"Monumentuak ez dira historia, boteretsuen bertsio interesatua dira, publizitatea besterik ez"

  • Peio H. Riaño (1975, Madril) arte historialaria eta kazetaria da. Hainbat egunkari eta aldizkaritan egin du lan, besteak beste Público-ko kultura erredaktore buru izan da. Gaur egun, bere sinadura aurkituko duzu elDiario.es webgunean. Hainbat liburu ere idatzi du eta horietako baten harira elkartu gara berarekin: Decapitados. George Floyden hilketaren ostean, erakunde publikoen arrazakeria salatzeko protestek eraginda argitaratu zuen lan hori 2021ean. Garaian garaiko botereak espazio publikoan, estatua gisa, inposatzen dituen mito eta heroiei buruz Espainiako Estatuan idatzitako lan urrietako bat da.

Argazkia: David Corrochano

2022ko irailaren 18an

Itxuraz, sinplea dirudi orainalditik iraganari begiratzea. Baina aspalditik datorren borroka kulturala da.
Bai, Aspaldidanik ari naiz ikertzen gaur egungo herritarrak artearen historiari buruz duen begirada. So horrek jarrera politikoa eskatzen du, eta horregatik, artearen historiografiak saihestu duen gaia da. Artelan oro testuinguru politiko, ekonomiko eta sozial baten ondorio da, baina historiografiak lanak isolatu egin nahi izan ditu, bere garaitik kanpoko gertakari plastiko bihurtuta. Horrek kontraesanak eta bazterketak eragin ditu. Nabarmenena emakumearen bazterketa da.

Kaleak militarrez beteta daude, apaizak, gotzainak, birjinak, esklabistak, konkistatzaileak, enpresari aberatsak, politikari profesionalak… Ia denak gizonak, denak zuriak, guztiak garaian garaiko elitearekin lotutakoak.

Botereak espazio publikoan monumentu bat jartzea erabakitzen duenean –gehienetan omendutakoa gizona da–, agintarien interesekin lotuta dago, ez herritarren nahiekin. Nik planteatzen dudana da ondorengo belaunaldiek, guk, garai horietako oinordekook, zilegitasun osoa dugula jaso ditugun herentzia makabro horien aurka joateko. Nahikoa dela esateko unea da. XIX. mendearen amaieraz geroztik, estatua gisa sarrarazi dizkiguten iragarki horien artean bizi gara; harrigarriki orain arte ez gara gai izan gure kaleetatik erauzteko. Jada ez dugu zerikusirik haiekin. Estatua horiek ez gaituzte ordezkatzen. Eta, hala ere, egungo ideia eta balore sozial, politiko eta ekonomiko gehienak ordezkatzen ez dituzten esklabistekin, diktadoreekin, boteretsuekin bizi behar dugu.

Galdetu gabe inposatu zena, baimenik eskatu gabe kendu behar al da? Edo, beste era batera esanda, non sortzen da espazio publikotik monumentu, estatua edo kale bat kentzeko legitimitatea?
Ez dakit zergatik, agian batez ere eskuin muturrak ezeztatzailetzat (cancelador darabil berak) edo politikoki zuzentzat jotzeko beldurrez, ez gara ausartu gure kaleetatik burugabekeria horiek ateratzera. Herritarren legitimaziorik gabe zerbait eraikitzen denean espazio publikoan, ez dago bermerik herritarrek errespetatuko dutela ziurtatzeko. Belaunaldi batek errespeta dezake, baina hurrengoak esan dezake horrek ez duela zerikusirik berarekin. Hori da monumentuak iraungiarazten dituen oinarria

Madrilen Udalak jarriko duen Espainiako Legioaren omenezko estatua.

Madrilen, adibidez, oso gauza bitxia biziko dugu. Udalak legionarioak omentzeko monumentu bat jartzea onartu du, paisaiaren eta monumentuen udal batzordeko kideek zer sinatzen ari ziren jakin gabe. Hasiera batean, Oriente plazan jarri behar zuten, faxismoa bildu ohi den lekuan. Eragindako zalapartari esker, beste leku ‘bortitz’ batean jartzea erabaki zuten: Konstituzioaren omenezko monumentuaren aurrean. Legioaren jatorriari egindako omenaldia dela diote, eta horrela Gerra Zibilean eragin zuena saihesten saiatzen dira: talderik odoltsuena izan zen Legioa. Soldadu armatu baten estatua da, gerran herritarrak sarraskitu zituztenen tankerakoa, Espainiako Estatua inbaditu zutenen modukoa. Ez dut uste 2022an Madrilgo Erkidegoa ordezkatzen duen ikurra arma bat denik. Ez dakit, baina zalantzan jartzen dut.

