Amerikan ikasitakoari ginga jartzen Lazkaoko Maizpide euskaltegian

  • Euskara ikasle eta irakasle dira Hego Amerikako beren herrialdeetan. Gainera, bestelako lan eta ogibideak dituzte. Haietako hamaikak hango kontinenteko udako oporraldia baliatu zuten urtarriletik otsailera Lazkaoko Maizpide euskaltegira etorri eta beren buruak are gehiago trebatzeko. Andrea Bella, Begoña Tisera eta Alfredo Laborde ditugu adibide.

Maizpide euskaltegian izan ziren urtarriletik otsailera Hego Amerikan euskaraz ikasten eta irakasten ari diren lagunak. Argazkia: Zaldi Ero.
Maizpide euskaltegian izan ziren urtarriletik otsailera Hego Amerikan euskaraz ikasten eta irakasten ari diren lagunak. Argazkia: Zaldi Ero.

Etxepare Institutuak garatzen duen Euskara Munduan programak lotzen ditu Lazkaoko Maizpide euskaltegian izan ziren hamaika ikasleak. Andrea Bellak esan zigun: “Internetez ikasten dugu, batetik, eta bestetik, berriz, barnetegiak egiten ditugu gure herrialdean, hala neguan nola udaro. Aste bana irauten dute”. Argentinako zenbait herri txikitan nahiz Montevideon egiten dituzte aipatu barnetegiak. “Garai batean Txilen ere egiten zuten ikastaroa”. Begoña Tisera Etxeberriaren zehaztapena: “Bertako euskal etxeen egoitzetan izaten dira”.

Beren herrialdeetan ikasia han bertan praktikatzeko aukerarik badutenez galdeturik, Mintzanet egitasmoa goretsi du Bellak, euskara sarean praktikatzeko bidea. “Guztiz baliagarria da. Batik bat, jariotasuna lortzeko. Horretan, asko laguntzen du mintzalagun edo bidelagunak”.  Ildo beretik mintzatu zaigu Alfredo Laborde: “Tres Arroyosen ez daukagu euskaraz hitz egiteko modurik, eta  beraz, Mintzaneten eman nuen izena. Horren bidez, oraingo egunean mintzalagunak dauzkat”. Horietan du, adibidez, Rafael Retegi Iturbide, Bortzirietakoa, Igantzikoa. Bost urte daramatzate Labordek eta Retegik harremanetan eta aurrez aurre ere ezagutu zuten elkar. “Orain, laguna dudala esango nuke”, dio Labordek.

Tiserak Ainara Maia Urrotz olerkaria du bidelagun. Aspaldiko kidea, inondik ere. “Aurrez aurre ezagutu nuen behin eta Argentinara gonbidatu nuen 2009an, Buenos Airesko euskal astera, San Nicolaseko euskal etxeak festa handia egin zuen orduan. Horrelaxe ezagutu genuen batak bestea”.

Andrea Bellaz den bezainbatean, duela zazpi urte hasi zen Mintzanet baliatzen. Badu bidelagunik: “Anizeto Ajuriagogeaskoa, muxikarra”. Hura Bellaren bidelagun, eta Bella bera, orain, beste bi pertsonari laguntzen: “Inmakulada Gonzalezen eta Josu Agirreren bidelagun naiz ni orain. Lehena Bergaran bizi da eta bigarrena, aldiz, Bruselan”. Astean zehar egin ohi dituzte internet bidezko bilkurak munduko bazter batekoek eta bestekoek. Pandemia garaian, berriz, talde berri bat eragin zuen Bellak sarean: “Jalgi Hadi Mundura izenekoa. Asteartero eta larunbatero bina orduko saioak izaten ditugu ordenagailuaren aurrean”. Eta, tartean, hainbat ekintza antolatzen dituzte, liburu irakurketak eta gainerako.

