Mozal Legearen artikulu batzuk moldatuko ditu Espainiako Gobernuak

  • Bi puntu kritikatuenak erreformatzea hitzartu dute PSOEk eta UPk: elkartzeko eskubidearen eta Polizia grabatu eta irudiak zabaltzearen ingurukoak. 2015etik dago martxan legea, eta bi alderdiek 2018tik indargabetzeko asmoa adierazi badute ere, orain arte ez dute aldaketarik egin.

Mozal Legeak oinarrizko eskubideak urratzen dituela salatu izan dute askotariko eragileek. / Argazkia: Borroka garaia.

2021eko urriaren 29an - 08:43
Azken eguneraketa: 10:52

Espainiako Gobernu koalizioak behin baino gehiagotan adierazi du agintean dagoenetik Mozal Legea indargabetzeko asmoa, 2015ean PPren gobernuak abiarazitakoa. Baina pandemia hasi zenetik inoiz baino isun gehiago jarri dira lege hori erabilita. 2020an ireki zuten legeari zuzenketak aurkezteko epea eta orain, urtebete geroago, aurre akordio bat adostu dute PSOEk eta Unidas Podemosek, besteak beste, Mozal Legearen bi puntu kritikatuenetakoak erreformatzeko. Horrela, datorren astean itxi nahi dute zuzenketak aurkezteko tartea.

Batetik, elkartzeko oinarrizko eskubidea babestu nahi dute. Aurretik jakinarazi gabe ere herritarrak beti elkartu ahalko dira, “era baketsuan” izanez gero. Mozal Legeak elkartzeko eskubidearen inguruan hainbat isun aurreikusten ditu momentuz: kasu “oso larrietan” 30.000 eta 60.000 euroko zigorra, kasu “larrietan” 600 eta 30.000 euro artekoa, eta kasu “arinetan” 100 eta 600 euro artekoa.

Bestetik, baimendu nahi dute Poliziaren irudiak hartu eta zabaltzea, betiere “polizien eta haien familien segurtasunari edo intimitatearen eskubideari eragiten ez badie”. 2015etik debekatuta dago hori eta askotan kazetarien jarduna oztopatu du. Espainiako Gobernuak Mozal Legea aplikatu zion lehen kazetaria izan zen Axier Lopez; ARGIAn lanean ari zela polizien irudiak zabaltzeagatik 601 euroko isuna jarri nahi izan zioten.

Mozal Legeak oinarrizko eskubideak urratzen dituela salatu dute askotariko eragileek. Nazio Batuen Erakundeak hasieratik kritikatu du legea, eta Europako Giza Eskubideen kontseilariak eskatu izan dio Espainiako Gobernuari legea aldatzeko “errepresiboa” delako eta, besteak beste, adierazpen askatasuna mugatzen duelako. Esaterako, Mozal Legea erabilita kartzelaratu zuten Pablo Hasel rap abeslaria kataluniarra otsailean, Espainiako erregeaz kantatzeagatik.

Migratzaileen berehalako itzulketak debekatuta

Mozal Legearen beste puntu batzuk ere aldatzea erabaki dute. Orain arte PSOEk ez du eztabaidatu nahi izan migratzaileen berehalako itzulketen gaia, baina azkenean UPrekin hitzartu du hori ere Mozal Legetik kanpo uztea. Auzi hori atzerriko legediaren eta nazioarteko hitzarmenen (debekatuta daude berme juridikorik gabeko itzularazteak) esku utziko dute.

Isunen zenbatekoaren gainean ere eztabaidatu dute. “Txikiagoak eta zigortuaren diru-sarrerekiko proportzionalak” izan beharko dute, baina ez dute zehaztu zenbatekoa. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 2015etik 2020ra bitartean ia 376.000 isun jarri dizkiete herritarrei Mozal Legea aplikatuta eta guztira 252 milioi euro lortu dituzte.

Azkenik, erabaki dute bi ordukoa izatea komisaldegian pertsona bat atxikita edukitzeko gehieneko denbora, “salbuespenezko kasuetan” izan ezik. Halaber, komisaldegira eraman aurreko lekura itzuli beharko dute poliziek atxilotutako pertsona.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mozal legearen mehatxua
Artxibatu egin dute Ahotsa.info-ko kazetari bat gezurrekin salatu zuen udaltzainaren aurkako kereila

2021eko protesta batean Poliziaren jarduna grabatu eta zabaltzeagatik, Mozal Legea urratu izana leporatu zion udaltzainak kazetariari. Salaketan hainbat gezur esan zituen agenteak, grabatutako bideoan egiazta daitekeenez. Agiriak faltsutzeagatik kazetariak kereila jarri zuen... [+]


2023-03-15 | Axier Lopez
Espainiako Gobernuak ez du hitza bete: Mozal Legeak indarrean jarraituko du

2015ean PPk gehiengo absolutuz ezarri zuen Mozal Legea. Oinarrizko zenbait eskubide urratzen dituen arau sorta horrek kontrakotasun handia bildu zuen Espainiako Estatuko mugimendu sozial eta alderdi politikoen artean, baita nazioartean ere. Lege hori "ezbairik gabe derogatu... [+]


Otsaileko lehen osoko bilkuran onartu nahi dute Espainiako Kongresuan 'Mozal Lege' berria

Dagoeneko erreformaren %96 adostuta dute Espainiako Kongresuan erreforma lantzen ari diren alderdiek, eta datorren astean akordio batera iritsiko dira, El Plural.com-en irakurri dugunez.


Laudioko Gaztetxearen aldeko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Laudion, Bilbon eta Gasteizen

Laudioko Gaztetxearen kaleratzearen ondorio ekonomikoei aurre egiteko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Orbeko Etxean, Zazpi Katu Gaztetxean eta Gasteizko Gaztetxean. Ertzaintzak 'mozal legea' ezarri zien sei gazteri ekainaren 13ko protesten harira, 4.000 euroko... [+]


2022-12-16 | Iñaki Agirre
“Ez dugu ekimen erreformistarik nahi, Mozal Legearen indargabetzea eskatzen dugu”

Hogei eragile sozialek baina gehiagok eginiko deialdiak dozenaka pertsona bildu ditu ostegun ilunabarrean Donostian adierazpen askatasuna aldarrikatu eta Mozal Legearen indargabetzea eskatzeko. Lege horren bitartez, Hego Euskal Herrian 2020tik hona 30.000 zigor baina gehiago... [+]


Eguneraketa berriak daude