"Arazoa konstituzionala denez, Konstituzioa aldatu beharko da"

IÑIGO URIZ / FOKU
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Tokiko hizkuntzetan bideraturiko murgiltze eredua eskola publiko eta pribatuetan eskaintzeko eskubide historikoa ezeztatu zuen Frantziako Konstituzio Kontseiluak maiatzaren 21ean, garaipen hau zekarren Molac Legearen bozketatik 44 egunetara. Ebazpen horrek dakarrena xeheki azaldu digu Eneritz Zabaletak, nola ez, murgiltze eredua bermatu eta garatu ahal izateko bideetan arreta jarriz.

Murgiltze eredua tokiko hizkuntzetan eskaintzea Konstituzioaren kontra doala ebatzi zuen maiatzean Konstituzio Kontseiluak. Harritu zintuen epaiak?

Egia da beti ukan duen ildoa segitu zuela, baina hala ere gogorra iruditu zitzaidan. Harridura pixka bat eragin zidan, iraganean baino gogorragoa zelako. Jada 2001ean murgiltzeari buruzko epai bat atera zuen, zeinetan nolabait bereizten zituen eskola publikoak –hauentzat kontrakotasuna sendi zen– eta ikastola eta diwanen gisako hitzarmen bidezko eskolak –hauentzat baimentzen zuen–. Pentsatzen nuen aldi honetan ere horretan geldituko zela, ez zituela zalantzan emanen kontratu peko eskolak. Azkenean bai eta biziki gogorra iduritzen zait.

Alta, hortik egun batzuetara, Konstituzio Kontseiluak berak ohar bidez jakinarazi zuen bakarrik eskola publikoentzat balioko zuela epaiak. Ebazpena ala oharra, zeinek du balore juridikoa?

Erabakiak du balio. Konstituzio Kontseiluaren baitan kalapitak edo eztabaidak egon direla agertzen da, zeren ohar hori plazaratu eta egun batzuetara berriro aldatu zuten oharra, gibelera eginez, zerbitzu publikoa bere osotasunean kontuan hartzen zela erranez –ez bakarrik eskola publikoak–. Geroztik jakin dugu kontseilari batzuk ez zutela bortxaz gaia ezagutzen, eta beste batzuek baliatu zutela aukera lekuko hizkuntzetan bideratu murgiltzearen kontra joateko.

Ebazpenak ondorioak ukan ditzake kontratu peko eskolen diruztatze publikoan?

Funtzionamendu gastuak estaltzeko herriko etxeek diru bat banatu behar dute eta horrek balio du ere herriko umea ondoko herriko eskolara baldin badoa. Praktikan, betebehar hau ez da beti betetzen. Zer gertatuko da? Kontratu horiek mantentzen diren heinean ordaindu beharko dute, legeak hori dioelako. Baina galdera da: Zer gertatuko da kontratu horiekin? Ez ote du ministerioak noizbait galdeginen kontratuekin segitu ahal izateko murgiltze eredua aldatzea? Ziurgabetasunean gara.

Murgiltze eredua eskola publikoan eskaini ahal izateko esperimentazio eskubidea erabili izan da. Mekanismo horren bukaera ere dakar Konstituzio Kontseiluaren epaiak?

Esperimentazio mekanismoa plantan eman ahal izateko baldintza bat jarri zuten: legearen kontra joatea esperimentatu daiteke (mekanismo berri bat esperimentatu, ondotik ikusteko ea lege bidez orokortzen den mekanismoa), baina ezin daiteke Konstituzioaren kontra doan zerbait esperimentatu. Orain arte murgiltzea esperimentatzen ahal zen, ez zelako argi eta garbi erraten Konstituzioaren kontra zioala. Baina orain badugu epai argi hau dioena Konstituzioaren 2. artikuluaren kontra doala eta eskola publikoetan ezin dela eredu hori aplikatu. Hor dago zalantza eta dagoen borrokan landutako bidea da erratea eskola publikoan esperimentatzen dena ez dela Konstituzio Kontseiluak definituriko murgiltze eredua. Dena dela, berriro ere ziurgabetasun handia bada: zer jarrera hartuko ote du errektoreak esperimentazio horiekin? Eskola sartze hau normalki iraganen dela erran dute, baina gerora begira galdera ikur handi bat bada. Zer gertatuko da etorkizunean? Errektoretzak zer erabakiko du?

Azkenean, iraganean garatu bideak moztu ditzakete.

Bai. Gainera Konstituzioko 62. artikuluak dio Konstituzio Kontseiluaren epaiak derrigorrez aplikatu behar dituztela autoritate publikoek. Horrek erran nahi du gauzak lehen bezala segitzen badira epai hori ez dutela betetzen eta momentu bat etorriko dela zeinetan erranen zaien epaia aplikatzea. Gaur egun diren eredu guztiak dira zalantzan ematen eta hor dago arriskua.

140 parlamentarik Konstituzioa aldatzea eskatu zuten ekainean. Teknikoki nola aldatzen da Konstituzioa?

