Umore-mozorroa jantzita dator autoritatea


2021eko abenduaren 12an

"Coses estranyes, kar kar kar. El joc del calamar, kar kar kar. Eztanda egingo dut barrez! Benetan, zer ari zarete telesailak katalanez edo euskaraz ere ekoiztu daitezela eskatzen, hustutako Espainiako herrietan zuntzik ere ez daukatenean?". Itzulita: agian ergelegiak zarete zuen egoismoaz jabetzeko, baina ez dakizue hustutako Espainiako herrietara zuntzik iritsi ez bada, dela jende bat telesailak katalanez edo euskaraz ekoiztu daitezela eskatzen ari zaretelako?

Harrapazank! Botere-eskalan goiko adarraren puntaren puntan sentitu behar du pertsonak, RNE edo SER irratietan tamainakoak botatzeko lotsatu ere egin gabe. Areago, tamainakoak bota eta txistearekin barre egiteko. “Ei, txo, zer haizek jo zaitu? Umorezko irratsaioak dira, ez besterik. Bada garaia gure buruez barre egiten ikasteko!”.

Zer haizek diozu? Kolpe bakarrean azaleratu du diskurtsoaren amarrua Galder Gonzalezek sare sozialetan: “Pertsona batzuk borrokan ari diren bitartean Internet heltzeko haien herrialdeko herri guztietara, beste batzuk gosez ez hiltzeko borrokan ari dira Somaliako herrixka batean. Lehentasun kontua. / Jabetu al zarete zein erraza den demagogia egitea?”. Ba horixe. Telesail estatubatuar edota hegokorearren izenburuak katalanez errezitatzeak eragin duen barreari buruz ez dakit zer esan, hain da irrigarria...

Demagogia. Supremazismoa. Umore-mozorroa jantzita errazago asimilatzen dugun diskurtsoa, hura inposatzeko baliabide gehiago dituen agente baten garaipenaren erakusgarri. “Umorea da mediazio politikoa”, kontatu zigun nonoiz ARGIAn Uxua Anduaga soziologoak: “Umorea, huts-hutsean, soziala da, ikasi eta erreproduzitu egiten den zerbait, etengabe eraikitzen ari dena, berezko edo natural izatetik urruti dagoena eta gizartean eragiteko gaitasuna duena. Ez dago umore zuririk, tentela edo otzana denik, juzkua –egokia denaren eta ez denaren arteko balorazioa– helarazten duelako beti”.

Eta orain, gaztelaniaz mintzo den komunitatearen parte bat –hedabideetan presentzia handia duena– esaten ari zaigu telesailak katalanez edo euskaraz ekoizteko eskatzea ez dela egokia, badirela beste lehentasun batzuk –betiko leloaren betiko leloa–, iji eta aja, eskatzen digute ez gaitezela egoistak izan, ez ditzagula kapritxo nazionalistak inposatu –Nafarroan ETB3 ikustea bezala–, aja eta iji, gure diskurtsoaren –eskakizunen– zilegitasuna anulatzeraino. Autoritatea sendotzeko baliabide eraginkorra da umorea, haren bidez finkatu egiten baita norberaren posizioa piramidean. Are gehiago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Umorea
Maria Rivero
"Umorea oso maskulinoa da oraindik, gauza asko aldatu beharra dago arlo horretan"

Korrika Kulturalaren eskutik, Olatz Beobidek zuzendutako eMcumeak umorezko obra taularatuko dute Maria Riverok eta Itxaso Payak asteartean, 19:00etan, Antsoaingo Antzokian.


Umorea

Astean galdetu didate ea nolakoak ziren idazten nituen artikuluak, eta ea umoretsuak ziren. Ezetz esan nion galdetzaileari, nahiko nukeela, baina ezin, inguruan gertatzen dena ikusita.

Uste dut umoretsua naizela normalean, baina ez da erraza ezer umorez idaztea munduan dauden... [+]


Eguneraketa berriak daude