Monumentu horrek etorkizunean azalduko du nolakoa zen 2022an madrildarrak gobernatzen zituena. Eta orduan jakingo dugu José Luis Martinez Almeidak, Voxeko eta Ciudadanoseko kideekin batera, heriotza eta gerra omentzea erabaki zuela Madrilgo kaleetan, noiz eta gerra baten erdian.

Monumentu oro kapritxo politikoa al da?
Monumentuak historia dira? Ez, noski. Monumentu bat botatzen denean historiaren zati bat ezabatzen ari dela uste dutenek, zer lortu nahi dute? Bada, eztabaida faltsu baten bitartez justifikatu nahi dute erretiratze hori, propaganda baita, ez historia. Historiak idatzita, aztertuta, dokumentatuta eta historialariek argitaratuta jarraituko du. Monumentu oro iragarkia da, omentzen duen gertakariaren bertsio interesatua. Une zehatz bateko postala da, baina ez da historia, ezta gutxiago ere!

Munduko hainbat herrialdetan kolonialismoari edo esklabismoari lotutako estatuak erretiratzen ari ziren bitartean, Espainiako Estatuan isiltasuna nagusitu zen, gaiak gurekin loturarik ez balu bezala. Zer gertatzen da gai honetan?
Herritarrok ageriko subiranotasun falta dugu, batez ere eskuinak bultzatuta. Eta horrek isla zuzena du horrelako gaietan. Espainiak edo haren alde boteretsuak gai honetan konplexuak dauzka. Adibidez, demokraziaren etorrerarekin, Espainiako jai nazionalaren eguna urriaren 12a izatea erabaki zuten, eta “Amerikaren aurkikuntza” ospatuko zutela. Beraz, ebatzi zutenez, omendu beharrekoa beste kontinente batera iritsi izana oinarri zuen kontu patriotikoa zen. Espainiar abertzaleek sinetsarazi nahi digutenetik oso urrun, Espainiako Estatuaren ideia sinbolikoa beste kontinente batean oinarritzen da. Hau da, Espainia, berez, ez da. Espainia existitzen da beste kontinente bat “topatu” ostean. Urriaren 12aren bitartez esaten digutena da Espainia Amerikarik gabe ez litzatekeela existituko.

Niri oso barregarria iruditzen zait sinbolo gisa; izan ere, Espainia horretaz harro sentitu nahi badute, huts egin dute. Eta hortik aurrera, XIX. mendearen amaieran –Espainia kolonia guztiak “galtzen” hastearekin batera– eraikitako mito faltsuak zalantzan jartzen dituen guztia alboratzen dute. Mende hartan mugimendu erreakzionarioa sortu zen, inoiz itzuliko ez den iraganaz harro sentiarazteko herritarrak. Nostalgia inperial horretatik, konkistatzaile handien kondaira sortzen da, gaur egun defendatzen jarraitzen “duguna”.

Eta egun Elkanoren irudi delikatu horretara iritsi gara. Figura bera defendatzen dute ezkerreko edo eskuineko euskal nazionalismoak eta espainiar nazionalismoak. Oso kontu irrigarria da; izan ere, espezialisten ikerketak irakurrita, ikusten duzu Elkanoren bidaia hartan gertatutakoa kasualitateen eta hondamendien segida bat dela. Mitoa askoz geroago dator eta gainera gaizki kozinatuta bezala dago, erdizka eginda balego lez. Mitoarekin batera heroitasuna iristen da, eta omenaldiak egiten dira eta literatura ere sortzen da.

Oso ondo iruditzen zait gertaera historikoak ospatzea, baina atxikimendu-sentimendua sortzea, legenda politiko bat eraikitzea… distantziatik begiratu behar zaie, eta zalantzan jarri. Ospatu daiteke gizon bat, beste hainbatekin batera, bidaia alderrai eta tragiko baten ondoren, portura itzultzea, baina interesatzen zaidana da ikustea gure komunitateak mito hori nola landuko duen. Azkenean, ospakizun horiek definitzen zaituzte gizarte gisa. Herritarrok distantziaz eta ikuspegi kritikoz begiratu beharko genituzke sinboloak eta iraganeko gertaerak, baita mitifikatutako figura bat orain berreraikitzera datozenak ere.

