"Estandarra ez dira elebakarrak, elebidunak eta eleaniztunak baizik"

  • Lehen eta bigarren hizkuntzen jabekuntzak ditu ikergai Hanburgoko Unibertsitateko Jurgen M. Meisel (1944, Heilbronn, Alemania) irakasleak. Aspaldi du Euskal Herriarekin lotura egina, hemengo haurren elebitasun prozesuaz arduraturik, eta gurean da noiznahi, bateko jardunaldi eta besteko biltzar, elebitasunaz ez ezik eleaniztasunaz gogoetan. Azkena, UEUren eta Elebilaben  ikastaroan gertatu ginen Meiselekin, orain hilabete batzuk.

     


2020ko martxoaren 26an - 10:24
Argazkia: Zaldi Ero.

Zertan gertatu zitzaizuen argigarri haur euskaldunen ikerketa?

Artean 70eko hamarkadan esaten zen haur elebidunek nahaste fase bat igarotzen zutela. 80ko hamarkadako zenbait ikerketek –hala gure lanek nola beste zenbait ikerlarik egindakoek–, hori ez zela egia erakusten zuten. Agerian denez, elebidunek noiznahi aldatzen dute hizkuntza; baita esaldi beraren barruan ere. Normala da. Elebakarraren kasuan, berriz, ezinezkoa da hori. Elebiduna hizkuntza batetik bestera jauzika ibiltzeak ez du esan nahi, hala ere, hizkuntzak bereizten ez dituela, ezpada komunikazio estrategia jakin bat baliatzen duela! Urte eta erdiko haurrak ere horretarako gauza dira, bi hizkuntzetako osagaiak baliatzen dituzte enuntziatu berean, baina ez dute horrelakorik egiten haien aurrean dagoen pertsonak bi hizkuntzak ez dakizkienean.

Zer ondorio segitzen da hortik?

Haurrak eragozpenik gabe jabetzen direla bi hizkuntzaz, zeinahi direla ere. Ikusia zuen hori lankide batek Kanadan frantsesa eta ingelesarekin, baita beste batek ere irlandesa-ingelesarekin. Guk, alemana-frantsesarekin… Baina beti, hizkuntza berdintsuak ziren, zuztar berekoak. Horregatik jo genuen bi hizkuntza zeharo ezberdinak ziren kasua ikertzera.

Eta, emaitza…

Gauza bera dela, haurrek berdin ikasten dituztela jokoan diren bi hizkuntzak, hauen arteko kontrastea txikia izan, nahiz handia.

Elebitasun guztiak berdinak al dira?

Bai.

"Gure sistema kognitiboak hizkuntzak ikasteko  mugarik ez luke, nik dakidala, bederen, baina nekez eman dezaket frogarik"

Zalantzarik gabe esan diguzu.

Bai. Haurrentzat, jaiotzatik, ez dago hizkuntza zailik, hizkuntza guztiak berdinak dira horretan. Joan deneko 30 urtean asko ugaritu dira ikerketak batean eta bestean. Gogoan dut inuiten finlandierari buruzko ikerlana, adibidez, eta beti bat eta bera da emaitza: haurrak hasiera beretik dira hizkuntzak ezberdintzeko gai. Gaur egun, askoz ere ikerketa zorrotzagoak egiteko gai gara, eta badakigu, esate baterako, jaio eta astebetera ere haurrak diferente erreakzionatzen duela hizkuntza batean eta bestean. Zergatik? Jaio aurretik ere, umetokian bertan entzuten duelako. Ez dute ulertzen, baina umetokiko haurraren sistema fonologikoak aditzen dituen bi hizkuntzak bereizten ditu.

Elebitasunaz ari gara, baina eleaniztasuna da oraingo eguneko gorabehera: zenbat hizkuntza beregana litzake haurrak aldi berean?

