Pandemiak eta honen kudeaketak hankaz gora jarri zituzten bizimodu kolektiboak pixkanaka badoaz lehengora. Bi urte pasatu dira eta agian orain gorputzak patxada handiagoa du bizi izandako hura aztertzeko: etxeratzeak zer geldiarazi zuen? Gizarte mugimenduek zeri eutsi zioten eta egoera berrira egokituta zer gauza berri sortzeko gai izan ziren? Eta zein izan ziren ezinak? Atzerako begirada horretan harribitxia da EHUko ikerlariek egindako Euskal Herriko gizarte mugimenduak pandemia garaian lana.
Gizarte mugimenduei buruzko ikerketa kualitatiboa hasi zuten Euskal Herriko Unibertsitateko lau ikertaldek 2018an: Euskal Herriko gizarte mugimenduen osaketa eta mugimenduen arteko harremanak ikertzen ari ziren eta egun batetik bestera, pandemia etorri zen.
Erakundeek COVID-19aren harira ezarri zituzten murrizketak gizarte mugimenduetan eragin handia izaten ari zirela ikusita, ikerketa kuantitatiboa egitea erabaki zuten ikerlari horiek, jada abiatua zuten ikerketa zabalagoaren barruan. Eta horrela, idatziz erantzuteko galdetegiak zabaldu zituzten gizarte mugimenduetara 2021eko maiatzetik irailera. Ikerlariek nabarmentzen dute erantzunak interpretatzerakoan garrantzitsua dela gogoratzea garai zehatz hura islatzen duela gehienbat: itxialditik urtebetera eta "irekitasun" momentua zenean. Une horretan, espazioei eta kaleari lotutako neurri erregulatzaile asko martxan egonda ere, txertaketa-fasea garatu gabe zegoen oraindik, ez zegoen kutsatze-maila handirik eta COVID pasaportea ez zen existitzen.
Zorionez, Euskal Herriko aktibismoaren unibertsoa osorik ikertzeko zabalegia denez, ondorengo lau eremuetan dabiltzan eta egituratuta dauden taldeetara bidali zituzten galderak: euskalgintza, ekologismoa, feminismoa eta definitzeko anitzegia denez AMK siglekin izendatu duten antiarrazakeria-migrazioak-kulturartekotasuna eremura. Esparru hauetako 700 talde baino gehiagoren informazioa jaso dute ikerlanean eta 396 talderi bidali zizkieten galderak.
Ohar modura, ikerketaren egileek azpimarratu dute lau eremu horiek ez direla herrigintzaren isla osoa. Eta hain zuzen pandemia garaian eta azken urteetan Euskal Herriko gizarte-mugimenduetan eragin handia izan duten hainbat eremu ez dira ikerketa honek aztertu dituen esparruetakoak: zehazki, pandemiaren neurriei aurre egiteko sortu ziren mugimenduak edo adinei lotuta dauden gazte zein pentsionisten mugimenduak. Hauek ere ikergaiaren barruan hartu balira, agian pandemiaren eraginez jasoko ziren erantzunak ezberdinak izango lirateke.
Ikerketa kuantitatibo honen emaitzak eskuan izan zituztenean, Ekhiñe Eizagirrek ikerketa kualitatibo bat egin zuen, herri mugimendu hauetako hainbat kide sakon elkarrizketatuz aurrez aurre, ikerketa kuantitatiboan atera ziren aspektu nagusien inguruan.
Zer ondorio atera dituzte ikerketa hauetan? Pandemiak zer ekarri zuen herri mugimenduetara? Gozo erantzun digute Marta Luxan-ek eta Miren Guilló-k, ikerketa hauetan buru-belarri aritu den taldeko kideak baitira, Marta Barba, Julen Zabalo, Edorta Arana eta Iñaki Barcenarekin batera.
Ikerlanaren hasieran, lau eremutako (euskalgintza, ekologismoa, feminismoa eta AMK) gizarte mugimenduek dituzten ezaugarriak jaso dituzue. Zerk deitu dizue arreta?
