"Askatasun esparrua da soinua"

  • Soinu bidez sortzen du. Soinua du ikergai. Soinua, teknologiak, irudia, eta gorputza. Ahotsa eta espazioa. Eta espazioen soinua. Soinuak entzuteko dugun moduak asko omen dio norbere buruaz. Aditu diot. Eta hau da entzun dudana.


2021eko azaroaren 28an
Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Oihane Iraguen Zabala. Bilbo, 1985

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen lehenik, kritika zinematografikoko masterra egin zuen gero (Euskal Herriko Zinema Eskola), eta Arte teknologiko eta performatiboko masterra azkenik (EHU). Arte Ederretako doktorea da, eta Arte eta Teknologia Sailean ari da irakasle lanetan Euskal Herriko Unibertsitatean. Akademiatik kanpo, arte sorkuntzan dihardu, eta Artiatx arte espazioko kidea ere bada.

Artista eta arte-ikerlaria zara, baina, beti azpimarratzen duzu ez dituzula Arte Ederrak ikasi.
Hala da. 18 urte nituenean ez nekien oso ondo zer ikasi. Filosofia, medikuntza, ingurugiro zientziak, ikus-entzunezko komunikazioa... Sekulako kaka-nahastea nuen buruan! Nota eman zidatenean ikusi nuen medikuntza edo ikus-entzunezko komunikazioa ikasteko modukoa zela, eta azkenekoa aukeratu nuen. Kamerarekin ibiltzea beti gustatu izan zait, eta horregatik. Karrera ez zen izan espero nuen modukoa eta ikasketak bukatu ondoren Madrilera joan nintzen. Hor hasi nuen benetako ikasketa prozesua. Zortzi urtez egon nintzen bertan. Hainbat ekoiztetxetan egin nuen lan. 4 cabezas, Warner Bros... bideo piezak egiten nituen haientzat. Eta han hasi nintzen bideo-sormenaren inguruan gauzak lantzen, nire pieza propioak eta nire praktika propioak bilatzen. Nire ahotsa, bideo bidez. Ez hainbeste komunikazio ikuspegitik, baizik eta arte ikuspegitik gehiago. Abstrakziora jo nuen. Eta konturatu nintzen nire abiapuntua beti soinua zela.

Soinuak eraman zintuen artearen mundura, beraz?
Soinutik abiatzen nuen bideo sorkuntza lan horretan trebatu nahi nuen. Horretarako, 30 urterekin erabaki nuen Arte Ederretako master bat egitea. Bilbora itzuli nintzen eta orduan zapaldu nuen lehen aldiz Arte Ederretako fakultatea. Masterra asko gustatu zitzaidan eta oso laburra egin zitzaidan! Erabaki nuen inguru horretan jarraitu nahi nuela, sortzen eta ikertzen, eta orduan tesia egitea izan zen horretarako bidea. Bekarik gabe, noski, zaharregia nintzelako diru-laguntzarik jasotzeko, baina euskaltegian aritu nintzen lanean tesia egin bitartean, eta halaxe hasi nintzen.

Orduan egin zenuen topo akusmatikarekin.
Hala da. Filosofia asko gustatu izan zait beti. Barruan nuen ikus-entzunezko komunikazioa ikasi izanaren arantzatxoa, Filosofiaren kaltetan, eta tesia egiten ari nintzela filosofia testuak irakurtzen hasi nintzen. Soinuarekin loturiko kontzeptuak bilatzen nituen, eta akusmatikarekin egin nuen topo. Eta konturatu nintzen kontzeptu horrek balio zidala aldi berean ikertzeko, eta sortzeko. Denak zentzua hartu zuen niretzat. 80ko hamarkadan soinu-artea ikertzen zuten hainbat ikerlarik berreskuratu zuten akusmatika kontzeptua, greziar antzinatetik. Kontzeptua Pitagorasek erabiltzen zuen. Esaten da filosofoak gortina baten atzean jarrita ematen zizkiela eskolak bere ikasleei, bere presentziak bere irakurketen edukitik aldendu ez zitzan. Baldintza horietan ikasleen arreta ezinbestean ahotsera, soinura bideratzea nahi zuen, entzumenaren zentzua areagotzeko. Soinu-artista hauek arreta soinura bideratzea nahi zuten berriz ere. Ez soinuaren jatorrira. Izan ere, soinua beti zerbaitena dela pentsatzen dugu, nahigabe. Soinu hau honena da, edo beste horrena da. Txakur baten zaunka soinua. Pertsona baten ahots soinua. Auto baten soinua, euriarena. Artista hauek soinua bere jatorritik desberdintzea nahi zuten, eta soinuari berari ematea izaera propioa. Eta bide hori interesatu zitzaidan bai ikerketarako eta bai sormenerako.

