Ezinaren ezinean

  • Alemaniako ekialdean hitz egiten diren bi hizkuntzak ofizialak dira hiztunak bizi diren eskualdeetan. 25 urte badira lege aitortza lortu zutela. Alabaina, 20.000 herritarrek, alegia sorabiarren %1ak baino ez daki bi hizkuntza horietako bat. Behe-sorabiera bereziki ahul dago, 2.000 eta 4.000 hiztun artean baino ez ditu.

Kale seinaleak bi hizkuntzatan, lehenengo alemanez eta ondoren sorabieraz. Argazkia: judithsalecich.com
Kale seinaleak bi hizkuntzatan, lehenengo alemanez eta ondoren sorabieraz. Argazkia: judithsalecich.com

Hitz Adina Mintzo zikloaren baitako bigarren saioa egin zuten urriaren 21ean Gasteizen. Sorabieraz mintzatu zen Ivan Igartua (Gasteiz, 1972), EHUko Eslaviar Filologiako irakasle titularra.

Eslaviar hizkuntzen gaineko ikerlana eta errusieraren gramatika historikoa ditu argitaratuak, besteak beste, eta ikertzaile eta irakasle egonaldiak burutuak ditu Moskun, Parisen, Leipzigen eta Tbilisin. Hitzaldian, mendebaldeko eslavieraren barnean, hizkuntza lekitikoekin eta txekiera-eslovakierarekin batera azpitalde berezia osatzen duten goi-sorabieraz eta behe-sorabieraz jardun zuen.

Goi-sorabiera eta behe-sorabiera Alemaniako ekialdean hitz egiten dira, Cottbus/Chóśebuz eta Bautzen/Budyšin hirien inguruetan. Eta alea xehetzen hasi aurretik, sarrera hitz batzuk egin dizkigu Igartuak: “Saxonia eta Brandenburg estatuetan hizkuntza ofizialak dira, baina oso hiztun kopuru mugatua dute, 20.000 inguru, hau da, biztanleen %1”. Behe-sorabieraz den bezainbatean, hala eta ere, ahulago da hizkuntza, galzorian ere bai, Unescoren arabera, 2.000-4.000 hiztun dituela, herri txikietan. “Hirugarren Reicharen eraginpean etxe barruko transmisioa eten zen eta, egun, adin aski handi batetik gorakoek baino ez dakite behe-sorabieraz”. Eta hizkuntzaren galeraren ondorioz datorren beste galera bat, ukiezina: “Hizkuntz biodibertsitatea galtzen da, besteak beste. Edo Rudi Keller hizkuntzalariak zioena, hizkuntzak hirugarren mailako objektuak direla; alegia, ez dira ez osagai natural puruak –zuhaitzak edo mendiak diren bezala, esaterako–, ez elementu artifizialak ere, mahai bat litzatekeen moduan. Hirugarren gune bat eratzen dute, kulturarekin estu lotua”. Hortik segitzen da eremu horri dagokion dibertsitatearen galtzea.

Lege aitortza

Inondik ere, herrietatik hirira egiten asmatu zuen goi-sorabierak XIX. mendean, kultur berpizkundearen deiari jarraikiz, oro har. 1912an, bestalde, hizkuntzaren aldeko erakunde sona handikoa sortu zuten, Domowina elkartea, alegia. “Aberria da hitzaren esanahia. Ordukoxeak ditugu sorabiera biziberritzeko lehen pausoak, hizkuntza sistema aztertzeko lehen lan sendoak”, irakasleak esan digunez.

Hizkuntza eslaviarren koadroa egin digu Igartuak aurrera jo baino lehen: “Batetik, ekialdeko hizkuntzak ditugu: errusiera, bielorrusiera eta ukrainiera; bestetik, hegoaldekoak: bulgariera, serbiera, kroaziera, bosniera, montenegrinoera eta mazedoniera”. Eta, horiekin batera, mendebaldeko hizkuntzak hiru multzotan bereizirik: “Bata, txekierak eta eslovakierak osatzen dutena; bestea, polonierak, kaxubierak eta XIX. mendean galdutako polavierak eratua, eta, aparte, sorabiera, bi literatur hizkuntza dituena, eta hainbat dialekto eta trantsiziozko aldaera”. Besterik da aitortza ote duten, eta horri lotu zaio irakaslea. “Duela 25 urte inguru jaso zuten bi sorabierek lege aitortza, eskualde mailakoa betiere, eta ofizialak dira: Brandenburgon behe-sorabiera, Saxonian goi-sorabiera”. Administrazioan eta hedabideetan hein bateko ondorioa izan du aitortzak. Badute prentsa idatzia, elebakarra, eta irrati-telebistetan era badute saiorik. Hala ere, hezkuntzan izan du eraginik gaitzena lege errekonozimenduak.