Andrea Bella Montevideo, 1978. Izana dugu orain baino lehen ere ARGIAren orrialdeetan. Dudarik gabe, duela zazpi urte baino askoz trebeago ari zaigu euskaraz. 2008an hasi zen ikasten, HABEren Euskara Munduan programan eta programari halaxe baitagokio, ikasten hasi orduko ari zen irakasle. Oraingo egunean Montevideoko hainbat euskal etxetan eta internet bidez ari da irakasten. “Eta euskara ikasle naiz, betiko! Bertsolaritza lantzen ari naiz eta hika praktikatzen”. Argazkia: Zaldi Ero.
Herrialdean euskaraz

Asko ez, gutxi dira euskaradunak beren herrialdeetan. Nekezia handian dituzte euskaraz hitz egiteko tarteak. Bellaren kasuan, alabaina, lau euskara irakasle dira Montevideon eta gutxi-asko egunero jarduten dute euskaraz whatsappez edo bideo-deiak eginez.

Labordek ez du maiztasunez euskaraz jarduteko erarik, nahita ere. “Neska bat bada Tres Arroyosen, ni bezala euskaraz ikasten ari dena. Lanpetuta bizi da, ordea, eta zaila da bat egitea. Bestalde, hura hiru urte ere izan zen hemen bizitzen, neska azkarra da, gainera, eta oso garbi mintzatzen da”. Tiserak lehen irakasle izan zuena du laguntzaile, Natalia Ormazabal, hiru urtez gure artean bizitua. “Baina gaztelaniaz egin genuen lehen harremana eta orain zaila zaigu gure artean hizkuntzaz aldatzea. Hala ere, Mintzaneti esker harreman estuetan naiz durangar batekin: Josune Aranguren Zatika du izena”. Harekin bai, euskaraz ari da behaztoparik gabe.

Hizkuntzaz aldatzea dela-eta, Bellak ez dio inori barkatzen, euskaraz ahalegintzen baita ahizparekin, berak baino lehen euskaraz ikasitakoarekin. “Kostata egiten diogu euskaraz batak besteari...”. Esan orduko hartu du ziaboga: “Tira, niri ez, berari kostatzen zaio! Ni euskaraz saiatzen natzaio, baina berak kostata erantzuten dit euskaraz. Maizpiden gaudela, ikasle batek proposatu dit etxeko leku jakin bat izendatzea, bi ahizpok han euskaraz besterik ez egiteko. Ideia ona iruditu zait”. Asmo horixe buruan duela da Bella Montevideon…

Begoña Tisera Etxeberria San Nicolas, Buenos Aires, 1964. Bilbon jaioa du ama. “Aspaldi hasi nintzen euskaraz ikasten. Lehenengo, ohiko klaseak jaso nituen hainbat urtez eta, gero, Euskara Munduan programaren barruan. Euskara ondo ikastea da nire asmoa, euskara maite-maite dut, benetan”. Etxekoandrea da, zeinu-hizkuntza irakasle, eta euskara irakasle Rosarioko unibertsitatean. Hamabost-hogei ikasle inguru izan ohi ditu. “Mintzaneteko arduradun Ritxi Lizartzari bisitatxoa egin genion Donostian eta hika ikasteko liburua oparitu zigun. Ez dakit noiz izango dudan ikasteko modua...”. Argazkia: Zaldi Ero.
Ikasle bezain irakasle

Ikasle izan ditugu Maizpiden, eta aldiz, ikasle bezain irakasle dira beren herrialdeetan. “Euskarazko klaseak ematen ditugu, batzuek Uruguain, beste batzuek Argentinan… Eta gustura ari gara, benetan”, dio Tiserak.

Irakasle izatea baita Euskara Munduan programaren helburua, Bellak adierazi digunez: “Programa honetan, ikasten hasten garenetik ematen ditugu klaseak. ‘Irakasle’ deitzen gaituzte”. Badu, hala eta ere, hizkuntzaren didaktikari buruzko kezkarik: “Ez baitugu irakasteko prestakuntzarik jasotzen. Niri dagokidanez, euskara irakasle ez ezik, andereño naiz ogibidez, eta prestakuntza zerbait jaso nuen bere garaian. Nire aldetik, horixe falta zaio programa honi,  hizkuntzaren didaktikari buruzko ikuspegia edo prestakuntza eskaintzea”. Zenbait tresna baino gehiago, alegia.

