“Reggae musika zabaldu nahi dugu, antifaxismoan eta antiarrazismoan oinarrituta”

  • Reggaezalea eta disko jartzailea da Irati Agirre, Misswaymon (Mungia, 1988). Hiru urte igaro dira bere lehen pintxadatik, Pantx Records kolektiboko “familiaren” parte bilakatu zenetik. Sentikortasuna bidelagun, reggae eszenan emakumeen ahotsa ekarri nahi du lehen lerrora. Zapia buruan eta binilo kutxa artean hautatzen ditu doinuak, autogestioa, kontrakultura eta antifaxismoa iparrorratz.

“Arrazakeriaren aurkako manifestazioetan nabarmentzekoa 
da zein jende gutxi dagoen”.
“Arrazakeriaren aurkako manifestazioetan nabarmentzekoa da zein jende gutxi dagoen”. (Argazkia: Hodei Torres)

Noiz hasi zinen Pantx Records kolektiboan parte hartzen selektore moduan?
Antolatzen zituzten pintxadetara joatea gustuko nuen, banintzen reggaezalea. Denborarekin, jendea ezagutu eta asanbladara joaten hasi nintzen, eta selektorea izateko gonbidapena luzatu zidaten. Konturatu barik hiru urte pasa dira ordutik! Lehenengo emanaldian urduritasunez blai nengoela oroitzen dut, baina zuzeneko horiek izan dira gure benetako eskola.

Nondik dator ‘Misswaymon’ izen artistikoa?
Eunice Waymon zen Nina Simoneren benetako izena; soul, jazz, rhythm and blues abeslari, egile eta produktore ezaguna izan zen. Emakume oso sentikorra zela uste dut, bere izaerarekin bat egiten dudala esango nuke. Nire sentimenduak pil-pilean jartzea lortzen du musikak.

Zein da emakumeen presentzia eszena honetan?
Egia esan, Dj munduan murgildutako gero eta emakume gehiago ezagutzen ditut, irudi orokorra baikorra dela esango nuke. Eszena honetan denontzako tokia dagoela eta gero eta anitzagoa dela sentitzen dut. Pantxen, esaterako, hiru selektore gara; Tiki Boom (Fernanda), Lady Mallorska (MF) eta hirurak.

Disko jartzaile ona izateko non eduki behar da musika gehiago, biniloetan ala garunean?
Garunean, noski! Ezinezkoa zait nahi ditudan disko guztiak edukitzea. Bigarren eskuko merkatuetara joatea da onena, bertan topatzen dira bitxi preziatuenak eta merkeenak.

Argazkia: Hodei Torres

Zeren arabera egiten duzu emanaldi bateko musika hautaketa?
Aukeratzeko orduan entzumenak, gustu musikalak gidatzen nau. Lehenik eta behin musikalki atsegin behar dut abestia, eta ondoren saiatzen naiz batetik bestera koherentzia mantentzen, estilo aldaketa bortitzik ez egoteko. Oinarri horretatik abiatuta, Jamaikako emakume abeslari eta ekoizleak hautatzen saiatzen naiz, ahaztuta ditugun horiek. Noski, salbuespenak ere badira: nahiz eta musikalki gustuko izan, ez dut inoiz partekatuko mezu matxistak dituztenak.

Euskaraz egindako reggaeak zein leku du zure pintxadetan?
Pantx Recordsek grabatutako ia guztia Euskal Herrian sortutakoa da, euskaraz idatzitako reggaea. Zoragarriak dira, nire ustez, Skabidean, Jah Goikoa, Suaia eta Subsistak.  

Musikaz haratago, politikoa da Pantx Records kolektiboaren izaera…
Ardatz desberdinak dituen proiektua da, bai (disko jartzaileak, zigilua, estudioa…). Gure helburua oso argia da: gizarteari zerbait positiboa eskaintzea, gune seguruak eratu eta partekatuz. Gure lana antifaxismoari eta antiarrazismoari lotuta dago zuzen-zuzenean, horren isla izango litzateke, adibide bezala, duela ia bost urte antolatzen dugun Mundialito Mixto Antiarrazista futbol txapelketa. Auzoko jendearekin harremanak sortzeko eta sendotzeko eguna da, kulturaren, musikaren eta kirolaren bitartez. Klase berekoak gara denak, oinarrizko arazo eta behar berberak ditugu, beraz, laguntza sareen beharra aldarrikatzen dugu.

