“Egindako esaldi eta eslogan feministen gehiegizko erabilera bateraezina da pentsamendu kritikoarekin”

  • Teresa Maldonado Barahona FeministAlde!-ko militanteak eta Filosofia irakasleak Hablemos claro (Hitz egin dezagun argi) liburuan adierazi du bere kezka, egungo feministen lengoaiak darabiltzan gehiegizko neologismo, anglizismo, esaldi ulergaitz edota metaforen ingurukoa.

Argazkia: Pikara Magazine
Argazkia: Pikara Magazine

Teresa Maldonado Barahona (Bilbo, 1966) militante feminista da, eta ez aktibista. “Konnotazio ezberdinak dituzten terminoak dira. Militantziak berekin dakar antolakundearekiko konpromiso kolektiboa; aktibismoaren definizioa laxoagoa da, neure burua aktibista bezala izendatu dezaket sare sozialetan, eta gero gauzak egiteari utzi baldin eta gogo gehiago badaukat hondartzara joateko”. Berak “eskola zaharreko” militantzia gauzatu du bizi osoan: Matarraskak emakume gazteen taldea sortu zutenetik gaur egungo FeministAlde!-ko parte hartzeraino, tartean Bizkaiko Emakumeen Asanbladan emandako bi hamarkadak kontutan hartuta.

Maldonado Filosofia irakaslea da institutu batean, eta bereziki konprometitua dago hezkuntza publikoaren defentsarekin, baita estatu laiko batenarekin ere. Bere beste interesetako bat da hizkuntzaren filosofia, eta hala islatu du Pikara Magazinen eta Berria egunkarian argitaratutako artikulu askotarikoetan, zeinak diharduten zis- aurrizkiari, lengoaia politikoki zuzenari edota aipatutako militantziaren eta aktibismoaren arteko matizei buruz. 2021ean artikulu luzeetatik liburu laburrera egin zuen jauzi Hablemos claro (Catarata) lanarekin, sortu zena gaur egungo testu feministetan aurki daitezkeen klixe, metafora, neologismo, anglizismo, itzulinguru eta jargoi psikologizatzaileak sortzen dioten asperralditik. Defendatzen duenez, horien erabilerak mugimendu feminista jendartetik aldendu ez ezik, errealitatearen analisia pobretzen dute.

Erregistro linguistikoaren modulazio falta kritikatzen duzu. Hau da, berdin adierazten garela geure artean hitz egiten dugunean eta jendarteari zuzentzen gatzaizkionean.

Arazoa da hizkera berdina erabiltzea udalaren aurrean egindako elkarretaratze batean eta doktoretza tesi baten defentsan. Trantsizioan, Matarraskak bezalako kolektiboak sortu genituenean, feminismo militantea besterik ez zen existitzen; orain, emakume asko akademiaren bitartez heltzen dira feminismora. Batez ere gauza onak ekarri dituen borroka baten fruitua dira ikasketa feministen masterrak, baina era berean, ulergaitza den jargoia ekarri ahal izan dute berekin. Arazoa ez dator akademiatik bakarrik; mugimendu feministak jendartearen gehiengoarentzat ulergaitzak diren leloak aukeratzeko arrazoiak zein diren aurkitzen saiatzen ari naiz, “Estatu zirheteropatriarkalaren aurka”, kasu, lehen erabiltzen genituen lelo ulerterrazagoen ordez, “Lanaren eta enpleguaren banaketa”, adibidez.

Zure hipotesia da beldurtzeko jargoi horrekin desberdintzea bilatzen dugula, feminismoa jendarteratu den garai hauetan.

Bai, terminologia inflazio horrek kointziditu egiten du mobilizazioei eta zilegitasun sozialari dagokionez feminismoak izan duen arrakasta itzelarekin. Psikoanalitikoa eman dezake, baina antzematen ditut inkontzienteki gutxiengo abangoardia izatea faltan botatzen dugunaren adierazleak. Feminista zinela esatea zerbait terriblea zen duela 20 edo 30 urte, baina berezi egiten zintuen. Asko izatera iritsi nahi genuen eta lortu dugu, baina abangoardia izateak ere bazuen bere zera.

Badaude feminizidio bezalako zenbait termino oinarrizko gure hiztegi feministan tokia egin dutenak. Zergatik iruditzen zaizu arazo bat neologismoen erabilera?