‘Witaj’ Hezkuntza programa

Nonbait ere, Bigarren Mundu Gerraz gero aldatu zen hezkuntza egoera. “Ekialdeko Alemanian Sobiet Batasunaren pean gelditu ziren eskualdeok, eta hezkuntzan txertatu ziren sorabierak”. Batetik, eredu elebiduna abiarazi zuten sorabiar zirenentzat, eta ez zirenentzat, aldiz, sorabieraren gutxieneko ezagutza bermatuko zuen irakaskuntza. Berrikitan, bestalde, egina dute urrats bat gehiago, iragan mendeko 90eko hamarraldiaz gero: murgiltze sistema. Witaj du izena. “Ongi etorri” programa, hau da, “ongi etorri hizkuntzara, ongi etorri kulturara”. Haur Hezkuntzan hasi eta erdi mailako ikasketak bitartean dago txertatua. Igartuak dakikeenez, emaitza onak ditu Witaj egitasmoak goi-sorabierari dagokionean, eta eskasa berriz, behe-sorabierarenean, hain baita ahula haren egoera. XIX. mendearen amaieran 150.000 sorabiera hiztun bide ziren. Egun, 20.000, lehenago adierazi dugunez. Germanizazioa, industrialtzea, nazien garaiko jazarpen-debekuak... Hainbat izan dira faktoreak. Egun, hiztun kopuruari eustea dute lehen helburu, eta, hurren, hiztun berriak irabaztea.

Ivan Igartua eslaviar hizkuntzetan aditua da eta berak eman zuen goi-sorabieraz eta behe-sorabieraz hitzaldia Gasteizen. Argazkia: Zaldi Ero.
Geroak esan beza

Irakaslearen irudiz, sorabierek ez lukete, aurrera egin nahi-eta, bide malkar meharra besterik. “Indargunerik ez, dena, edo ia dena, dute ahulezia”. Eslaviar hizkuntzen artean hiztun kopururik txikienak dituzte. Hala eta ere, ezaugarri erakargarrien jabe dira hizkuntzalariaren begietara: “Sekula ez dira komunitate handia izan, hein batean berezi eta isolatua dira –gainerako herrialde eslaviarretatik aldenduak, batez ere–, eta horrek agian badu ikustekorik zenbait ezaugarriri eustearekin. Eslaviar hizkuntza gehienetan ez bezala, aditz iraganaldiaren forma bereziak gorde dituzte, eta singularra eta pluralaz gainera, numero duala ere badute, bi objektu izendatzekoa. Sorabiera biek ezik, eslovenierak beste hizkuntzak ez du horrelakorik”. Eslovenierak, esan beharko da, bi milioi eta erdi hiztun ditu. “Jakina da germanieratik hainbat elementu hartu dituztela sorabierek, dela lexikoan, sintaxian nahiz fonologian”. Mendeetan luzatu den harremanaren ondorio, bistan dena, nahiz eragina norabide bakarrekoa izan, alemaneratik sorabieretara.

Biziberritzeaz, goi-sorabierari dagokionean zazpi ahalak egiten ari dira, eta belaunaldi berrietan ageri da emaitza, hezkuntza sistematik eratorria. “Gazteen artean badirudi baietz, hiztun berriak irabazten ari dela goi-sorabiera, ttanttaka-ttanttaka bada ere. Sorabiar familiek eredu elebidunera edo murgiltzera bidaltzen dituzte beren seme-alabak. Besterik da sorabiar sendiak ez direnetan, baina hor ere bada hein bateko mugimendua. Zenbait familia kexu da ez dutelako sorabiar edo sorabieraren munduan sarrerarik”. Inkesta soziolinguistikoetan irakurriaz ari zaigu Igartua, sorabieren ezinaren ezinak agintzen duen etorkizun beltza iragarriz bezala. Orixeren harako hura, finean: “Geroak esan beza / herri bat izan zen / edota hats emaiogun / hontan iraun dezan”.

Sorabieraren neurria kalean

Hizkuntza gatazkarik gabeko hizkuntzak bi sorabierak, nonbait. Berlingo Harresia eraitsi zutenean izaniko mugimendu autonomistak gorabehera, adorerik ez sorabiera hiztunek. Hiri handietako kaleetan neke da sorabieraz hitzik entzutea. Kale neurketarik egingo balitz, hutsaren hurrena litzateke emaitza. Ivan Igartuaren egia: “Besterik litzateke herri txikietan. Hirietan, sorabistika institutuaren inguruan beharko zenuke, sorabierarik entzuteko. Agian”. Alegia, han ere ez genukeela ziurtasunik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: sorabiera
Eguneraketa berriak daude