Zaila da horri erantzutea. Gure sistema kognitiboak ez luke mugarik, nik dakidala, bederen, baina nekez eman nezake frogarik. Hala ere, bada muga praktikorik: esposizio denbora. Esposizio denbora bat behar da. Zorigaitzez, ez naiz esposizio horren muga zehazteko gai, horixe lantzen ari baikara oraintxe. Eta, badiotsut, zaila da hori jakitea. Badira zenbait ikerlan haur elebakarren inguruan, eta haur batzuetatik besteetara, hamar punturen aldea ere badago esposizioari dagokionean. Alegia, guraso batzuek beste batzuek baino hamar halako hitz egiten dute beren haurrekin. Nola definitu, beraz, zein den araua, zenbatekoa behar duen esposizio horrek?

Oraintxe, gai horixe ikertzen ari zaretela esan diguzu...

Bai… Esposizioari dagokionean, bi hizkuntza baldin badira jokoan, %50eko denbora dutela biek ere, ez dago arazorik. Esposizioa %30ekoa denean, hau da, jokoan hiru hizkuntza diren kasuan, esposizio ehuneko hori ere aski luke haurrak, hizkuntza horiez ama-hizkuntza balitu bezala jabetzeko. Uste dut esposizioaren muga %20-25ekoa izan litekeela. Hori baino esposizio txikiagoa izanez gero, ikusi egin behar! Eta, bestalde, haur batzuetatik besteetara ere bada aski diferentziarik. Batzuek errazago eta azkarrago ikasten dute beste batzuek baino, nahiz eta denak ere ongi hitz egitera iristen diren.

"Linguistarekin edo psikologoarekin hitz egin, denek onartuko dizute elebitasunaren garrantzia, baina, egiaz, ez dute horren arabera jokatzen"

Hortaz, hiru hizkuntza batera bai, lau hizkuntza gehiegi litzateke.

Muga hor dagoela ematen du. Esposizio denbora da arazoa, ez haurraren gaitasuna, ezen badirudi gure sistema kognitiboak ez duela mugarik. Badira hogei hizkuntza hitz egiten duten pertsonak. Ez dakit hizkuntza guztietan ongi hitz egingo duten…

Zer ekarri egin dio haur euskaldunen gaineko ikerketak hizkuntza jabekuntzari?

Euskarak erakutsi digu hizkuntza ez indoeuroparra izateak ez dakarrela elebitasun arazorik. Hizkuntza guztiak berdinak dira, eta ondorio horretara iristea ez da debaldekoa, oso garrantzizkoa baizik. Besterik da gramatikaz, morfologiaz edo bestez ari bagara, euskara hizkuntza indoeuroparrak ez bezalakoa baita, aditz sistema konplexu horri dagokionean bederen.

Aditz sistema konplexua da euskararena? Usteko nuen oso zela erraza!

Erraza, euskaldunarentzat! Konplexua, niretzat! Saiatu nintzen ikasten, baina ezinezkoa gertatu zitzaidan: aditzaren, subjektuaren eta objektu zuzenaren edota zeharkakoaren arteko komunztadura hori, izan ere! Ezin izan nuen ikasi. Aldiz, haur euskaldunek ez dute problemarik. Marijo Ezeizabarrenak badu ikerketa interesgarririk horri dagokionean.

Argazkia: Zaldi Ero.

Hizkuntzaren jabekuntzari buruzko ikerketei behar besteko garrantzia ez zaiela aitortzen aditua diet han-hemengo ikerlariei.

Ados naiz kexu horrekin... Hara, munduan, gizon-emakume gehienak elebidunak dira, Unescoren definizioaren arabera, bi hizkuntza erabiltzen dituzte egunerokoan. Psikolinguistikan ari diren lankideek ere horixe esaten digute, alegia, mundukoak elebakarrak bagina bezala hitz egiten dela bazterretan. Ustea aldatzen ari da, dena den. Oraingo egunean, duela hogei urte baino hobeto gaude uste horri dagokionean. Linguistarekin hitz egin, psikologoarekin hitz egin, eta denek onartuko dizute elebitasunaren garrantzia, baina, egiaz, ez dute horren arabera jokatzen. Badiotsut, dena den, gauzak aldatzen ari dira.

Hemendik atzera, geroan, nondik eta nora jo beharko lukete hizkuntzaren gaineko ikerketek  zure ustez?