George Steinerrek zioen bezala, eta feministok ondo dakigunez, izendatzen ez dena ez da existitzen. Feminizidio bezalako kontzeptu berri batek argitzen ditu gerizpean zeuden errealitatearen eremu zehatzak. Normala da hizkera feministan mailegu eta neologismoak txertatzea, baina ni ez naiz ari horien erabilerari buruz, baizik eta horien gehiegizko erabilerari buruz. Batzuetan, kuantitatiboa dena oso handia denean, kualitatibo bilakatzen da eta gertatzen ari den zerbait ematen du ezagutzera. Ulergaitzak diren terminoen inflazioak efektu paradoxiko eta kontraesankorra eragiten du: ohiko hitzak erabiltzeari uztean, errealitatea argiztatzeari uzten diogu, berau ezkutatuaz. Balirudike aditzera emateko hitz egokiena aurkitu ordez, guay denaren katalogoa oso-osorik erabiltzeaz gaudela adi: “Zeharkatzen nau”, “interpelatzen nau”, “bazterretan”… Klixeen, egindako esaldien, esloganen eta leloen errepikapen amaierarik gabekoa da beste arazo larri bat, uste baitut errealitatearen gaineko gure analisia asko pobretzen dutela, eta horien gehiegizko erabilera bateraezina dela pentsamendu kritikoarekin.

Horietako bitan jartzen duzu arreta: “Iraultza feminista izango da edo ez da izango” eta “Zaintzak erdigunean jarri”.

Adierazmolde guayen erakustegiak, interes handiagoa adierazten du zein taldekoak garen ulertzera emateko, pentsamendu bat komunikatzeko baino. Eta hori ikaragarria iruditzen zait. “Zaintzak erdigunean jarri” metafora polita eta adierazkorra zen. “Iraultza feminista izango da edo ez da izango” esaldiak kritika gisa parafraseatu zuen Che Guevararen “Iraultza sozialista izango da edo ez da izango”. Baina horiek ase arte errepikatzeak higatutako lelo bilakatu ditu, eta askoz gertuago kokatu errezotik, mantratik. Egitura sintaktikoen amaierarik gabeko imitazio horrek (“Iraultza feminista anti-arrazista izango da edo ez da izango”, “Anti-arrazakeria feminista izango da edo ez da izango”, eta abar) pentsamendu feministaren konplexutasuna eta aberastasuna ezkutatzen ditu.

Gainera, zeure buruari galdetzen diozu zer esan ote nahi dugun zehazki “edo ez da izango” horrekin; ea formulatzen ari garena definizioa, profezia edota mehatxua den.

Bai, zeren esaten badugu “Iraultza feminista izango da edo ez da izango”… sandinista edo errusiarra ez ziren izan iraultzak orduan? Esloganek balio dute manifestazioan garrasi egiteko, baina arazoa azaleratzen da diskurtsora daramatzagunean pentsamenduaren garapenik gabe, zer esan nahi dugun argi izan gabe.

"Ulertzen dut “feminismo beltzaz” hitz egitea dela modu bat salatzeko kolorgetzat jo izan den feminismoa egiatan zuria dela. Eta berdin lesbofeminismoarekin. Arazoa sortzen da nondik hitz egiten den hainbeste azpimarratzen denean eta esaten denaren gaineko fokua kasik osorik kentzen denean"

Nire desadostasunetako bat da Barbarismos queer liburuan oinarritzen zarela anglizismoen eta neologismoen gehiegizko erabileraren errua queer teoriari botatzeko. Halere, AEBetatik datorren pop feminismoan ere ugaritu dira manspreading, mansplaining, slutshaming… bezalako hitzak. Ez duzu uste joera horrek zerikusi gehiago duela globalizazioarekin, korronte feminista zehatz batekin baino?

Liburuan oinarritu baino gehiago, aipatu egiten dut, gaur egun feminismoan –edo korronte feminista batzuetan– erabiltzen den hiztegia argitu nahi duten hiztegi ugarien adibide gisa. Bai esaten dut liburuaren izenburua oso ele-ederra dela, terminologia asko zaildu denaren aitortza azpimarratzen baitu. Eta arrazoi duzu, fenomeno hau ez dute queer teoriak eta transfeminismoak soilik sortu. Terminologia berritzaileak leku ezberdinetatik datoz, eta hau da horietako bat, baina oso nabarmena nire ustetan.

Nartzisismoarekin lotzen duzu Donna Harawayren “kokatutako jakintzaren” interpretazioa, zeina abiatzen den norberak norbere diskurtsoa nondik enuntziatzen duen esplizitatzetik. Artega sortzen dizu ikusteak subjektuarekiko kezka gehiago predikatuarekiko baino. Gainera, paternalistatzat jotzen duzu zenbait pertsonaren ahotsa zilegiztatzea errealitate sozial bati buruz hitz egiteko soilik kolektibo zapaldu baten parte direlako, baloratu gabe horien diskurtsoa sostengatzen den edo ez. Baina nork epaitzen du hori? Akaso ez dago señoro gehiegi edozein gairi buruz lelokeriak esateko legitimatuta? Uste dut Pikara Magazinek ulertu duela ahots ijitoak edo transak falta zirela, eta hasteko, horiek esateko zeukatena aditzea garrantzitsua zela.

