Airean beldurra

Kezkaturik, azalak hartu ezinik. Izu-antz. Azkenotan, jende anitz dabil horrela Mundu osoan, ohi gisan. Gure mundu garatuan, ohi baino gehiago.

Pandemia eta gerra dira beldur-iturri nagusiak. Apokalipsiaren lau zaldunetako bi. Hirugarrena, gosea, ekonomian irudikaturik, eta laugarrena, heriotza, inguruan beti.

Nahiz eta pandemia lausotuago ageri orain, apalagoa edo, eta gerra guregandik hain hurbil ere ez egon, inguruko jende askori igarri diot kezka. Bat-batean zerbait izugarri eta gaindiezina iritsi behar zaigun beldurra.

Helduak garenez, ez dugu esaten, baina behin gaia aipatuta aitortzak datoz ahapeka. Eta aitortzekin batera, lasaitua ere batzuetan, adierazezina partekatzeak berekin dakarren sosegu berezi hori.

"Ikusten dut izu-ikarak hedabideek elikatzen dituztela, herritarrok joera baitugu burutik burura sinesteko ikusten eta entzuten ditugun albiste-itxura oro"

Nire burua beldurtitzat izan dut beti. Inoiz ez dut jakin jatorriz edo inguruabarrek eraginda –badakit, aldiz, emakume izateak neure beldurren zerrenda handiagotu zuela–.

Halarik ere, orain, harrituta nago nire buruarekin: inguruko askok hitz-erdika adierazten dituzten beldur horiek ez naute ikaratzen.
Oroitzen naiz Txernobylgo istripu nuklearraz, eta gogoan dut berriek iritsi ahala sortzen zidaten antsietate menderakaitz eta aitorrezina. Eta atzerago eginik, oroitzen naiz gerraren beldurrak jo ninduen lehen aldiarekin ere: bospasei urte nituen, eta orduko komunikabideak gerra-oihartzunak hasi ziren ekartzen Ekialde Ertainetik –geroago jakin nuen Sei Eguneko Gerra zela–. Herriko haurrok gerretara jolasten hasiak ginen, goseak geunden gerra-kontuez eta lortu genuen izeba zahar batek kontatzea haurtzaroko istorio bat Munduko Lehen Gerrari lotua: argi-bola erraldoi bat ikusi omen zuten Pirinioez beste aldean, Iparraldean. Egia edo fantasia, dardara batean paratu gintuen kontakizun hark.

Halako oroipenak gogoan, serio hartzen ditut jende askok pairatzen dituen beldur-izuak –ni orain hain izuturik sentitu gabe ere–. Eta ikusten dut izu-ikarak hedabideek elikatzen dituztela, herritarrok joera baitugu burutik burura sinesteko ikusten eta entzuten ditugun albiste-itxura oro. Askori eta askori, informazioa inongo galbaherik gabe bereganatuta, sufrimendu handia eragiten die.
Alferrikako sufrikarioa, ezer gertatzen ez den bitartean, zerbait izugarria gertatzera (botoi nuklearra dabil jende askoren buruetan) ezer leunduko ez lukeena. Galdera bat darabilt: nork ateratzen dio onura jendea beldur bizitzeari?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2022ko ekainaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


Eguneraketa berriak daude