Zurubi berean baina beste koska batean da Laborde. Apalagoan. “Klasea ematea aukera ona da gure euskara maila hobetzeko. Irakasten ari garenean, ikasten ari gara… Aldi berean, zein maila dudan konturatzeko ere balio dit eta, horregatik, egunero saiatzen naiz ikasten, irakurtzen, musika entzuten...”.

Egonaldia Maizpiden

Tiserak eta Labordek lehen ikastaroa dute Maizpiden. Bella lehen ere izana da eta badaki zer den pandemia egoerarik gabeko bisita. “Duela zazpi urte hemen izan nintzenean, lagunak bisitatzeko aukera izan nuen, batera eta bestera joan eta hau eta hura. Orain ez, orain ezin euskaltegitik atera!”, kexu da. “Gainera, egoera normala izan balitz, familietan hartuko gintuzketen. Orain, aldiz, maskara, distantzia… Baina pandemiak pandemia, guztiarekin ere gozatzen ari gara, une bakoitzaz gozatzen”. Aukera bezala bizi du Tiserak ere. “Bai, aukera izan dugu, eta aprobetxatzen ari gara!”, esan du irribarrez.

Gelaz barruko jarduerak ez ezik, hamaika izan dituzte bestelakoak, beren herrialdean ez duten aukera izan dezaten Lazkaon. “Bertako jendearekin hitz egiten saiatu gara. Tertuliak ere antolatu izan dituzte, eta Maritxu izeneko andereño bat ere izan genuen, ikastolaren sorrerari buruzkoak kontatzen. Patxi Teilatu, Jon Maia bertsolaria… hainbat bisita jaso ditugu. Maizpideko irakasle eta  arduradunek, bestalde, taldeak antolatzen ere jardun dute, bi ikasle eta herritar bat harremanetan jarriz, guk euskaraz hitz egiteko aukera benetakoa izateko”, esan digute. Hala ere, ez dira inoren zain bizi, eurek atera nahi dituzte babak eltzetik, Bellak esan digunez: “Hortxe gabiltza beti gu, mintzalagun bila, han eta hemen!”. Eta bat dator Tisera: “Hitz egiteko lagun bila eta entzuteko ere bai! Guretzat bereziki inportantea da jendeari euskaraz entzutea, euskal girorik ez baitugu San Nicolasen, ez Tres Arroyosen. Beharbada, aukera handiagoak dituzte Buenos Airesen diren euskaldunek… Ez dakit”. Labordek bere ezinak erakutsi dizkigu: “Niri asko kostatzen zait jendeari euskaraz ulertzea. Dena dela, mintzapraktika egiten saiatzen naiz momentu guztietan”. Tiserak ere badu ezinik: “Niri jariotasunez hitz egitea kostatzen zait. Hala ere, lehengo batean, batek esan zidan nire azentua Hondarribikoaren antzekoa dela. Kar, kar… Ez dakit, bada! Ez naiz Hondarribian inoiz izan, baina Irungoa dut mintzalaguna! [Ainara Maia Urrotz] Kar, kar!”.

Alfredo Laborde Tres Arroyos, Buenos Aires, 1961. Zortzi urte daramatza euskara ikasten, Euskara Munduan programaren bitartez. Donostiarra zuen birraitona eta horrexek jarri zuen euskara ikastera. Bada besterik, ordea: “Familia lotura horrez gain, euskara hizkuntza zoragarria iruditzen zait. Zalantzarik gabe”. Langile da pasta lehor fabrika batean Tres Arroyosen eta euskara irakasle bertako euskal etxean. Hika ikasten ari da. Argazkia: Zaldi Ero.
Lazkaotik Amerikara