Iniziatiba hau badugu bai eta horrez gain, uztailean bi parlamentarik ateratako txostena ere hor dugu. Azken honetan ere agertzen da Konstituzioa aldatu ezean ez dela aukera handirik. Macronen legegintzaldi honetan ez da eginen, hauteskundeak laster direlako. Egitekotan 2022tik aitzina eginen litzateke. Badira bi bide Konstituzioa aldatzeko. Bata, erreferendum bidez bukatzen dena, hau da, parlamentariek Legebiltzarrean eta Senatuan testu bera bozkatu ondoren erreferendum bidez berrestea –ez dut uste ikusiko dugunik egun batez hori–. Bestea da bide presidentziala, hor ere testu berdina bozkatu behar dute eta ondotik Frantziako lehendakariak erabakitzen du testua bide parlamentariora bideratzea, Kongresua deitu parlamentu berezira, Legebiltzarreko eta Senatuko kide guztiak ganbera berean biltzen dira eta bozketan %60ko gehiengoa behar da aldaketa lortzeko.

Uztailaren 21ean Kerlogot eta Euzet parlamentariek gobernuari aurkeztu txostena aipatu duzu. Zein da zure irakurketa?

Niri iduritzen zait oso txosten timidoa dela. Txosten honek alternatibak aurkeztu behar zituen, baina azkenean egiten duena da arazo juridikoa berretsi. Hainbat pista planteatzen ditu, baina beti zehaztuz juridikoki arriskutsuak direla. Hori horrela, Konstituzioaren aldaketa da juridikoki egoera konpontzeko bide bakarra, hori gabe beti ziurgabetasunean izango garelako.

Horrentzat nahikeria politikoa behar da eta hau ez dugu sendi.

Parlamentarien txostenean ere hori erraten da, ez dira baitezpada Konstituzioa aldatzearen alde, ez dira lekuko hizkuntzei buruzko eztabaidaren alde. Aldarria plaza publikoan jarri beharko da, hautagaiek engaiamenduak hartzeko gisan eta ondotik presidente izendatuak promesa betetzeko gisan. Tamalez badakigu promesak ez direla beti betetzen, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berrestearen promesa bi aldiz egin izan da eta alta, ez da sekula egin.

Plaza publikoan egon da aldarria. Gero hurbil-ertainean ere horrela segituko duela uste duzu?

Hurrengo borroka hori izango dela uste dut. Ongi antolatu beharko da, Konstituzioa aldatzea galdegiten duen plataforma berezi bat osatu beharko da. Presidentzialak direnean beti egoten da lekuko hizkuntzei buruzko interpelazio lana, baina uste dut lan handiagoa egin beharko dela aldi honetan: lobby lana eginez, mobilizatuz eta hautagaien programetan engaiamendua sarraraziz. Hori izanen da oraingo borroka.

Europa izan daiteke hizkuntza gutxituen aitortza lortzeko bidea?

Juridikoki erran nezake ezetz. Hizkuntza politikarena ez da Europar Batasunaren eskumenetan eta nahiko askatasun handia uzten die estatuei hizkuntzen trataera arautzeko. Beraz hortik juridikoki ez dut bide handirik ikusten. Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren pista ere aipatu da. Europako Kontseiluak sortu zuen organo hau baina honek ere askatasun handia uzten die estatuei hizkuntza eskubideen arloan, kontsideratzen duelako 1951n adosturiko Europako Giza Eskubideen Konbentzioak ez dituela hizkuntza eskubideak bere babespeko hartzen. Beraz nekez ikusten dut juridikoki Frantzia zigortzeko edo kondenatzeko bidea Europatik.

Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berretsia balitz, honek Konstituzio Kontseiluaren epaia baino balore handiagoa luke?

Kontua da itun hau berresteko Konstituzioa aldatu behar litzatekeela, epaileek diotelako itun honek sortzen dituela Konstituzioarekin bateragarriak ez diren eskubide batzuk. Azkenean arazo beraren aitzinean gara. Arazoa konstituzionala denez Konstituzioa aldatu beharko da, hori gabe gauden egoera zalantzatian edo are egoera okerragoan izanen garelako.

Errektoreak du lekuan leku eskaerei erantzuten. Jarrera jakobinoan dira, ala noiztenka lekuko hizkuntzen aldeko posturak ere ageri dira?

Errektoretza azkenean hierarkiaren printzipioari lotua da eta Hezkuntza Ministerioaren manuak aplikatu behar ditu. Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministro denetik, jarrera gogorrago batean daude errektoretzan eta inspekzioan. Hala ere, gaia ez bada puri-purian, agian askatasun eta aukera gehiago dauka errektoreak, baina hor gaia puri-purian izanki, saiatuko dira hautsi-mautsi bat lortzen, beti ere ministerioko printzipioak aplikatuz. Gobernutik eman den kontsigna da aurtengo eskola sartzea lehen bezala, hau da, deus hunki gabe bideratzea. Aurtengoa horrela pasako da, baina hemendik aitzina egoera zailduko da.