Zergatik zaizu soinua hain erakargarri, baterako zein besterako?
Interesatzen zait ez delako gauza material bat. Ez delako gorputz jakin bat. Ezin du abstraktuagoa izan. Eta horrek sekulako potentzialitatea du. Soinu bat entzuten dugunean gure subjektibitateak irudiak eta gorputzak sortzen ditu. Bakoitzak bereak. Soinuaren abstraktutasunak atea zabaltzen die irudikapen horiei. Pinturak eta eskulturak ere gugan sortzen dituzte iruditeriak eta bakoitzak bere erara ulertuko ditu, baina, soinuak, ezinbestean, euskarri materialik ez bisualik ez duenez, gure barnean dagoena ikusaraztera eramaten gaitu. Askatasun esparrua da soinua.

Horregatik interesatzen zait entzutearen ekintza, eta irudi-ezetik abiatuz sortzen diren soinu-irudi mentalen sorrera prozesuak eta subjektibazioak. Tesian, adibidez, entzute-saio batzuk aztertu nituen. Jendeak soinu batzuk entzun eta deskribatu egin behar zituen. Lehenik alde estetiko hutsetik: tinbrea, armonia, erritmoa... Baina alde estesikotik ere bai, hots, beraien pertzepziotik. Zer sorrarazten zien soinu hark, zein irudi ikusarazi... Eta harrigarria da nola norbere entzute ariketa subjektiboa ere sozialki eraikia den. Ikerketak erakusten zuen ez zutela soinu bera berdin entzuten musikariek, artistek, hezitzaileek, medikuek, ala bestelakoek. Bakoitzak bere erara entzungo zuen, noski, baina, itxura guztien arabera, norbere eguneroko praktikek eragiten dute soinuak entzuteko eta aztertzeko dugun moduan.


"Teknologiek sekulako potentzialitatea dute, hain zuzen kutxa beltz bat direlako, indarrean dauden zenbait dikotomia hausteko: natura/kultura, emakumea/gizona, analogikoa/digitala... ”

Gero dago soinua eta teknologiaren gaia.
Gaur egungo teknologien bidez soinu-eremu akusmatikoak sortzen ditugu etengabe. Teknologia gero eta garatuagoa da, eta erabiltzaileok ez dakigu hor barruan zer gertatzen den. Badakigu aparatu batera soinua sartzen dela nolabait, eta gero beste nonbaitetik ateratzen dela, baina tartean dagoen hori guztia ez dugu ulertzen, ez dugu ezagutzen. Kutxa beltz bat da. Pitagorasen gortina moduko baten atzetik entzuten dugu entzuten duguna. Horregatik interesatzen zait teknologia. Kutxa beltz horrek gizartean dauden zenbait botere harreman hankaz gora jartzeko aukera ematen digu. Hori da, esaterako, ziberfeminismoaren oinarria.

Ziberfeminismoa 90eko hamarkadan sortu zen, teknologiaren esparruan ere praktika eta teoria feministak garatu ahala. Izan ere, teknologiek sekulako potentzialitatea dute, hain zuzen kutxa beltz bat direlako, indarrean dauden zenbait dikotomia hausteko: natura/kultura, emakumea/gizona, analogikoa/digitala, fisikoa/birtuala… Gaur egungo teknologiek muga zurrun horiek zalantzan jartzea ahalbidetzen dute. Esfera ublikoa den   esfera pribatutik borroka egiteko aukerak ematen dituzte, identitate berriak sortzeko, desegiteko eta berregiteko. Ziberespazioan, alegia, gure   ziberlogeletan izateko forma berriak,  alter egoak, nick-ak asmatzen ditugu, eta horietatik errealitate berriak sor ditzakegu.

