Uharte baten aukeraz

  • Paradisua uharte bat izan liteke. Infernua ere bai. Hala uste du behintzat Judith Schalansky idazleak, Atlas of the Remote Islands (Urruneko uharteen atlasa, 2013) liburu ederraren egileak. Berlineko liburutegiko epeltasunetik atera gabe, hainbat eta hainbat mapa eta nabigazio karta ikertuz idatzi zuen liburua, ozeanoetan barrena, Europako kontinentetik urrunen aurkitzen diren 50 uharteren inguruko fabulak, mitoak, fantasiak eta kontaketak bilduz. Izan ere, uharteek, ur-gaziz inguratutako lur pusketa horiek, badute zerbait berezia idazleak eta irakurleak liluratzen dituena. Asko izan dira eremu txiki horiek ardatz gisa hartu dituztenak beren irudimenari hegalak emateko. Hala egin du Abel Paúl konpositoreak: Insula/Insulae (latinez, uhartea) soinu instalazioa aurkeztu berri du Bilboko Artiatx espazioan.

(Argazkia: Oihane Iraguen)
(Argazkia: Oihane Iraguen)

Agian, bidaiatu nahi eta ezin dugun garai hauetan, are eta bizigarriagoak egiten zaizkigu zentzumenen bitartez bada ere, beste norabaitera garamatzaten proposamenek. Insula/Insulae (Eea…Null…Zorrotzaurre) izenburua daraman obrak, Abel Paúl musikari eta konpositoreak Bilboko Zorrotzaurre uhartean kokatuta dagoen Artiach fabrika zaharrerako espreski sortutako soinu-instalazioak, bidaia bat gordetzen du bere baitan. Eraikin historiko horretako 2. eta 3. solairuetako espazioetan barrena soinu kartografia bat zabaltzen du Paúlek, espazioan bizkor hedatzen dena, guztia soinuz blaituz; soinuzko-uharteak batuz, artxipelagoak sortuz.

Artiatx proiektua arte ekoizpenerako espazio independentea da, izen bereko –Artiach– gaileta-fabrika zenaren eraikinean kokatzen dena. Hiru artistek –Irati Urrestarazu, Javier Arbizu eta Oihane Iraguen– kudeatzen dute, eta ikusizko arteen ekoizpenera eta erakusketak antolatzera bideratuta dago. Artiach gaileta fabrika Bilboko Cantanarras kaletik Deustoibarra 70. zenbakira lekualdatu zen 1921. urtean, sute baten ondorioz. Kokapen berri horretan, ekipamendu moderno eta berriarekin, ekoizpen handiagoa bereganatu zuen: 40ko hamarkadan 600 beharginetik gora zuen enpresak, eta ekoizpenaren puntu gorenean –hots, 70eko hamarkadan– 800 langiletik gora izan zituen, gehienak emakumeak. Fabrika Bilboko penintsula horretan egon zen aktibo 1983. urte arte, produkzio-planta Orozkora (Bizkaia) lekualdatu zen arte.

Historia handiko lekua, beraz, zenbait artistek bereganatu dutena. Egun, bertako 2. solairutik lan egiten dute. Bide batez, esan beharra dago, lehen Zorrotzaurreko penintsula zena, irla bilakatu zela 2018ko urria geroztik, Bilboko Udalak hirian abian jarritako hiri-ordenantzarako azken operazioa dela eta. Proiektu haren Master Plana Zaha Hadid arkitektoak diseinatu zuen eta Deustuko kanalaren irekiera osoa barne hartu zuen, Zorrotzaurre penintsula uharte bihurtuz.

Argazkia: Oihane Iraguen

Artiatxekoek, 2020-2021. ikasturtean Lekua Lekutan zikloa jarri dute martxan, eta bere baitan bi esku-hartze artistiko programatu dituzte. Lehena, joan den udan gauzatutakoa: Julia Spínola artistaren Rojamente instalazio-eskultorikoa izan zen fabrika izandako espazio diafano eta argitsua eskuhartze-artistiko batekin elkarrizketan jartzen lehena. Aipatutakoa, artistari Euskal Herrian egiten zitzaion lehen bakarkako erakusketa izan zen, Okela Sormen Lantegiarekin elkarlanean egin zena. Erakusketan, Spínolaren eskulturak eta obra grafikoa aurkeztu ziren, forma eta materiaren arteko errepikapen, serializazio eta etengabeko berrikusketa baten emaitza zirenak. Bigarren esku-hartzea Paúlen soinu-instalazioa da, Artiacheko eraikina eta Zorrotzaurreko uhartea oinarri dituen site-specific proiektua.

