat trufaturiko, umiliaturiko, ero gisa harturiko pertsona horren eta estigmatizaturiko lesbianen artean. On Kixotei bezala, lesbiana materialistei ere ezinjasanak zaizkie injustiziak, eta horien bukaera nahi dute. Gainera, Cervantesen eleberriak XVII. mendearen hasieran kokatzen gaitu, Europak munduaren ikuspegi teologikoari bizkarra eman zion garaian, beste gizakien aurrean eta historiaren bidean giza erantzukizunari buruzko hausnarketa bat bideratzeko. Zapalduen emantzipazioari atxikitako ikuspuntu lesbianotik obra hori berrikusteko gogoa hortik ere irakurri behar da.

Fikziozko literaturarekin zer bilatzen zuen pentsalariak?

Fikziozko obrak idatziz, munduaz eta bere konplexutasunaz daukagun kontzientzia aberasten eta zorrozten digute idazleek. Fikziozko obrak idatziz sartu zen literaturara Wittig. Hizkuntzek eta literaturak ikusketa berriei forma emateko dituzten potentzialtasunak esploratu ahal izan zituen horrela. Angelu itsuak eta hutsuneak atzemateko balio izan dio ere. Bere gogoeten eta analisien kalitatean eragin du fikziozko literaturan aritu izanak. Gainera, hurbilketa bakarrean gelditu izana baino irakurlego zabalagoa hunkitzen da obra literarioak eta saiakerak proposatuz.

Monique Wittigi buruzko tesia plazaratu zuen Bourquek 2000. urtean.

Nola esplikatu Wittigen obra aberats eta berritzaileak hain aitortza eskasa jaso izana?

Ikuspegi minoritarioek erregimen heterosozialaren oinarriak zalantzan jartzen dituztenez, ez da harrigarria haien zentsura. Are mehatxagarriagoak dira, talentu handiko idazle argien partetik datozenean. Horrez gain, obra subertsiboak ez dira beti ongi etorriak, munduarekiko dugun harremana sakonki inarrosten digutelako. Kolpe hori absorbatzea ez da gauza arina.

Bere lehen obra izan zen L´Opoponax, 29 urte zituela idatzitakoa. Medicis premioa jaso zuen, handizki sartuz literaturaren mundura. Aipamena jaso bazuen ere, liburuaren muina ez zen aipatu. Wittigek berak ohartarazi zuen: "Bi neska ttipiren arteko maitasun ipuina dugu (…), lesbianismoaren aspektu hori erabat isilean atxikia izan da". Nola esplikatzen duzu ez-ikusi hori ?

Frantziako garai hartako literaturan ia ez zen lesbianarik eta jendartean ere ez-ikusiak ziren. Isiltasun hori horrekin lotzen dut. Nola ikus dezakegu existitzen ez dena? Izendatua ez dena? Gaur egun bezala, 1970eko hamarkadan ere ez zitzaien beraien iritzia galdetzen lesbianei. Ez genekien nor ziren ere ez, informazio horrek beraien karrera, eta beraz autonomia finantzarioa, arriskuan jartzen zielako.

Ikuspegi minoritarioek erregimen heterosozialaren oinarriak zalantzan jartzen dituztenez,
ez da harrigarria haien zentsura

Obra guziak irakurri ez arren, iduritzen zait hari bat badela beren artean.

Pertsonaiak adinean eta esperientzian gora doaz, beren interesak eta borrokak eraldatzen dira. Begira diezaiegun Minuit argitaletxean publikaturiko nobelei: L’opoponax (1964) obran haurtzaroa eta subjektibotasuna jorratzen dira, baita munduaren aurkikuntza ere, bere isiltasun eta hutsuneekin. Les Guérillères (1969) obran, feminista gazte batzuk aurre egin behar diete diskurtso nagusituei, harreman sozialak aztertzen dituzte eta mundu hobe baten alde dabiltza borrokan. Le Corps lesbien-en (1973) intersubjektibotasuna dago arakaturik, sufrikarioan eta gozamenean bizituriko maitasun topaketa baten bidez. Azkenik, Virgile, non (1985) obran militantismoaren erronkak eta mugak dira jorratuak, militante-bizian egindako iniziazio-bidai baten bidez.

Esplorazio formalei dagokionez, anitz nabarmendua izan da izenordeen inguruan egindako lana [sexuen arteko asimetria ezabatzeko erabakitako hautu gramatikalak, emakumezkoen klasearen diferentziazioa saihesten duten izenordeak erabiliz edota genero femininoa orokortuz sexu-identitatea ezabatzeraino]. Bestalde, ohartu gaitezke literaturari buruzko harremana geroz eta esplizituagoa duela, incognito harturiko testu-aipu batzuetatik (poesia liriko eta epikoa, mitologia, Biblia…) obra osoen adaptaziora (Divina Commedia, On Kixote) pasa delako denborarekin. Lesbianek munduan daukaten kokapena modu ludiko batez ilustratzeko egin du hori.