Argazkia: Dani Blanco

Eta artean? Nola erabiltzen duzu soinua sortzeko?
Soinuak duen ukiezintasunak, birtualtasunak, gaitasun iradokitzailea ematen dio artea sortzeko ere. Ez du materialtasunik, baina soinua bera da nire sorkuntzarako lehen materiala. Soinuak grabatzea gustatzen zait. Nire ordenagailuko disko gogorrean auskalo zenbat karpeta izango ditudan! Gero batzuk erabiltzen ditut, eta beste batzuk ez. Baina, nire dokumentazio intimo moduko bat da, eta biltzearen ariketa bera gustatzen zait. Batzuetan soinu horiek moldatzen ditut, soinu-sintesia egiten dut, ala ez… Beste batzuetan soinua bera ikus-entzunezko formatura pasatzen dut, edo irudi bilakatu… Hasten naizenean ez dut jakiten nola bukatuko dudan. Askotan, gainera, ez dut bakarrik lan egiten, kideren batekin baizik. Beraz elementu askoren batura eta itzulpen ariketa da nire sorkuntza prozesua.

Hainbat erakusketatan parte hartu duzu, soinua eta irudia harremanetan jarriz.
Tabakalerako Medialab plataforman parte hartzera gonbidatu gintuzten ni eta Jonathan Garcia Lana Tunipanea sortzaile eta luthier esperimentala. Hortik sortu zen Mekanika behartuak lana. Pieza bat sortu genuen egonaldian, bideo instalazio bat, baina funtsean bi diziplinen hibridazioaren emaitza zen. Nik bideo bat sortu nuen, eduki bisual organikoak eta gorputz mugimenduak ikusarazten zituena eta Tunipanea-k, software bat erabiliz, bideoan erregistratutako mugimenduak partitura bilakatzen zituen, eta partitura horiek musika, piano zahar baten zati mekanikoak erabiliz.  

Apenas zurrumurru bat lanean, berriz, lau akusmografia osatu nituen, musika partitura baten kontrako norantza duten marrazkiak, hain zuzen ere. Soinua bera konposatu ostean, software batetik pasatzen nuen soinua, soinua irudi bilakatzeko parametroak aukeratuta. Horrela soinua irudi bilakatzen nuen, soinua eta zentzuaren arteko ika-mikak islatzen saiatzeko.
Baina soinua mila eratara erabili daiteke artean. Soinuaren bidez espazioa hartzen da, literalki.

"Beti esaten da espazio batek soinu propioa duela eta soinu batek espazio propioa sortzen duela. Eta hala da. Soinu bat ez da berdina leku batean ala bestean"

Hori azaldu egin behar didazu…
Nire ikerketa jardunean soinuen eta espazioen arteko harremana aztertzen dihardut. Ezinbestean uztartzen ditut biak. Beti esaten da espazio batek soinu propioa duela eta soinu batek espazio propioa sortzen duela. Eta hala da. Soinu bat ez da berdina leku batean ala bestean. Eta espazioa ere eraldatu egin dezake soinu batek. Eta horrek soinu-artearen bidez eraldaketa prozesuak sortzeko aukera ematen du.

Bereziki interesgarriak zaizkit, esaterako, soinu interbentzioak. Susan Phillipsz edo Janet Cardiff-enak, esaterako, edo azken aldian deskubritu dudan Perila deitzen den musikariarenak. Urrutira joan gabe, Mikel R. Nieto artista donostiarrak duen entzutearekiko sentsibilitatea deigarria egiten zait, eta gustatzen zait nola bideratzen duen entzuteko modu berezi hori bere soinu praktika propiora. Azken urteetan Nieto bera Jone San Martin dantzariarekin elkarlanean dabil soinutik gorputzerainoko bidean sortzen diren soinu proposamenak ikertuz. Eta alderantzizko norantzan ere bai. Ez da belarriekin bakarrik entzuten, gorputz osoarekin baizik. Eta soinu bidez espazioa hartu daiteke. Hartu, eta eraldatu.