Azkenak
2025-09-11 | Garabide
Amazigh Karabana egin berri da Rifeko lurraldean

Amsagar jer dyaspura d Arif: X wbrid n tgumi n tutlayt tarifit (Diasporaren eta Rifen arteko topaketa: tarifit hizkuntza zaintzeko bidea) lemapean, abuztuaren 27tik irailaren 5era, amazigh hizkuntza eta kulturaren aldeko 50 ekintzaile inguru bildu dira Alhucemas eta Nador artean.


Von der Leyenek Israelekin akordioak “partzialki” etetea proposatu du, baina EBk hori adostea “oso zaila” izango dela iragarrita

EB eta Israelen arteko “Elkartze Akordioaren merkataritza arloa partzialki etetea” proposatu du Europako Batzordeko presidenteak. Neurriak indarrean jartzeko EBko herrialdeen gehiengoak eman behar dio babesa, eta hori “oso zaila” izango dela adierazi du... [+]


Weleda kosmetikoen multinazionalak nazien kontzentrazio-esparruetan kolaboratu zuela kaleratu du ikerketa batek

Kosmetiko enpresak azalerako kremak hornitzen zituen Dachauko kontzentrazio esparrua. Naziek presoekin esperimentuak egiteko erabili zuten krema mota bat, eta 80 eta 90 preso artean hil ziren horren ondorioz. Enpresak ikerketa “independente eta osatua” jarri du... [+]


2025-09-11 | Xuban Zubiria
Hondartzan bainua hartzeko ordaindu egin behar

Italiako hainbat hiritan hondartzen eta itsasoaren izaera publikoa aldarrikatzeko mobilizazioak egin ditu udan Itsasoa Aske mugimenduak. Hondartzen erdia enpresa pribatuek kudeatzen dutenez, bainua hartzeko ordaindu beharra daukate herritarrek. Zonalde turistikoenetan ordainpeko... [+]


“Gasteiz Euskararen Hiria ekimena euskara erdigunean jartzeko eguna da”

Larunbat honetan Gasteiz Euskararen Hiria ekimenak hartuko du Gasteizko Andre Mari Zuriaren plaza. Goizean hasi eta gauera arte, “euskararen aldeko festa handia” izatea nahi dute euskalgintzako eragileek, kirol jarduerak, kultur emankizunak edo arratsaldeko... [+]


2025-09-11 | Usurbilgo Noaua
Giza katea igandean, erraustegia itxi eta Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa hobetzeko

Zubietako erraustegia itxi eta Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa hobetzea eskatzeko giza katea deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak eragile gehiagoren babesarekin, azken urteotan bezalaxe, igandean, irailaren 14an Donostiako Kontxan.


Trekutz eguna

2023ko uztailean jaso genuen berria antzuolarrok. Irimon bi aerosorgailu erraldoi jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak. Hasieran zalantzak eta galderak: nor zegoen proiektuaren atzean? Zein zen proiektuaren benetako helburua? Zein izango... [+]


2025-09-10 | Estitxu Eizagirre
Onintza Enbeita eta Feli Madariaga
“Azokako mahaiaren bestaldetik desprezioa ikusten da, asko”

Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]


Soldaten eta etxebizitzen prezioaren arteko amildegia, sekulan baino handiago Nafarroan

CaixaBank Researchek egindako ikerketak agerian eman du Nafarroako etxebizitza merkatuaren egoera. 2007-2008 arteko higiezinen burbuilaren garaian baino %3,7 garestiagoa dira etxebizitza eraiki berriak Nafarroan.


Errusiako droneak Poloniako aire eremuan sartu direla salatu du Varsoviak

Hemeretzi errusiar dronek Poloniako muga zeharkatu dute, eta Poloniak leherrarazi egin ditu. Poloniako aire eremuari “inoiz egindako erasorik handiena” dela dio armadak.


Poliziarekin istiluak izan dira Baionan, “dena blokatzeko” egunean

Protesta eguna da gaur Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, François Bayrou lehen ministro ohiak egindako aurrekontu proposamenen aurka altxatu dira gizarte eragileak. Goizean goizetik, Baionako sarrerako biribilgunea blokatzeari ekin diote. Jada hogei manifestari atxilotu... [+]


Frantziak lehen ministro berria du
Zein da Sébastien Lecornu? Antinuklearren etsaia, ehiztarien laguna, Macronen zale fidela

François Bayrouk dimisioa eman eta ordu gutxitara izendatu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ordezkoa: Sébastien Lecornu izango da lehen ministro berria, aurretik Defentsa ministro izandakoa eta Macronen oso gertukoa. Oposizioa haserre mintzatu da, ezker zein... [+]


Zinemaldi Alternatiboak zinema sozialaren bidez ehunduko ditu Donostiako auzoak

17. edizio honetan hamar proiekzio antolatu ditu Donostiako Zinemaldi Alternatiboak, beste horrenbeste eragilerekin elkarlanean. Helburua, urterokoa: "Zinemaren bidez hausnarketa kritikoa sustatzea, hainbat gizarte-gai eta -gatazkari buruzko lanak proiektatuta eta... [+]


Eguneraketa berriak daude