Sozialki zilegiztatutako ezagutzaren kontu honi heltzen diot erreferentzia eginez terreno horretan arrakasta gehien daukaten autoreei: Susan Harding eta Donna Haraway. Bakoitzak bere erara, baina biek defendatu dute –beraien artean ere polemika izanik– letra larriz idazten den zientziari kritika, eta adierazi dute objektibitatea ezinezkoa dela. Jakintza guztiak dira kokatuak, kontua da feminismoan bat-batean derrigortasuna dagoela esplizitatzeko zein tokitatik hitz egiten dugun, hori ulertuaz denboran eta espazioan kokapen bezala, eta baldintza sozial batzuetan. Hala bada, nik ulertzen dut “feminismo beltzaz” hitz egitea dela modu bat salatzeko kolorgetzat jo izan den feminismoa egiatan zuria dela. Eta berdin lesbofeminismoarekin. Arazoa sortzen da nondik hitz egiten den hainbeste azpimarratzen denean eta esaten denaren gaineko fokua kasik osorik kentzen denean, eztabaidatu behar duguna hori dela uste dut. Eta defendatzen dut eztabaida horietan denok parte hartu ahal izatea, gure determinazio identitarioak edozein direla ere.

“‘Emakumeen askapena’ tekleatzen badugu sareko irudi bilatzaile batean, manifestazioan doazen emakumeen zuri-beltzezko argazkiak agertzen dira. Aldiz, ‘emakumeen ahalduntzea’ bilatzen badugu, batez ere NBE-ren kartelak ageri dira. Niri ederragoa iruditzen zait askapen eta emantzipazio terminoetan pentsatzea mugimendua”.

Identitateez hizketan hasita: neoliberalismoarekin lotzen duzu pertsonen sexualitatea eta generoa zehaztasunez definitzeko etiketen ugaritzea (genero jariakorra, espektro asexuala…). Nola kontziliatu ditzakegu beharrizan indibidual horiek eta subjektu politiko indartsuen eraikuntza edota finkatzea?

Zein eta zer naizen azpimarratzeko beharrizan etengabeko eta konpultsiboa, ni-a, egoa, beti lehen planoan jarri nahi hori, izan identitate sexualaren eta generoaren ikuspuntutik zein beste batetik, sortutako beharrizana dela uste dut, lehen esaten zen bezala. Botere finantzarioaren interesek sortua, botereak bere horretan, alegia. Ni-en erakusketari “beharrizan indibidual” deituta, bataila galdu dugu. Kapitalismoaren legitimatzaile den ideologiak, neoliberalismo deitzen dugun horrek, beharrizanak eta desirak bildu eta amalgama egiten du horiekin, batzuk eta beste gureak direnaren –are, gure “ni” petoena direnaren– fikzioa txertatuz. Pozik irensten ditugun arreta desbideratzeko maniobrak dira. Eta hortxe gaude, arreta jarrita gurekin termino zehatz bat erabil dadin, besteren arretagatik lehian ez aurrera ez atzera… eta egiatan inporta duenetik urruti. Ez dut uste kontziliazioa denik kontua, baizik eta amuak ez irenstea, gozoki forman badatoz ere.

Liburuan saiatzen zara testu konplexuak –ulertzeko ahalegin intelektuala eskatzen dutenak– testu hermetikoetatik bereizten. Zein da muga? Askok ezin izan dugu Judith Butler-en Genero nahasmendua lanarekin. Nahitaez zaila den liburua da, ala lar kriptikoa dela da kontua?

Butler asko kritikatu dute aditzera emateko bere formagatik. Nik dezente irakurri dut, eta ez dut ukatuko zenbait ideia on dituela… Konplexua eta kriptikoa denaren arteko muga desberdintzeko formula magikodun makinatxorik ez daukat. Egia da hainbat testu astiro irakurri behar ditugula, azpimarratu eta berriz horietara itzuli. Feminismoak lantzen dituen gaiak konplexuak dira, postulatu oso indartsuak daude eginak filosofiatik, psikologiatik, soziologiatik… Badira formakuntza minimo bat exijitzen duten autore batzuk, baina horiek ulertzeko ahalegina egitean portu onera heltzea eta zerbait argi ateratzea posible da. Aldiz, bada hainbeste perifrasi eta itzulinguru idazten duelako ulertzerik ez dagoen autorerik, biribila biribiltzea baita, funtsean, egiten duena.