Horixe egin zenuten Artiatx espazioarekin ere, hartu eta eraldatu. Nola sortu zitzaizuen fabrika zahar hori arte-espazio bihurtzeko ideia?
Dena txantxa bat izan zen. Irati Urrestarazu, beste artista bat eta ni, San Frantzisko auzoko estudio batean ari ginen lanean. Baina oso txikia zen, oso garestia, sekulako hezetasuna zegoen bertan… eta beste leku baten bila hasi ginen. Eta bat-batean interneteko bigarren eskuko gauzak saltzeko webgune batean ikusi genuen norbaitek lokal bat alokatu nahi zuela, Zorrotzaurren. Hara joan ginen, lokal ezin itsusiago bat erakutsi ziguten, eta guk ezetz. Orduan jabeak esan zigun gainean bazuela beste lokal bat, printzipioz alokatzeko asmorik ez zuena. Eta Artiach fabrika zaharra zen. Sekulako presentzia duen eraikina da. Deustuko erriberan dago, eta oso argi ikusten da nolakoa zen jatorrizko gaileta fabrika hura. Non zegoen produkzioa, non bulegoak… Oso polita da. Eta pentsatu genuen, “hartu egingo dugu”. Jabearekin hitz egin genuen, eta azkenean oso prezio onean utzi zigun, garbitzearen eta zaintzearen truke. Orduan batu zitzaigun Javi Arbizu.

Hasierako asmoa hiruok gure arte sorkuntza lanetarako espazio bat edukitzea baino ez zen. Lehen urtea, noski, garbitzen eta espazioa atontzen pasa genuen. Eta denborak aurrera egin ahala, eta espazioa txukundu ahala, beste biei bururatu zitzaien estudio batetik harago, egonaldi eta erakusketetarako leku bat sortzea. Pentsatu eta egin. 2019ko urtarrilean sartu ginen, eta lehen erakusketa 2020ko uztailean izan zen.

Azken urteetan, beraz, komisariotza lanean ari gara bertan. Soinu esku hartze bat prestatzen ari gara, eta asko interesatzen zait gonbidatutako artistek zer proposatzen duten. Nola ulertzen duten beraiek espazioa, eta nola sor dezaketen beste espazio bat hor barruan beraiek proposatzen dituzten soinuekin. Izan ere, eraikina bera arte diziplina ezberdinen erresonantzia kutxa bilakatzea da helburua.

                                                                                        *     *     *

Soinu artea
"Ez zaizkit kategorizazioak gustatzen, ezertan. Artean ere ez. Zer da soinu-artea? Arteen arteko artea deitu izan zaio gure diziplinari. Ez da arte mota berri bat, baina Espainiako Estatuan, esaterako, duela bi hamarkada eskas onartu zen diziplina independente gisa. Baina soinu-artean erabiltzen dira bideoak, performanceak, antzerkia, ahotsa… Eta badago soinurik ez duen soinu-artea ere. Horrez gain, soinu-artetzat ez dauzkagun hainbat diziplinatan erabiltzen da soinua. Kategorizatu daiteke pieza bat hemen ala han, baina, izatez, ez diot zentzu handirik ikusten".


Euskal Herrian
"Gero eta soinu-artista gehiago daude Euskal Herrian. Gehienak gizonezkoak, hori bai. Eta artistez gain ekimenak ere badaude. L´Larraskito Kluba desagertu zen, baina, Zarata Fest egiten da urtero toki ezberdin batean, Alondegian Hotsetan programa sortu zen, eta bertan Oier Iruretagoiena, Miguel Ángel García eta Enrike Hurtado ari dira lanean, musika esperimentalaren eta soinu-artearen inguruan ikertzeko eta artistak ekarrarazteko. Eta Arte Ederretako ikasleengan ere gero eta interes handiagoa ikusten dut soinuaren inguruan jarduteko".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soinu artea
Xabier Erkiziaren idi-gurdien zaratak Madril hartuko du

Madrilgo Cinetecak lau saioko zikloa eskainiko dio Xabier Erkizia ikerlari, ekoizle eta soinu-artistari otsailaren 17tik 20ra bitartean. Zikloaren barruan estreinatuko da Erkiziaren lehen film luzea, O Gemer (Intziria), Donostiako Zinemalditik pasa ostean.


Eguneraketa berriak daude