Bilbo Zaharrean duzue kolektiboaren gune neuralgikoa. Zergatik hemen?
Begi bistakoa da, kultura desberdinak batzen dira bertan, migratzaile ugari bizi da eta arrazismoa pairatzen dute gehienek. Kolektiboaren izaera eta helburua kontuan hartuta, gustura sentitzen gara Bilbo Zaharrean, koherentzia badu. Arrazakeriaren aurkako manifestazio batera joatean nabarmentzekoa da zein jende gutxi dagoen. Errealitate horrek islatzen du ez datozela bat arrazakeriaren aurkako diskurtsoak eta benetako ekintzak. Oso erakusgarria da.

Reggae eszena indartsu dago Euskal Herrian?
Nahiko indartsu dagoela esango nuke, azken urteetan loraldia egon da. Horren adibide garbia da ia herri bakoitzean Soinu Sistema (Sound System) bat dagoela. Jende gaztea dago bertan murgilduta, eta nesken presentzia ere handia da.

Zer dute amankomunean euskal eta jamaikar kulturek?
Antifaxismoak eta Estatuaren aurka joateak batzen gaitu batez ere. Soinu Sistemak nola sortu ziren gogorarazi behar dugu. Jamaikarrena mendebaldearen inbasioa jasan aurretik kultura propioa zuen herri askea zen, baina ondoren, esplotatuak, esklabo bihurtuak eta kulturalki baztertuak izan ziren. Erresuma Batuak herrialdearen kontrola hartu zuenean, kultura ingelesa gailendu zen, baita musikalki ere. Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, independentzia lortuta, herri beltzen ahotsa altxatzen hasi zen. Momentu horretan hasi ziren Soinu Sistemak hedatzen, bozgorailu indartsuak erabilita, beraien komunikabide propio bihurtu ziren. Beraz, zerk batzen gaitu? Hitz batean: kontrakulturak.

Musika lokarri
“Bederatzi urteko ume bat nintzen Sanyo markako irrati pletina bikoitza oparitu zidatenean; ez nekien zer ekarriko zuen horrek gerora. Nire musika zerrenda propioak kasetetan grabatzen hasi nintzen, orduak ematen nituen irratiaren aurrean gustatzen zitzaidan guztia harrapatzeko. Hogeita bost urte geroago, ilusio, sentiberatasun eta maitasun bera dut musikarekiko, egunetik egunera handitzen doana. Alboan ditudan guztiekin sugar hori partekatzen jarraituko dut”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Reggae
“Elkarlanari esker sendotu dira reggae eszenaren oinarriak”

Aurten bost urte beteko dituen Pantx Records kolektiboko kide dira Beñat Gabiña Ñeko eta Borja Goñi. Jamaikar doinu zaharrekiko zaletasunak batzen dituen hainbat pertsonak abiatutako proiektu hura haziz joan da denbora igaro ahala, eta musika... [+]


Askatasuna kontu serioegia da, euskarara ez itzultzeko

Linton Kwesi Johnson –LKJ laburduraz ere ezaguna– artista eta ekintzaile jamaikarraren poesiak euskarara itzuli eta liburu batean bildu ditu Pantx Records kolektiboak. Askatasuna kontu serioa da (Pantx Liburuak, DDT Liburuak, 2021) du izenburu poesia antologiak, eta... [+]


Pantx Records
Jamaika txiki bat Bilboren bihotzean

Euri-lanbroak eta hotzak ezaugarritzen duten Bilbo grisean bada jamaikar doinuak eta giro tropikala zainetan daramanik. Hala da Andoni Fernández Azkarai, Beñat Gabiña Ñeko, Pablo Rodríguez García eta Maria Fernanda Hernández... [+]


Reggae musika gizateriaren kultura ondare immaterial izendatu du Unescok

Reggae musika gizateriaren kultur ondare izendatu du Unescok ostegun honetan. Nazio Batuen Erakundearen kultura eta zientziarako agentziaren ondare immaterialen zerrendan izango da hemendik aurrera Jamaikan sorturiko musika estiloa.


Nork hil nahi zuen Bob Marley?

Horrela dira gauzak nazioarteko agenda mediatikoan: urtetan ahaztuta egon da Bob Marley eta halako batean, nonahi ikusten hasten zara. Zergatik? Ba Netflixek estreinatu duen dokumental batengatik: Who Shot the Sheriff? lanean aztertzen da zer geratu 1976ko abenduaren 3an, zazpi... [+]


Eguneraketa berriak daude