Biribila biribiltzea deritzozu, baita ere, hizkuntzaren erabilera inklusiboa egiteko probatu diren hainbat formulari: arroba, ixa, “e” hizkia… Zergatik interpretatu biribila biribiltze bezala, eta ez entsegu bezala? Ohartu ginen arrobek hitzak hiperesteka bilakatzen zituztela, gero jakin genuen ixa hizkiak itsuak diren pertsonen irakurketa sistemak oztopatzen dituela… [Gazteleraz egindako elkarrizketa izanik, eta hizkuntza hori genero gramatikalduna denez gero, genero markarik gabe hitz egin eta idazteko formulez ari dira].

Agian arrazoi duzu, zentzuzkoa iruditzen zait froga eta akats prozesu bezala ulertzea. Beharbada distantzia historikoa behar izango dugu aztertzeko. Feministoi asko axola digu lengoaiak, errealitatea aldatu nahi dugulako eta ez dugulako nahi kolaboratu darabilgun hizkuntzan inplizituki gordetzen den arrazakeriarekin, matxismoarekin edota klasismoarekin. Baina ezin dugu guretzat bakarrik izango den hizkuntza bat asmatu, ezta?

“Normala da hizkera feministan mailegu eta neologismoak txertatzea, baina ni ez naiz ari horien erabilerari buruz, baizik eta horien gehiegizko erabilerari buruz”

Konparatu dituzu garai historiko ezberdinetan feminismoak erabili dituen hitzak eta orduko momentu sozialaz esaten dutena: emakumeen emantzipazioa, emakumeen askapena edota emakumeen ahalduntzea.

“Emakumeen askapena” tekleatzen badugu sareko irudi bilatzaile batean, manifestazioan doazen emakumeen zuri-beltzezko argazkiak agertzen dira: termino oso politikoa zen, mugimendu baten borrokarena. Aldiz, “emakumeen ahalduntzea” bilatzen badugu, batez ere NBEren kartelak ageri dira. Niri ederragoa iruditzen zait askapen eta emantzipazio terminoetan pentsatzea mugimendua. Fase horiek gainditu ditugula da orain premisa, baina ez gara termino politikoetan ari “boterera heltzeaz” hizketan, are gutxiago “boterea hartzeaz”; horren ordez, “ahalduntzeaz” hitz egiten dugu, oso psikologizatzailea dena.

Psikologiaren eragin hori da seinalatzen duzun beste kezketako bat. Baina horiek denak, neologismoak eta anglizismoak, perpaus korapilatsuak, klixeak, ez dira feminismoaren kontua bakarrik. Zergatik bideratu kritika hizkera feministara? Ez da señoroek aski kritikatua?

Denbora guztian erabili beharreko terminoen erakustegiaren erabilerari dagokionez, rankinean oso goian dauden beste bi eremu dira pedagogia eta garapenerako lankidetza. Baina feminismoa da niri gehien inporta zaidan eremua. Esan didate adibide gutxi jartzen ditudala, baina egia esan, ez nuen nahi inor seinalatu bereziki, baizik eta hausnarketa orokorra sortu. Liburua idazten hasi nintzenean, esaldi eta paragrafoak biltzen zituen karpeta bat neukan ordenagailuan (horien autoreekin, noski), eta horietako asko lagunak edo kideak dira. Nire bikoteak, Itziar Abadek [Pikara Magazineko etxelagun], lagundu zidan ulertzen zeinen garrantzitsua zen planteatzen dudan hausnarketa eta eztabaidatzen jarraitzeko gonbita egitea, eta ez hainbeste esaten dudana zehatz-mehatz dokumentatzea. Barru txarra kentzen ere lagundu dit.

OHARRA: Elkarrizketa hau San Frantziskoko Udaltegian (Bilbo) gauzatu zen, publikoarekin, Lucía Martínez Odriozola II Kazetaritza Feminista Kongresuko programaren baitan.

 


ASTEKARIA
2022ko uztailaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzen soziologia
Jurgen Meisel, hizkuntzalaria
"Estandarra ez dira elebakarrak, elebidunak eta eleaniztunak baizik"

Lehen eta bigarren hizkuntzen jabekuntzak ditu ikergai Hanburgoko Unibertsitateko Jurgen M. Meisel (1944, Heilbronn, Alemania) irakasleak. Aspaldi du Euskal Herriarekin lotura egina, hemengo haurren elebitasun prozesuaz arduraturik, eta gurean da noiznahi, bateko jardunaldi eta... [+]


Eguneraketa berriak daude