Hizkuntza ezberdinetan irakurri dezakegu Wittigen obra. Argazkia: Lyongo Unibertsitatea

Virgil, non obran, borroka feministari buruzko ikuspegi ezkorragoa du Wittigek. Lesbianen arteko komunitate horren egingarritasunean ez zuen gehiago sinesten?

Norberarekiko distantzia-hartze osasuntsu bat, umore anitz eta errealismo dosi bat kausitzen ditugu obra horretan. Danteren Divina Commedia-n inspiratua da, eta Wittig izeneko idazleen pertsonaia baten eta emakumezko heterosexualen arteko topaketa doi bat katastrofikoak eszenaratzen ditu, eta hori infernu den mundu heterosozialean. Ez dute egoeraren analisia bera partekatzen, emakumezko heterosexualek behin baino gehiagotan pikutara bidaltzen dituzte Wittig izenekoa eta bere asmoa –beren salbatzea–. Pertsonaia horien arteko solasaldiak bikainak iduritzen zaizkit, baita Wittig eta gidari duen Manastabal-en artekoa ere, bera bezala lesbiana materialista dena. Bai, emakumeen egoerari so pesimista batetik begiratzen dio. Aitzinamendurik ez da sendi: bortizkeria jasaten dute oraindik; etxeko lanak eta umeen ardura beren esku dira oraindik; lana eta familiaren artean beti korrika dabiltza, etengabeko hautsi-mautsi arriskutsuetan, finantza segurtasuna bermatu ahal izateko. Batzuk askatasun desioaren eta horrek dakarren paria bizitzaren beldurraren artean banaturik dira. Hala ere, esperantza ere kausitzen dugu. Manastabalen argitasunak eta engaiamendu heinak atentzioa pizten digute. Egoera gogorrak izanik ere, aingeru lesbiana alegeren armadak orekatzen digu giroa.

Nola ikus dezakegu existitzen ez dena? Izendatua ez dena? Gaur egun bezala, 1970-eko hamarkadan
ere ez zitzaien beren iritzia galdetzen lesbianei

Pentsamendu queer-a oraindik ez zela gorpuztua, Wittigek jadanik literatura queer-a zuela erran dezakegu?

Queer teoriaz, mugimenduaz eta literaturaz dakidanetik, ezin dut queer-ari lotu Wittig. Hala ere, ohartzen naiz mugimendu horretako aktibista frantses gehienak Wittigen ondorengo gisa aldarrikatzen direla. Agian, termino hori definitu beharko genuke iritzi argia ukateko. Inportantea iduritzen zait azpimarratzea –gutiegi egiten dugulako– Wittigek duela lesbianismo materialista landu. Teoria horrek digu izendatzen eta historian kokatzen herritar gehienon esplotazioa, opresioa eta jabetza. Wittigen ustez, erregimen horren bukaera generoaren aboliziotik lortuko da, ez eta generoen biderkatzetik; ez da performantziatik eta esanahien berrikusketatik etorriko, baina bai hitzen eta obren berraktibaziotik. Borroka konkretuak ditu lehentasun, ez ikusgarritasuna. Horregatik dio genero-marka ezabatu behar dela, ez eta zabaldu.

50 urte beteko dira Le corps lesbien plazaratu zenetik. 1973. urterako titular subertsiboa, nola ez.

Nire gustuko Wittigen obretan liluragarriena eta originalena dugu. Gaiaren eta idazketaren planoak gehien hurbiltzen dituen obra da. Ez zuen merezitako harrera jaso publikatzerakoan. Maleruski, titularraren ausardiak, bere ironiak eta bere mamiak urrundu ditu irakurleak, bereganatu beharrean. Lesbianak biltzen dituen corpusik ez izana eta lesbianei buruzko isiltasun izugarria ditugu obra hori plazaratzeko arrazoien artean. Ez izate bortitz horrek bultzatu zuen hizkuntzaren materia inbertitzera, gorputza inbertitzera, azaletik sakontasunetara, bere erritmo eta sekrezioekin, hitzez hitz guzia agerrarazteko. Wittigen obra guzien gisara, literaturaren territorioa funditzeko asmoz dabilen Troiako zaldia kausitzen dugu Le corps lesbien liburuan.


LARRUN
2023ko maiatzaren 28a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude