"Aitonak esaten zuen erakusleihoa dendari bat gehiago zela"

  • Agoizko Goiburu saltokiak 200 urte bete ditu. Bi mende horietan dendaz gain beste hamaika zerbitzu eskaini izan dizkio familia honek herriko eta inguruko jendeari: errota, zinema, taxia, herriz herriko salmenta... Hau ez da balentria izugarrien istorio bat, tokiko eta familiako saltoki txiki baten ahalegin handiarena baizik, orain liburu eder batean bildu dutena. 94 urteko María Luisarekin eta Marisa alabarekin mintzatu gara iraganaz eta komertzio txikien etorkizun ezaz.

Marisa eta Maria Luisa ama-alabak Goiburu dendan. (Argazkia: Dani Blanco)
Marisa eta Maria Luisa ama-alabak Goiburu dendan. (Argazkia: Dani Blanco)Argazkia: Dani Blanco
María Luisa Goiburu Okiñena eta Marisa Aldaz Goiburu. Agoitz

Ama-alaba dira. María Luisak 94 urte ditu eta Marisak 59. Agoizko Goiburu dendako nagusiak dira. 2022an negozioaren 200. urteurrena ospatu dute. Dendaren garai bateko itxura berreskuratuta, bisita gidatuak egin zituzten eta Goiburu 1820-2020 liburua argitara eman dute Karekin Kultura Agoizko enpresarekin.

Nola hasi zen familiaren negozioa?

Marisa: Ni bosgarren belaunaldia naiz. Nire herenaitona Nicolás Goiburuk 1820an herrian zabaldu zuten Arrizabala izeneko saltokian lan egin zuen. Txokolatea, gozokiak eta kandelak egin eta saltzen zituzten. Gero, 1856an, berak eta Rita Orbaiz emazteak gaur egun denda dagoen etxea erosi zuten eta han Goiburu denda ireki. Hori ere txokolategia eta kandelategia izan zen hasieran. Gozokiak eta kandelak beti oso lotuak izan dira, erleen argizaria kandelak egiteko eta eztia gozokietarako erabiltzen zirelako. Lapiko bertsuetan desegiten zuten argizaria eta eztia, ongi garbitu ondoren. Agoitzera 1893an iritsi zen argindarra kaleetara, horregatik duela gutxira arte herrietan eta elizetan oso beharrezkoak ziren kandelak eta kandelagile asko zegoen.

Rita 44 urterekin eta sei seme-alabekin alargun gelditu zen eta bakarrik aurrera eraman behar izan zuen negozioa. Garai onak ziren eta txokolatea ehotzeko ur-errota txiki bat eta lurrak erosi zituen. Ritaren baratzean, jendeak oraindik izen horrekin ezagutzen duena, labore-lurrak, ardantzeak, fruta arbolak eta makalak zituen eta hori dela eta, dendan hasi ziren janari gehiago saltzen: irina, fruta barazkiak, ardoa… Ardantze asko zegoen inguruan. Agoitzen 60 upategi izatera iritsi ziren. Etxe batzuentzat barne kontsumorako egiten zuten ardoa eta beste batzuetan saltzeko ere bai.

María Luisa: Kandelekin urte luzez jarraitu zuen gure familiak. Nire aita izan zen azken kandelagilea hemen Agoitzen. Lantegitik izugarrizko buruko minarekin ateratzen zen beti, oso toxikoa zelako. Kandela arruntak, kandela handiak, elizako hilobien gainean jartzen ziren eskubilduak, eta bataio eta jaunartzeetarako kandela apaindu ederrak egin ohi zituen. Oso esku ona zeukan aita zenak pintza txiki batzuekin argizaria kizkurtzeko. Gurasoak beti ari ziren pentsatzen zer gehiago egin zezaketen dendan saltzeko. Amak eta biok, adibidez, marmelada egiten genuen. Emakumeak haien katiluekin etortzen ziren eta guk ontziaren pisua deskontatu eta betetzen genuen.

"Gure familiarena emakume indartsuen eta gizon onen historia da”

Gaur egunekoa baino salerosketa jasangarriagoa…

Marisa: Bai, jakina. Lermaren arabera ere saltzen zen argizaria, adibidez. Horrek esan nahi du jendeak kandela handiak eramaten zituela biatikoan edo prozesioetan ateratzeko, baina bakarrik ordaintzen zutela kontsumitzen zuten argizaria. Horretarako, eraman aurretik eta itzulitakoan pisatzen ziren. Gainera, gero haurrek lurrera eroritako argizaria biltzen zuten dendara atzera ekartzeko goxoki batzuen truke. Argizari hori lapikora botatzen zen berriz erabiltzeko. Trukea ere ohikoa zen. 1839ko faktura batean, esate baterako, agertzen da zurgin lan batzuk txokolatearen truke ordaindu zirela.

Bezeroekiko harremana konfiantzan oinarritzen zen. Gutun batean, adibidez, bezero bati esaten zaio: “Bidaltzen dizut gustuko zenuen oihalezko pieza. Moztu behar duzuna eta gero ordainduko didazu”. Askotan Iruñetik gauza bereziak ekartzeko agintzen ziguten, hala nola jaunartzeetarako arrosarioak. Konfiantza berarekin funtzionatzen dugu gaur egun ere.

Maria Luisa eta Marisa ama-alabak. (Arg.: Dani Blanco)

Bigarren belaunaldiaren garaia ilunagoa izan zen. Zergatik?

Marisa: Ritaren seme batek, Tomasek, nire birraitonak, hartu zuen denda. Margarita Irigoienekin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituzten, baina Tomas hil zen Margaritak 38 baino ez zituela. Oso emakume ekintzailea zen eta bera agertzen da, adibidez, notario-dokumentu batean bazkide gisa herrian egin zen irin-errota eta lantegiaren sorreran, Ortiz familiarekin batera. Toki guztietan gizonen izenak baizik ez dira aipatzen lantegi horren inguruan, baina Margarita sortzaileetako bat izan zen, guk ditugun agiriek erakusten duten bezala.

Hala ere, arazo ekonomiko latzak izan zituen. El Irati S.A. zerrategiko presa eraiki ondoren, esate baterako, uholde latzak izan ziren, bere baratzeari kalte izugarriak eragin zizkiotenak. Urte gogorrak izan ziren eta negozioak porrot egin zuen.

Margarita 1926an hil zenean, Juan semeak, nire aitonak, etxea hipotekatu behar izan zuen ehorzketa ordaintzeko eta gero Ritaren baratzea ere saldu behar izan zuten. Handik aurrera dena izan zen lan egitea etxea berreskuratu ahal izateko.

"Liburua, urteurreneko ospakizunak eta bisita gidatuak egin ditugu familiaren historia honi balioa emateko eta komertzio txikiaren garrantzia aldarrikatzeko"

Nola lortu zuten berriro negozioa altxatzea?

Marisa: Lan ikaragarria eginez. Aitona Juan Eneritz herriko Dolores Okiñenarekin ezkondu zen eta doteak lagundu zien berriz zerotik hasteko. Une gogorrak izan ziren, baina irudimenera jo zuten, negozio eta bide berriak sortu zituzten, beti jendeari zerbitzua ematera bideratuak.

Ibilgailu bat erosi zuen eta taxi zerbitzua eskaintzen hasi ziren. Hori bera erabiltzen zuten ere herriz-herriko salmenta egiteko. Aezkoa eta Artzibarreko herrietara joaten ziren lanerako prakak, barneko arropa, elikagaiak eta eskatzen zizkieten gauzak guztiak saltzera. 1933an zinema areto bat zabaldu zuten Merkatu plazan, lehen udaletxea zen eraikinean. 200 eserleku zituen eta bertan pelikulez gain, zarzuelak eta antzerki saioak ematen zituzten. Sute batengatik itxi behar izan zuten 1949an. Han ere, sotoan, upategia zuten. Goiburu denda garaiko “ultramarino”-en antzera aldatzen joan zen. Aitonak, adibidez, erakusleiho zabalak ireki zituen. Frantziako muga aldean ikusia zuen beste aldeko komertzioetan leiho handiak zituztela eta berak gauza bera egin zuen. Esaten zuen erakusleihoa dendari bat gehiago zela.

Aitonak faktura guzti-guztiak gordetzen zituen. 1934tik hona guztiak ditugu eta haietan ikusten da zer eta non erosten eta saltzen zuten. 100 produktu baino gehiago.

María Luisa: Iruñeko biltegietara astero joan behar genuen erostera eta generoa La Montañesako autobusetan edo Irati trenean ekartzen genuen amak eta biok. Gero, geltokitik, herriko haurrek prozesioan eramaten zuten zama dendaraino, gozoki batzuen truke.

Gabonak garai ederrenak ziren. Jostailuz eta mazapanez betetako erakusleiho bat jartzen genuen. Jostailuak enkarguz ekarri eta denda-ostean gordetzen genituen. Nik txikitan ez nuen ezer ulertzen: emakumeak etortzen ziren, jostailuak ordaindu, baina ez zituzten eramaten. Denda-ostean gordetzen genituen eta gero etxeetan agertzen ziren, Errege Magoek banatuta.

Aita eta ama beti burua hausten ari ziren pentsatzen zer gehiago egiten ahal zuten diru pixka bat gehiago ateratzeko.

Gerra garaia nolakoa izan zen?

Marisa: Oso latza. Gauza asko falta ziren eta dena oso kontrolatuta zegoen errazionamendu txartelekin. Zegokiona baino gehiago emanez gero, isuna jartzen zizuten. Denda hiru hilabetez itxi ziguten.

Gorde ditugu errazionamendu-liburuxkak eta kupoiak, eta hor ikusten da nola bizi ziren herritarrak. Orain herriko jendeak ikus dezake hemen informazio hori guztia.

María Luisa: Oso garai zailak ziren, baina labea eta irina genuenez, ogia, behintzat, bagenuen. Txikitan amak esaten zigun kalera ez ateratzeko merienda jatera, besteei inbidiarik ez ematearren.

Maria Luisa Goiburu. (Argazkia: Dani Blanco)

 

"Nirea adostutako ezkontza izan zen. Nire gurasoak eta bereak iritsi ziren akordio batera eta 1962ko urtarrilean aurkezpena egin genuen (...)
Idatzi zidan lehen gutuna 14.000 aldiz irakurri dut. Bera ni baino erromantikoagoa zen"

Eta kontrabandoan ibili ziren?

Marisa: Horren inguruko informazio gutxi dugu, baina bai iritsi zaigula birramona Margarita mendi bideetatik Frantziara joaten zela mando eta gizon batzuekin eta handik generoa ekartzen zutela.

María Luisa: Margaritaz esaten zuten ipurdi handiko eta asentu gutxiko andrea zela, oso mugitua zelako.

Zein da merkatari onaren sekretua?

María Luisa: Diplomazia handia behar da, eta, batzuetan, azal lodi samarra ere bai. Nire amak esaten zuen bezeroari arrazoia eman behar zaiola beti, eduki ez arren, pozik joan dadin. Tratu zuzena, jendea ezagutzea eta zerbitzu onena eman nahi izatea dira merkataritza txikiaren gakoak, bihar ere hemen bertan jarraituko dugulako.

Entzun, ikusi eta askotan isildu egin behar da. Ezkutuan gorde behar da norbaitek ezin badu ordaindu edo nork agintzen duen etxe bakoitzean.

Behin, adibidez, txikia nintzenean, emakume bat ez zen hileko kontua ordaintzera etorri, eta amak haren etxera bidali ninduen kobratzera. “Zertara zatoz?” esan zidan. “Zor duzunaren bila”, esan nion. Etxean sarrarazi ninduen eta Jesukristoren Bihotz Sakratuaren irudi baten aurrean esan zidan haren izenean amari eskatzeko zorra barka ziezaion. Hala eta guztiz ere, nik nirea defendatu nuen, baina hori bai, dendara itzulitakoan amari esan nion berriro ez bidaltzeko zorrak erreklamatzera. Baina horiek salbuespenak izan dira. Jende gehien-gehiena jende ona da, bestela ez genukeen hemen iraunen 200 urte!

Familia honetako emakumeen lana funtsezkoa izan da?

Marisa: Hala da. Kemen handiko emakumeak izan dira guztiak. Guk beti esaten dugu gure familiarena emakume indartsuen eta gizon onen historia dela. Garai gogorretan ere, emakumeei bidea egitea eragotzi ez dieten gizon adeitsuak izan dira gure etxekoak.

María Luisa, nolakoa izan da zure garaia?

María Luisa: Nik betidanik gogotik egin izan dut lana bai dendan, baita etxean ere. Gazte garaian niri ezkontzak ez zidan atentzioa ematen, baina ama ez zen isiltzen eta azkenean onartu nuen gurasoek proposatu zidatena. Adostutako ezkontza izan zen. Nire gurasoak eta bereak iritsi ziren akordio batera eta 1962ko urtarrilean aurkezpena egin genuen. Horrela, Egiarretako Demetrio Aldazekin hasi nintzen ibiltzen eta dena oso ongi atera zen. Iruñean geratzen ginen igandetan hitz egiteko eta gero, Agoitzera etortzen zen igandero Egiarretatik bere motorrean, ikaragarrizko zarata ateratzen zuena... Urte horretako urrian bertan ezkondu ginen, azkar, hemen laguntza behar zelako eta oso ongi moldatzen ginelako.

Idatzi zidan lehen gutuna 14.000 aldiz irakurri dut. Bera ni baino erromantikoagoa zen. Oso jatorra zen. Nobio garaiko gutunak orain liburuan ageri dira. Hau lotsa!

Nire ama zenak izaera handia zuen eta beldur nion. Demetrio abeltzain familia batetik zetorren eta familiaren negozioan sartu behar zuen, baina oso langilea eta atsegina zen eta jendeak izugarri maite izan zuen hasieratik. Familian ongi egokitu zen eta herrian ere bai. Zorionez, dena ongi atera da.

Marisa Aldaz Goiburu dendaren sarreran. (Argazkia: Dani Blanco)
"Gustatuko litzaidake komertzio txikiak jarraitzea, horrek ematen diolako bizia herri bati, baina oso zail ikusten dut"
 

Eta zein da gaur egungo egoera?

Marisa: Oso zaila. Lehia ikaragarria da. Hasieran merkatal-gune handiek eta gero internetek muga asko jarri dizkigute. Azkenean soilik ehun-gaiekin gelditu gara. Hau Goiburu dendaren azken belaunaldia da. Nik ez dut seme-alabarik eta ez dut uste inork jarraituko duenik ni jubilatzen naizenean, baina ez dut etorkizunean pentsatzen. Niretzako egunero pertsiana altxatzea aski da. Gustatuko litzaidake komertzio txikiak jarraitzea, horrek ematen diolako bizia herri bati, baina oso zail ikusten dut. Hemen, Agoitzen, bost harategi zeuden eta bi baino ez da gelditzen orain. Kale nagusiko komertzio ia guztiak ere itxi dituzte. Bezero gazteak galdu ditugu erabat.

Lanbideak harrapatuta jarraitzen dut nik. Hau pozoi bat da. Merkataritza odolean eramaten da eta gustatzen zaigu. Denda gure etxea da.

Liburua, urteurreneko ospakizunak eta bisita gidatuak egin ditugu familiaren historia honi balioa emateko eta komertzio txikiaren garrantzia aldarrikatzeko.

Zorionez dokumentazio ugari eta faktura guztiak ditugu gordeta eta horrekin guztiarekin Karekin Kultura enpresako Kati Leatxek liburu ederra osatu du. Diru etekin guztiak herriko historia eta ondarea ikertzen dituen Hidea Kultura Elkarterako izanen dira. Herriarekin partekatu nahi genuen hau guztia, azken finean, tokiko merkataritzarena herrien historiaren parte garrantzitsua delako. asko.

                                                                                      *          *           *

OFF THE RECORD

Merkatari peto-petoa

María Luisa: Dendan denetik saltzen genuen: Elikagaiak, drogeria, Gabonetako jostailuak, argi-aparatuak, baxerak, ehunak, gozokiak, eskolako liburuak... Batzuetan, nire gurasoek etxeko gauzak ere saltzen zituzten. Behin emakume batek eskatu zuen jostailuzko idi-orga bat semeari oparitzeko eta amak armairu baten gainean zegoen anaiarena saldu zion. Eta begira zer egin zidan niri: Zaragozara egin genuen eztei-bidaia eta han manikurako kutxatila polit bat erosi genion amari, baina aukera iritsi zitzaionean, andregaiari oparitzeko halako bat nahi zuen gizon bati saldu zion. Merkatari peto-petoa zen.


ASTEKARIA
2023ko martxoaren 05a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Denda bereziak
Eguneraketa berriak daude