Manuel Baquedano militar eta politikari txiletarraren omenezko monumentua Txileko Santiagon, 2020ko martxoan. Argazkia: Unsplash-Allan Rodrigues

Badirudi oroitzapen ekitaldi eta mendeurren mota horiek guztiak ezin direla antolatu zilborrera begira bukatu gabe. Ezinezkoa dirudi gertaera historiko bat gogoratzea, erdigunean jarri gabe izan “ginena”, “gure” balentriak, lehenak, onenak “ginela”...
Ni oroitzapenen alde nago iragana gogoratzeko, betiere diskurtsoa historialariek zuzentzen badute. Datuekin, gertakariekin, testuinguruarekin –zergatia, ondorioak, biktimak…–, baina nobela baten eraikuntzan geratzen bagara, politika egiten ari gara.

Bai, baina historialarien artean ere bada eztabaidarik. Datu edo dokumentu historiko berean oinarrituta, oso bestelako diskurtsoak sor daitezke.
Bai, historia ez da bat eta bakarra. Baina nik behintzat nahiago dut eztabaida historialarien artekoa izatea. Iturrietan, dokumentuetan eta gertakarietan oinarritutako eztabaida serioa, iritzietan oinarritutakoa baino gehiago. Nahiago dut eztabaida hori gustu txarreko eztabaidak baino. Abertzaletasunak eraikitako sinboloak kursiak dira, sentimenduei dei egiten dietelako. Monumentuei buruz interesatzen zaidan gauza bakarra eraiki edo ospatzen diren unearen erretratua da. Behin mugarri interesatuak direla jakinda, jar dezagun zalantzan zer egiten duten hor. Norbaitek Edward Colston esklabista jarri zuen Bristolen, beste norbaitek Franco Espainiako hirietan... Erretiratu egin behar dira, museoetara bidali, testuinguruan jarri, eta historialariek azalduko dute zein arrazoik mugituta, zergatik erretiratu zuten sinbolo hori kaletik. Besterik ez. Ez dira historia. Omentzen dituzten gertakarietatik mende batzuetara gertatutako historiaren zati bat dira.

Oso argudio manatua da ezin zaiola iraganari kritikoki begiratu orainaldiko begiekin, “beste garai bat” zelako. Presentismoa deitzen diote.
Presentismoarena oso bitxia da, soilik aplikatzen delako “figura horrek ez gaitu ordezkatzen” edo “ez dugu nahi kalean inbasioaren biktimen jarrera baztertzailerik” diogunon aurka. Ez da aplikatzen, adibidez, omenezko monumentuaren aurka. berbarako, Cristobal Colonen monumentu bat dago Peru oraindik zutik dagoena, XIX. mendearen amaieran jarritakoa. Bertan agertzen da Colon Ameriketara iristen, lurrean belauniko dagoen emakume bati helduta, biztanleria indigena irudikatzen duena –nahiz eta Mendebaldeko aurpegia izan, eskultura Italian egin zelako –. Emakumeak errukia eta ebanjelizazioa eskatzen dizkio Coloni, konkistatzaileak esku bat eskaintzen dion bitartean eta bestean gurutze bat altxatuta duela. Monumentu hori lau mende lehenago gertatutako gertaera bati buruzko begirada interesatua da, baina horri ez diote presentismoa esaten.

Presentimoaren bandera astintzen duenak ahots kritikoak isilarazi nahi ditu, gure iraganaz gure buruari galderak ez egitea besterik ez du nahi. Nik nahiago dut, espainiarra naizen aldetik, “aurkikuntzaren”, inbasioaren biktimak aldarrikatzea. Espainiar gisa ez naiz alde militarrarekin identifikatuta sentitzen, gertuago sentitzen ditut sarraski hartatik bizirik atera zirenengandik. Eta gaur egun jende hori aldarrikatzea nahi dut, eta ez jatorrizko herriak eta herritarrak suntsitu zituzten espainiar militar horiek.
 

Cristobal Colonen omenez Peruko Liman dagoen estatua. Argazkia: Wikipedia

Hilketak, esklabotza, konkista, tortura, bortxaketa, homofobia… “iraganeko gehiegikeriak” dira, orduko “gizarte osoa ere horrelakoa” baitzen.
Hori da presentismoaren oinarria. Testuingurua garrantzitsua da gertatu zena ulertzeko, baina ez gertakariak justifikatzeko. Aitzitik, historiaren funtzioa da dokumentatzea, agiriak aztertzea eta lanaren ondorioak bere gizarteari helaraztea, garaian garaiko gizarteak darabiltzan termino, esamolde eta hiztegiekin, gizartearen motxila ideologiko guztiarekin. Ez du zentzurik Amerikaren inbasioaren historiaz idaztea XV. mendeko gaztelera batean XXI. mendeko jendearentzat. Besteak beste, gertaera horiek orainalditik kontatu behar direlako. Genozidio batek ez du justifikaziorik, baina historiografiaren zati bat saiatu da berau justifikatzen Extremadurako militarren abentura-irrikaren izenean, Hernán Cortés kasu.