“Euskara are gehiago praktikatzea, euskaraz bizitzea, Euskal Herriaz gozatzea, jendea ezagutzea…” asmo horiexek ekarri zituen Bellak Montevideotik Lazkaora, eta “pozik gaude” esanez laburtu du egonaldia. Milaka kilometroko bidea egin dute euskaraz ikasteko, Euskal Herrian askok pausorik ematen ez badu ere. Bellak badu anekdotarik. “Hemen jende asko ez da euskaraz bizi, eta hitza gaur egun itsusi samarra bada ere, jendea kutsatzea da gure asmoa! Kar, kar… Hara!, Donostian izan nintzen lehengo batean. Denda batera sartu eta euskaraz ni. Dendariak ez zekien eta esan nion: ‘Ni Uruguaitik etorri naiz hona eta euskaraz ari naiz. Eta zuk ez dakizu?’. Gaitz erdi, ulertzen zuen, eta euskaraz egin nion hasi eta buka”. Laborderi bihotza hausten dio egoerak: “Pena ematen dit hemengo askok euskaraz ez jakitea, edo ez hitz egitea. Pentsatzen dut euskarak aberasten gaituela: euskaldun berri izan nahi dut”. “Bazara!”, erantzun diote ondokoek, baina tematsu da Laborde: “Saiatuko naiz izaten”.

Tiseraren kasuan, pozik dago eta inondik ere pozikago bere ama bilbotarra: “Ama oso harro dago ni euskaraz ikasten ari naizelako. Berak ezin izan zuen euskararik ikasi, Francoren garaiko debekuak tarteko. Ama oso harro eta ni neure bidea egiten. Eta, benetan, merezi du!”.

Arestian ibili duen hitzari heldu dio orduan Bellak: “Baliteke kutsatu hitza gaizki ikusita egotea orain, baina gustatzen zait esatea Montevideon jendea kutsatzen dudala. Hasteko, familia. Oraindik orain, alabaren urtebetetzea izan dut, eta Zorionak, zuri! kantatu nion, ez gaztelaniazko kantarik! 19 urte ditu eta ohituta dago. Alaba ez ezik, familia osoa dago ohituta! Kar, kar!”. Bat dator horretan Tisera: “Hainbat urte daramatzagu euskaraz ikasten eta gurekin batera gure familiek!”. Labordek alaba ekarri du hizpidera: “Euskaraz ikasten ari nintzela alabari esan eta pozik zen bera!”. Bellak biribildu du mezua: “Euskara maite dugu eta, azken finean, horixe transmititzen dugu, hizkuntzarekiko maitasuna, bai familian eta bai ikasleen artean ere”. Horrexek jartzen ditu egunero ikastera, euskarazko musika entzutera, irakurtzera… “Euskal kulturari buruz asko dakigula esaten digute, musika taldeen eta idazleen izenak eta bestelakoak ezagutzen ditugulako. Jakina, euskara irakatsi nahi badugu ikasi beharra daukagu, baina gustatzen zaigulako da, ez da obligazioa. Badakit hemengo askok beharrezkoa duelako ikasten duela euskaraz, derrigorrez ikasten duela. Ez dute gozatzen, agian. Guk bai, gozatzen dugu, erabat pozik ikasten dugu eta poz horixe transmititzen dugu gero, irakasten hasten garenean”. Laborderen oharkizuna: “Tres Arroyoseko jendeak ez du ulertzen ni euskaraz ikasten ibiltzea, baina niri berdin zait, ni pozik ari naiz”.

Egonaldia buruturik, beren herrialdeetan ari dira hirurak eta haiekin batera Lazkaoko Maizpiden izan ziren gainerako ikasle-irakasleak. Txalogarri, eta eredugarri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Helduen euskalduntze alfabetatzea
Presoen Euskara Irakasleen Taldeak agur esan du

Badira sei-zazpi urte kartzelan dauden presoek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko helburuarekin, lanean aritu den euskara-irakasleen sare bat: Presoen Euskara Irakasleen Taldea.


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


2024-03-11 | Leire Artola Arin
Ostegunean hasiko da 23. Korrika Irunen, eta Esne Beltza eta Bad Sound taldeek girotuko dute eguna

Irundik Baionara 2.700 kilometro egingo ditu Korrikak, eta 16:00etan ekingo diote lehen kilometroari Bidasoko AEK-ko irakasleek, San Juan plazatik. Egun osoko egitaraua antolatu dute. ARGIAk jarraipena egingo du euskararen aldeko ekimen herrikoiak iraungo dituen 11 egunetan.


AEK-k paperik ez duten herritarrek euskara ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu du

AEK-k agerraldia egin du Irungo Oiasso museoan, Harrera Sarearekin elkarlanean.


Eguneraketa berriak daude