Marta Luxan: Taldeen neurria aztertzerakoan, ikusi dugu geruzetan lan egiten dutela talde hauek. Nukleo bat egoten da, oso aktibo dagoen jendeaz osatua, baina ez da kopuruz oso handia izaten. Horren inguruan pertsona gehiago egoten da ardura edo lan zehatzak egiten dituztenak baina hauek ez dira egunerokotasunean hain presente egoten eta bileretara tarteka joaten dira. Eta hirugarren geruza batean leudeke talde horrek antolatutako ekintzetan parte hartzen dutenak. Honek lotura du beste ezaugarri batekin: harreman handia dagoela taldeen artean eta ohikoa dela jende bera talde batean baino gehiagotan aritzea, eta beraz, talde batean oso aktibo ari dena agian intentsitate txikiagoan egon daiteke beste talde batean. Beste ezaugarri batzuk dira, guk aztertu ditugun taldeetan parte hartzen duten gehiengoa emakumeak direla eta euskaraz funtzionatzen dutela. Eta niri arreta deitu dit ikusteak talde askotan euskaraz gain beste hizkuntzaren bat erabiltzen dutela, eta ez dela gaztelera.
Pandemian bazirudien "dena gelditu” egin zela, baina ikerketa honetako datuek erakusten dute jendea ez zela geldirik egon...
Marta Luxan: Kide kopuruak mantendu egin ziren. Argi dago ekintza gutxiago egin zirela ezinezkoa zelako horietako asko aurrera eramatea, baina talde gehienek mantendu egin zuten beraientzat garrantzitsuena zen ekintza. Ikusten da apustua egin zutela aktibo jarraitzearen eta gauza batzuk mantentzearen alde.
Miren Guilló: Bai, ikusi dugu egokitzapen gaitasun handia egon zela gizarte mugimenduetan, zailtasun asko egon arren sinbolikoki garrantzitsuak ziren gauzak beste modu batera mantentzeko saiakerak egin zituzten.
Alde batetik desaktibazioa sortu zuen pandemiak, baina beste aldetik ekarri zuen kideek beren taldearekiko eta taldearen diskurtsoarekiko atxikimendu emozionala indartzea. Zailtasun egoera batean, eta jende hori kezka sozial handia duena izanik, areagotu egin zen atxikimendua, talde horrek egiten duen lanaren beharra berretsi zuten, eta gertu sentitu.
Bestalde, ikusi dugu pandemia garaian areagotu egin zirela taldeen arteko harremanak, elkar ezagutu eta elkarrekin gauzak egiteko nahia zegoen.
M. Luxan: “Elkarrekin goaz edo ez daukagu zereginik”, bota zuen elkarrizketetan kide batek, eta logika hori indartu zen.
M. Guilló: Zailtasunen gainetik presentzialtasuna politizatzeko egin zuten apustua ere nabarmentzekoa da.
Jarri hitz gehiago “presentzialtasuna politizatu” horrek esan nahi duenari. Zer balio ikusten zaio presentzialtasunari?
M. Luxan: Ikerketan oso nabarmen agertu da birtualtasunak momentu batzuetan erraztu egin zuela elkarren arteko komunikazioa baina aldi berean, momentu horretan taldean balorean jarri zirela beste gauza batzuk. Ikerketa kuantitatibo honetan oinarrituta, ondoren ikerketa kualitatiboa egin dugu Ekhiñe Eizagirrerekin batera, gizarte mugimenduetako pertsona batzuk sakon elkarrizketatuz ikerketa kuantitatiboan atera ziren elementu nagusien inguruan; eta bertan aipatu zuten gune informalak galtzen direla presentzialtasunik ez baldin badago eta gune informalak beharrezkoak direla talde giroa eta izaera mantentzeko. Elkarrizketetan atera zen beste ideia bat da espazio birtualean ezin direla gauza guztiak egin, espazio horiek kontrolatuta daudelako. Eta agerian geratu zen birtualtasunarekiko guztiok ez dugula harreman bera: batzuek iaioagoak dira tresna horiekin.
M. Guilló: Politizazio prozesuetan afektuek duten garrantzia ere agerian jartzen da presentzialtasunaren gaiarekin. Gure artean ditugun harremanak motor garrantzitsua dira, alor politikoak duen dimentsio emozionala oso garrantzitsua da eta asko eragiten du. Gertutasun geografikoa ere garrantzitsua da, auzoan edo herrian elkartzea. Adibidez, gertuko eragileekin eta pertsonekin jarri ziren martxan zaintza sareak.
M. Luxan: Horrez guztiaz gain, zu bilera batera fisikoki zoazenean, bidean edo espazio horretan bertan beste saltsa batean dabiltzan pertsonekin egin dezakezu topo. Hori ez da on-line bilera batean sartuta gertatzen.
M. Guilló: Eta eztabaidak edo gatazkak izateko ere, presentzialtasunak bestelako patxada bat ematen du.
M. Luxan: Bai, pertsona bati aurrez aurre esango ez genizkiokeen gauza batzuk birtualki bota egiten ditu jende batek. Aldi berean, birtualtasunaren alde positibo batzuk ere atera dira: eraginkortasuna, bilerak ez direla hainbeste luzatzen, etxetik sartu ahal izateak agian jende gehiagori ematen dio parte hartzeko aukera, kilometroak aurreztea...
COVID-19a kudeatzeko gobernuek ezarri zituzten neurriak betetzearen aurrean zer jarrera hartu ziren gizarte mugimenduetan?
M. Luxan: Inkestetan argi ikusi da gizarte taldeek gai honi buruz hitz egin eta eztabaidatu zutela. Posizio ezberdinak egon ziren, batzuek neurriak onartu egin zituzten, beste talde batzuek beraien neurriak sortu zituzten, eta beste talde batzuetan beti bezala jarraitu zuten. Baina kolektiboki ez zen erantzunik egon, ikerketan aztertu ditugun taldeen artean. Ikerketa kualitatiboan horri buruz galdetu dugunean, agertu da jende askok gai hori ezintasunetik eta etsipenetik bizi izan duela, “ez gara gai izan kolektiboki erantzun bat emateko”, pisutsua den sentsazio bat da.
Zerekin dago lotuta erantzuteko ezintasun hori?
M. Guilló: Egoeraren konplexutasunarekin, hasteko. Bestetik, talde beraren barruan iritzi ezberdinak egon zitezkeen. Eta bestetik, beste gauza askori egin behar izan zitzaion aurre momentu horietan bertan.
Pandemiak herri mugimenduetan eragin zituen galera nagusien artean, ikerketak aipatzen ditu aldarrikapenek ikusgarritasuna gutxitu zutela eta euskarak presentzia galdu...
M. Luxan: Aldarrikapenen eta euskararen ikusgarritasuna gutxitu izanak lotura du kalean ezarri ziren neurriekin, baina baita komunikabideekin gertatu zenarekin ere: komunikabideetan zentralitatea pandemiaren gaiak hartu izanak eta ahotsa nori eman zitzaion, hau da, nork hitz egin zuen eta nondik, horrek ekarri zituen ondorioak izan ziren aldarrikapenek eta euskarak presentzia gutxitu izana.
Gizarte mugimenduen presentzia dexente murriztu zen komunikabideetan eta mainstream komunikabideekiko distantzia emozional handia sentitu zuten. Hau lehendik zetorren joera bat zen, baina pandemiarekin areagotu egin da.
Herri mugimenduetako taldeek jendearekiko harremanetan eta komunikabideetan euskararen erabilera jaitsi zela perzibitu zuten, baina talde barruko bizitzan euskarari eusteko apustua egin zuten, aurretik zegoen ohitura mantentzearen aldekoa.
Euskararen gaian, adibiderako azalduko dut unibertsitateko langileoi gertatu zitzaiguna: funtzionamendua berez elebiduna da, baina momentu jakin batzuetan gauza ofizialak erdara hutsean idatzi zituzten, azkarrago egitearren, salbuespen egoeraren testuinguruan.
Taldeen finantzazio moduetan pandemiaren neurriek izan zituzten ondorioak ere aztertu dituzue. Bertan ikusten da diru-laguntzak direla gehien murriztu zirenak, hauek lortzeko egin behar ziren ekintzak ezin zirelako egin.
M. Guilló: Ezusteko egoerekin egin dugu topo gai honetan. Kontsolidatuen dauden taldeak dira arazo handiak izan zituztenak, ekintza oso zehatzetatik edo diru-laguntzetatik lortzen dutelako finantzazioa. Beraz, agerian geratu da lehendik zuten zaurgarritasuna. Horrez gain, talde asko txosnen bidez finantzatzen dira eta horiek ere ez ziren egon... Egoera horien aurrean, finantzazioa lortzeko sormena eta egokitzeko gaitasuna izan dute, esaterako, diru ekarpenak internetez lortzeko kanpainak martxan jarri ziren...
M. Luxan: Argi geratu da askotariko finantzabideak dituztenak direla pandemia ekonomikoki hobe pasatu zutenak. Aurrera begira, mugimenduentzat pista bat da.
Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.
Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]
Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]
Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.
Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]
Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.
Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.
Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.
Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.
Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.
Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]