Inbasio baten erdian sarraskiak gertatu zirela, bada, hori kontatu eta esan behar da dagokion gisan: genozidioa. Horrelako gertakarietarako espreski sortu dugun hitza erabili behar da. Berdina gertatzen da artelanetan. Adibidez, margo batek gizon batek “maitasuna” ukatu berri dion emakumea nola hiltzen duen irudikatzen badu, ezin dugu esan feminizidioa denik, koadroa Errenazimentukoa delako? Jakina baietz, horixe bera delako. Guk, gizarte subirano gisa, geure terminoekin azal dezakegu gertatutakoa. Gertaera berberak berriro errepikatu nahi ez baditugu, gure ikuspegitik kontatu behar dugu zer gertatu zen, ez, adibidez, 1492ko ikuspegitik.

Historia garatzen doa dokumentuen aurkikuntza berriekin ez ezik, kontatzeko moduaren bitartez ere bai.

Migratutako pertsonek osatutako mugimenduek darabilten arrazismoaren aurkako diskurtso dekolonialaren eta alderdi politikoen edo ezker instituzionalaren diskurtsoen artean distantzia handia dagoela ematen du.
Egia da klase politikoak ez daukala arrazakeriaren aurka gizartearen zati batek duen mezua, atzerago dago. Izan ere, Espainia industria esklabista izan zen, eta hori antza ez dugu onartu nahi. Pentsa, Velázquezek berak ere bazuen bere esklaboa. Ez dago ikerketa nahikorik gure iragan esklabistari buruz, begiratu nahi ez dugun iragan horri buruz. Gaur egungo gizarte arrazista sortzen lagundu du horrek. Gai tabua da. Ez diogu heldu nahi, nahiz eta migratzaileekin bizi den estatua izan, migratzaileak behar dituena, behar ditugunak. Horri jaramonik egin gabe jarraitzen dugu, pasatzen uzten dugu, baina axolagabekeria hori arrazistak, eskuin muturra, indartzen ari da, eta desberdinaren aurkako gorroto diskurtsoa.

Herri orok ditu bere mito, sinbolo, erreferenteak… komunitatearen parte sentiarazteko. Baina kontu hauetan adostasuna lortzea ia ezinezkoa dirudi.
Jakina. Historialariak modu osasuntsuan bizi behar du gatazka hori, jakitun izanik bere lanak “egia” sortuko duela. Hori guztia gatazka da. Gatazka erosotasunaren kontrakoa da.

Azken batean, interesdunarentzat omenaldia dena, benetan sortzen ari dena gatazka da. Hala ulertu behar da, eta horrelakotzat hartuta konpondu. Ez ditut monumentuak ukatzen, haien inposaketa da ukatu behar dena. .


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dekolonitatea
2024-03-13 | Euskal Irratiak
Amaia Bessouet: «Afrikar gazteek ez dute gehiago Frantziaren mespretsua onartzen»

Malin, Burkina Fason eta Nigerren Frantzia haizatua da. Mendebaldeko potentziek haien eragina galtzen ari dira Afrikako kolonia zaharretan. Afrika frankofonoko populazioa bereziki gaztea da, eta ez du frantses kolonialismoa zuzenki ezagutu. 35 urtez peko gazteek populazioaren... [+]


Deskolonizazioa eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak

II. Mundu Gerra amaitu ostean, Afrika eta Asia aldeko herrialdeen deskolonizazio prozesua abiatu zen. Izan ere, herrialde horietako soldaduek parte hartu zuten Alemania eta beronen aliatu faxistak garaitzen eta “esker on gisa”, menpeko herrialde horiei... [+]


Leo Bueriberi. Guztizalea
"Gauzak esploratzea gustatzen zait, nora helduko naizen jakin gabe"

Bere burua aurkezteko eskatu diodanean, ipurterrea dela esan dit Leo Bueriberik, eta aulkian jesartzeko moduan ere nabaritzen zaio nekez egoten dela geldirik. Hiru ordu-laurdenean hamaika gai jorratu ditugu –irratigintza, musika, aktibismoa...–, eta zenbat gehiago... [+]


Azukre Beltza erakusketa
Kubako esklabista arabarraren historia ikusgai Gasteizen

Julián de Zulueta y Amondo esklabista arabarra eta bere negozioak ardatz hartuta Azukre Beltza erakusketa “murgiltzailea” sortu du Irati Antía Zuaznabar gasteiztarrak, eta asteazkenean inauguratuko du hiriburuko LABE espazioan. Zulueta XIX. mendeko... [+]


Eguneraketa berriak daude