Abel Paúl (Valladolid, 1984) musikari eta konpositorea da, egun Malagan bizi da eta gaztea izan arren eskarmentu handia du: ikasketak Amsterdam, Berlin eta Huddersfield-en (Erresuma Batua) burutu ondoren, Suedia, Alemania eta Italian egin ditu egonaldi artistikoak, Erromako Espainiako Errege Akademian esaterako, eta bere musika-konposizioekin nazioarteko hainbat jaialdi eta lehiaketetan ere parte hartu du. Bere ikerketek sarri jotzen dute iturburu eta erreferentzia klasikoetara, eta Artiachen aurkeztu duen proiektuak ere badu literatura klasikotik eta mitologikotik eratorritako hainbat ainguraketa.

Insula/insulae soinu-instalazioak, agerian behintzat zortzi bat bozgorailu eta hamasei transduktore ditu, guztiak kable beltz eta luzeen bitartez Abel Paúlen bi teklatu eta ordenagailuetara konektatzen direnak. Transduktoreek fabrika zaharreko leihoetara itsasten diren bentosak dirudite, eta kableen bidez, leihoetako beiretara eramaten ditu Paúlek interpretatzen dituen partiturak, eta erresonantzien bitartez dardaratxoa eragiten dute. Dardaratxo horiek bueltan doazkio Paúli, gure organismoko odol-sistemak egingo lukeen antzera. Transduktore horiek egurrezko eskailerari itsatsiak ere badaude, baita espazioko zutabeei eta beste elementu arkitektonikoei ere. Iturburu horietatik jasotzen denak badirudi eraikinaren beraren arnas eta taupadak direla, edo hamarkada luzez zutik egon den eraikinaren hasperenak akaso; soinu horiek partituran txertatzen dira konpositoreak lehenagotik grabatuak dituen beste artxiboekin nahastuz.  2. eta 3. solairuetan eta bi espazio horiek lotzen dituen egurrezko eskaileran zehar –zilbor-hestea– hedatzen den soinuak, batzuetan ia entzunezinak diren dinamika leunak ditu, gutxitan suertatzen dira astunak eta nekez dira identifikagarriak.  

Bestalde, proiektuak badu bere hedapen propioa argitalpen formatuan. Bertan konposizio-musikalaren partitura aurkituko dugu, uhartez uharte garamatzana, Eea uhartetik hasi, Ultima Thuletik eta Baltiatik igaro, eta Zorrotzaurren bukatu arte, hamaika irudizko uharte guztira. Hainbat jatorritatik datozen soinuek, pentagraman erregistratzerakoan, forma ia abstraktuak hartzen dituzte, eta tarteka Cornelius Cardew-ren Teatrise konposizioa gogorarazten digute. Argitalpenak artistaren testuak biltzen dituen serigrafiaz inprimatutako posterra eta CDa ere biltzen ditu.

Urtarrilaren 16 eta 17 bitartean, Paúlek lau kontzertu edo entzute-saio eskaini zituen bertaratu ginenentzako. Ondoren, etengabeko loop-ean entzugai egongo den soinu-instalazio forma hartuko du Insula/insulaek, aukera paregabea espazioan barrena igaro eta fabrikaren soinu-paisaiaz gozatzeko, urrunean Bilboko itsas-mugaldeak bistaratzen ditugun bitartean.


ASTEKARIA
2021eko otsailaren 14a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Instalazioa
Umetokian, berriz

Erresilientzia, egunerokotasuna, sena, autonomia, nekea, ausardia, bereizketa, estresa, irakaspena, indarra, gorputza, erabakiak, bizitza sozialaren disfuntzioa, esku zimurtuak, laztantzen duten eskuak, hezten duten eskuak, babesten duten eskuak. Minez erditu behar al gara?... [+]


Irantzu Lekue. Artista aktibista, artibista garaikidea
"Irudien munduan bizi gara, baina publizitatearen menpe dago arte hori"

Gure artearen izen berrietan tokia egin du Irantzu Lekuek. Gazte izanagatik ere, gora handiko ibilbidea du egina, aintzat hartzeko modukoa oraintxe, geroak ekarriko duen ederragoaren hazi. Erakusketa bat jasotzeko garaian mintzatu gara artibistarekin.


2017-04-02 | Xabier Gantzarain
Maider Lopez
Errealitatearekin jolasean

2015eko udazkenean, 40 urterekin, etxera bueltan zen Maider Lopez (Donostia, 1975eko martxoaren 22a), erakusketa zeukan Koldo Mitxelenako aretoan, azken hamar urtetako lanen halako errepaso bat. Ez atzera begirakoa inondik ere, baina bai bere lanak harremanetan jartzeko modua,... [+]


Eguneraketa berriak daude