Esate baterako, hizkuntzaren esposizioaren input hori ikertu beharko luke. Elebitasunari buruzko ikerketetan ere politikoki zuzena izan beharra nagusitzen ari da. Elebakarrak hartzen dituzte estandartzat, baina zergatik konparatu behar dituzte beti gauza guztiak elebakarrekin? Estandarra ez dira elebakarrak, elebidunak eta eleaniztunak baizik. Ni, hasteko, horretan ari naiz joan deneko 30 artean, beren haurrentzat hezkuntza elebiduna nahi duten gurasoekin lanean. Hala ere, dudatan dira beti, galdera berak egiten dituzte beti: “Ez al ditu hizkuntzak nahastuko? Ez al da atzean geratuko?”. Eta esan beharrean zaude: “Hara, elebakarrekin alderatuz gero, haur elebidunak hobeto ari dira, emaitza hobeak dituzte hizkuntzetan eta gai guztietan”. Dena dela, gaur egun, Europan, arazoa ez da elebitasuna, eleaniztasuna baizik.

Elebitasuna lehen, eleaniztasuna orain?

Bai. Gurasoek egiten dizkidaten galderek horixe adierazten didate: “Turkiar emakumea naiz, senarra errusiarra dut, Berlinen bizi gaituzu, alemanez jakin behar dute, badakit hori, baina nahi dugu gure seme-alabek beren aitaita-amamekin beren hizkuntzetan hitz egitea”. Badakite alemanez ere jakin behar dutela, han bizi direnez, baina baita arbasoen hizkuntzak ere. Hortaz, beti-betiko galdera: “Zein da gutxieneko esposizio denbora?”, eta ez dakigu galdera horri zuzen eta artez erantzuten. Faktoreen gaineko ikerketa gehiago behar ditugu, zerk errazten duen hizkuntzaren jabekuntza, zerk zailtzen duen jabetze hori.

"Haurrek berdin ikasten dituzte jokoan diren bi hizkuntzak, hauen arteko kontrastea txikia izan, nahiz handia"

Badakigu sistema kognitiboa malgu dagoenean, haurtzaroan, hizkuntzez jabetzeko gaitasun handia dugula, badakigu orain dela 30 urte uste genuena baino askoz gauza gehiago egiteko gai garela. Hala ere, alderdi batzuk zorroztu behar ditugu. Badakigu, esaterako, adimenak ez duela garrantzirik, buruargiak izan edo ez, berdin ikas ditzakegula bi edo hiru hizkuntza. Esposizio denbora da faktorea, nahiz eta ez dakigun gutxieneko denbora zehazten. Elebidunen kasuan ez da arazorik, baina eleaniztunen kasuan? Ikergaietako bat duzu, ezbairik gabe.

Harrigarria da, eta ez da, gurasoek, han nahiz hemen, kezka berak dituzte, galdera berak beti.

Bai, eta askotan galdera horiek egiten dituzten gurasoak jakinaren gainean daude, badituzte galderen erantzunak, baina “lagun batzuek esan digute” hasten direnean, orduantxe kito! Horretan okerrenak pediatrak dira. Badirudi sendagileek iritzi bat izan behar dutela elebitasun gaietan. Baina hizkuntza jabekuntzaz ezer ez dakitenez, hizkuntza garapenari buruzko arazoren bat denean, “aldi berean bi hizkuntzarekin ari da eta” diote lehen-lehenik. Alabaina, hizkuntza garapenari buruzko arazoak berdinak dira haur elebakarretan nahiz elebidunetan. Inguru elebakarrean, elebitasuna planteatzen denean, gurasoak zalantza artean bizi dira. Ingurua elebiduna denean, galderarik ez dago, euren ebidentzia propioa dute!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzen soziologia
Teresa Maldonado Barahona
“Egindako esaldi eta eslogan feministen gehiegizko erabilera bateraezina da pentsamendu kritikoarekin”

Teresa Maldonado Barahona FeministAlde!-ko militanteak eta Filosofia irakasleak Hablemos claro (Hitz egin dezagun argi) liburuan adierazi du bere kezka, egungo feministen lengoaiak darabiltzan gehiegizko neologismo, anglizismo, esaldi ulergaitz edota metaforen ingurukoa.


Eguneraketa berriak daude